Itzuli orri nagusira Bidali hau

Bikain ziurtagiria eskuratu du Arrasateko Udalak

© cc-by-sa  Jose Felix Diaz de Tuesta, Arrasateko Udaleko euskara teknikaria ¦ 2011-11-28 ¦ 13:14 ¦ herri-administrazioak

Hizkuntza kudeaketaren bikaintasuna ebaluatzen duen Bikain ziurtagiriaren goi mailako agiria eskuratu du Arrasateko Udalak. Euskalit Kalitaterako Euskal Fundazioa eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza ematen dute Bikain ziurtagiria enpresa nahiz erakunde batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen duena.

Publizitatea

Arrasateko Udala urte asko daramatza bere eskumeneko lan esparruetan euskararen erabilera sustatzen, herritar euskaldunak euskaraz artatu eta eta euskaraz lan egiteko. Izan ere, 1994an Euskararen Erabilera Plana onartu zuenetik, era askotako ekimenenak burutu ditu bere jardueran euskararen erabilera normalizatzeko.

Oraingo hau ez da lehenengo aldia kanpoko auditoria batek Arrasateko Udalaren hizkuntza politika ebaluatzen duela. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua birritan aztertu du –2006an eta 2010ean, hain zuzen ere– Euskal Herriko udalen hizkuntza politika, Arrasateko Udalarena barne. Azterketa horietako emaitzak, Arrasateko Udalaren hizkuntza politika berrestea gainera, oso erabilgarri gertatu zaizkio, bere jardueran hobekuntza ezartzeko. Oraingo honetan, ordea, Arrasateko Udalak berak erabaki zuen Bikain ziurtagiriaren auditoria egitea, beti ere bere kudeaketa eredua kanpoko ebaluazio baten kontrastera jarri eta hobekuntzak egiten jarraitzeko. Bi ikuspegi izan ditu, Bikain ziurtagiriaren ebaluazio prozesua bideratzeko garaian:

  • Euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko ikasbide kualifikatu bat izatea, kanpoko adituen eskutik.
  • Eusko Jaurlaritzaren aitortza ofiziala izatea, EAEko herri erakundeen eta eragile sozio-ekonomiko nagusien bermea.

Bikain ziurtapenaren goi mailako agiria eskuratzea mugarri garrantzitsua da Arrasateko Udalarentzat, euskara gure erakundeko zerbitzu eta lan hizkuntza benetakoa izateko bidean.

Arrasateko alkate Inazio Azkarragaurizarrek jasoko du ziurtagiria, 2011ko azaroaren 30ean, Guggenheim Bilbao Museoa egingo den ekitaldi batean.

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

 Nabigatu euskaraz