Itzuli orri nagusira Bidali hau

Beyond the horizon…. Etorkinak eta Euskalgintzak, zer dute elkar ikusirik?

© cc-by-sa  Petra Elser, Banaiz Bagara elkarteko koordinatzailea ¦ 2011-12-03 ¦ 09:50 ¦ hizkuntza

"Duela 40 urte, euskal gizarteak, euskal hiztunen komunitatea, ez zen gai izan immigrazio bolada erraldoiari erantzuteko. Ez zeukan baliabiderik, ez ordezkaritzarik, ezta mugitzeko askatasunik ere. Baina garai hartan egin gabe utzi zenak eta garai hartan bizi izan ziren pertsonen testigantzek pistak ematen dizkigute, gaur egun nora jo asmatzeko."

Publizitatea

Garai berriak sumatzen dira ostertzean, edo hori da behintzat behin eta berriro komunikabideek adierazten digutena. Garai horiek nolakoak izango diren, ikusteke dago da oraindik. Baina, momentuko zurrunbiloa pasatu eta gero, orain arte gatazkak estaltzen zituen —edo denbora luzez bigarren planora pasa ziren— gaiak azalera bueltatuko direla pentsa dezakegu. Eta garai berriak idatzirik duten hodei arrosak ostertzean gorde eta gero, beste hodei bat agertuko da, beste idatzi batekin: Zein motako gizartea nahi dugu?

Zeren, gatazkak oso ezaugarri praktikoa ere bazuen: esaldi asko baldintza batekin hasteko aukera. “Madrilek hau inposatzen digun bitartean...“‚ “Indarkeria desagertzen ez den bitartean....”, “Minorizatuta gauden bitartean...”. Baldintzak gauza askotarako balio izan du. Esate baterako, adierazpen publikoetan barra-barra erabiltzeko, eta baita egongelako sofan goxo egokitzeko. Zentzu horretan, norberak bere burutik zama kentzeko oso arrunta den gaia da etorkinena. Badirudi, Estatua gurea ez den bitartean, edo euskaldunok, hizkuntza komunitatea izanez, Estatua behar ez dugunez… etorkinak ere ez direla gureak. Ardura daitezela erakunde publikoak edo bestelako erakundeak: helduen hezkuntza (%90 gazteleraz), dozenaka lanbide ikastaro (%100 gazteleraz), gobernuz kanpoko erakundeak (euskaldunez lepo dauden arren, zerbitzuak gaztelaniaz ematen dute). Eta euskara ikasi nahi duenak, hor dauka euskaltegia. “Nik ere ezagutzen dut bat, euskara ikasi du eta oso ondo hitz egiten du!”. “Bai, jende horrek meritua dauka!”.

Gatazkarekin eta baldintzarekin bizi izan garen bitartean, agian, galdu egin dugu gizartea bere osotasunean kontuan hartzen duen ikuspegia. Gizartea ez da koadrila, ez da presio taldea ere, baizik eta espazio geografikoa edo hizkuntza espazioa konpartitzen duten pertsona guztiak. Emakumeak eta gizonak, gazteak eta zaharrak, zuriak eta beltzak, ahulak eta indartsuak, unibertsitarioak eta proletarioak.

**Gaia da, beraz, nola lortu gizarte honetan pertsona hauek guztiak elkarrekin euskaraz bizi ahal izatea. Batzuk espazio publikoetan, beste batzuk pribatuetan, eta denok nahi dugun espazio guztietan. Horretarako, urteak zehar, euskalgintza deitzen den sare bat sortu da. Sare zabala, Euskal Herriko geografia osoan presentzia duena, elkarte, enpresa, komunikabide eta instituzio propioak dituena eta lurralde zati batzuetan beste instituzio batzuen babes garrantzitsua ere baduena.

Hala ere, iruditzen zait sare hau osatzen duten pertsona asko ez direla jabetzen gizarte honetan duten ahalmenaz eta erantzukizunaz. Euskalgintzako erakundeak eta estrukturak baitira euskaldunok dugun gizarte mailako errepresentazio bakarra. Hortik sortzen diren ardurak gizarte osoari dagozkio, bai diskurtsoaren aldetik, eta baita horren ondorio diren proiektu zehatzak sortzean ere.**

Edozein dela gobernua ere, erakunde publikoek beti herritar eleanitzari erantzun behar diote. Euskaldunon eskuetan da, ordea, euskal gizartea, euskal hiztunen komunitatea, barneratzailea izatea ala ez. Eta nahiz eta erakunde publikoen babes osoa eduki, pertsonek ez dute dekretuz hizkuntzaz aldatzen. Horretarako, hizkuntzara sarbide izango diren praktika zehatzak behar dira.

Duela 40 urte, euskal gizarteak, euskal hiztunen komunitatea, ez zen gai izan immigrazio bolada erraldoiari erantzuteko. Ez zeukan baliabiderik, ez ordezkaritzarik, ezta mugitzeko askatasunik ere. Baina garai hartan egin gabe utzi zenak eta garai hartan bizi izan ziren pertsonen testigantzek pistak ematen dizkigute, gaur egun nora jo asmatzeko.

Gaur egun euskaratik baztertua den gizartearen parte handi bati euskaraz bizitzeko aukera emateko bete behar direnak, bi eremu dira batez ere: - bat, lanaren bitartez euskara ikasi eta euskaraz lan egin ahal izatea, euskaldunak sortuz eta euskaraz funtzionatzen duen lan eta enpresa sare batean; eta - bi, ahozkotasunaren bitartez euskara ikasi ahal izatea, euskal hiztunen jarrera kontzientearen laguntzarekin, baina baita ahozkotasunean oinarritutako metodologia baten bidez ere, nahi duten pertsona guztiei euskal komunitatearen parte izateko aukera emanez.

Gure alboan bizi dena gure lekuan aurkitzea nahi baldin badugu, guk geuk erantzun behar diegu gizartean beharrei.

(2011ko abenduan 2an, Gipuzkoako Hitzan argitaratutako artikulua)

Erantzunak

#1. Re: Beyond the horizon…. Etorkinak eta Euskalgintzak, zer dute elkar ikusirik?

oooso kezkatua dagoen bat ¦ 2011-12-03 ¦ 22:50

Misterio bat dugu gurean: immigrazioak euskarari kalte handia egiten dio. Euskal politikariek, ordea, beti "politikoki zuzenak" izan behar dute eta ez dute honetaz hitz egiten. Euskaldun "idealista" askok, immigranteak euskarara hurbilduko diren ustea dute.

Errealitatea, ordea, bortitza eta krudela da. Immigrante gehien-gehienak (batez ere Bilbo Handia, Gasteiz eta Iruñea ingurukoak), erabat erdaldunak dira eta ez dute euskara edo euskal nortasunarekiko inolako atxikimendurerik. Batez ere, Hego amerikarrek.

Euskal instituzioek ez dute eskumenik immigrazio kontuetan. Konponbideetako bat oso erraza da, baina: diru-laguntzak murriztu, edo baldintza gogorragoak jarri. Izan ere, etorkin asko diru-laguntza eskuzabalengatik hurbiltzen dira EHra.

Era honetan, immigrazioari nolabaiteko muga jarriko litzaioke. Datu ofizialek %10eko immigrazio tasa dugula diote, baina haurren artean, tasa hori altuagoa da (izan ere, etorkin gehienak gazteak dira, hots, ugaltze sasoian daude).
Immigranteak euskarara eta euskal kulturara erakarri behar ditugu, baina portzentajea %3ra murriztu beharko litzateke gutxienez, erakartze hori bideragarri egiteko.

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

 Nabigatu euskaraz