Donostia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Donostia

 Gipuzkoa
Donostia
Donostia hiria airetik ikusita.
Donostiako bandera

Donostiako armarria

Izen ofiziala Donostia - San Sebastián
Estatua
Erkidegoa
Lurralde Historikoa
Eskualdea
Espainia
Euskal Autonomia Erkidegoa
Gipuzkoa
Donostialdea
Alkatea Juan Karlos Izagirre (Bildu)
Herritarra donostiarra
Koordenatuak 43°19′25″N 1°59′05″W / 43.32361°N 1.98472°W / 43.32361; -1.98472Koordenatuak: 43°19′25″N 1°59′05″W / 43.32361°N 1.98472°W / 43.32361; -1.98472

Gipuzkoa municipalities Donostia.JPG

Eremua 60,89 km2
Garaiera 6 m
Distantzia 0 km Donostiara
Posta kodea 200XX
Biztanleria 185.506 bizt (2010)
Dentsitatea 3.046,58 bizt/km²
Sorrera 1180
http://www.donostia.org

Donostia (ofizialki euskaraz eta gaztelaniaz Donostia-San Sebastián) Gipuzkoako hiriburu eta udalerri nagusia da. Halaber, Euskal Herriko laugarren hiririk populatuena da: 185.506 biztanle zituen 2010eko urtarrilaren 1eko erroldan, horietatik % 40,3 euskaldunak. Haren metropoli eremuak 405.099 biztanle ditu. Kantauri Itsasoaren ertzean dago, Bizkaiko golkoaren muturrean, eta Madril-Paris errepide eta trenbide ardatzean. Urumea ibaiaren bokalean dago, Igeldo, Urgull eta Ulia mendien artean, eta hiru hondartza ditu: Ondarreta, Kontxa eta Zurriola. Hego-mendebaldean, Zubieta auzoaren zati bat ere bere mende dago administratiboki; ekialdean Landarbaso eta hegoalderago Urdaburu mendi barrutiak ere Donostia udalerriaren eremuan daude.

2011ko ekainaren 28an Donostia 2016ko Europako Kultura Hiriburua aukeratu zuten. Hala, bada, Poloniako Wrocław hiriarekin batera 2016ko Europako kultura hiriburu izango da.

Hainbat auzotan banatua, Donostiak Urgull mendiaren oinetan du bere gune zaharrena, Parte Zaharra izenekoa. Horko kale estuetan biltzen diren jatetxeak eta taberna giroa famatuak dira. XIX. mendearen bukaeran, gune hori ixten zuten harresiak eraitsi eta hiria hegoalderantz zabaltzen hasi zen. Halaxe, erdialdeko zabalgunea osatu zen lehenik, eta geroago GrosUlia mendiaren oinetan eta Urumea ibaia bitartean— eta Amara —erdigunetik hegoaldera— auzo modernoak.

Donostia bertako gastronomiagatik ere da ezaguna. Bertako sukaldari eta jatetxe entzutetsuak (Arzak, Subijana, Berasategi eta Castillo) mundu osoan dira ospetsuak. Halaber, Parte Zaharreko taberna eta jatetxeetan tradizioz zerbitzatzen diren pintxoek ere goi-mailako errekonozimendua lortu dute. Horrez gain, hainbat jai eta jaialdi antolatzen dira urtero: Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, Jazzaldia, Musika Hamabostaldia, Kontxako bandera eta San Tomas eguneko feria, besteak beste. Hiriaren zaindariak San Sebastian eta Koruko Andre Maria dira, eta haien jaiegunetan ospatzen dira hiriko jai nagusiak: San Sebastian eguna (Donostiako Danborrada), urtarrilaren 20an, eta Aste Nagusia, abuztuaren 15eko astean.

Turismoa hiriaren euskarri ekonomiko nagusitakoa izan da XIX. mendetik, hiriaren edertasuna, urbanismo orekatua eta natura uztarturik. Merkataritzak eta bestelako zerbitzuek ere jendetza handia erakartzen dute probintziako herrietatik. Halaber, zentro administratibo garrantzitsua da: Gipuzkoako erakundeek eta Euskal Autonomi Erkidegoko zenbait organok Donostian dute egoitza. Unibertsitateek pisu handia dute hiriaren bizimoduan, hiru campus kokatzen baitira bertan: Euskal Herriko Unibertsitateko Ibaetako campusa, Deustuko Unibertsitatekoa eta Nafarroako Unibertsitatearen Ingeniaritza Eskola. Ikerkuntza arloan, aipagarria da Donostia International Physics Center, fisikaren arloko nazioarteko zentroa.

Kirolzaletasuna ere nabari da hirian. Real Sociedad futbol taldeak hirian eta probintzian jarraitzaile gehien biltzen dituen futbol taldea. Saskibaloian, errugbian eta hockeyan, orobat, talde garrantzitsuak ditu hiriak. Aipagarria da udazkenean jokatzen den Behobia-Donostia lasterketa, milaka korrikalari biltzen dituena. Udan, Donostia Klasikoa nazioarteko txirrindularitza lasterketa egiten da. Ospetsua da Kontxako Bandera arraunketa proba, festa giroan egiten dena. Donostiatik gertu dagoen Lasarteko hipodromoko udako zaldi lasterketak ere entzutetsuak dira. Pilotak, berebat, leku nabarmena du Donostian, partida handi askoren jokaleku baita Atano III.a pilotalekua.

Eduki-taula

[aldatu] Geografia fisikoa

Donostia airetik ikusia. Ekialdetik mendebaldera, Ulia, Urgull, Santa Klara uhartea eta Igeldo mendia agertzen dira. Zurriola, Kontxa eta Ondarreta hondartzak ere argi ikusten dira. Hiria Urumea ibaiak zeharkatzen du.

[aldatu] Geologia

Hiria Kontxako badiaren inguruetan zabaltzen da, Bizkaiko golkoaren kostaldean. Donostiako kostaldea Hondarribitik Oriora Eozenoko hareharrizko flysch delakoak osaturiko mendikateak zeharkatzen du: Ulia, Urgull, Igeldo mendia eta Mendizorrotz ekialdetik mendebaldera. Mendikatea etena duen eremuetan Zurriola, hain zuzen Urumea ibaiaren bokalean, Kontxa eta Ondarreta hondartzak daude. Kontxa badiako sarreran Santa Klara uhartea dago.

Parte zaharra eta zentroko zabalgunea San Bartolome gaina eta Urgull mendia lotzen zituen tonboloaren gainean eraiki ziren. Gros auzoa osatu aurretik, hareatza zabala zegoen bertan. Amara auzoko lurretan, berriz, Urumea ibaiak sortutako padura aurkitzen zen. Eremu hauetan ezik, Donostiako udalerria 50-100 metroko kareharrizko muino txikietan barrena zabaltzen da gehienetan, muino batetik bestera kareharriaren higaduraz sortutako ibar txikiekin batera (Ametzagaina, Aiete, Añorga, Igara). Udalerriaren ekialdean kokatzen den San Marko-Txoritokieta mendia diapiro-egitura bat da.[1]

[aldatu] Hidrologia

Maria Kristina zubia, Donostian Urumea ibaiaren bi ertzak elkartzen dituztenetako bat. Ibaiaren beste aldean, tren geltokia.

Urumea ibaia, Goizueta, Hernani eta Astigarraga herrietatik igaro ondoren, hiria zeharkatuz itsasoratzen da bokale bat sortuz. Bokalean nabariak dira itsas gorabeheren eragina, Loiola eta Martutene auzoetaraino. Hau dela eta, ohizkoa da, uholdea dagoenean, auzo horietan ibaiko urak gainezka egitea. Urumea ibaiak bere ibilbidean osatzen dituen zeharrunetatik nabaria da hirian Kristinaenea lorategia inguratzen duena. Aipatu behar da ere Oria ibaia, Gipuzkoako ibairik luzeena eta Zubieta auzotik igarotzen dena, itsasoratzetik kilometro gutxitara. Añorga errekak ere Antigua, Ibaeta, Igara eta Añorga auzoak zeharkatzen zituen garai batean, baina egun lur azpian bideratu da bere ibilbidea.

[aldatu] Klima

Donostiako klima: zutabe urdinek euri kopurua adierazten dute hilez hil. Marrek tenperatura maximoa, batez bestekoa eta minimoak ematen dituzte.

Donostiak, euskal kostalde guztiak bezala, klima ozeanikoa du. Köppen klima sailkapenaren arabera, Donostiakoa klima hotzepel hezea eta urtaro lehorrik gabea (Cfb kodeaz). Tenperatura hotzepelak, hezetasun nabaria eta euri ugari izaten dira Donostian urte osoan zehar. Hala ere, uda eta negua nabari bereizten dira batez ere tenperaturari buruz. Euria berriz urte osoan izaten da eta neguaren eta udaren arteko aldeak txikiak izaten dira. Elurra, ordea, oso gutxitan egiten du, urtean behin-edo, eta 5-10 alditan izozten du urtean. Enbata ugari izaten dira. Urrian eta martxoan ur biziak izaten dira, hau da, maila handiko itsas gorabeherak.[2]

2007an euri kopurua 1.536,1 mm izan zen. Batez besteko tenperatura 15 °C ingurukoa izaten da, udako hezetasun handiak (%65-70 inguru) bero handiko sentipen termikoa sortzen duen arren. Hego haizeak jotzen duenean, tenperatura supituki igo daiteke, neguan 20 °C eta udan 38 °C eragin arte. Udan, tenperatura handi hauen ondoren ipar-mendebaldeko haizeak supituki jo dezake, enbata eraginez.


Datu klimatikoak (Igeldo)
Hilabetea Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Urtekoa
Batez besteko tenperatura (ºC) 7.9 8.3 9.8 10.8 13.8 16.3 18.5 18.9 17.7 15.0 11.0 8.8 13.1
Iturria: Geografía e historia de San Sebastián: el clima[3]

[aldatu] Landaredia

Landaredi potentzialean, gizakiaren eraginaren ezean litzatekeen hartan alegia, batez ere lizarra eta haritza aurkituko lirateke, eta ezkia, zumarra, gaztainondoa, astigarra, pagoa, zumea eta haltza neurri txikiagoan, betiere hezetasun maila zein den. Azpiko basoan, urritza, elorri beltza eta garoak izango lirateke. Belardi eta soroek ere oparotasun eta aniztasun nabaria erakusten dute. Oro har, Donostiako landaredia klima ozeaniko heze bati dagokiona izango litzateke, tenperatura hotzepelekin, Kantauri isurialde osoaren antzera.

Dena den, egungo landaredia gizakiak gogor eragindakoa da. Hiriko urbanizazioak antzinako basoak eta baserri lurrak ordeztu dituzte neurri handi batean. Hirigunetik kanpo soroak eta baratzak dira, baserrien ustiapenen ondorioz, antzinako landaredia ezabatu dutenak. Ulia eta Igeldoko gune batzuetan, otea , garoa eta txilarra dira nagusi, antzinako basoaren desagerketaren ondoren garatu den landaredia. Bertakoa ez den pinu beltzaren (Pinus radiata) gune batzuk ere badaude, Zubieta eta Landarbaso aldean, Euskal Herriko beste gune batzuetan baino neurri txikiagoan ordea. Hala ere, antzinako landarediko guneak aurki daitezke oraindik Igeldon, Urgullen, Ulian, Igarako erreka inguruetan, Añorgan, Ametzagainan, Basozabalen eta Aieteko zenbait tokitan. Haltzak Urumea ibaiaren ibilbidean, Martutene aldetik, eta Oria ibaiaren ertzetan, Zubieta aldetik, aurki daitezke oraindik.[4]

[aldatu] Historia

[aldatu] Hiriaren izena

Donostia 1572an, Georg Braun alemaniarraren margolana.

1180 urteko hiribildu-foruan agertzen da Sanctus Sebastianus izena lehen aldiz agiri batean[5], 1014 urtetik izen horren berri badago ere, San Sebastian santuaren omenez Antigua auzoan kokatzen zen monasterio batekin loturik. Donostia izenari buruz zalantzak daude: latinezko Dominus Sebastianus (San Sebastian) izenetik eratorrita izan daitekeela uste da edo jatorria dominus ostianus (literalki, portuko buruzagia) esaldian izan dezakeela[6]. Hiriari Easo edo gaztelaniaz La Bella Easo izena eman izan zaio lehen Donostialdean baina egun ziurtasun handiz Bidasoa aldean ustez kokatzen zen Oiasso erromatar hiriari erreferentzia eginez.

[aldatu] Gaskoi izenak

Orain dela mende batzuk Donostian gaskoi komunitate bat bizi zenez gaskoieraz ere mintzatzen zen, komunitate honek antzinako izen ugari laga ditu Donostian, horietako asko gaur egun arte iritsi direlarik: Urgull (gaskoieraz Orgull edo Urgullus, euskarara Urgull bezala itzuli zen), Gros, Polloe (gaskoierazko Poll eta Pollet hitzetik dator, Polloe bezala euskaratu zen), Morlans, Monpas (Mont-pas), Aiete (gaskoieraz Ayet, Aiete bezala euskaratu zen), Ulia (gaskoieraz Oli, euskaraz Ulia edo Uliamendi) eta Miramon (gaskoieraz Miramont).[7]

[aldatu] Historia urtez urte

Donostia Egiatik (Loiola marrazki oinean) 1840 inguru.
  • 1000 inguru, lehen aldiz agertu zen testuetan, badia gaineko tontorrean dagoen San Sebastian monasterioa Leireko mendiaren babesean; monasterioaren inguruan gaur egun Antigua auzoa den tokian- eta Urumea ibaiaren bokalean bildu zen jende urria.
  • 1180 inguru, Nafarroako errege Antso Jakitunak hiribildu izendatzeko foruak eman zizkion. Urgull mendiaren azpiko herrixkan gaskoiak bizi omen ziren, eta gainontzeko guneetan, berriz, euskaldunak.
  • 1200ean, Gipuzkoa Nafarroa izatetik Gaztela izatera igaro zen, Bizkaia eta Arabarekin batera. Gaztelako errege Alfontso VIII.ak foruak bermatu zituen.
  • 1728an, Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia sortu zen, Venezuelarekiko merkataritzaren monopolioa lortuta. Donostiako ekonomiak gora egin zuen. Konpainia hark Santa Maria eliza guztiz berreraiki zuen 1766an.
  • 1808an, Frantziako armadak, Napoleon enperadorea buru, Espainia hartu zuen.
  • 1813an, Espainiatik ihesi zebilen Frantziako armadari Donostia geratzen zitzaion azken hirietakoa zen. Tropa ingeles eta portugaldarrek, Espainiaren aliatuak zirenek, Wellington jeneralaren lemapean, Donostiari su eman zioten, frantsesengandik askatzeko. Abuztuaren 31ko gauean hiri guztia erre zen, Trinitate kalea izan ezik. Tropa aliatuek donostiarrak eraso zituztenean, hilketa, bortxaketa eta lapurreta ugari egin zituzten. Bizirik geratu ziren donostiarrek Zubietako Aizpurua baserrian Donostia aurreko leku berean eraikitzea erabaki zuten. Ugartemendia arkitektoak hiri berria proiektatu zuen, azkenean partzelazio zaharrean oinarritzen zen diseinua gauzatu zela.
  • 1854an, Gipuzkoako hiriburu bihurtu zen, Tolosaren ordez.
  • 1860 inguru, Espainiako erregina Isabel II.ak Donostia aukeratu zuen "itsasoko bainuak" hartzeko, medikuak aginduta.
  • 1863an, garrantzi militarra galduta, hiriaren inguruko harresiak eraitsi zituzten; Donostiako zabalgunea eraikitzen hasi zen artean, Antonio Kortazar arkitektoaren ideia abangoardisten bidez.
  • 1870-1920 bitartean Espainiako udako hiriburu bihurturik, turismoaren hiriburu bihurtu zen Donostia. Espainiako handi eta handikien topaleku izan zen, mugaz bestaldean Biarritzen gertatzen zenaren antzera.
  • 1936an, Franco jeneralaren armadak Espainiako Errepublikaren aurka altxatu ondoren, Donostian ere matxinatu nahi izan zuten zenbaitek, baina herritarrek galarazi zieten. Hala ere, Soltxaga jeneralak irailaren 13an hartu zuen. 30.000 biztanle zeuden (politikan konprometituenek ihes egin ondoren) eta haietako 300 hil zituzten errepresio frankistan, gerratik kanpo, "zigor operazio" bortitzetan.
  • 1978an, eta demokrazia lortzeko eta finkatzeko trantsizio prozesuaren barnean, Udal batzorde bat eratu zen, lehen udal hauteskunde demokratikoak egin arte. Haren zuzendaria PSOEko Ramon Jauregi izan zen.
  • 1981eko apirilaren 26an, Real Sociedad futbol taldeak Espainiako Ligaren txapeldun izatea lortu zuen lehen aldiz.
  • 2011ko urriaren 17an Donostiako Nazioarteko Bake Konferentzia izan zen.
  • Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburua

[aldatu] Auzoak

Donostia Uliatik. Lehen planoan Gros auzoa.

Mendeetan zehar kale estuak dituen Parte Zaharra inguratzen zuten harresiak 1863. urtean eraitsi zirenean hasi zen Donostia hiria zabaltzen egun ezagutzen den hiria osatu arte. Antonio Kortazarren Hiriko Plan Orokorrak etxalde karratu erregularrak aurrikusi zituen egungo Boulevardetik Mendeurrenaren plazaraino. Lehenengo zabalgune hau 1900. urtean burutuko zen. Orduan hiriak zubi bakarra zuen, Santa Katalina zubia hain zuzen. XX. mendearen lehenengo erdian hiria Gros aldera zabaltzen hasi eta Antiguako zabalgunea osatzen ere hasi zen. Urte hauetan Urumea hibaia bideratu eta beste azpiegitura batzuk ere eraiki ziren, hala nola Maria Kristina zubia eta Zurriola zubia. 1950eko hamarkadan Amara auzoa osatzen da, Antso Jakitunaren Hiribidean inguruan lehendabizi eta 1960ko hamarkadan ondoren Amara Berria auzoa osatuz. Urte hauetan jasandako hazkunde demografiko itzelaren ondorioz, Altza, Bidebieta, Egia eta Loiola auzoek zabalkunde handia izan zuten, zoritxarrezko handikeriazko urbanismo batez. XX. mendearen hondarretan eta XXI. mendearen hasieran, Loiolako Erriberak, Bentaberri, Errotaburu, Ibaeta eta Berio izeneko auzoak osatu dira besteak beste. Egun, Parte Zaharra eta Igeldo baserri-auzoa dira antzinako itxura erakusten bakarrak.[8]

Egun, honakoa da auzoen zerrenda ofiziala [9]:


[aldatu] Donostia bere kale eta plazetan zehar

Donostia Urgull menditik eta gauez ikusita.

Donostiako kale eta plazetan zehar eta txango lasai batez, hiriko gune interesgarrienak bisita daitezke ordu gutxi batzuetan. Antigua auzotik abiaturik, Kontxako pasealekuak Donostiako badia zeharkatu eta hiriko irudirik ederrenetakoa eskaintzen du. Erdialdera joaz eta Alderdi Ederreko lorategiak zeharkatu ondoren, Boulevard izenekoa aurkitzen da, Parte Zaharrerako atari dena eta pasealeku zabal eta jendetsua duena. Bertan Bretxako azoka eta Victoria Eugenia antzokia daude eta oso gertu Maria Cristina hotelaren eraikin dotorea. Boulevardetik abiaturik, Askatasunaren hiribiderako ibilbidean Gipuzkoa plaza dago: lorategi eder bat du, eta bertan dago Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza ikusgarria. Askatasunaren hiribidea eta horrekin lotzen den Urbieta kalea erdialdeko ardatz nagusiak dira eta bere inguruan eraikin ikusgarriak eta denda ugari biltzen dituzte. Urbieta kalearen hasieran San Martin azoka aurkitzen da, non baserritarren postuak eta elikagai-dendak dauden. Bere ibilbidean Artzain Onaren plaza eta bertako katedrala ikus daitezke. Urbieta kalearen amaieran Mendeurrenaren plaza dago, Donostiako alde erromantikoa mugatzen duena. Itzulia eginez, Prim kaleak etxe bikainak biltzen ditu, Art Nouveau estiloko atari eta balkoi ederrak dituztenak. Aurrerago, Bilbo plaza eskubira eginez, Maria Cristina zubia zeharkatu eta Frantziako pasealekutik Urumea ibaia ondoan dagoela joan daiteke, alboko etxe ederrak lagun. Aurrerago, Santa Katalina zubia eta Zurriola zubia ikus daitezke. Zubi honetatik, Pasealeku Berri aldera edo Parte Zaharrera jo daiteke. Parte Zaharreko kale estuetatik, Santa Maria basilikara heltzen da eta bertatik Urgull mendirako igoera egin daiteke. Gailurrean, Jesusen Bihotza izeneko monumentua dago, bertatik hiri osoaren eta inguruko mendien ikuspegi zoragarria gozatzeko.

[aldatu] Donostiako parke eta lorategiak

Hiriaren tamaina erlatibo txikian, parke eta lorategi ugariek gehiegizko urbanizazioa leundu egiten dute, naturaz gozatzeko aukera emanez. Halaber, hiriko kale eta plaza gehientsuenetan zuhaitzak eta zuhaixkak daude. Horietatik, ikusgarriak dira Kontxako pasealekuko tamarindoak eta Benta Berriko eta Ibaetako ezkiak. Kristinaenea, Egia auzoaren eta Urumea ibaiaren artean, hiriguneko parke handienetakoa da eta bertan hiria ia guztiz utzi eta baso oparo baten barrena pasea daiteke. Parke hori Mandas dukeen Fermin Lasalaren eta Cristina Brunettiren lorategi pribatua zen, baina 1926az geroztik udalaren esku dago.

[aldatu] Ondarea

Donostiako ondarea Bandera de San Sebastián.svg


[aldatu] Demografia

2007ko abenduan udal erroldan jasotako datuen arabera, 184.312 biztanle zituen Donostiak, Gipuzkoa osoko populazioaren &26.5. Biztanle kopuruak %7.5eko hazkundea izan du 1991az geroztik, erlatiboki Gipuzkoan eta Euskal Automonia Erkidegoan izandako gehikuntza baino nabarmen altuagoa dena. Dena den, biztanleriaren hazkundea moteldu egin da: urtez urteko hazkundea %1 baino nabarmen txikiagoa da azken urteotan.[10]

Bilakaera demografikoa 1900-2009

[aldatu] Azpiegiturak

[aldatu] Hiri arteko garraioa

Donostia puntu garrantzitsua da europar errepide trafikoan. Iparretik hegoaldera, E-05 (Glasgow-Paris-Algeciras), eta mendebaldetik ekialdera, E-70 (A Coruña-Bordele) eta E-80 (Lisboa-Burgos-Pabe) europar errepideek zeharkatzen dute. Ibilbide hauetan, Irundik norabidean, A-8 errepidetik sar daiteke Donostiara. Bilbotik A-8 errepide nagusia ordainsariz erabil daiteke. Madril-Gasteiztik A-1 errepidetik egiten da sarrera. A-1 jarraituz, Donostiatik gertu, Andoainen, A-15 errepiderako lotunea dago, Iruñea-Zaragozara eta bertatik Bartzelonara bideratzen dena. Kasu guztietan eta Donostia inguratzen duen errepide gerriko edo sare trinkoari esker, Donostiako hirigunera sartzeko hainbat aukera daude baina sarbide garrantzitsuenak Amara eta Ibaeta auzoetatik dira. Gipuzkoa mendebaldeko kostaldeko herrietatik Donostiara etortzeko maiz erabiltzen den errepide bat N-634 izenekoa da.

Donostiara joan eta etortzeko errepidezko bidaiarien garraio publiko sarean, Lurraldebus autobus zerbitzuetarako elkartea, Gipuzkoako herrietara autobus sare bateratu bat eskaintzen duena, Txartel bakarra izeneko bidai-txartel pertsonal baten bitartez. Euskal Herriko beste hiriburuetara autobus zerbitzu ugari dago egunean zehar [11].

Trenbideari dagokionez, Iparraldeko geltokian Espainia mailako eta aldiriko trenak har daitezke. Bestaldetik, Euskotren konpainiak Hendaia eta Bilborainoko bidaiak eskaintzen ditu.

Hegazkinez, Hondarribiko aireportua da hiritik gertuen dagoen aireportua. Bertaraino joateko autobus zerbitzua badago. Aireportu honek eskaintzen dituen hegaldiak ordea mugatuak dira eta beraz, 100 bat kmtara dagoen Bilbo-Loiu aireportua erabili ohi da nazioarteko hegaldietarako. Miarritzeko aireportua da beste aukera bat, batez ere Pariserako hegaldietarako.

[aldatu] Hiri barneko garraioa

Tamaina txikiko hiria da Donostia eta beraz, oinez erraz eta eroso zeharka daitekeena, hiria zeharkatzen duten oinezkoentzako kale eta ibilbideei esker. Hain zuzen ere, Monpaseko ekialdeko muturretik, Ulia mendiaren oinetan, hiriaren mendebaldeko puntan dauden Haizearen Orrazia izeneko eskultura multzoraino oinez egin daiteke semaforo bakar batekin topo egin gabe 7 kilometrotan zehar. Txirrindu ere donostiarrek maiz erabiltzen duten garraiobidea da, beste hirien aldean, eta horrela bidegorri edo txirrindularientzako ibilbide sare zabala osatu da. Udalak prestaturiko alokairuzko txirringa-zerbitzu bat ere badago, d-Bizi izenekoa.

Autobusez, Donostiako Tranbia Konpainiak 27 autobus ibilbide mantentzen ditu hiriko auzoetan zehar, guztira 115 autobusekin (2009ko datuak). Asteburuetan, parrandan ibiltzen den jendeari begira, gau eta goizaldeko Gau Txori izeneko zerbitzuak badaude. Bidaiari kopurua 27.360.638 izan zen 2008. urtean[12]. Horrela, Donostian gehien erabiltzen den hiri barneko garraiobidea da, automobila alde batera utzirik.

Hala eta guztiz ere, trafiko arazo larriak izaten dira Donostiako kaleetan. Ibilaldi guztietatik %27ak ibilgailu partikularrez egiten dira. Konponbide gisa, hiriguneko kanpoaldean disuasiozko aparkalekuak eta hirigunearen zati handi bat hartzen duten TAO guneak ezarri arren, aparkaleku eskasia izaten da eta sarbide nagusietan eta erdiguneko kaleetan automobil ilara luzeak sortu ohi dira. Trafiko trinko honek sortzen duen aire- eta soinu-kutsadura dela-eta kezka badago.[13]

Turismoari begira eratutako hiri barneko garraiobide bereziak ere badaude. Antzinako Igeldoko funikularrak Ondarretatik Igeldo mendi gainerainoko malda igotzen jarraitzen du. Hiriko ikusgarri nagusiak erakusten dituzten autobus turistiko bat eta Txutxu Tren izeneko bagoidun ibilgailua ere badaude.

[aldatu] Hezkuntza eta ikerkuntza

Sakontzeko, irakurri: Donostiako ikastetxeen zerrenda

Donostia hiru unibertsitateren egoitza da: Euskal Herriko Unibertsitatearen fakultate eta eskolak Ibaetako campusean zehar zabaltzen dira euskaraz eta gaztelaniaz ikastea ahalbidetzen duen titulazio-eskaintza zabal batekin, Nafarroako unibertsitateak ere Tecnun izeneko ingeniaritzako eskola du bertan eta Deustuko Unibertsitateko Gipuzkoako campusa Mundaizen da, turismo, enpresa-ikasketa eta beste titulazio batzuk eskaintzen duena. Unibertsitate horiekin lankidetzan, ikerkuntza-zentro aurreratuak daude: nanoGUNE nanoteknologiari buruz, Donostia International Physics Center, Inbiomed, Basque Center on Cognition, Brain, and Language, Ciditec, CEIT eta abar.

Haur eskoletatik batxilergora ikastetxe-sare zabala du Donostiak, ikastetxe publikoek, pribatuek (gehienak katolikoak) eta ikastolek osaturikoa. 2006ko datuen arabera, euskara hutsezko D eredua da nagusi (13.910 ikasle), A (9.101 ikasle) eta B (10.148 ikasle) ereduen aldean [14].

[aldatu] Kirolak

Nabaria da kirolzaletasuna donostiarren artean. Ohikoa da egun osoan zehar jendea korrikan edo txirrinduz ikustea. Hondartzak kirolgune garrantzitsu bihurtu dira. Zurriola hondartza surflarien bilgune da, bertako olatuak erakarrita. Kontxako hondartzan haurrak ibiltzen dira asteburuetan, futbolean, eskola arteko txapelketetan. Piraguismoan ere asko aritzen da Kontxako badian. Urumea ibaian zehar arraunketan aritzen dira kirolari asko. Hiriko ikastetxeetan ere haurrek kirolean jarduteko aukera izaten dute eta ikastetxeen arteko lehiak eta txapelketak izaten dira asteburuetan. Horretarako, hiriak kirol-instalazio ugari eta zenbait kiroldegi ditu.

Goi mailako kirolean, Real Sociedad futbol taldea nabarmendu behar da. Gipuzkoan futbol talde maitatuena izateaz gainera, Espainiako futbol talde entzutetsuenetakoa da. Historian zehar Espainiako lehen mailako bi Espainiako Futbol Liga eta Errege Kopa bat irabazi ditu. Klubak emakumezkoen futbol talde bat eta gazte talde bat ere biltzen ditu bere baitan. Futbolaz gainera, beste kirol batzuetan ere nabarmentzen da Real Sociedad: belar gaineko hockeyan esaterako, emakumezkoen taldeak titulu anitz irabazitakoa da Espainia mailan. Saskibaloian Askatuak talde historikoa eta gaur egun maila gorenean dagoen Gipuzkoa Basket taldeak daude. Akaba Bera Bera emakumezkoen maila goreneko eskubaloi taldea da. Gizonezkoen Bera Bera Rugby Taldea Espainiako Errege Kopa bat irabazitakoa da. Arraunketan, Ur-Kirolak eta Donostia Arraun Lagunak taldeek txapelketa ugari irabazi dituzte arraunketa olinpikoan; tostako arraunketan, 2007tik aurrera Donostiarra traineru bateratuaren proiektuan batu dira, CD Fortunarekin batera.

[aldatu] Ibilbideak

[aldatu] Kultura

Donostiarren ekimen herrikoiak gaindituz, Donostiako kultura eskaintza batez ere turismoa bultzatzeari eta nazioartean irudi erakargarria emateari begira eratzen da erakunde publikoen aldetik [15]. Kursaal jauregia da asmo hauek islatzen dituen egitura fisikoa. Rafael Moneo arkitektoak diseinaturiko jauregi ikusgarri honetan auditorioak eta areto zabalak daude, zine, musika, antzerki eta dantza emanaldiak egin eta feria, biltzar eta kongresuak antolatzeko. Horrela, Kursaal jauregian eta ondoan dagoen eta halaber ikusgarria den Victoria Eugenia antzokian, hiriak antolaturiko kultura ekitaldi nagusiak ospatzen dira, Donostiako Zinemaldia eta Musika Hamabostaldia esaterako. Beste kultur jaialdi nabarmen batzuk Maiatza Dantzan, uztaileko Jazzaldia eta udazkeneko Beldurrezko Astea. Parte Zaharreko Antzoki Zaharra antzerki emanaldietarako tokia izaten da.

Koldo Mitxelena Kulturunea eta Liburutegia da ekimen kultural xumeagoetarako beste gune bat. Jende asko biltzen duen liburutegi nagusi baten egoitza izateaz gainera, bertan hitzaldiak eta erakusketak egiten dira. Udalak Alderdi Ederreko bere egoitzan du liburutegi nagusia. Auzoetan barrena, liburutegiak kultur etxeetan kokatzen dira. Kultur etxe hauetan gainera hitzaldiak eta ikastaroak zein musika, antzerki edo zine emanaldiak antolatzeko tokia eskaintzen dute.

[aldatu] Donostia 2016: Europako Kultura Hiriburua

Sakontzeko, irakurri: Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburua

[aldatu] Hedabideak

Egunkarietatik, Donostian Euskal Herri mailako Gara elebidunak eta hirian irakurriena den Gipuzkoako El Diario Vasco erdaldunak Igaran dute egoitza, eta Noticias de Gipuzkoak Benta Berrin. Euskara hutsezko Irutxuloko Hitza Donostiako egunkari lokala da. Euskarazko aldizkarietan, gazteei zuzendutako Gaztezulo Donostian argitaratzen da eta Euskal Herri osora zabaltzen da.

Irratiei dagokienez, Euskadi Irratia, Euskadi Gaztea eta Donostialdeko Ttan Ttakun irrati librea euskara hutsezkoak eta Herri Irratia elebiduna dira Donostian egoitza nagusia dutenak. Radio Euskadi, COPE, SER, Onda Cero eta RNE erdal irrati kateek, berriz, ordezkaritzak dituzte Donostian eta bertatik hainbat saio egiten dituzte. Internetez emititzen duen Info7 irratia FM bidez ere entzun daiteke Donostian.

Azkenik, telebistetan, EITB taldeak estudioak ditu Miramonen. LTDan emititzeko tokiko telebisten lizentziak honakoek lortu zituzten: 1994. urtetik emititzen duen Vocento taldeko Teledonostik, 2000. urtean Localia katearekin emititzen hasi zen Gipuzkoa Telebistak, emititzen hasi berri den Hamaika Telebistak, eta oraindik egitasmoa den Donostiako Udalarenak.

[aldatu] Jaiak, ospakizunak eta tradizioak

Donostiako Danborrada San Sebastian egunean

Donostiarren jai nagusia Donostiako Danborrada da, urtarrilaren 20an, Donostia zaindariaren egunean hain zuzen. Erabateko ziurtasunik ez badago ere, 1836. urtean militarren parodia moduan sortua, jai honetan donostiarrek, elkarteetatik eratutako konpainietan bildurik eta sukaldariz edo militarrez jantzirik, danborrada etengane jotzen dute kaleetan zehar donostiar doinu tradizionalen erritmoan, San Sebastian martxa izenekoa nagusi bada ere. Egun horretan eguerdian ospatu eta milaka haur donostiar biltzen dituen Haur Danborrada izeneko desfilea ikusmin handia sortzen duen ekitaldia da.

Inauteriak dira donostiarren beste jai nagusi bat. Baina horien aurretik, kaldereroen konpartsek eta Inude eta Artzaien konpartsek egun bana dute bere desfileak egiteko. Santa Agedako ospakizuna ere auzoetan berpizten ari den euskal ohitura bat da. Donostiako Inauteriak euskal inauteri tradizionaletatik aldentzen diren ospakizunak dira eta munduko beste toki askotan bezalaxe desfile huts moduan antolatzen dira.

Udan, abuztuko Donostiako Aste Nagusia da jai nagusia. Kanpoko jende asko biltzen dituzten jaiak dira, batez ere gauero pizten diren su artifizialen erakustaldien inguruan. Abuztuaren 31n, 1813. urtean hiria guztiz suntsitu zuen sutea oroitzen da, Abuztuak 31 kalearen inguruan. Irailean Donostiako Euskal Jaiak ospatzen dira eta horiekin batera izaten dira jendetza handia erakartzen duten Donostiako Estropadak.

Abenduaren 21ean Santo Tomas eguna ospatzen da. Egun horretan, baserri produktuen erakusketa eta salmenta postuen inguruan eta baserritar arropa tradizionalez jantzirik, milaka lagun biltzen dira jai giroan sagardoa, taloa eta txistorra, besteak beste, dastatzera. Konstituzio Plazan erakusten den txerritzar baten zozketa ere egiten da.

Aipatu behar dira, halaber, hiriko auzoetan zehar ospatzen diren jaiak, hala nola Amara Zaharreko jaiak eta Egiako Porrontxoak.

[aldatu] Herri elkarteak

Gaur egun Euskal Herriaren mugak gainditu dituzten herri elkarte edo soziedadeak izenekoek Donostian izan zuten jatorri. Gizartearen atal garrantzitsu bat osatzen dute, elkartearen egoitzan lagun giroan afari baten inguruan egoteaz gainera, kultura eta kirol ekintza ugari antolatzen baitituzte. Donostiako jai nagusia den danborradan ere beraiek dira protagonista. Lehenengo elkarte gastronomikoak La Fraternal izena izan zuen eta 1843. urtean sortu zen. Elkarteak sortzeko arrazoi nagusia Donostiako kaleko sagardotegiak galduz joatea izan zen; donostiarrek bilguneak behar zituzten otorduak egiteko eta elkarteak sortzen hasi ziren.

[aldatu] Udal politika

Sakontzeko, irakurri: Donostiako Udala
Sakontzeko, irakurri: Donostiako alkateen zerrenda

Francoren diktaduraren ondoren, udal erakunde kudeatzaileak izan zuen hirian ardura, hasieran Ramon Jauregik eta gero Iñaki Alkizak gidatua. 1979an egin ziren hauteskunde demokratikoetan Jesus Mari Alkain jeltzaleak lortu zuen alkatetza, alderdi bozkatuena izan zelako, nahiz eta gehingo absoluturik ez eduki[16][17].

Hurrengo legealdian, Ramon Labaien alderdikideak lortu zuen alkatetzea, gehiengo absoluturik gabe honek ere. Eusko Alkartasuna banatu zenean, Donostian EAJko botoen gehiengoa lortu zuen alderdi berriak eta hurrengo hauteskundeetan (1987an) Xabier Albisturrek irabazi zuen. Gutxiengoan egonda, Euskadiko Ezkerrarekin koalizioa egin zuen eta alkatetzan iraun legealdi osoan.

1991an, Odon Elortza (PSE-EE) alkate izendatu zuten, PP eta EAJ alderdien botoekin. Harrez geroztik alkatetzan jarraitu zuen 2011ra arte, legealdi bakoitzean egoera desberdinean: EAJ eta EArekin 1995an, PPrekin 1999an. 2007ko udal hauteskundeetan, beste hainbat herri eta hiritan bezala, Espainiako epaileek galarazi eta baliogabetzat jo zituzten Euzko Abertzale Ekintzaren zerrenda, baita honek lortutako botoak eta egokituko litzaizkiokeen zinegotziak ere. Urte beretik Aralar-Alternatibarekin zen udal gobernuan.[18]

2011an, Bildu koalizioak ustekabean lehen postua lortu zuen hiriburu gipuzkoarrean (8 eserleku), egorari buelta emanez. Sozialistek Bilduk baino eserleku bat gutxiago lortu zuten, 7. EAJk eta PP-k seina eserleku lortu zituzten bakoitzak, alderdi espainiarra izanik bozkatuagoa. Hala ere, alkatea nor izango zen ez zegoen batere argi, EAJk baitzuen giltza. Azkenean, espero zen bezala Juan Karlos Izagirre (Bildu) izendatu zuten alkate.[19]


Hauek dira Donostiako alkateak, 1979tik:

Alkatea Agintaldi hasiera Agintaldi amaiera Alderdia
Jesus Mari Alkain 1979 1983 EAJ
Ramon Labaien 1983 1987 EAJ
Xabier Albistur 1987 1991 EA
Odon Elortza 1991 2011 PSE-EE
Juan Karlos Izagirre 2011 Karguan Bildu

Udalbatzaren osaera 1979tik

Izena Legealdia
1979–1983 1983–1987 1987–1991 1991–1995 1995–1999 1999–2003 2003–2007 2007-2011
Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ) 9 10 3 4 3 7 9 5
Herri Batasuna (HB) / Euskal Herritarrok (EH) 6 5 6 5 4 5 ~ ~
Coordinadora Independiente / Coalición Popular /
Alderdi Popularra
5 3 2 5 7 6 7 6
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-PSOE) /
Euskadiko Alderdi Sozialista - Euskadiko Ezkerra (PSE-EE)
4 7 5 5 7 9 10 11
Euskadiko Ezkerra (EE) 3 2 4 2 ~ ~ ~ ~
Eusko Alkartasuna (EA) ~ ~ 7 6 5 (EAJrekin
batera)
(EAJrekin
batera)
2
Euskadiko Partidu Komunista (EPK-PCE) /
Ezker Batua Berdeak (EBB)
0 0 0 0 1 0 1 3
(Aralarrekin batera)
Aralar ~ ~ ~ ~ ~ ~ 0 3
(Ezker Batua -
Berdeak-ekin batera)

Egungo osaera, 2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeen ondotik

Donostiako Udalbatza

Izena Zinegotziak Boto kopurua Donostiako udalbatza
Bildu
8
21.110 boto
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE-PSOE))
7
19.666 boto
Alderdi Popularra (PP)
6
16.502 boto
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ-PNV)
6
15.587 boto
Baliogabeak
-
-

[aldatu] Donostiar ospetsuak

Sakontzeko, irakurri: Donostiar ospetsuen zerrenda

Donostiar ospetsuen artean ditugu, besteak beste, Eduardo Txillida eskultorea, Pio Baroja, Ramon Saizarbitoria eta Txillardegi idazleak, Luis Miguel Arconada eta Pello Ruiz Cabestany kirolariak, Iñaki Gabilondo kazetaria, Aita Donostia, Pablo Sorozabal eta Nicanor Zabaleta musikariak, Mikel Laboa, Mikel Erentxun, Javier Gurrutxaga eta Imanol Larzabal kantariak, Juan Mari Arzak eta Pedro Subijana sukaldariak, Jesus Maria Leizaola eta Odon Elorza politikariak eta Julio Medem zinemagilea.

[aldatu] Hiri senidetuak

Donostia hiri hauekin senidetua dago:

[aldatu] Iruditegia

[aldatu] Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) José Miguel Edeso Fito:Geografía e historia de San Sebastián: geología y geomorfología, INGEBA, 2009-10-19.
  2. (Gaztelaniaz) Ana Sola Bueno: Geografía e historia de San Sebastián: el clima., INGEBA, 2009-10-18.
  3. Ana Sola Bueno: Geografía e historia de San Sebastián: el clima., INGEBA, 2009-10-18.
  4. (Gaztelaniaz) Ana Sola Bueno: Geografía e historia de San Sebastián: la vegetación., INGEBA, 2009-10-18.
  5. (Gaztelaniaz) Angel J. Martín Duque : El Fuero de San Sebastián: Traducción manuscrita y edición crítica, Príncipe de Viana, 63 zbk., 227, 2002.
  6. (Gaztelaniaz) Donostia-San Sebastián: nombre y emblema, Auñamendi, Euskomedia. 2010-01-18.
  7. (Gaztelaniaz) Serapio Mujika Zufiria: Gaskoiak Gipuzkoan. Gipuzkoako Aldundiaren inprimategia, 1923. Donostia.
  8. (Gaztelaniaz) DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN (MORFOLOGÍA URBANA), Enciclopedia Auñamendi, Euskomedia webgunean. 2009-11-04.
  9. (Euskaraz) Donostiako auzoen zerrenda ofiziala, Donostiako Udala.
  10. (Euskaraz) Datu demografikoak, www.donostia.org webgunean. 2009-11-29.
  11. Pesa enpresak Iruñeara ezik, beste euskal hiriburu guztietarako zerbitzuak eskaintzen ditu.
  12. (Euskaraz) d·bus konpainia ezagutu, Donostiako Tranbia Konpainia. 2009-10-28.
  13. (Euskaraz) Ingurumena eta garapen jasangarria: atmosferako kutsadura, Agenda21 Donostia webgunean. 2009-10-28.
  14. (Euskaraz) EUSTAT: UDAL-ADIERAZLEAK. SERIE ESTATISTIKOAK, 2006, 2007-02-21eko prentsa-oharra.
  15. Horrela agertzen da Donostiako Plan Estrategikoan, garatu beharreko estrategiak aipatuz: (Euskaraz) A.1.2 Dagoen zerbitzu eta ekintza eskaintza indartzea, kultur programazioari dagokionez, turismo eta kirol produktu berriak indartu eta garatuz. Hauek dauden baliabideak optimizatu eta hauen nazioarteko proiekzioa handitu dezaten; ondorioz, baita europar sareetako parte-hartzea ere. A.1.3 Berritutako marka irudi bat garatzea, kalitatea, berrikuntza eta modernitateari lotutakoa, aisialdirako erreferentzia hiri gisa bere egoera hobe dezan, bai Gipuzkoan, bai EAEn, bai Estatuan zein nazioarteko foroetan ere., Donostiako Plan Estrategikoa, 11. orrialdea. Baita ere, CIDEU erakundeko dokumentu bat aipa daiteke: (Gaztelaniaz) Encuadrado en el objetivo delimitado por el Plan Estratégico (...) mediante este proyecto se persigue dotar a la ciudad de una Estrategia Cultural y el desarrollo de los grandes proyectos que suponen un salto cualitativo con respecto a la situación actual y que pueden aumentar su presencia internacional. Buscar una culturización de la sociedad que no una popularización de la cultura que pueda llegar a una degradación de la misma.
  16. Donostiako udala eratu da, EAJko alkatearekin, ABC, 1979-04-21.
  17. Jesus Mari Alkain alkate izendatua, Diario Vasco, 2009-04-21.
  18. Alternatiba desaira a EB y confirma su pacto de gobierno con Elorza, El País, 2009-07-22.
  19. Juan Karlos Izagirre, nuevo alcalde de San Sebastián, Diario Vasco, http://www.diariovasco.com/20110611/mas-actualidad/politica/pleno-constitucion-ayuntamiento-sebastian-201106110848.html. Noiz kontsultatua: 2011-6-11 
  20. Espainiako eta Japoniako hirien arteko senidetza itunak Espainiako Enbaxada Japonian

[aldatu] Kanpo loturak

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Donostia
Portal.svg
Wikipedian atari bat dago honi buruz:
Euskal Herriko Wikiatlasa

Tresna pertsonalak
Izen-tarteak
Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak