Galtzagorri Elkartearen webgunea

Idazle gaztea atalera sarbidea
Bularretik Mintzora

Albisteak

Mariasun Landak jaso du 2011ko "dabilen elea" saria

Ekitaldi goxo eta hunkigarria izan da 2011ko Liburuaren Gaua. Euskal liburugintzaren inguruko bost elkartek, Euskal Editoreen Elkartea (EEE), Euskal Idazleen Elkartea (EIE), Euskal Irudigileen Elkarte Profesionala (APIE-EIEP), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE) eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literaturaren Elkarteak, Mariasun Landa idazleari eman diote 2011ko dabilen elea saria, liburugintzaren alorrean ibilbide jakin bati egiten zaion errekonozimendu gisa.

IV. Aholkularitza Jardunaldiak Liburuen Altxorreko eta Liburu Ibiltariak-eko irakasleentzat

Hilabete honetan egingo dira Liburuen Altxorra eta Liburu Ibiltariak izeneko programetako Aholkularitza Jardunaldiak. Azaroaren 15ean Gipuzkoan (Villabonan) eta 17an Bizkaian (Durangon). Bigarren saioa 2012ko otsailaren 28an (Villabonan) eta martxoaren 1ean (Durangon) egingo dira. Itziar Zubizarreta idazle, irakasle eta ipuin kontalaria eta Gurutze Aldabaldetreku Unibertsitateko irakaslea izango dira gidariak. Aurten, Aurten TESTUEN IRAKURKETA, ALBUMEN IRAKURKETA ETA POESIA izeneko gaia landuko dute.

Gazteen irakurzaletasuna sustatzeko jardunaldiak

Gazteen artean irakurzaletasuna sustatzeko irizpideen inguruan jardungo dute Galtzagorri Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera antolatutako formazio saioek. Bi saiotan banatuko dira jardunaldiak. Lehenengoa azaroaren 11n emango du Gemma Lluch Valentziako Unibertsitateko irakasleak. Bigarrena, azaroaren 18an izango da Mikel Ayerbe EHUko irakaslearen eskutik.

Elena Odriozola Astrid Lindgren sarietarako hautagai proposatu dute

Astrid Lindgren Memorial Award sarirako hautagaien artean proposatu du OEPLIk (Organización Española para el Libro Infantil y Juvenil) Elena Odriozola ilustratzailea. Suediako Gobernuak Haur eta Gazte Literatura sustatzen lan egiten dutenen artean banatzen duen nazioarteko saririk garrantzitsuenetarikoa da Astrid Lindgren Memoriala, eta aurten lehen aldiz argitaratu dute hautagaien zerrenda osoa. Sari honetara, Haur eta Gazte Literaturarekin zerikusia duten mundu zabaleko elkarte eta erakundeek beren hautagaiak proposatzen dituzte. Aurten, OEPLIk Elena Odriozola ilustratzailea eta Municipi Lector egitasmoa proposatu ditu.

Iban Barrenetxeak larunbatean jaso du Bratislavako Biurtekoko Ohorezko plaka

Galtzagorri Elkarteko lehendakari Aitziber Alonsoren eskutik jaso du Iban Barrenetxeak Bratislavako Biurtekoko ohorezko plaka larunbat honetan, urriaren 8an EIEPren (Euskal Irudigileen Elkarte Profesionala) Bilboko egoitzan. Bertan izan ziren Galtzagorriko Zuzendaritza Batzordeko kideak ere.  Izan ere, Galtzagorri Elkarteko kide den Iban Barrenetxea ilustratzaileak eskuratu du aurten Bratislavako Biurtekoko ohorezko plaka Bombástica Naturalis (A buen paso 2010) liburuarekin. Honekin, dagoeneko bi dira nazioarte mailan hain prestigio handiko saria jasotzen duten euskal ilustratzaileak, 1985ean Asun Balzolak Urrezko Sagarra jaso baitzuen, Bernardo Atxagak idatzi eta berak ilustratutako Txitoen istorioa liburuarekin.

Aste honetan jakin da, bestalde, Barrenetxearentzat izan dela aurten Euskadi Saria ilustrazioaren alorrean. Bere beste lan bat (El cazador y la ballena) eta Galtzagorriko bazkide den Maite Gurrutxagaren Alex, nire laguna finalisten artean geratu dira.

Sasi Guztien Gainetik CD-liburua salgai dago liburu-dendetan

Sasi Guztien Gainetik CD-liburua dagoeneko salgai dago liburu-dendetan. 2010ean argitaratu zen arren, orain arte Bularretik Mintzora egitasmoan parte hartzen ari diren herrietan baino ez da banatu. Hemendik aurrera, ordea, liburu-dendetan ere aurkituko duzue.

Bularretik Mintzora egitasmoaren baitan argitaratzen den bigarren CD-liburua da hau, 5 urtetik aurrerako haurren guraso eta hezitzaileei zuzenduta dago eta Bularretik Mintzora CD-liburuaren ondorengoa da. Izan ere, Bularretik Mintzora 0 eta 6 urte bitarteko haurren guraso eta hezitzaileei zuzenduta dago, hau, berriz, haur helduxeagoekin erabiltzeko sortu da eta hainbat kantu, ipuin, eta jolas biltzen ditu.

60 bat ikastetxek hartuko dute parte Liburuen Altxorra eta Liburu Ibiltariak egitasmoetan

Aste honetan jarri dira martxan Gipuzkoako eta Bizkaiko eskola txikietan Liburuen Altxorra eta Liburu Ibilatariak egitasmoak; Galtzagorri Elkarteak Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien babesarekin irakurzaletasuna sustatzeko ekimenak. Gipuzkoan 30 eta Bizkaian 22 ikastetxek hartuko dute parte. Horrez gain, egitasmo honen baitan beste zenbait ikastetxe txikitako irakasleei eskaintzen zaien aholkularitza zerbitzua ere abian da. Aurten egitasmo hauen irudia eta Irakurketa Agenda Iraia Okina ilustratzaileak sortu ditu.

Bereziak

Irakurketa agenda 2011

Behinola 23 kalean da.

Aldizkariak mailegatzeko aukera duzue hemen

Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·