Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   

Euskara omendua izan da Madrilen

 

Euskaltzaindiak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak antolatutako "Euskarari gorazarre" jardunaldien barruan, atzo, martxoaren 14an, euskara omentzeko ekitaldi instituzionala egin zen Espainiako Errege Akademian. Bertan, jardunaldiok antolatzen dituzten erakundeekin batera, Espainiako Errege Akademiako, Galiziako Errege Akademiako eta Institut d'Estudis Catalanseko ordezkariak izan ziren, baita zenbait euskal ordezkari politiko ere.

Azken uneko arazoak zirela medio -Madrilera eraman behar zuen hegaldia bertan behera geratu zen-, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak ez zuen Madrilen egoterik izan eta, hortaz, ezin etorria adierazi zuen. Haren ordez, Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendariak hartu zuen hitza atzoko ekitaldian.

Hala bada, Jose Ignacio Wert Espainiako Gobernuko Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroa buru izan zuen ekitaldi honetan, ondorengoek parte hartu zuten:

  • José Manuel Blecua, Espainiako Errege Akademiako zuzendaria
  • Arantza Quiroga, Eusko Legebiltzarreko presidentea
  • Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendaria
  • Andres Urrutia, Euskaltzainburua
  • José María Urkia, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko zuzendaria
  • Xosé Luis Méndez Ferrín, Galiziako Errege Akademiaren presidentea
  • Joan A. Argenter, Institut d´Estudis Catalanseko UNESCOren hizkuntza katedren zuzendaria

Ekitaldi instituzional honetan Henrike Knörr zena ere omendu zuten, bere familia bertan izan delarik. Jose Luis Lizundia Euskaltzaindiko diruzainak eta José Antonio Pascual Espainiako Errege Akademiako zuzendariordeak ekarri zuten gogora Henrike Knörr zena.

Ekitaldian Euskaltzaindiko, Espainiako Errege Akademiako eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko beste hainbat kide eta euskal ordezkari politikoak ere izan ziren. Bertaratutakoen artean hauek izan ziren: Lourdes Auzmendi Eusko Jaurlaitzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Víctor García de la Concha, Cervantes Institutuko zuzendaria eta Espainiako Errege Akademiako kide dena; Xabier Kintana, Andoni Sagarna, Andres Iñigo eta Adolfo Arejita euskaltzainak; Mari Jose Olaziregi Etxepare Institutuko Euskara sustatzeko eta zabaltzeko zuzendaria; Manuel González Galiziako Akademiako kidea; Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria; Marcelino Oreja Real Academia de Ciencias Morales y Políticas delakoaren burua; eta euskal politikari ugari.

Bizirik, etorkizun handiko hizkuntza

Poza adierazteaz gain, esker oneko hitzak izan zituzten atzoko ekitaldian parte hartu zutenek. Orobat, euskara bizirik dagoela aldarrikatu zen, etorkizun oparoa duen hizkuntza dela esan, eta, beste hizkuntza guztiek bezala, pertsonen arteko komunikazioa bideratu zein errazteko balio duela adierazi zen.

Jose Manuel Blecuak ongietorria eman zien bertaratu ziren guztiei, eta atzoko ekitaldian izan ziren lau akademiak -bera zuzendaria den RAE, Euskaltzaindia, Real Academia Galega eta Institut d'Estudis Catalans- batera doazela esan zuen, "gure lau hizkuntzek" sortzen duten maitasun eta ardurak batuak direlarik.

Arantza Quirogak euskarak etorkizuna duela esan zuen, eta inposizioaren kontra jo zuen jarraian. Euskara babestu behar da, bere hitzetan, eta "politikatik urruntzea da babesteko modurik onena".

Aizpea Goenagak irakurri zituen atzo Madrilen egoterik izan ez zuen Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuaren hitzak. Euskararen historiari buruz zenbait zertzelada eman ostean, euskararen biziraupena egiaztatu zuen, euskal gizarteak -esan zuen- garai berrietan premia berriei egokitzeko beti erakutsi duen ahalmenari esker. Mespretxua alboratzeko sentimendua dela, eta euskarak elkarrenganako elkarbizitza erraztu eta bideratzeko ere balio duela esan zuen. Zerbait estimatzeko -esan zuen- lehenengoz ezagutu behar da. Hortaz, Espainian, Estatuko hizkuntzak ezagutu ahal izateko bideak zabal daitezen eskatu zuen; Espainiako Irrati eta Telebistan Estatuko hizkuntzak entzun daitezen eskatu zuen. "Euskara ez da harresia, baizik eta zubia".

Ezin aproposagoa iruditu zitzaion Andres Urrutia euskaltzainburuari Henrike Knörr euskaltzain oso zena omentzeko aukeratu den testuingurua, "hizkuntzen eta kulturen arteko elkarlanaren bultzatzaile sutsua izan baitzen". Inguru horretan ere, Euskaltzaindiak betetzen duen lanaren hausnarketa gizarteratuz, Akademiaren xede nagusia "hizkuntza arautzeaz batera, euskararen berearen erabilera sustatzea" dela nabarmendu zuen. Euskararen lurralde instituzionalki zatituan, argi dauka helburuok betetzeko oinarriak zeintzuk diren: hizkuntza-politikan eskumenak dituzten erakundeekiko elkarlana, baita gizarte eragileekikoa ere; baita ere beste akademiekiko harremana, teknologia berrien garapena, eta Euskaltzaindiaren kudeaketa zerbitzu publikora bideratzea. Urrutiak Europako hizkuntzarik zaharrenaren irudi berria erakutsi nahi izan zuen, "ideologia politikoak baldintzatu gabea, Euskal Herrian eta baita Euskal Herritik kanpo ere gizartea kohesionatzeko ahalmen handia duena".

José María Urkiak euskara etorkizuneko hizkuntza dela esan zuen, bai eta leku guztietara zabaldu behar dela ere. Gaur egun Espaniako aginteak direnek, eta etorkizunean izango direnek ere, eredugarriak izan beharko lukete, bere ustez, euskarari babesa eta maitasuna erakusteko orduan.

Xosé Luis Méndezek ere euskara etengabeko aurrerapen prozesuan dagoen hizkuntza dela esan zuen. Hala bada, espainiar Estatua eleanitza dela ekarri zuen gogora.

Joan Argenterrek, azkenean, hizkuntza guztiek dimentsio publikoa dutela esan zuen. Hala ere, Antonio Machado olerkariaren hitzak ekarri zituen gogora, berak esaten baitzuen gauzarik intimoena unibertsalena ere badela. Norberaren hizkuntza -esan zuen- benetan gauza intimoa da, baina baita ere unibertsala, eta besteekiko komunikazioa bideratzeaz gain, gu geu izateko ere balio du, bakar-bakarrik garen eremu propio horretatik abiatuta, gauza berriak sor ditzakegu-eta. "Hauxe -esan zuen- euskal hizkuntzaren zein hizkuntza guztien erronka dugu".

Henrike Knörri omenaldia

Ondoren, Henrike Knörr zena omendu zuten. Jose Luis Lizundia Euskaltzaindiko diruzainak eta José Antonio Pascual Espainiako Errege Akademiako zuzendariordeak ekarri zuten gogora Henrike Knörr zena.

Henrike Knörrek Euskaltzaindiarekin izan zuen lotura estuaz hitz egin zuen Jose Luis Lizundiak. Hala, Euskaltzaindiaren barruan, kargu gehien izan duen pertsona izan dela adierazi zuen: Arabako ordezkari, hiru aldiz izana; diruzain (1983-1986); Jagon sailburu (1989-1994); idazkari (1992-1996) buruorde (1997-2003); Iker sailburu (2004-2008). "Beraz -esan zuen Lizundiak- Euskaltzaindiaren barruan, kargu "recordmana" izan dugu Knörr jauna". Kargu guztietan erakutsi zuen prestutasuna goraipatu zuen Lizundiak, eta ondokoa azpimarratu: gainontzeko erakunde eta eragileekin harremanak egiteko erakusten zuen erraztasuna.

Jose Ignacio Wert Espainiako Gobernuko Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroak itxi zuen atzoko ekitaldia. Berak ere euskara bizirik dagoela esan zuen.

  • Estreinakoz www.euskaltzaindia.net-en argitaratua (2012-3-14)


Inprimatu


Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com