Eusko Gudarostea

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Eusko Gudarostea (garaiko grafian Euzko Gudarostea) Espainiako Gerra Zibilean borrokatu zuen armada izan zen, bando errepublikarraren aldekoa eta Eusko Jaurlaritzak sortutakoa. 1936tik eta 1937ra jardunean izan zen, frankistek garaitu arte.

Gabiriako gudariak Gernikako Arbolaren aurrean.
Euzko Gudarosteko 19. Amaiur Batailoiko gudari talde bat. Bizkaia, 1937.

Abertzaleen batailoien bilkurak eta beste ideologietako batailoiek osatutako armada praktikan errepublikako indarrengandik bereizita zegoen eta era independentean aritu zen.

Honen kideak gudariak ziren.

Eduki-taula

[aldatu] Sorrera

1936ko uztailaren 17 eta 18ko altxamendu eta ondorengo Gerra Zibila eta hurrengo egunetan, Hego Euskal Herria bitan zatitu zen: alde batetik, Bizkaia eta Gipuzkoak Errepublikaren alde egin zuten, eta bestetik Araba eta Nafarroa matxinoek kontrolpean zituzten. Goarnizio militarrek diziplina eta leialtasuna mantendu arren, beste eskualde errepublikarretik urrun zeuden eta laster borroka egiteko boluntario askok bere burua eskaini zuten. Horrela milizia sozialista, komunista eta anarkistak ez ezik jeltzaleak ere sortu ziren.

Laster Defentsa Biltzarrak osatu zirenez, uztailaren 23an EAJk miliziano taldeak osatzeari lotu zion. Uztailaren 29an EAJk guardia boluntario biltzeko deia egin eta abuztuaren 5an Bizkai Buru Batzarrak bere milizianoen desfile antolatu zuen Bilbon[1]. Erakunde honi Eusko Gudarostea izena eman zion.

Eusko Gudarostearen lehendabiziko komandantea Candido Saseta intendentzia-kapitaina bazen ere, miliziak Manuel de Irujo, Jose Maria Lasarte eta Telesforo Monzon diputatuek kontrolatuak ziren[2].

Errepublikako Gobernuak Valentzian urriaren 1ean Euskadiren Autonomia Estatutua onartu eta, astebete pasa ondoren,1936ko urriaren 8an Gernikako Juntetxean Jose Antonio Agirrek Euzko Jaurlaritzaren lehendakari kargua zin egin zuen[3].

Irailaren 25erako, aldiz, milizia guztiak batuko zituen Eusko Gudarostea osatuta zegoen. Ramón Azkuek zuzenduta, guztira 79 batailoi izan zituen. Aginte gorena, hala ere, lehendakari eta defentsa sailburu bilakatuko zen Jose Antonio Agirreren eskuetan geratu zen.

[aldatu] Antolakuntza

Urriaren 16an, Euzko Jaurlaritzak errekruten lau kintak soldadutzara deitu zituen. Estepan Urkiaga Lauaxetak zuzendutako Bilboko Bidarte kuartelean milaka gudarik instrukzioa jaso zuten[4]. Ordurako lehendabiziko batailoia osatuta zegoen: Euzko Aberkoi Batza erakunde paramilitar jeltzalean oinarritutako Arana Goiri batailoia irailaren 24an, hau da, Euzko Gudarostea sortu baino egun bat aurrerago, frontera joan zen.

Urriaren erdian, Bilbora hegazkin, kanoi, metrailadore eta armaz jositako itsasontzia heldu zen. Urriaren 26 Agirrek eusko indarrak berak zuzendutako Euskadiko Defentsa Batzarraren agindupean zeudela aldarrikatu zuen, Errepublikako Armadatik independentea zela adieraziz.

Azaroaren 7an Eusko Gudarostearen Aginte Nagusia sortu zuten. Eusko Gudarosteak 1936ko azaroaren 20an entrenamendu gabeko infanteriazko 27 batailoi (25.000 lagun inguru) zituen. Gainera, frontean 10.000 eta 12.000 miliziano inguru zituen, orduan geldirik zegoena[1][5].

1937ko apirilaren 26ko aginte batean aipaturikoak, ordea, gehiago ziren:

Ikusten denez, gehienak Fronte Popularra sostengatzen zuten alderdikoak eta jeltzaleak ziren.

Euskadi Buru Batzar jeltzaleak Eusko Gudarostearen kontrol politikoa mantendu zuen. Bere helburu nagusienetariko bat ordena publikoa mantentzea zen. Horrela zenbait UGTren batailoiekin eta miliziano anarkistekin tirabirak izan zituen, jeltzaleek ez zuten Euskal Herrian beste lekuetan, tartean Bartzelonan egindako iraultza proletarioa nahi.

[aldatu] Datuak[6]

  • Sailak. Eusko Gudarostea eta Gorputzak.
  • Bataloiak. 80, ideologiaren arabera osatuak.
  • Armada erregularraren erregimentuak. 12.
  • Ingeniari-zulatzaileen bataloiak. 17.
  • Soldaduak. 40.000. 18-45 urte arteko gizonezko guztiak deitu zituen Eusko Jaurlaritzak.
  • Bataloiaren osaera. Buruzagitza: komandantea, intendentea eta bi brigada. Gudari saila: 118na soldaduko lau konpainia. 58 soldaduko metrailadore konpainia, dinamitatzaile saila, lubakigile saila, bitartekari saila, 15 lagun zerbitzuko laguntzaile.

[aldatu] Eusko Itsas Gudarostea

Sakontzeko, irakurri: Eusko Itsas Gudarostea

Lurreko indarrez gain, itsasorako Eusko Itsas Gudarostea sortu zuten[7]. Artilleriaz hornituriko bou txiki hauek gogor borrokatu zuten "Canarias" gurutze-ontzi matxinoaren aurka Matxitxakoko itsas batailan.

[aldatu] Datuak[8]

  • Bou armatuak. 9. Araba, Bizkaya, Gipuzkoa, Nabarra, Donostia, Goizeko Izarra, Iparreko Izarra, Gasteiz eta Iruña.
  • Mina dragatzaileak. 27.
  • Txalupa motordunak. 6.
  • Ontzi laguntzaileak. 4.
  • Iotak. 2.
  • Txalupa lasterrak. 2.
  • Marinelak. 1.000.

[aldatu] Hegazkinak

Era berean, lorturiko zenbait hegazkinekin aire-armada txikia sortu zuen. Polikarpov I-16, Polikarpov I-15, Tupolev SB-2 eta beste hainbat hegazkinez osaturiko eskuadroi hau hain zen txikia eta klase askokoa ezen garaikideek orduan famatua zen «Price zirkua» izendatu zuten.

[aldatu] Jarduera

Eusko Gudarosteak 1936ko abuztutik 1937ko uztailera arte Iparraldeko frontean Francok zuzendutako tropa matxinoak borrokatu zituen, Legutioko guduan eta Bilbo inguruko guduetan parte hartuz. Hasieran Estatu Nagusi gaituaren eza jasan arren, 1936ko irailean Alberto Montaud komandante izendatu zutenean egoera guztiz aldatu zen. Gainera ez zituen borrokarako logistika eta komunikabide zerbitzu aproposak.

Tropen arteko ideologia-desadostasunak nabariak ziren: ezkertiar ideologia zuten batailoiek (sozialista, komunista eta anarkistak) jeltzale edo ekintzaleak ziren batailoiekin batera borrokatzen zuten. Zatiketa hau hasiera-hasieratik bistakoa zen, ezkertiar batailoiek bere zutoihaletan Espainiako Bigarren Errepublikaren hiru koloreko bandera zeramaten, abertzaleek, berriz, bere zutoihaletan ikurrina izatea eskatu eta lortu zuten.

Gerran egon arren, EAJk eta Eusko Jaurlaritzak Eusko Gudarostearen kontrol politikoa mantendu zuen. Era berean Francisco Llano de la Encomiendak zuzendutako "Iparraldeko Armada"rekiko (teorian Asturias, Kantabria eta Euskal Herrian aginte beliko errepublikazalea batzen zuena) independentzia eta autonomia operatiboa mantentzea lortu zuen. Hau lortzeko 1937ko apirilaren bukaeran Jose Antonio Agirre lehendakariak berak Eusko Gudarostearen Estatu Nagusiaren agintea bere gain hartu zuen, Alberto Montaud jenerala laguntzailea izanik. Dena den, gerraren egoera eta Gipuzkoatik Emilio Molaren soldaduek egindako erasoak 1937ko hasieran batailoietan bere antolakuntza oinarrizkoa uztera behartu zuen, dibisoi eta brigadetan antolatuz.

1937ko martxoaren bukaeran Eusko Gudarosteak guztira 75.000 borrokalari inguru zituen, horietatik 45.000 frontean. Emilio Mola jeneral matxinoak oker zebilen, bere ustez, "25.000 laguneko 40 konpainia" besterik ez zirelako[9]. Nahiz eta portaera heroikoa azaldu, Eusko Gudarosteak 1937ko udaberrian porrotak baino ez zituen jasan. Frankistak ondo hornituta zeuden bitartean errepublikarren artilleria astunaren urritasunak eta hegazkinen ezak bere nagusigoa oztopatzen zuten. Isolamendu geografikoak oztopoak besterik ez zizkion jarri Valentzian zegoen gobernu errepublikazaleari eta honek ezin zuen Iparraldeko Frontera armak eta munizioak bidaltzea, tartean Bizkaiara. Errepublikarrek gutxitan saiatu zuten Euskal Herrira hegazkinak bidaltzea eta, egiterakoan bidean hegazkinen aurkako artilleria eta ailegatzerakoan etsaien nagusitasuna topatu zituzten. Eraso bat egiteko baliabiderik ez zuenez (errekruta eta boluntario ugari izan arren) Eusko Gudarosteak taktika defentsiba erabili behar izan zuen eta Bilbo defenditzeko Burdinazko Gerrikoa eraikitzea erabaki zuen.

1937ko apiril eta maiatzean eusko gudarosteek ezin zuten matxinoen aurreratzea gelditu. Saibigainen, Intxortetan, Bermeon, Solluben eta Bizkargin, hurrenez hurren, porrotak jasan ondoren, gudariek Bilbo defenditzeko prestatu ziren.

Maiatzaren bukaerarako errekete-tertzio nafarrak Burdinazko Gerrikotik hurbil zeuden, % 40a baino ez zenean egina. Matxinoek ahulezia guztien ezagutzaileak ziren Alejandro Goikoetxea ingeniariaren traizioari esker planoak lortu zituztelako[1][10].

Ekainaren hasieran, Errepublikako Gobernuak Bilbora Mariano Gamir Ulibarri bidali zuen Agirreri aginte gorena uzteko eskatuz. Honek eusko militar profesional eta independentea izanda, Agirrek onartu eta 40.000 gudarien agintea eman zion gudua aurrera ateratzeko. Ekainaren 11an, matxinoek Burdinazko Gerrikoa setiatzeari lotu zitzaizkion, eta 36 orduren buruan, 500 hildako inguru izanik, gainditzea lortu zuten. Bilbo erortzea zegoenean, Agirrek Gamirrek Bilbo defendatzeko gai ez bazen Ezkerraldeko industria txikitu behar zuela jakin zuen. Irunen gertatutako eta Donostian jeltzale eta sozialista eta anarkisten milizianoek izandako borrokak jakinda, bere eragozteko asmoa adierazi zion. Agirrek gudariei sabotajearen saiakerak geldiarazteko agindua eman eta 2.000 preso politiko inguru askatu zituen. Askatutako preso haiei frankisten lerroetaraino laguntzen zieten. Hala ere, EAJko batailoien eta Asturiasko batailoien arteko borrokak izan ziren, asturiarrek Deustu erre nahi zutelako[1][11].

Ekainaren 19an nafar brigada matxinoak Bilbo hartu eta eusko gudarosteek mendebalderantz jo zuten Portugalete eta Enkarterri aldera, bere kontrolpean zeuden Euskal Herriko azken lurraldeak zirelako. Hilaren bukaerarako matxinoek Bizkaia osoa kontrolaturik zeuden. Etxetik kanpo, borrokarako grina desagertu zen. Egoera honetan EAJ et ELAren batailoiek Santoñan Corpo Truppe Volontarie italiarraren aurrean errenditu ziren. Hitzarmena ez zegoen Errepublikako Gobernuak onartuta ezta oraindik borrokan zeuden beste gudarosteek ere.

Italiarrekin negoziaturiko hitzarmena ez zen Francok onartua eta Santoñan errendituriko gudariak preso hartu zituzten. Komunista, anarkista, sozialista eta EAEren batailoiek (eta baita isolaturik zeuden zenbait jeltzaleek), berriz, Santanderreko frontetan borroka eustea saiatu zuten. Tamalez, denbora eta garraiobide faltak Santanderren amore ematera behartu zuen. Agirre lehendakariak zuzendutako Eusko Jaurlaritzaren Aginte Gorenak ez zuen Gudarosteekin kapitulatu eta Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen. "Isaac Puente", "Larrañaga" eta "Gipuzkoa" batailoiek baino ez zuten borrokari ekin Iparraldeko frontea erori arte.

1937ko urrian frontea erori ondoren, eusko zutabe batzuk (beste kantabriar eta asturiar zutabe batzuekin batera) mendira joan ziren etsaiaren erretagoardian gerrilla-gerra hasteko aginduen zain; besteek itsasontziz Frantziara ihes egin eta Kataluniatik muga zeharkatu zuten berriro borroka eusteko. Eusko miliziek Armada Errepublikarraren barnean beste frontetan bere izaera mantendu bazuten ere ez zuten berriro Eusko Gudarostea bezalako beste gorputza osatu.

[aldatu] Eusko Gudarostea 1936: Batailoien izenak

1. Meabe I Batailoia.

2. Meabe II Batailoia.

3. MAOC III Batailoia.

4. Rosa Luxemburgo “Arrosa” Batailoia.

5. UMP Batailoia.

6. "ANV-EAE nº 1" Batailoia. Eusko Abertzale Ekintza (EAE).

7. Azaña Batailoia (Bizkaia).

8. "Rusia" Batailoia.

9. Macheca Batailoia.

10. Perezagua Batailoia.

11. "CNT nº 3" Batailoia.

12. "CNT nº 4" Batailoia.

13. Itsas Alde Batailoia. Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ).

14. Araba Batailoia. EAJ.

15. Larrazabal Batailoia. EAJ.

16. Gordexola Batailoia. EAJ.

17. Itxarkundia Batailoia. EAJ.

18. Loiola Batailoia. EAJ.

19. Amaiur Batailoia. EAJ.

20. Azaña Batailoia (Gipuzkoa).

21. "CNT nº 1" Batailoia.

22. "Dragones" Batailoia.

23. "ANV-EAE nº 2" Batailoia. EAE.

24. Prieto Batailoia.

25. "UGT nº3" Batailoia.

26. Karl Liebenech Batailoia.

27. CASBLA Batailoia.

28. Martínez Argón Batailoia.

29. Leandro Cano Batailoia.

30. Celá Batailoia.

31. Zabalbide Batailoia.

32. "Madrid" Batailoia.

33. Lehenago Hil Batailoia. Jagi Jagi Taldea.

34. Karl Marx Batailoia.

35. Amuñegi Batailoia.

36. Malatesta Batailoia.

37. "Otxandiano" Batailoia. EAJ.

38. "Avellaneda" Batailoia. EAJ.

39. Arana Goiri Batailoia. EAJ.

40. Mungia Batailoia. EAJ.

41. Padura Batailoia. EAJ.

42. Pablo Iglesias Batailoia.

43. "Cultura y Deporte" Batailoia.

44. Salsamendi Batailoia.

45. Fermín Colón Batailoia.

46. "Octubre" Batailoia.

47. "UGT nº7" Batailoia.

48. "UGT nº8" Batailoia.

49. Larrazabal Batailoia. EAJ.

50. San Andrés Batailoia. EAJ.

51. "CNT nº5" Batailoia.

52. C. Casero Batailoia.

53. Saseta Batailoia. EAJ.

54. Mañaria Batailoia. EAJ.

55. Kirikiño Batailoia. EAJ.

56. Martiartu Batailoia. EAJ.

57. Muñatones Batailoia. EAJ.

58. Lenin Batailoia. Alderdi Komunista.

59. "Rebelión de la Sal" Batailoia. EAJ.

60. "MAOC nº 2" Batailoia.

61. "UGT nº10" Batailoia.

62. Ariztimuño Batailoia. EAJ.

63. "UGT nº9" Batailoia.

64. "Disciplinario" Batailoia.

65. "CNT Rva." Batailoia.

66. "Zergatik Ez?" Batailoia. Jagi Jagi Taldea.

67. O. Torrijos Batailoia.

68. "ANV-EAE nº 3" Batailoia. EAE.

69. Sukarrieta Batailoia. EAJ.

70. Simon Bolibar Batailoia. EAJ.

71. Aralar Batailoia. EAJ.

72. "Morteros de Euzkadi" Batailoia. Eusko Jaurlaritza.

73. "Montaña nº2" Batailoia. Armada Errepublikar Ofiziala.

74. "Montaña nº3" Batailoia. Armada Errepublikar Ofiziala.

75. "Artillería Ligera nº3" Batailoia. Armada Errepublikar Ofiziala.

76. "Grupo Antiaéreo" Batailoia. Armada Errepublikar Ofiziala.

77. Irrintzi Batailoia. EAJ.

78. "Enlaces y Transmisiones" Batailoia. Armada Errepublikar Ofiziala.

79. Alkartzea Batailoia. EAJ.

[aldatu] Ereserkia

Eusko Gudarostearen ereserkia "Eusko gudariak" abestia izan zen. «Atzo Bilbon nengoen» abesti tradizional arabarraren doinuan oinarritua, hitzak 1932an Jose Maria Garatek jeltzaleak idatzi zituen. Gerran, Alejandro Lizaso kapitainak letra aldatu zion azkeneko estrofari kutsu borrokalariagoa emateko[12].

Lehenengo estrofa honela dio:

« Eusko Gudariak gara

Euskadi askatzeko,
gerturik daukagu odola
bere aldez emateko.

 »

[aldatu] Beste kontzeptu batzuk

Erresuma Batuaren aurka 1920ko hamarkadan borrokatu zuen Irlandako armadaren izena, Irish Republican Army edo IRA, urte batzuk geroago Provisional Irish Republican Armyk hartu zuen 1970eko hamarkadan.

ETAk ere Francoren aurka borrokatu zuten gudarien izena bereganatu zuen bere kideak izendatzeko, kritiken artean egin ere.

[aldatu] Ikus, gainera

[aldatu] Erreferentziak

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Eusko Gudarostea
Tresna pertsonalak
Izen-tarteak
Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak