20
urr

GH3: azaroaren 2an, DOKAn dugu hitzordua!

Egunek abiadura bizian egiten dute aurrera, eta ia-ia ohartu gabe iritsi zaigu Gaurko Hitzaren 3. urteurrena ospatzeko eguna. Iaz laguntza eskatu nizuen 2. urteurrena ospatzeko. Gogoratzen? Zuen gustuko hitza aukeratu, bideo bat atondu eta youtube-ra igo. Horixe izan zen iaz eskatutakoa. Arrakastatsua eta emankorra izan zen eskea, zalantzarik gabe; izan ere, denon artean 84 bideo/hitz grabatzea lortu baikenituen. Gaurko hitzaren kanalean dituzue denak ikusgai.

Aurten, eskatu beharrean, eman egin nahi nuke; beraz, lagun batzuekin batera, topaketa bat antolatu dugu. Bertan nahiko genuke gurekin egotea Gaurko Hitzaren lagunak eta, batez ere, iaz zuen denbora eskuzabaltasunez eskaini zeniguten guztiak.

Ez gara xehetasun handitan sartuko oraingoz,  baina kontuan hartu ondorengoak:

  • Ekitaldia: Gaurko Hitzaren 3. urteurrena ospatzeko topaketa.
  • Noiz: azaroaren 2an, iluntzeko 19:30ean,
  • Non: Donostian, DOKAn (bertako Kafe Antzokian).

3. urteurrena denez, ospakizunean izango ditugun hiru artistaren izenak aurreratuko dizkizuet gaurkoan: Anari, Iban del Campo eta Harkaitz Cano. Gehiago izango dira.

Datozen egunetan joango gara egitarau osoa zehazten, baina, oraingoz, hauxe da guztia. Jakinaren gainean zaudete; beraz, gorde eguna zuen agendetan! :-)

Zabal ezazu:
  • Twitter
  • Facebook
  • del.icio.us
  • RSS
  • Posterous
  • Google Bookmarks
  • LinkedIn
  • FriendFeed
  • email
  • Print
  • PDF
18
urr

5 proposamen euskara sarean zabaltzeko

Aurreko batean, Karrikiri elkartekoek gonbidapena luzatu zidaten, urriko Karrika aldizkariaren alean, Mondragon Unibertsitateko Euskal Kulturgintza Transmisioaren aditu tituluan hitz egin nuena idatzi batean jaso nezan. Bere garaian aipatu nuen hemen zerbait, baina artikuluak hitz gutxikoa izan behar zuenez, amaiera aldean  euskara sarean sustatzeko egin nituen 10 proposamenetatik 5 jaso ditut. Hurrengo baterako uzten ditut bota nituen beste bostak.

5 proposamen euskara sarean zabaltzeko

Karrika (Iruñeko euskaldunon elkartearen buletina). 153. zenbakia, 2011ko urria.

Inori ez dio ihes egiten IKTek, Informazio eta Komunikazio Teknologiek, eta Internetek berak, aldaketa handiak ekarri dizkietela hizkuntzei. Neurri handi batean, egun, hizkuntza baten nagusitasuna sarean duen presentziaren baitan neurtzen da, dituen eduki eta ailega daitekeen erabiltzaile kopuruaren baitan. Garrantzitsua da, beraz, gai zehatz bati buruzko informazioa, jokoak, bideoak, ariketak… edukiak, azken finean, euskaraz eta eskura izatea. Horrela izanda, eduki horiek gure hizkuntzan ala beste batean kontsumitzea hautatuko dugu, baina hautu kontua izango da, eta ez beharra.

Gauzak horrela, begi-bistakoa da zenbaterainokoa den gai honi eman beharreko garrantzia. Alde batetik, Administrazioak, Euskaltzaindiak, euskara elkarteek, euskaltegiek eta hezkuntza alorrekoek, hau da, euskara bultzatu nahi duten erakundeek euren bidea jorratu beharko dute, ahalik eta eduki gehien erabiltzaileon eskura ipiniz. Bestetik, hori bezain garrantzitsua da beste guztion, gu guztion, ekarpena. Eta hari horretatik tira eginez dator nire proposamena: gutariko askok gure harri koskorra ipini nahi dugu hedapen horretan laguntzeko, baina, sarearen zoko-mokoak ezagutzen ez ditugunez, noraezean ibiltzen gara. Ez dakigu nondik hasi edo nora jo.

Sarea euskarazko edukiez hornitzea gure esku dago, euskararen presentzia hedatzea nahi dugunon esku. Gure esku dago, bai, eta, neurri handi batean, gure erantzukizuna ere bada, erabiltzaile huts izatetik sortzaile izatera ahalbidetzen duten tresnak edonoren eskura baitaude gaur egun. Ez dago aitzakiarik, beraz, borondatea izaki, ekarpenak egiteari ez ekiteko: nork bere esparruan, gustuko dituen gaietan, eta bere neurri txiki zein handian.

Jarraian datozen proposamenak, beraz, azken hauei zuzendutakoak dira:

1. Iruzkinak utzi
Hasierako urratsa izan daiteke besteen blogetan edota komunikabide ezberdinetan (Sustatu, Zuzeu, Argia, Berriako blogetan…, batzuk aipatzearren) iruzkinak uztea. Sarean eta euskaraz idazteko ohitura ez duen edonori kosta egingo zaio urrats hori ematea, baina nondik eta zertan hasi ez dakienarentzat aproposa izan daiteke.

2. Bidali zure artikuluak agerkari digitaletara.
Blogetan, etab. utzitako iritziek artikulu osoak idaztera eraman zaitzakete. Egun, ez da oztopo  nork bere bloga ez izatea iritzia edo dena delako informazioa plazaratzeko. Sustatu agerkari digitalak, adibidez, badu ‘zeuk idatzi’ deituriko atala. Zure ekarpena bertara igor dezakezu. Zuzeun ere beste hainbeste egin dezakezu.

3.  Blog bat sortu gustuko duzun gaiaren inguruan:
Beste aukera bat zuk zeuk blog bat sortzea da. Denok dugu zerbait esateko (eremu profesionalean, zaletasunen inguruan, iritzi pertsonalak…). Hori garbi dago; beraz, zergatik ez? Zure txokoa izanda, zure gaien inguruko edukiak euskaraz kalera ditzakezu, horien inguruko ekarpenak bideratu, elkarrizketa sustatu… Dohainekoak dira eta ez da aparteko ezagutza teknologikorik behar (testu editore arruntak izaten dira). Blog bat sortu nahi baduzu, dohaineko plataforma ezberdinen artean duzu aukera: blogariak.net, blogak.com, mundua.com, wordpress.com

4. Euskarazko Wikipedia sustatu:
Wikipedia 200 hizkuntza baino gehiagotan idatzitako entziklopedia askea da. Euskaraz ere badago. Edozeinek edita dezake eta bere edukiak guztion esku daude. Eduki berriak sortu, daudenak hobetu edota beste hizkuntza batzuetan sortutako artikuluak itzuli denon eskura dauden aukerak dira. Egin klik Wikipedian idazteko eta laguntzeko informazio eta arauak irakurtzeko.

5. Sortu kontu bat Twitterren:
Twitter, Wikipediak dioen bezala, “gizarte-sare eta microblogging zerbitzua da, bere erabiltzaileei testu soileko mezuak bidaltzea ahalbidetzen diena, 140 karaktereko gehienezko luzerarekin”. Egun dauden zerbitzuenetatik interesgarrienetako bat da, eta informazioa eta edukiak alde batetik bestera mugitzeko oso baliagarria da. Euskal komunitatea aktiboa da oso Twitterren; halere, zenbat eta gehiago izan, orduan eta errazago zabalduko ditugu gure edukiak. Beraz, zure kontua zabaldu nahi baduzu, zoaz Twitter.com –era eta hasi barreiatzen euskarazko edukia.

Ekimen ugari egin daiteke euskara sarean hedatzeko, eta aipatutako hauek adibide xume batzuk baino ez dira. Horietatik edo dauden beste hamaika aukeretatik hautatzen duguna hautatzen dugula ere, kontuan izan behar dugu, benetako zabalkuntza lortze aldera, komeni dela sortutako oro lizentzia libreekin partekatzea eta sare sozial ezberdinetan hitza hartzen dugun oro gure lehena euskaraz izatea.

Zabal ezazu:
  • Twitter
  • Facebook
  • del.icio.us
  • RSS
  • Posterous
  • Google Bookmarks
  • LinkedIn
  • FriendFeed
  • email
  • Print
  • PDF
17
urr

Blogariak Amarauna irratsaioan, 11-10-16

Atzo Euskadi Irratiko Amarauna saioan,  Mikel Iturria (@iturri), Gorka Julio (@teketen) eta hirurok egon ginen Arantxa Artzarekin batera, Donostiako EITBko estudioetan.  Ondorengo gaiak izan genituen hizpide:

Zuzenean entzuteko aukera izan ez zenutenoi hementxe uzten dizuet saiaoren grabazioa. Osorik entzuteko, egin klik:


Zabal ezazu:
  • Twitter
  • Facebook
  • del.icio.us
  • RSS
  • Posterous
  • Google Bookmarks
  • LinkedIn
  • FriendFeed
  • email
  • Print
  • PDF
02
urr

Viewbix, bideoei aplikazioak gehitzeko tresna interesgarria

Gaur goizean, Twitterren  Viewbix aplikazioaren berri izan dut (@web20education erabiltzailearengandik). Ideia gustatu eta probatzeari ekin diot. Viewbix oso erabilerraza da eta bere zeregina oso garbia:  Youtube, Vimeo edo Facebookeko bideoak aplikazio ezberdinekin aberasteko aukera ematen du.

Dohaineko bertsioan bideoaren informazioa, esteka gehigarriak, Twitterreko kontua, argazkiak, kokalekua eta beste aplikazioren bat gehitzeko aukera ematen du. Premium edo ordaindu beharreko bertsioan, aukerak asko zabaltzen dira eta ondorengoak gaineratu ahal izango ditugu: QR kodeak, RSS jarioak, Flickr eta Picasako argazki bildumak, iContac formularioak, youtubeko bideoak, Slideshareko aurkezpenak, Skype kontua, musika… Azaroaren 1era arte, denak probatu ahal izango ditugu musu truk.

Irakaskuntzan oso erabilgarria izan daiteke. Demagun bideo bat erabili nahi dugula gai zehatz bat lantzeko. Bada, bideo hori jarduera ezberdinekin, dagokion webquestarekin, irakasgai edo eskolako webgunearen RSS jarioarekin, argazki bilduma batekin… lot dezakegu. Horretaz gain, geolokaliza dezakegu, musika ipini, bideoa azaltzen duen Slideshare aurkezpena txertatu… Aukera mordo bat. Enpresa mundurako ere interesgarria ikusten dut: produktu zehatz bat eta enpresa bera ezagutzera emateko, esaterako.

Eskaintzen dituen aukerak hobeto ikusteko, hementxe uzten dizuet adibide bat.  Bertan, gaurko hitzarako prestatu dudan bideoa ikus dezakezue eta, eskuinean, menu barra bat aukera ezberdinekin. Egin klik edozeinetan, ikusi  eta bueltatu bideora nahi duzunean.

Zabal ezazu:
  • Twitter
  • Facebook
  • del.icio.us
  • RSS
  • Posterous
  • Google Bookmarks
  • LinkedIn
  • FriendFeed
  • email
  • Print
  • PDF
Hurrengo orrialdea »

"creative commons" "gaurko hitza" "infografiak euskaraz" "software askea" aipuak amarauna artikuluak aurkezpenak azkue begikoak bideoak blogariak downes ebentoak EGA ekt epub euskaljakintza euskara euskovision hezkuntza hitzapasa ideiak ikastaroak ikastola ikerketak IKTeroak inspiration ipad irakaskuntza irakurri itzulpenak jardunaldiak konektibismoa konpetentziak maitego nonick pdf prezi radiohead sarrera sustatu twitter txostenak wikipedia

WP Cumulus Flash tag cloud by Roy Tanck and Luke Morton requires Flash Player 9 or better.