Itzuli orri nagusira Bidali hau

Nigerreko Bombino gitarra-jole handia Sustraiez Blai jaialdian

© cc-by-sa  SUSTRAIEZ BLAI KULTUR ELKARTEA ¦ 2011-11-10 ¦ 13:21 ¦ musika

Larunbatez, azaroaren 12an, ospatuko da munduko musiken gaineko Sustraiez Blai Jaialdiaren hamaikagarren edizioa Ordizian. Oraingoan ere, iaz bezalaxe, musika-emanaldiak bi leku ezberdinetan izango dira: alde batetik, Garagartza plazan eta bestetik, merkatuko plaza estalian. Aipatu beharreko aurtengo berrikuntza da egun osoan zehar, goizetik hasita, artisautza-azoka izango dela herriko alde zaharrean, egun-pasa egin nahi duenari aukera ederra eskainiz.

Publizitatea

Esan bezala, azaroaren 12an izango da aurtengo Sustraiez Blai jaialdia Ordizian. Familia-giroan ere gozatu ahal izango da jaialdiaz, musika-festa arratsaldeko 18:00etan hasiko baita, aipatu Garagartza plazan bi talde hauekin:

  • LA TROCAMBA MATANUSCA (musika balkanikoa Valentziatik) eta DILSHAD (Donostiako dantza-taldea, ekialdeko dantzak eta sabel-dantza lantzen dituena). Gauean, ekitaldi nagusia izango da, 21:00etatik aurrera, merkatuko plaza nagusian, artista handi hauen eskutik:
  • BOMBINO, tuareg gitarra-jole handia, Nigerreko basamortuko blues musika ekarriko duena.
  • ADABEGI taldea, Zestoatik, flamenkoa eta txalaparta nahastuz.
  • SAMUELIKO Y LOS GUAILERS taldea Kataluniatik, bere runba bihurriaz jendea dantzan jarriko duena.

Edonola ere, ez da hemen bukatuko egun horretako egitaraua. Izan ere, kontzertu nagusiaren ondoren, Sugaar tabernan Talo DJ (Andoni Tolosa) ezagunak musika jarriko baitu, munduan zeharreko bidaia musikala proposatuz. SARRERA DOAN izango da.


Argazkiak.org | Sustraiez Blai 2011 © cc-by-sa: sustatu

Segidan, aipatu taldeei buruzko informazio osatuagoa:

La Trocamba Matanusca (Valentzia). 2009. urtearen bukaeran osatu zen La Trocamba Matanusca taldea, baina 2010eko bukaera arte ez zen hasi istorio hau Ontinyenten (País Valencià), ideia asko eta musika ezberdin eta berezi batekin jendeak gozatzeko gogoa aske utziz; dantzatzeari ezin utziko diozu eta bere melodiak kantatuko dituzu, zalantzarik gabe.

Taldea jaia eta poztasunaren sinonimo da. Balkanetako, klezmer eta gypsy musiken erritmoan, abesti tradizionalak jotzen dituzte eta baita Europako ekialdeko hainbat bandaren bertsioak egin ere.

Taldea Ontinyent, Sant Rafel eta Agullent herrietako kideez osatuta dago: Tanyo (bateria), Satorres (baxua), Cesc (gitarra), Patxi eta Pau Romero (perkusioak), Miki eta Ernest (tronboiak), Pau Sanchis (tronpeta), Kiko (saxo), Óscar (klarinetea) eta Pau Barberà (eskusoinua). Info gehiago

DILSHAD (Euskal Herria) Ekialdeko dantza eta tribuen dantzak lantzen dituen taldea da Dilshad, 2007. urtean Donostialdean sortutakoa.

Bere emanaldietan, ekialdeko eta tribuen dantzen lagin orokor bat eskaintzen du eta horretarako, hainbat osagai erabiltzen ditu; hala nola: ezpatak, bastoiak, zetazko abanikoak, zutargiak, Isisen hegalak, melaiak, krotaloak, etab. Dantza hauen artean ekialdeko dantza klasikoa nahiz folklorea aurkitu ahal izango dugu, era ezberdinetako nahasketekin batera. Eskaintzen dituen emanaldiek formatu ezberdinak dituzte, bai denbora aldetik nola toki eta publikoaren aldetik ere. Diziplina ezberdinak jorratu dituzte: indiar dantzak, ijito-dantzak eta Polinesiako dantzak, esaterako.

Taldea Maialen, Miriam eta Nora dantzariek osatzen dute eta 201eko azaroan Nafarroan izandako ekialdeko dantzaren III. nazioarteko jaialdian garaile suertatu ziren. Gaur egun, taldekideetako batzuek ekialdeko dantzak irakasten dihardute.

Informazio gehiago: weba / Facebook

ADABEGI (Euskal Herria) Adabegi orain dela 2 urte inguru Gipuzkoako Urola bailaran sortu den taldea da; txalaparta oinarri harturik, inongo mugarik jarri gabe; esperimentu musikalari ekiten diona.

Esperimentu horretatik beraien lehen lana aurkezten dute, 5 kantu biltzen dituen CDan. 7 musikariz osatutako talde honen berezitasuna zuzenekoetan dago, non perkusioa, baxua, DJa, bateria eta txalapartaren erritmo eta melodien energiarekin batera, bi dantzari izaten diren eszenatokia gori-gori jartzen, flamenko eta afrikar kutsuarekin. Myspace / Facebook

BOMBINO (Niger) Bombino (Omara Moctar) Saharako eta Saheleko (Afrikako zonaldeak) gitarra-jole eta interpretari handietako bat da. 1980an jaio zen, Agadez (Niger) zonaldean bizi diren tuareg artzain nomada familia batean, Sahararen ertzean. 12 urte eskas zituela, Tamanrasset (Algeria) herrian babestu zen bere familia, lehen errebolta tuaregaren liskarretik ihesi. Urte horretan bertan hartu zuen bere lehen gitarra Bombinok. 1993an, Nigerrera itzuli zen bere familia. Han, tuareg gitarra fenomeno berritzat hartzen zen, eta gainera, galarazita zegoen. Debeku honi jaramonik egin gabe, Bombinoren osabak babestu egin zuen mutikoak ikastea eta laster bihurtu zen hau musikazale amorratua.

Nigerrera bakea itzultzearekin batera, musika jotzeko aukera berreskuratu zen eta Nigerreko eszena musikaleko musikariek, azkenean, Agadezen elkarrekin jotzeko modua izan zuten.

2003an, Bombinok bere lehen CDa kaleratu zuen, "Agamgam" izenekoa, Nigerreko oihanaren ibai lehor baten hondoan grabatutakoa. 2006an, Angelina Jolierekin bidiatu zuen aste betez honek Agadez eskualdea zeharkatu zuen bitartean. Tuaregen musika jo eta Saharako bizimodu nomadaren istorioak kontatu zizkion. 2009ko ekainean AEBetara itzuli zenean, CD berri bat grabatzen hasi zen.

2010eko urtarrilean, Agadezeko sultanak baimena eman zion Bombinori Agadezeko Meskita Handiaren kanpoaldean kontzertu bat antolatzeko -lehen aldia zen honelako ekitaldi bat egiteko baimena ematen zena- (Zero Gravity Films-ek grabatu zuen). Mila lagun joan ziren eta erreboltatan hiru urte eman eta gero, lehorte baten eta uholde ikaragarri baten ondoren, Agadezek ospakizunerako arrazoi bat aurkitu zuen. Bombinoren gitarra bakar-saioek jende mordoa jarri zuten dantzan. Gaur egun, tuaregak mundu moderno batera egokitzeko ahaleginetan dabiltza, arriskuan baitago beren bizimodu nomada. Bombino tuareg belaunaldi berri horren ordezkari da.

Zenbait esteka:

http://www.myspace.com/bombinoafrica http://www.cumbancha.com/bombino http://zerogravityfilms.com/ http://www.b-ritmos.com/hablamos-con/omara-moctar-bombino

SAMUELIKO Y LOS GUAILERS (Katalunia) Bartzelona inguruko hainbat herritako lagun-taldea da Samueliko y Los Guailers eta gogotsu dator runba lizunaren erritmoan, bere musika entzun dezagun nahi du-eta. Saltsa, ska, rocka, funka, samba, reggaea eta makil flamenkoak tarteko, talde gazte honek izugarrizko zuzenekoa eskaintzen du, ilusioz eta pozez Beteta, umorez eta kalitate musikalak lagunduta, gainera. Samueliko y Los Guailers taldeak “runba bihurria” gisa definitzen du bere estiloa, bere musika freskoa eta zuzena baita eta kaleko musikariaren magia “gaiztoa” baitu bere baitan. Abestien hitzetan umorea, sarkasmoa eta bigarren zentzuak nagusi dira, interpretazio askerako atea irekita uzten dutenak.

Samueliko y Los Guailers hemen daude beren musika munduko bazter guztietaraino, biztanle bakoitzaren belarriraino irits dadin, katuak, tximuak, eta gizakiren bat edo beste barne.

30 de Febrero beren lehen diskoa da. Jose Luis Molerok grabatu eta nahastu du eta Jordi Solék masterizatu du, Music Lan estudioetan egin da, osorik. Izan du, gainera, hainbat adiskideren laguntza ere; hala nola, La Troba Kung Fú, Los Sobraos, Etock, Merkado Negro eta beste artista asko, beren artea era batera edo bestera islatuta utziz beren kasa produzitutako lan honetan, proposamenaren oinarria eta freskura harrapatzeraino.

Bederatzi abesti daude diskoan eta runba da estilo nagusia, baina baditu ska, funk edo rock ukituak ere, sanba edo swing zertzeladaz gozatuta, flamenkoaren su baxuan atonduta. Etorkizun handiko lana, fusioa eta mestizaia nagusi dituena. Diskoari izena ematen dion abestian La Troba Kung-Fú talde nekaezinaren laguntza izan dute, 2010eko gure jaialdian jo zuen taldearena, hain zuzen ere.

Web

DJ TALO. Hainbat komunikabideetan aritua, Andoni Tolosa “Munduko Musikekin” zer ikusirik duten gaietan aditua da, hainbat irratsaio zuzendu ditu Egin Irratian, Herri Irratian eta 2006tik hona Info7 Irratian. Horretaz gain, Egin, Euskaldunon Egunkaria, Argia, Gara eta Berria egunkarietan aritu da musikaren inguruko gaiak jorratzen (disko-kritika, artisten biografia eta aipamenak.). Disko-jartzaile bezala, berriz, 1998an hasi zen, hainbat taberna, jaialdi eta festa gunetan. Munduko musikek eta elektronikak bat egiten duten esparrua jorratu izan du, arreta berezia jarriz afrikar, brasildar eta arabiar musika garaikideetan.

Andoni Tolosa aurpegi desberdin asko dituen musikazalea da. Musikarekiko maitasun horrek bultzatuta, zenbait bide aukeratu ditu gustuko duen musika hori zabaltzeko garaian. Morau ezizenarekin, pop-rock munduko kantautore konprometitua da; Dj Talo bezala, berriz, etno-tekno musikarekin dantzan jartzen du jendea, eta batak bestearekin zerikusirik ez duela ematen duen arren, honen guztiaren atzean maite dituen doinuak lau haizeetara zabaltzeko helburua du.

SUSTRAIEZ BLAI KULTUR ELKARTEA / Myspace / Facebook / Flickr / Youtube

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

 Nabigatu euskaraz