Nepal

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Nepalgo Errepublika Demokratiko Federala
संघीय लोकतान्त्रिक गणतन्त्र नेपाल
Sanghiya Loktantrik Ganatantra Nepāl
Nepalgo bandera
Bandera

Nepalgo armarria
Armarria

Goiburu nazionala: जननी जन्मभूमिष्च स्वर्गादिप गरियिस
( Ama eta Aberria Zeruetako Erresuma baino handiagoak dira)
Nepalren kokapena
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Katmandu
27°42′N 85°19′E / 27.7°N 85.317°E / 27.7; 85.317Koordenatuak: 27°42′N 85°19′E / 27.7°N 85.317°E / 27.7; 85.317
Hizkuntza ofiziala(k) Nepalera
Gobernua
Presidentea
Lehen Ministroa
Errepublika Federala
Ram Baran Yadav
Baburam Bhattarai
Bateratzea
1768 abenduaren 21
Eremua
• Guztira
• Ura

147.181 km² (94.)
% 2,8
Biztanleria
• Zenbatespena (2010)
• Errolda (2007)
• Dentsitatea

29.331.000 (41.)
28.952.000
184 biztanle/km² (39.)
Dirua Rupia (NPR)
Ordu eremua
 • Udan (DST)
NPT (UTC +5:45)
Ez (UTC +5:45)
Interneteko domeinua .np
Telefono aurrezenbakia +977
Herritarra nepaldar
Everest mendia, munduko mendirik garaiena.

Nepal, ofizialki Nepalgo Errepublika Demokratiko Federala (संघीय लोकतान्त्रिक गणतन्त्र नेपाल) Erdialdeko Asiako estatu itsasgabea da, lurren gehiengoa Himalaian kokatua. Bertan dago Everest mendia, munduko garaiena (8.848 m). Mugakideok ditu: Txina (Tibet) iparraldean eta India hego, eki eta menbebaldean. 2008ko maiatzaren 28an Errepublika aldarrikatu zuen Legebiltzarrak. Data hori arte, Munduko erresuma hindu bakarra izan zen: biztanleen % 80 erlijio horretakoa baita.

Hiriburua eta hiri handiena Katmandu da.

Eduki-taula

[aldatu] Etimologia

Historian zehar Katmanduko ibarra gobernatu duen etnia Newaria izan da eta hauek eman diote izena herrialdeari, izan ere Newar eta Nepal hitz berdinaren aldaera fonetikoak dira, nahiz eta argi ez dagoen zein izan zen lehenengo hitza. Batzuen ustez Nepal izena Newar hitzaren sanskritizazioz sortu zen, beste batzuen ustez Nepal da aurrenekoa eta erabilerak Newar bihurtu zuen.

[aldatu] Geografia

Nepalek lauki zuzen baten itxura dauka, eta iparraldetik hegoaldera altueraz nabarmen jaisten da, izan ere Himalaiako zortzi mila metrotako mendietatik hasi eta hegoaldeko Terai lautadan 250 metrotako altueraraino iristen baita.

Mapa topografikoa

[aldatu] Eremuak

Ondorioz hiru eremu geografiko bereizten dira: Alde batetik mendi garaien eremua, Parbat izenekoa, glaziar erraldoiez estalia dagoena. Oso jende gutxi bizi da. Bestetik mendixken eremua, Pahad izenekoa, mila eta lau mila metro arteko altuera artean dagoena. Ibar zabalak ditu, Katmanduko ibarra adibidez. Jendearen gehiengoa eremu honetan bizi da. Azkenik Terai lautada, geografikoki Indiaren jarraipena dena, beroa eta hezea. Arroz soro zabalak eta oihan tropikala duten parke nazionalak daude bertan.

Nepalek bost urtaro ditu: uda, montzoi garaia, udazkena, negua eta udaberria. Terai lautadan montzoia bereziki gogorra izaten da, ibaiek uholde handiak izaten baitituzte.

[aldatu] Mendiak

Himalaia mendikatea bete betean hartzen du Nepalek, eta bertan daude 14 zortzimilakoetatik erdia baino gehiago.

[aldatu] Ibaiak

Ibaiek ipar-hego norabidea dute eta Ganges ibaira isurtzen dituzte beren urak. Hiru ibai arro garrantzitsu daude Nepalen:

  • Karnali ibaia: Mendebaldean dago. 1.080 kilometroko luzera du eta bere arroa 127.950 km²-koa da.
  • Gandaki/Narayani ibaia: Erdialdean dago. 630 kilometroko luzera du eta bere arroa 46.300 km²-koa da.
  • Koshi ibaia: Ekialdean dago. 729 kilometroko luzera du eta bere arroa 95.156 km²-koa da.

[aldatu] Parke Nazionalak

Hamar Parke Nazional eta basabizitzaren hiru erreserba ditu Nepalek. Chitwan Parke Nazionala (Terai lautadan) eta Sagarmatha Parke Nazionala (Himalaia mendikatean) dira ezagunenak eta bisitatuenak.

[aldatu] Hiriak

Nepalgo hiri handienak hauek dira:

[aldatu] Historia

[aldatu] Hasierako erresumak

Kiratiak k.a 563 urtean iritsi ziren inguru hauetara. Ashoka enperadoreak k.a. III mendean bere menpe izan zuen lurraldea eta ondoren hainbat dinastiaren aginteak etorri ziren, Kirat, Licchavi, Thakuri, Malla... gehienak hinduistak, Terai lautada baitzen beren bizilekua. Hala ere Buda hemen jaio zen eta budistentzako lau leku sakratuetatik bat Nepalen dago, Lumbini hain zuzen ere. Katmanduko ibarraren jabe ziren newariak izan ziren XVIII menderarte Nepalgo erresumaren muina. Hiriburua Bhaktapur zuten baina Katmandu zen hiri handiena eta jauregi ederrak zituzten Patanen ere.

Tenplu hinduak Patan hirian, Erdi Aroko hiru Newar erresuma bateko hiriburua
1952ko gobernua. Tribhuvan erregea erdian uniformez
Manifestazioa Katmandun, 2004ean

[aldatu] Nepalen batasuna

1768 urtean gurkha leinuko Prithvi Narayan Shah erregeak Katmandu konkistatzerakoan Nepalgo lurralde guztia batu zuen Shah dinastiari hasiera emanez, eta beraz data hau hartzen da Nepal herrialdearen fundazio data. Honek bere lurrak zabaltzeari ekin zion baina hegoaldean Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiarekin egin zuen topo 1814ean gerra anglo-gurkhoari hasiera emanez. Nepaldarrek Sikkim eta Terai eskualdearen hegoaldea galdu zuten baina ingelesek ezin izan zituzten mendialdeko igarobideak eskuratu. 1857an Zipaioen errebolta gertatu zen Indian eta nepaldarrek ingelesei lagundu zieten Terai eskualdea itzultzearen trukean. Gaur egun oraindik britaniar armadako elite taldea da Gurkha Dibisioa, ia lau mila soldaduk osatzen dutena.

[aldatu] XX mendea

Agintari absolutupean egon zen herrialdea XX mendean. Erregeak Shah dinastiakoak ziren baina Rana familia indartsua zen de facto Nepal kontrolatzen zuena, lehen ministroaren kargua herentziaz jasotzen baitzuen. Rana familiak Lehen Mundu Gerran parte hartu nahi izateak herritarren haserrea ekarri zuen eta hurrengo urteetan matxinada eta istiluak izan ziren Nepalen. Egoera aprobetxatu nahian Tribhuvan erregeak mugimendu horiek gidatzen zituen Praja Parishadekin lan egin zuen Rana familiaren erregimena eror zedin. 1950ean ordea errege familia osoak alde egin behar izan zuen Ranatarren beldurrez baina bi hile baino ez zituen egin Indian, herriak Rana familia erregearen itzulera negoziatzera behartu baitzuen.

1955ean Tribhuvan hiltzean bere seme Mahendra bihurtu zen errege. Honek ez zuen demokrazia onartu eta 1960an konstituzioa bertan behera utzi, parlamentua desegin, alderdi politikoak ilegalizatu eta Bishweshwar Prasad Koirala lehen ministroa kartzelan sartu zuen.

1972an Birendra bihurtu zen errege. Hasieran aitaren monarkia absolutuarekin jarraitu bazuen ere herriaren presioak sistema aldatzera behartu zuen. 1980an egin zuen gaiaren inguruko lehenengo erreferenduma eta alderdi gabeko sistemaren aldekoek irabazi zuten bozken %55a lortuz.

[aldatu] Nepalgo gerra zibila

Hala ere, egoerak okerrera egin zuen eta 1990ean Nepal monarkia konstituzionala bihurtu zen, erregeak botere garrantzitsuak eta lausoak gordetzen bazituen ere. Ezegonkortasun politikoa areagotu baino ez da egin, batik bat 1996tik, alderdi komunista eta maoista matxinatu zenetik hain zuzen ere. Monarkia eta sistemako alderdi nagusiak ditu jomugan, instituzio feudalak eraitsi eta errepublika eraikitzeko nahian. Horrek guztiak gerra zibila eragin du: 13.000 lagun hil dira bertan.

Giro honetan errege familia osoaren erahilketa etorri zen. 2001ean Dipendra printzea Katmanduko Tribhuvan Sadan jauregian armaturik sartu eta bere aita eta anai arrebak hil zituen. Ondoren bere buruaz beste egin zuen, errege familia ondorengorik gabe gelditu zen orduan. Birendraren anaia gaztea zen Gyanendra bihurtu zen errege.

Matxinoak kontrolatzeko aitzakian (herrialdearen % 60 zuten menpe), errege berriak parlamentua itxi eta 2002an hautatu zen lehen ministroa kaleratu eta bere gustuko lehen ministroa jarri zuen. 2005ean, "larrialdi egoera" deituta, botere exekutibo osoak eskuratu zituen. Nolanahi ere, 2006ko apirilaren 24an, herriari subiranotasuna itzuli zion eta Ordezkarien Etxea berriro indarrean jarri. Botere berri horri esker, parlamentuak erregearen eskumenak aho batez murriztu zituen eta Nepali estatu laiko deitu zion. Konstituzioa ere eraberritu zen.

2008ko apirilaren 11ako hauteskundeak Nepalgo Alderdi Komunista-Maoistak (CPN-M) irabazi zituen bozen %30,5a lortuz[1]. Kongresuaren Alderdiak (NC) bozen %22,8a lortu zuen eta Nepalgo Alderdi Komunista Batua Marxista-Leninistak (CPN-UML), berriz, %21,6a. Horiek horrela, maoistek monarkia absolutua bertan behera uzteko asmoa adierazi zuten.

2008ko maiatzaren 28an Asanblada Konstituziogile berriak errepublika federal aldarrikatu zuen 564 bozetik aldeko 560 lortu ondoren. 240 urteko monarkiari amaiera eman zion.[2]

[aldatu] Banaketa administratiboa

Garapen eskualdeak
Sakontzeko, irakurri: Nepalen banaketa administratiboa

Nepal 5 garapen eskualdeetan, 14 gunetan banatzen da. Halaber, 14 gune horiek 75 barrutitan banatzen dira.

Garapen eskualdeak/विकास क्षेत्र
Eskualdea Azalera (km²) Biztanleak Hiriburua Hiri handiena
Ekialdeko eskualdea 28.456 5.344.476 Dhankuta Biratnagar
Erdialdeko eskualdea 27.410 8.031.629 Katmandu Katmandu
Mendebaldeko eskualdea 29.398 4.571.013 Pokhara Pokhara
Erdi-mendebaldeko eskualdea 42.378 3.012.975 Birendranagar Tribhuvannagar
Mendebaldeko Urruneko eskualdea 19.539 2.191.330 Dipayal Silgadhi Mahendranagar

[aldatu] Etnografia

nepalgo etnien banaketa geografikoa

Nepalen etnia ugarik egiten dute bat, nepaliak (khas edo pahariak), madhesiak, newariak, sherpak, gurungak, linbuak eta tamangak besteak beste. (ikus ondoko mapa)

[aldatu] Nepaldarrak

Gurkhek mendialdean zuten erreinuan dute jatorria, horregatik Khas edo pahari (menditar) ere esaten zaie eta gaur egun Nepalgo etniarik ugariena da. Hizkuntza indo-irandarra dute, aintzina gurkhali edo khaskura izenekoa eta modernizatu ondoren nepalia. Gaur egun herrialdeko populazioaren %48ak erabiltzen duen hizkuntza da. Erlijioz hinduak dira eta kasta sistema batean antolaturik dago beren gizartea.

[aldatu] Madhesiak

Terai lautadako hinduistak eta beraz hauek ere kasta sistemaren arabera banatuak. Bost milioi biztanle inguru dira. Beraien hiri nagusia Janakpur da.

[aldatu] Newariak

Katmanduko ibarreko biztanleak dira eta XVII menderarte beraien dinastia izan zen Nepalgo erresuma handienaren agintari. Erregeen egoitza eta beraz hiriburua Bhaktapur izan arren hiri handiena Katmandu zen. Beren hizkuntza, nepal bhasa, tibet-birmaniarra da eta beraz erlijioz budistak dira. 1.245.232 pertsonako taldea da (2001).

[aldatu] Sherpak

155.000 sherpa inguru daude Nepalen, eta mendi garaietan kokatzen dira. Txinako Sichuan probintziatik etorritakoak dira. Erlijio budista daukate.

[aldatu] Gurung

Gandaki eta Dhawalagiri Guneetan bizi diren artzaiak dira. Milioi erdi pertsona inguru, erlijioz budistak eta hizkuntza tibetarra hitzegiten dute.

[aldatu] Linbuak

Nepal ekialdean bizi den etnia budista da. 400.000 pertsona inguruk osatzen dute taldea.

[aldatu] Tamangak

Bagmati eta Janakpur inguruan bizi diren milioi eta erdi pertsonak osatzen duten etnia da. Beren tradizioen arabera Trisong errege tibetarrak bidali zituen 755.urtean bertara Tibeteko erresumaren muga zaintzera.

[aldatu] Garraioa

Nepalen nazioarteko aireportu bakarra dago, Tribhuvan Nazioarteko Aireportua (nepaleraz त्रिभुवन विमानस्थल) (NAGE kodea: KTM).

Herrialdeko hiri garrantzitsuenak elkar konektatzen dituzten hiru errepide nagusi daude:

  • Mahendra errepidea: Terai lautada osoa zeharkatzen du, 1000 km-ko luzera du. Ibilbidea: Kakarvitta (mendebaldeko muga)-Janakpur-Butwal-Mahendranagar (ekialdeko muga).
  • Tribhuvan errepidea: Katmandu, hegoaldeko mugarekin konektatzen du. 158 km. Ibilbidea: Katmandu (Naubise)-Hetauda-Birganj (hegoaldeko muga).
  • Prithvi errepidea: Katmandu, mendialdearekin konektatzen du. 275 km. Ibilbidea: Katmandu-Pokhara-Baglung

[aldatu] Nepaldar famatuak

[aldatu] Erreferentziak

[aldatu] Kanpo loturak

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Nepal
Tresna pertsonalak
Izen-tarteak
Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak