Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Kultura Saila

euskadi.net

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Gizarte hedabideak

EITB Ente Publikoa

Euskal Autonomia Estatutuaren 19. artikuluaren hirugarren paragrafoaren arabera, “Euskal Herriak erregula, sor eta atxiki ditzake bere telebista, irrati eta prentsa propioa, eta, oro har, bere helburua lortzeko behar dituen giza komunikabide guztiak”. Titulu horretan oinarritzen da, hain zuzen, Euskal Irrati Telebista Erakundearen zerbitzuaren eskaintzea.

Euskal Irrati Telebista erakunde publikoa maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen (pdf, 1210 Kb) bitartez sortu zen, eta lege hori urriaren 11ko 4/1996 Legearen  (pdf, 19 Kb) bidez eta martxoaren 27ko 8/1998 Legearen  (pdf, 48 Kb) bidez aldatu zen. EITB euskal herritarren informaziorako eta parte-hartze politikorako oinarrizko zerbitzu publikoa eta berebiziko tresna izan zedin sortu zen, bai eta gure hezkuntza-sistemari laguntzeko bitarteko funtsezkoa izan zedin ere eta, halaber, euskal kultura sustatzeko eta zabaltzeko eta, batik bat, euskara sustatzeko eta garatzeko bitartekoa izan zedin, hori guztia lehen oinarria eta funtsa baita gure erkidegoko herritarren eskubide eta askatasunen garabide egokirako.

EiTB taldea Euskadiko lehen komunikazio taldea dugu. Bost telebista katek eta bost irrati emisorek osatzen dute. Euskal Telebista 1982ko abenduaren 31n ikusi zen aurrenekoz Euskadiko etxeetan, euskara hutsean egiten zen programazioa eskainiz. Urte batzuk geroxeago, 1986ko maiatzaren 31n, ETB-2 gaztelaniaz emititzen duen katea sortu zen eta, gaur egun, nazioarte mailako beste bi kate gehiago daude. ETB Sat horietako bat da. 2001eko maiatzetik Europako 87 milioi etxetara iristen da irekian ASTRA satelitearen bitartez; Espainiako Estatuan satelite edo kable bidezko plataformetan ikus daiteke eta mundu osoan zehar Interneten bidez. EiTB taldearen laugarren telebista katea, Canal Vasco, Ameriketarako pentsatutako katea da gehienbat. Ikusleek kable enpresen edo DTH amerikarren bitartez jaso dezakete. 2008ko urrian ETB-3 katea sortu zen, Lurreko Telebista Digitalaren bidez ikus daitekeen katea. Gazteei eta haurrei zuzendutako edukiak eskaintzen ditu batik bat, baita kultura ere, eta euskara hutsez emititzen da. Gainera, erronka hori zabaldu egingo da 2009an, ETB-4 kanal berriarekin. Telebistakanal berri horrek osatuko du ETBren eskaintza LTDan. Laugarren kanal horrek informazio- eta gaurkotasun-izaera izango du, eta herritarren parte-hartzea nagusituko da. Kanal hori euskaraz eta gaztelaniaz izango da, eta ingelesez eta frantsesez ekoitzitako edukiak ere emango ditu.

Gainera, EITB taldea osatzen duten bost irrati kateek egunean 300.000 entzule baino gehiago dituzte. Izan ere, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak, Gazteak eta EITB Musikak irrati arina, modernoa eta hurbilekoa eskaintzen dute. Azken honek 2001eko ekainaren 11n izan zuen hasiera eta, batez ere musika eta interes orokorreko kultur ekintzak eskaintzen ditu.

Eusko Jaurlaritzaren eta EITBren artean sinatutako 2007-2010 programa-kontratuaren (pdf, 311 Kb) baitan, EITBk, irrati eta telebista alorreko zerbitzu publiko gisa, hainbat konpromiso hartzen ditu bere gain irratidifusioaren eta telebistaren alorrean. Eman beharreko zerbitzu horiek egokiro definituta eta garatuta daude, bakoitzari dagozkion ekintza, adierazle eta helburuekin.