Itzuli orri nagusira Bidali hau

Uholdeak izanda ere, kirola nagusi Euskadi Irratian

© cc-by-sa  Aitor Zalduegi ¦ 2011-11-06 ¦ 20:02 ¦ eguraldia

Igande arratsaldean egoera zaila izan da Hernani, Astigarraga eta Martutene aldean. Gainera, nazional 1 errepidea moztuta egon da eta arazo franko izan da Gipuzkoako beste toki askotan. Hala ere, Euskadi Irratiak ez du horren berri eman pilota-partidua amaitu den arte.

Publizitatea

Igandeko eurijasen ondorioz, arratsaldeko lauetarako Hernaniko Portu auzoa urpean geratu da, eta Hernanitik Osinaga bailararako bidea moztu da. Argi indarra joan-etorrian izan da Hernaniko zentroan, kronika hau idatzi den tokitik, behintzat. Ez da izan salbuespena Gipuzkoan. Inguruko herrietan Urumea ibaiak bera arrotik atera egin da. Eusko Trenek eten bat izan du Usurbil aldean, Antzuola eta Zumarragan ere arazoak ziren, Adunan Nazional 1 errepidea moztuta geratu da, eta beste hainbat arazo izan dira probintzian.

Larrialdi egoera bat sortu da. Trafikoari dagokionez, egoera ez zen erraza, eta emergentzi-zerbitzuek jendea etxeetatik ateratzen hasi behar izan dute toki batzuetan. Publikoak maiz informatuta egoteko beharra zuen.

Informazio hori askorentzat bide bakarra zuen: pilekin funtzionatzen duen irratia. Argi indarra galduta, ez zegoen telebistarik, ez Internetik. Autoetan zijoaztenak, beste hainbeste.

Egoera oso honen aurrean, Euskadi Irratiak ez du erreakzionatu. Kirola emititzen ari ziren. Errealaren partidua Vallecasen, Lagun Aroren saskibaloi partidua eta Irujo eta Barriolaren arteko pilota partiduaren berri izan du publikoak. Etengabeko emanaldia izan da, gutxienez, seiretatik zazpirak arte. Zazpiretan, dagoeneko egun argia joanda, pilota partidua bukatu da eta albisteen txanda iritsi da. Orduan jakin du Gipuzkoako jendeak zein zen egoera errepideetan.

Publikoak egoeraren berri ordu laurdenero izan beharrean, kirolak tarte bat egin arte itxoin behar izan du. Ordubete gutxienez, larrialdi egoera batean. Kirola berriz ere nagusi.

Kronika hau idazteko momentuan, arratsaldeko zortzirak hamar gutxitan (Hernaniko zentrora argi indarra itzulita dago), eta telebistan, RTVEko lehen kateko "Gente" programak Hernanin dagoen erreportero batekin egin du konexioa informazio labur bat emateko, eta ETBk ez du horrelakorik egin. ETB1ean kirolaren laburpena ematen ari zen eta ETB2an pelikula bat.

Hori izan da igande arratsaldeko egoeraren kronika auzoak urpean dituen herri batetik.

Erantzunak

#1. Re: Uholdeak izanda ere, kirola nagusi Euskadi Irratian

txu ¦ 2011-11-06 ¦ 21:16

Normala dela pentsatu beharko dugu. Igandea da, behargin gehienak libre daukate eta "guardian" gelditu direnak kiroletakoak dira. Betiko karriletik mugitzea ez da batere erraza. Astean zehar beste gauza bat izan liteke. Izan liteke.

#2. Re: Uholdeak izanda ere, kirola nagusi Euskadi Irratian

Unai ¦ 2011-11-07 ¦ 13:56

Ba niri ez zait batere normala iruditzen irrati publiko batean honelako informazioa ematea. "Estudioan" albistegietako norbait egongo zen, horiek izan behar zuten informatu behar zutenak

Berrobi inguruan "todoterreno" bat hartu eta ingurua inspekzionatzen ibili ginen, etxera itzultzerik genuen ala ez jakin ahal izateko.

Irratian entzun genuenez Martutene, Astigarraga, Hernani eta Berastegin (A15) zeuden arazoak... Beste lekuetako aipurik baterez.

#3. Re: Uholdeak izanda ere, kirola nagusi Euskadi Irratian

Gorri ¦ 2011-11-07 ¦ 14:08

Gu Azpeitian ginen, Gpuntua txapelketan, eta itzulerakoan 20:50 inguruko informatiboa entzun genuen; penagarria! Bertso saioaren amaieran esana ziguten (eta eskerrak!) Azpeititik irteteko aukera bakarra Azkoitia aldera joatea zela (Zestoa, Errezil eta Urrestilla aldeko bide guztiak itxita zeuden).

Irratitik trafikoari buruzko oharrak espero genituen, eta 10 minututik 8tan anekdotak eta argazki bitxiak kontatzen aritu ez ziren bada! Bateko presa estali zuela, besteko zodiakak behar izan zirela, 1983az geroztik handienak zirela... Horiek ondo daude, baina bestelako informazioa eman eta gero. Izan ere, A-15 moztuta zegoen, N-1ean arazoak, tren linea ugari etenda...

Informatiboen arduradunari, zero patatero!

#4. Re: Uholdeak izanda ere, kirola nagusi Euskadi Irratian

Aitor Zalduegi ¦ 2011-11-07 ¦ 15:20

Ados, txu. Eta ez diet ezer kentzen kiroletakoei. Baina Unairekin bat nator. Irrati publikoa da, eta lehentasuna izan beharko luke trafikoa eta antolamenduan laguntzea (uholdeak ez daudenean ere bai) futbola eta pilota transmititzea baino.

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

 Nabigatu euskaraz