Berria.info

Astelehena, 2011ko azaroak 7 - 08:30

2011-11-03

Bi ahotsetara

Poparen aroa?

Leire Lopez Ziluaga

La Buena Vidako baxu-jotzaile ohi Pedro San Martinen omenaldian izan nintzen larunbatean. Lekuz kanpo sentitu nintzen. Hura Pedro lagunartean gogoratzeko gaua zen, eta nik bistaz baino ez nuen ezagutzen. Gainera, Donostian izan diren pop taldeetan gutxien bete nautenetakoa dela onartu behar dut. Lagun bati behin entzundakoa gogoratu nuen: ezinezkoa zela euskaraz izen hori duen talde bat izatea, eta gatazka politikoa zela horren arrazoia. Nola deituko da talde euskaldun bat Bizitza Ona inguruan duena kontuan hartuta? Horixe zen haren argudioa, eta esango nuke beste batzuei ere entzun diedala gauza bera, lagunak esaldiari ematen zion ironia kutsurik gabe ere.

Fermin Etxegoien urrunago joan zen 2009ko ekainean. Euskal popaz (ez ipurdiaz) izeneko zutabean, euskal popa ezin dela existitu zioen, «erresistentzian bizi den Herrian bizi garelako. Erresistentzian dagoenak zaindu —maite duzun hori— eta gorde egin behar du, deitu tradizioa deitu hizkuntza. Nola izango gara mod —modernista— euskaraz abestuta, modernismoak berez baldin badakar tradizioarekin apurtzea?».

Euskal pop taldeen urritasuna gatazka politikoarekin edo erresistentziarekin lotzea argudio sinplea iruditu zait beti, edo, sinplea baino gehiago, resultoia. Argudio sendoagoak iruditzen zaizkit tradizio falta edo gure jendartean popak izan duen irudi eskasa. Gainera, Britainia Handian Thatcherren sasoian sortu ziren pop musikaren erreferente handienetako batzuk.

Dena dela, egunotan neure burua engainatu eta argudio horrekin bat egiteko prest nago. ETAk «jarduera armatua behin betiko amaitzea» erabaki duen honetan, aro berri bat zabaldu(ko) dela entzuten ari gara behin eta berriro. Badakit gatazka ez dela bukatu, baina sasoi profetikootan, nik ere egin gura dut aldarri: «euskal poparen aro loriatsua iritsiko da!». Euskal Rock Erradikalaren jardueraren behin betiko amaitzea bezainbeste desiratzen dut.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia