Itzuli orri nagusira Bidali hau

Hezkuntzako hiztegia, irakasleen laneko tresna

© cc-by-sa  EIBZ ¦ 2011-11-28 ¦ 08:18 ¦ irakaskuntza

Hezkuntzako Hiztegia

Nafarroako Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroak (EIBZ) Hezkuntzako Hiztegia argitaratu berri du, hezkuntzari dagokion legeriako terminoak jasota. Bilaketak euskaratik gaztelaniara eta gaztelaniatik euskarara egin daitezke.

Publizitatea

Hezkuntza sistemak lau erreforma izan ditu azken bi hamarkada hauetan. Batetik, lege organikoak ditugu, hala nola, LOGSE 1990. urtean; LOPEGCE 1995. urtean; LOCE 2002. urtean; eta LOE 2006. urtean. Eta bestetik, horien ondorengo Nafarroako foru dekretuak. Horiek orok oinarrizko kontzeptu eta ideia pedagogikoak, eta dagozkien terminoak ekarri dituzte.

Hiztegi honen helburua da irakasleendako kontsulta-tresna izatea, eta, horretarako, kontzeptu eta terminoen erabilera egoki eta zuzena proposatzen da, zuzen ulertu eta arauz erabiltzeko.

Hezkuntzako hiztegi terminologiko hau bi pertsonak egin dute, elkarlanean: Hezkuntza Departamentuko itzultzaile Paskual Rekaldek eta Javier Tirapu "Txapas"-ek, helduen irakaskuntzako euskara irakasle eta EIBZko irakasle izan zenak –tamalez lan honek argia ikusi aurretik zendua–. ELEA 21 enpresak egin ditu lanaren maketazioa, programazioa eta diseinua.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuko honako helbide honetan dago hiztegia: http://dpto.educacion.navarra.es/hezkuntzahiztegia; bertan, termino bilatzailea, erabiltzeko gida, eta lanarekin zerikusia duten loturen zerrenda dago. 12.000 sarrera bikoitzetik gora ditu, alfabetoaren arabera ordenatuak eta sailaren arabera hautatuak (hezkuntza, hizkuntzalaritza, literatura, ebaluazioa, kudeaketa, arloak...); terminoaren eta hizkuntzaren arabera egin daiteke bilaketa.

Horretaz gainera, terminoak hurrenkera alfabetikoan biltzen dituen PDF-a jaits daiteke; 386 orrialde ditu, eta euskara-gaztelania eta gaztelania-euskara hiztegiez gainera, zenbait eranskin ditu: ortotipografia, sigla eta laburdurak, eta bibliografia (http://dpto.educacion.navarra.es/hezkuntzahiztegia/hiztegia.pdf).

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

 Nabigatu euskaraz