Itzuli orri nagusira Bidali hau

Euskal poparen aro loriatsua irekiko da?

© cc-by-sa  Sustatu ¦ 2011-11-03 ¦ 11:10 ¦ musika

Leire Lopez Ziluagaren artikulua gaur Berrian:

Euskal pop taldeen urritasuna gatazka politikoarekin edo erresistentziarekin lotzea argudio sinplea iruditu zait beti, edo, sinplea baino gehiago, resultoia. Argudio sendoagoak iruditzen zaizkit tradizio falta edo gure jendartean popak izan duen irudi eskasa.(...)
Badakit gatazka ez dela bukatu, baina sasoi profetikootan, nik ere egin gura dut aldarri: «euskal poparen aro loriatsua iritsiko da!». Euskal Rock Erradikalaren jardueraren behin betiko amaitzea bezainbeste desiratzen dut.

Erref.: Euskal poparen aro loriatsua irekiko da? (paperekoa.berria.info)

Publizitatea

Erantzunak

#1. Re: Euskal poparen aro loriatsua irekiko da?

Aitor Oiarbide ¦ 2011-11-03 ¦ 23:43

Duela urte eta erdi, azken hamarkadako, 2000-2010eko, euskal musikaren oihartzuna aztertzen jardun nuen Euskal Kulturgintzaren Transmisioari buruzko graduondokoaren proiektu gisa. Neure tesia da azken hamarkadan pop talde ugari izan dela Euskal Herrian, horietako batzuk gainera bikainak (azpian xehatuago). Beste kontu bat da ordea, talde horiek jaso duten erantzuna, oro har urria, Ken zazpik izan ezik.

Pop-rocka ez zen izan 90eko hamarkadaren euskal panoraman gehien nabarmendu zen estiloetako bat (Balerdi Balerdi...), hala ere, orduan hasitako zenbait taldek eta abeslarik, egun ere jarraitzen dute musikan (Gari, Txuma Murugarren, Bider Ertzean...). Azken hamarkadan aldiz, estilo hauxe izan gehien jorratu dena:
- Makina bat talde sortu delako, horietako batek, Ken Zazpik arrakasta
ikaragarria lortu du, beste batzuk berriz, maila arrakasta apalagoa (Kerobia, Kauta,
Bide Ertzean eta Rafa Rueda esaterako), eta gainerako beste asko: Sei urte,
Elurretan... Era berean gainera, hamarkadaren azken bost urteotan
pop-rockean talde askozaz gehiago sortu dira: Elurretan, Malenkonia, Etxe, Zeren zai,
Harrobi, Onddo, Lauroba, Naixan...
- Ugaritasun horrekin azpiestiloak ere sortu dira. Nerabeentzako musika egiten duten
taldeak sortu dira azken urteotan (Lain, Seiren, Sugan); pop-rock entzunerraza eta
komertzial egiten dutela esan liteke. Nolabait Ken Zazpiren fenomenoaren txanparen
uberan sortuak. Kantuetan hizpide nagusia maitasuna eta neska-mutilak izan ohi
dituzte. Go!azen telesaila azpiestilo honetan sartzen da (ikus 06.1 Entzuleriaren ezaugarri nagusiak).

- Ken zazpi: power-pop, brit-pop eta rockaren artean mugitzen den talde moldakor honek oso harrera ona izan du hasieratik, 2001ean estreinako diskoa grabatu zutenetik. Geroago, hurrengo biekin (“Bidean” eta “Gelditu denbora” akustikoan) marka guztiak apurtu zituzten Euskal Herrian era guztietako agertokietan herriko jaietako oholtzetan, aretoetan eta hiriburuetako antzoki dotoreneetan eta agertoki berrietara heldu zen taldea, ohikoak zituen herrietako plaza eta aretoetan aritzeaz gain (Arriaga, Gayarre, Principal eta Victoria Eugenia antzokiak). Musika aldetik melodiak politak eta gozoak badira ere, kantu batzuk oso hitz konprometituak eta aldarrikatzaileak dituzte. Berariazko azterketa egitea merezi duen fenomenoa da Ken Zazpirena, hementxe bereizgarrietako bi:
- Erdaldunei ere asko gustatzen zaie, nahiz eta ziurrenik gainerako euskal musikarik
entzuteko prest ez egon.
- “Hamaika urteko iloba Ken Zazpiren zalea da, eta aldi berean, berrogeita hamar urte
dituen nire anaia zaharrenari ere gustatu egiten zaio.” Jon Eskisabelek esana.

- Kerobia: pop-rock pieza bitxi zoragarriak ematen dituen taldea da Iruñeakoa. 2004ko lehengo diskoak harrera ona izan zuen. Harrezkero ordea, esan liteke, brit-popera gehiago gerturatu zirela “Rose Escargot” pop maisulan bikainarekin. Musikagintzaren iraultza/lurrikara dela eta, erabaki harrigarri eta berritzaileak hartu zituzten: SGAEtik irtetzea, euren web gunean kantak doan eta erraz jaisteko aukera ematea, eta hirugarren bilduma hiru zatitan ematea. Esandakoaren bi aipu adierazgarri:
- «Uste dut bide bat marka dezakeela, eta zenbait taldek jarrai diezaioketela» esan zuen iaz Elurretan taldeko Mikel Aizpuruak.
- «Kerobia talde zoragarria iruditzen zait, adibidez» zioen Fermin Etxegoien kazetariak.

- Bide Ertzean: Deabruak Teilatuetan taldearen alternatiba akustiko eta popero moduan sortu zuten. 1999an argitaratu zuten lehengo emaitza, “Zure minari” izenekoa, Jose Luis Otamendiren olerkiak musikatuz. Gerora ere testuak ikaragarri zaindu dituzte, eurak berak idatzitakoak nahiz idazleei eskatutakoak (esandakoaz gain, Kirmen Uriberenak). Melodia eta errepika argitsuak eskaintzen dituzte, pop-rock klasikotik elikatzen direlako.
- Rafa Rueda: ΠLT metal talde gogorrean jardun duen arren, bakarkako ibilbideen pop aratz eta dotoretik jo du. “Bi musu” bezalako urre gorrizko piezak eman dizkigu. Gainera, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal eta Kirmen Uriberekin batera
"Bar Puerto" eta "Zaharregia, txikiegia agian" ikuskizunak eman ditu, laugarrenaren olerkietan oinarrituta.
- Seiurte: dagoeneko lau disko kaleratu dituen pop-rock talde bizkaitarra, nahiz eta hasieran rockeroagoak ziren. Britainiar popa eta espainiar indie eszenak gustuko dituzte.


#2. Re: Euskal poparen aro loriatsua irekiko da?

Joni Ubeda ¦ 2011-11-04 ¦ 11:09

Egilerari kariño guztiarekin:

Bertsoan azken esaldia lotuta izatea garrantzia handikoa da. Artikulu honetan uste dut teknika hori erabili duela, baina kasu honetan zalantzak ditut.

Euskal Herrian pop musikarekin "Euskal Herriaren aro loriatsua iritsi da!". Gaur eta hemen abanguardian kultura dago, musika. Atzetik datozenak beste batzuk dira.

Zea Maysen "Negua joan da eta" lehenago iritsi zen. Euskal Herriak eztanda egin zuen kantu horrekin. Eta kantu hori majikoa, bikaina da... Pop egitura batekin, goitik beherakoa.

Esandakoa, egilearen estiloari jarraituz, "pop musikak Euskal Herriaren aro loriatsua ekarri du".

#3. Re: Euskal poparen aro loriatsua irekiko da?

assar ¦ 2011-11-04 ¦ 11:38

Aitorren haritik tiraka, iruditzen zait lehenengo bakoitzarentzat "pop" musika zer den definitu behar dela. Ni Aitorrekin nago, azken hamarkadan Euskal Herrian talde gehienek egin duten musika estiloa pop-a da. Esate baterako, Zea Mays-en "Negua joan da ta" pop-a da.

Beste gauza bat da erredukzionista izan eta pop musika guztia La Buena Vidaren antzeko pop melengara murriztu nahi izatea. Orduan bai, Euskal Herrian "pop" musika ez da inoiz nagusi izan.

#4. Re: Euskal poparen aro loriatsua irekiko da?

assar ¦ 2011-11-04 ¦ 14:09

Joer, kasualidadea izan da, baina nire mezua idatzi dudanean Joni Ubedarena argitaratu gabe zegoen oraindik, nahiz eta biok aipatu Zea Maysen abestia.

#5. Re: Euskal poparen aro loriatsua irekiko da?

Harrobia Lantzen ¦ 2011-11-04 ¦ 16:39

Aitorren ekarpena oso interesgarria da. Euskarazko popa, eta ez Euskal Herriko popa, ondo deskribatzen duen tesi interesgarria egin duela dirudi. Bide batez, bidali ahalko zeniguke? Hauxe helbidea: harrobialantzen@gmail.com

Bestalde, popa zer den definitzea ondo legoke. Edo gutxienik, musika estiloa eta marka komertziala (multinazionalek bultzatu zuten popular music delakoa) bereiztea. Halere, argi dago estiloari egiten diogula erreferentzia. Hori horrela izanik, egia da azken urteetan euskarazko popak gorakada izan duela. Faktoreak, ordea, asko dira. Irrati formulek ere asko lagundu dute loraldia eragin eta mantentzeko.

Baina euskarazkoa ez den popa ere bada Euskal Herrian, gehienbat, dantzagarria. Hor ditugu We Are Standard, Grises, Thee Brandy Hips edo Delorean taldeak.

P.D.: Zuzenketa bat tesiari, Seiurte taldea pop hutsa zen hasieran, eta gerora pop-rockerantz egin zuen.

#6. Re: Euskal poparen aro loriatsua irekiko da?

Aitor Oiarbide ¦ 2011-11-04 ¦ 20:12

Leire Lopezek emandako hizpidearekin jarraituz,Gaztezulo aldizkariak ekimen interesgarria plazaratu du bere web gunean; bertan azken 10 urteotako kantuak bozkatzen ditu jendeak: "2000-2010 hamarkadako euskal kanturik gustuena":http://www.gaztezulo.com/eztabaidagunea_view.php?uuid_eztabaida=15&order=2

<http://www.gaztezulo.com/admin/eztabaida/eztabaida_foto/2011848716euskarazko_kanturik_gustokoena.jpg>

Dagoeneko 30 kantu inguru igo dituzte (seguruena kopuruak oraindik gora egingo duela), bertan ikusten den panorama anitza da, esan nahi det, genero askotako musika dagoela. Hori bai, ugariak dira pop-rock-ean sartzen direnak.

Behin idazten hasita, lan pixka bat hartu det **orain arteko hamar bozktuenak** emateko:
1. Kukutza III (Zea Mays)
2. Biziraun (Berri Txarrak)
3. Zaindu maite duzun hori (Ruper Ordorika)
4. Egunsentian (Kuraia)
5. Elektrizitaea (Zea Mays)
6. Ilargia (Ken zazpi)
7. Kantuz eskertu (Ze esatek!)
8. Rimmel (Gose)
9. Lorak eskeintzen (Gatibu)
10. Duintasunez eutsi (Des-kontrol)

I.O.: Harrobia lantzen-ekoei: bidaltzea nere kontu eta ados zuzenketarekin. Baina, askotan hain dira lausoak popa eta pop-rockaren arteko mugak. Joni Ubedarekin eta assarrekin ere bat nator. Zea Mays ez nuke esango pop taldea denik, euren kantu batzuk ordea, poparen urregorrizko bitxiak dira. Ruper Ordorika ere ez genuke hor sailkatuko, baina "Zaindu maite duzun hori" pop kantu bikaina da, etab.

#7. Re: Euskal poparen aro loriatsua irekiko da?

Leire Lopez ¦ 2011-11-05 ¦ 15:26

Kaixo Aitor,

Eskerrik asko zure lanaren zati bat hemen uzteagatik. Nik ez dut uste azken urteetan euskarazko musikan popa nabarmendu denik. Kontua da pop musika zer den zehaztu beharko genukeela, eta zure zerrenda irakurrita, uste dut ez diogula pop gauza berari esaten. Pop musikaz zentzu hertsian hitz egiterakoan, zuk baino hertsiago ikusten ditut poparen mugak. Esate baterako, aipatu dituzun taldeen artetik, Balerdi Balerdi, Bide Ertzean, Kerobia, Rafa Rueda, Elurretan eta Onddo baino ez zaizkit pop taldeak iruditzen, eta ez disko guztietan. Gainerakoei beste estilo batzuen kutsu handiegia ikusten diet pop izateko, bereziki heavy musikaren adar baten kutsu handiegia. Pop bokazioa dutenik ere ez nuke esango.

Luzeegia litzateke hemen azaltzea zer den pop nire ustez eta zer ez. Berriako zutabean, karaktere gehiegi ez ditudanez, testuaren hasieran aipatu nituen Pedro San Martinen omenaldia eta La buena vida, irakurleak jakin zezan hortik aurrera popaz ari nintzenean, zertaz ari nintzen. Thatcherren sasoiko taldeen aipamenak gehiago zehazten du kontua. Azalpenak eman beharrean, nazioarteko eta hemengo zenbait pop talde aipatuko ditut, niretzat popa zer den adierazteko: The Smiths, Saz Le Bolo, Felt, XTC, McCarthy, Aventuras de Kirlian, Elvis Costello, Beat Happening, Family, TV Personalities, Prefab Sprout, The Go-Betweens, The Pastels, Giorgio Bassmatti, Magnetic Fields, The Triffids-en “Calenture”, Daniel Johnston, Pulp, etab.

Nirea ikuspegi bat da, jakina. Esate baterako, Berrian 2009an argitaratutako artikulu honetan, euskal poparen mugak askoz zabalago ikusten zituen Mikel Aizpuruak, eta Mikelek asko daki popari buruz. Dena dela, nik dudan poparen ikuspegia ez da arbitrarioa, gainerakoena arbitrarioa ez den bezalaxe. Nork berea pentsatu eta nork bere ondorioak atera ditu -popaz idatzi/hitz egin duten beste askoren laguntzarekin-.

Ondo izan,
Leire

#8. Re: Euskal poparen aro loriatsua irekiko da?

Leire Lopez ¦ 2011-11-05 ¦ 15:54

Kaixo Joni,

Egia esan, ez dut idatzitako zutabea bertsolaritzarekin lotzen. Esango nuke bertsoak bertsoan bertan bukatzen den biribiltasuna osatzen duela, eta azken esaldia izan ohi dela bertsoa biribiltzen duena; zutabeak idazteko orduan, ez zait horrenbeste interesatzen biribiltasun mota hori. Zenbait ideia jaurti nahi ditut –1900 karakteretan ez dago sakontasunerako espazio gehiegi–, zutabetik kanpo jarraituko duen eztabaida sortzeko asmoarekin edo.

Kasu honetan, azken esaldiak ez du garrantzi handirik testuan –informazioa emate aldera, behintzat–. Amaierako txistea da, ETAk “behin betiko amaitzea” iragartzeko erabilitako hitz berekin idatzitakoa, keinu txiki bat egiteko. Testuaren ideia nagusia hirugarren paragrafoan dago: ez dut uste euskarazko pop talde gutxi sortu izanaren arrazoia gatazka politikoan dagoenik. Horretarako, aurreneko paragrafoan La buena vida aipatzen dut, popaz ari naizenean zertaz ari naizen argi uzteko. Paragrafo berean, gatazka eta poparen urritasuna lotzen dituen lagunarena aipatzen dut, gaian sartzeko, eta bigarrenean antzeko zerbait pentsatzen duen “autoritate” bat aipatzen dut –barka nazala Fermin Etxegoienek–. Hirugarrenean botatzen dut nirea. Hortik aurrerakoa ironia baino ez da. Ez du aparteko informaziorik ematen; ematekotan, beste zerbait ematen du.

Bestalde, ni oso eszeptikoa naiz arteak jendartean duen eraginari buruz. Bon, eszeptikoa baino gehiago. Gainera, Euskal Herriko kultura ez zait bereziki abangoardista iruditzen, nahiko tradizionala ikusten dut. Ez dut uste Zea Maysen kantak hona ekarri gaituenik, ezta beste kanta batzuek ere. Zerk ekarri gaituen hona azaltzea analista politikoei, soziologoei, etab. dagokie, baina musikak zerikusi gutxi duela esango nuke.

Ondo izan,

Leire

#9. Re: Euskal poparen aro loriatsua irekiko da?

Inaxio Esnaola ¦ 2011-11-05 ¦ 16:42

"Gainerakoei beste estilo batzuen kutsu handiegia ikusten diet pop izateko, bereziki heavy musikaren adar baten kutsu handiegia. Pop bokazioa dutenik ere ez nuke esango".

Zein da heavy musikaren adar hori?

#10. Re: Euskal poparen aro loriatsua irekiko da?

Juan Luis Zabala ¦ 2011-11-05 ¦ 18:57

Aro berri horren iragarle izan daiteke Patta Eta Sendaezinak taldearen diskoa... Adi!

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

 Nabigatu euskaraz