Itzuli orri nagusira Bidali hau

Galtzontziloetako bandera

© cc-by-sa  leire narbaiza ¦ 2011-12-01 ¦ 09:24 ¦ zer-erantzi

Low riders and gold pants

Aspaldi neukan gogoa barruko arropen gaineko serie bat egiteko, eta egia esatera, galtzontziloek asko inspiratu izan naute. Hala ere, laga eta laga ari nintzen, baina Jozulinen post honek animatu ninduen gaiari ekitera.

Publizitatea

Galtzontziloek eurek ez dute nigan entusiasmo berezirik pizten (nahiz eta post bat gutxienez idatzi dudan gerri baxuko praka eta bistan uzten dituzten galtzontziloen gainean). Beharbada, zirrara falta honek isiotu du post hau idazteko gogoa; izan ere, hain dira arruntak eta grazia bakoak! Konparatzen baditugu emakumeon barruko arropekin, galtzazpikoek ez dute barietate handiegirik: luzeak, boxerrak, hankadunak, slipak eta kito! Kotoia edo oihala. Zer gehiago eska dakioke gizonezkoen barruko arropa honi?

Interes falta baina, hainbat lekutatik dator. Sekula ez dut ulertu gizonen utzikeria (edo nagikeria, nahiago baduzue) euren barruko arropa erostean. Izan ere, orain bost bat urte eibartarren zerrendan egin nuen galdera jakin-minak bultzatuta: “Nork erosten dizkizue galtzontziloak?”. Pentsatutakoa eman zuen: emakume batek. Nik ezin dut imajinatu beste pertsona batek nire kuleroak erostea! Hain da pertsonala. Nola jakin lezake erosleak izterreko hozkak estutzen nauen, edo erretenean sartzen zaizkidan? Zelan aukera lezake zeintzuekin nagoen eroso, eta zeintzuek ematen didaten ziurtasuna? Ezinezkoa!

Baina, antza denez, gizonezkoen artean hori ez da inportantea, eta edozein galtzoin ondo datorkie. Gaitza egiten zait sinistea, baina hain zabalduta badago ohitura, zerbaitengatik izango da. Berriki twitterren twitterlari euskaldun bati irakurri izan diogu amak erosiko zizkiola, eta berak pozarren jantzi zituela!

Izan liteke gizonezkoek barruko generoari ematea garrantzia, jantzi hori daraman gorputzari, alegia. Lerdena izanda gizona, nork erreparatuko die, bada, galtzontziloei? Eurak zatarra izan arren, soinean daroana ederra eta katxarroa bada, arropa horrek galdu egiten du inportantzia eta beheko bideoan ikusten denez, nor fijatu da galtzoinetan, horrelako txokolatinak izanda? Eman-emanda eta beix kolorekoa izanda ere, kostata!

Gorago aipatu dudan gizasemeen utzikeriak ere ondorioak izan litzake, batez ere asko jantzi diren galtzontziloetan. Kotoizkoak direnez, eman egiten dute eta jantziz gero, barregarri samar gera liteke mutil hori. Ikusi bestela Santi Millan aktore kataluniarrak egindako iragarkian:

Eta hori galtzontziloak ez daudela oso emanda eta Santi Milanek goapo fama duela! Txarto geratzen zaizkio, ezta?

Lehengora itzuliz, aitortu behar dizuet horrelako xehetasun txiki batek zuen sex-apel guztia suntsi lezakeela. Berdin dio #sesisesi leihaketan lehengo postua lortu baduzue ere, barruko arropa zahar edota kolore grisaxkakoak (zer esanik ez zikinak!) glamour guztia ken liezazuekete! Escitol zena desescitol bihurtuz!

Hori bai, gau zoro batean ligatu eta prakak kentzean, horrelako bat tokatuko balitzait, libidoa zeharo desagertuko litzaidake, eta niri moduan beste askori! Beraz kontuz zein bandera aukeratzen duzuen, hobeto Jozulinenak!



Erantzunak

#1. Re: Galtzontziloetako bandera

Eneko ¦ 2011-12-01 ¦ 12:17

Jozulinenak edo,Sustatun bertan ikusitako galtzontziloei buruzko albiste zahar bat hona ekarriaz, Cyril Despres-enak :-)


Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

Zer Erantzi

Zer erantzi: moda, estetika, estiloa... Estereotipoak borrokatzeko gogoz, hiru estilista: Elena Laka, Leire Narbaiza eta Amodio Jauna elastikoa.

Badakizu zuk ezer estiloaz edo estilo faltaz? Zure kamisetak, modak edo abarrak hemen agerrarazi nahi? Idatzi lotsa barik: erantzi@sustatu.com

 

Albiste gehiago

zer-erantzi gaia duten albiste gehiago

 

Pil-pilean!

 

 Nabigatu euskaraz