Itzuli orri nagusira Bidali hau

Eitb Txio, Tourra jarraitzeko tresna berria, Twitterren oinarritua

© cc-by-sa  CodeSyntax ¦ 2011-07-02 ¦ 08:53 ¦ bweb

Eitb.com webguneak tresna berri bat jarri du erabiltzaileen esku: Txio, Twitter jario aurreratu bat, CodeSyntax-en Umap egitasmoan oinarritua, bi hizkuntzatan kasu honetan, euskaraz eta gaztelaniaz. Beta fasean ireki da, Tourraren jarraipena egiteko, hain zuzen.


Argazkiak.org | Txio, lehen eguna © cc-by-sa: codesyntax

Publizitatea

Txio integratu da Eitb.com atarian, eta Twitterreko jario baten gainean eduki aberastua erakusteko gaitasunekin osatuko da. Oraingoz, ezaugarri hauek ditu:

  • Hizkuntza. Hedabide honen beharrei erantzunez, hizkuntza desberdintzen du Twitterreko jarioetan (euskara edo gaztelania).
  • Garraipen zerrenda bateko erabiltzaile zehatz batzuen tuitak erakusten ditu (baina denbora errealean erabaki daiteke ebento baten jarraipenerako, noren tuitak interesatzen diren)
  • Jarioan datozen estekak (bideoak, argazkiak, idatzitako artikuluak...) denbora errealean analisatu eta integratzen dira tuitetan.

Txiok Frantziako Tourra martxan den bitartean emango ditu lehendabiziko urratsak probak egiteko "beta" bertsio bat kaleratuta. Horren bitartez, Tourrean bertan dauden txirrindulariek, zuzendariek, kazetariek eta adituek esaten dutena leku bakarrean bilduta ikusteko aukera izango da. Erabiltzaile arrunton artean aktiboenek esaten dituztenak ere ikusiko dira bertan.

Streaming bideoarekin, etapa den bitartean

Etapa telebistaz ematen den unean, Txio-ren leihoan bideoa ere egongo da, streaming eran. Etapa jakin batean ETB ikusiz tuiteatu behar baduzu, abisatu #txio gakoa emanez, eta etapa horretarako jarraitu ahal izango zaitu Txiok. Horrela martxan ikusteko lehen aukera gaur larunbata, 15.00etatik aurrera. Streaming bideoa ikusiko da bakarrik Espainiako estatuaren mugen barruan, horretarako lizentzia baitauka EITBk.

Mendiko etapa handienetan, baliteke etapa osoko erretransmisioak izatea, goizean hasitakoak.

Beta-tik haratago

Hasierako esperientzia honetan oinarrituta, Txiok hobekuntzak izango ditu, Eitb.com berriarekin batera (udako oporren ostean espero da hori) ahalik eta modurik finenean atera ahal izateko, oraindik ere beta fasean egongo bada ere. Ordurako, ekimen jakin baterako (Tourrerako, esaterako) ez ezik, Txio orokorra ere egongo da prest, gaurkotasunaren jarraipeneko tresna bat, 24 ordu zazpi egun astean.

Txioren oinarria, jakina, Umap da, Twitterreko euskarazko jardun guztiaren batzailea.

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

BWEB

BWEB: Beste Webgune Euskaldun Bat.

 

Pil-pilean!

 

 Nabigatu euskaraz