Itzuli orri nagusira Bidali hau

Hitz gurutzatuen 5. txapelketa giro ederrean jokatu zen

© cc-by-sa  Xedera Hitz Jokoak S.L. ¦ 2011-12-06 ¦ 12:29 ¦ jokoak

Ainhoa Arregi bilbotarrak irabazi zuen joan den astean Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen V. Txapelketa. Giro ezin ederragoan eta LUMA denborapasa eta hitz joko aldizkariak antolaturik, Irunen jokatu zen lehengo larunbatean, azaroaren 26an, Euskal Herriko Hitz Gezidunen V. Txapelketa.

Publizitatea

Orain arteko edizio jendetsuena izan da aurtengoa, Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako hogeita hamazazpi lehiakide bildu baitziren Irungo Ola Sagardotegira, txapela eraman nahian, eta irabazteko hautagaien zerrenda zabalagoa zen arren, txapelketan aurreneko postuetan ikustea ohituak garen lehiakide bat, Ainhoa Arregi bilbotarra, nagusitu zen finalean, akatsik gabeko lana bururatu eta gero. Haren ondotik sailkatu ziren Ibon Zaldua donostiarra, Xabier Azkue zumaiarra eta Txipi Ormaetxea arrasaterra, lehiaketa ederra egin ostean.

Bilboko Gabriel Aresti euskaltegiko irakasle arduraduna da Ainhoa Arregi. Sortzez bilbotarra den arren, Trapagaranen bizi izan da luzaroan eta biziki gustukoak ditu hitz gurutzatuak eta, oro har, hizkuntzarekin loturiko jokoak.

2007an antolatu zuen LUMA denborapasa eta hitz joko aldizkariak Euskal Herriko Hitz Gezidunen lehendabiziko txapelketa, orain arte beti Irunen jokatu dena, hiri horretan argitaratzen baita aipaturiko agerkaria. Goiz partean garatzen da txapelketa eta, finalerako txartela lortu ahal izateko, antolakuntzak proposaturiko hiru hitz gurutzatu taula bete behar dituzte, xuxen eta bizkor, lehiakideek.

Berrogei eta bost minutu dituzte lehiakideek hiru proba horietako bakoitza amaitzeko eta aurreneko biak bukatu ondoan egiten da lehenengo selekzioa, hamasei lehiakidek baizik ez baitute finalaurreko proba jokatzeko aukerarik. Lau lehiakideren artean jokatzen da finala, jendaurrean eta zutik, eta ez eserita eta mahai gainean idatzita ordura arte bezala, panelean egokitu zaien lana ahalik eta egokien eta azkarren bukatzeko xedean.

Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa ez da sinonimo txapelketa hutsa, baizik eta euskararen alderdi jostalarienen eta, oro har, euskal kulturaren ezagutza zabala eskatzen duen ibilaldi bizi, burutsu eta irudimentsua, lehiakideak unean uneko oztopotxoak gainditzeko behar den ernetasun horren jabe izatera behartzen dituena.

Luma denborapasa eta hitz joko aldizkariak Irungo Udalaren, Eusko Label Kalitatea Fundazioaren eta Irungo Ola Sagardotegiaren laguntza jaso du Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa honen bosgarren edizioaren antolakuntzan.

xabier azkue_ainhoa arregi_txipi ormaetxea_ibon zaldua.jpg 956KB (979147 byte)

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

 Nabigatu euskaraz