Creative Commons Zero (CC0)

cc0

Creative Commonsek lizentzia/ziurtagiri berri bat atera du, CC0 izena duena. Dauden lizentzia ugariekin, beste bat gehiago zertarako behar den galdetuko dio bere buruari batek baino gehiagok. Ba ziurtagiri honek hutsune garrantzitsu bat betetzen du, izan ere, munduko legedia askok jabetza publikoa onartu (eta babestu) egiten dute, baina egileei ez diete aukerarik ematen beraien lanak zuzenean jabetza publikoan jartzen. Legedia bakoitzak arautzen duen epe bat itxaron beharra dago lan horiek jabetza publikoan sar daitezen.

Ziurtagiri honek hutsune garrantzitsu bat betetzen du, izan ere, munduko legedia askok jabetza publikoa onartu (eta babestu) egiten dute, baina egileei ez diete aukerarik ematen beraien lanak zuzenean jabetza publikoan jartzen

Amerikar Estatu Batuetako legediak, egileek lanak zuzenean jabetza publikoan uztea ahalbidetzen du eta horretarako sortu zuen Creative Commonsek CC PD ziurtagiria. Baina Europan (Frantziar eta Espainiar estatuak barne), aukera hau ez da aurreikusten eta egileok ezin ditugu gure lanak guztiz askatu. Egilea hil eta 70 urte itxaron behar dira horretarako.

cc public domain

Egoera honen aurrean, nik guztiz legezkoa ez den zerbait egitea erabaki nuen: naiz eta legeak ez aurreikusi, nik sortutako edukiak jabetza publikoan uzten ditudala esatea. Gaur arte, hau izan da webgune honetako oinean agertzen zen azalpena: “Webgune honetako eduki guztiak, bestelakoa ohartarazi ezean, jabetza publikoan uzten dira.”

Baina hau egitea arriskutsua da, legeak dioenaren aurka doan zerbait jarriz gero, nik jarritako oharra baliogabetzat hartu bait zitekeen eta beraz, hori jartzea ezer ez jartzea bezala hartu liteke. Hau da, ikuspegi legal zorrotz batetik, eduki guztiak copyright murriztailea dutela ulertu daiteke.

Hori konpontzeko, aukeran dauden lizentzia legal guztien artean askeenatako bat aukeratu nezake (adibidez CC BY lizentzia), baina kasu horretan, nik nahi ez nituen betebeharrak gehitzen egongo nintzateke, eta hori zen hain zuzen nik saihestu nahi nuena. CC BY lizentziaren kasuan, norbaitek nik sortutako testu, argazki edo irudi bat erabiltzen duen bakoitzean, ezinbestez, nire egiletasuna aipatu behar du.

Beraz, nik sortutako edukiek ahalik zabalkunde handiena izan zezaten, lege ohar zehazgabe hori erabiltzea erabaki nuen. Noski, nik bezala, bai Europan, bai munduko txoko askotan erabaki bera hartu duten jende asko dago. Gu guztiontzat hain zuzen sortu du Creative Commonsek CC0 ziurtagiria (CC0 ez da lizentzia bat, baizik eta, jabetza publikoaren lege oharra bezala, ziurtagiri bat).

pantaila argazkia

Oraindik euskaraketa ofizialik ez duen testu honek, ondokoa dio gutxi gora behera: “Dokumentu honi lan bat esleitu dion pertsonak, bere lana komunitateari eskaini dio, jabetza intelektualaren legearen arabera izan ditzakeen eskubide guztiei uko eginez, eta baita erlazioa izan dezaketen beste edozein egile eskubideri ere, beti ere, legeak ahalbidetzen duen neurrian.”

Hau da, egileak lanaren gainean izan ditzakeen eskubide guztiei uko egiten die, eta legeak eskubide guztiei uko egiten uzten ez badio, ba ukatu ditzakeen eskubide guztiei behintzat bai.

Hemendik aurrera, webgune honek bere oinean azalpen hau izango du: “Webgune honetako eduki guztiak, bestelakoa ohartarazi ezean, legeak ahalbidetzen duen neurrian, jabetza publikoan uzten dira.”

Espainiar estatuko jabetza intelektualaren legearen arabera, egileek eskubide mota bi dituzte: eskubide moralak, ukatu ezin direnak, eta ustiapen eskubideak, egileak erabili, norbaiti utzi edo besterik gabe ukatu egin ditzakeenak. Lan bat jabetza publikora heltzen denean, ustiapen eskubideak iraungi egiten dira eta eskubide moralak, oinordekoek jasotzen dituzte edo hauek argi ez egotekotan, erakunde publikoek (teorian behintzat horrela da).

Ustiapen eskubideei uko egitea, lan bat jabetza publikoan uztea bezala dela pentsa daiteke, baina ez da horrela

Beraz, ustiapen eskubideei uko egitea, lan bat jabetza publikoan uztea bezala dela pentsa daiteke, baina ez da horrela. Izan ere, Espainiar estatuko legediaren arabera (Europa osoan bezalatsu), egilea hiltzen denean lana ez da jabetza publikoan sartzen. Beste 70 urte gehiago igaro behar dira horretarako, eta bitartean, egilearen oinordekoek kudeatzen dituzte lanaren inguruko eskubide guztiak. Beraz, naiz eta egileak, bizirik dagoela, ustiapen eskubideei uko egin, bera hildakoan, oinordekoek, legalki lanarekiko eskubide guztiak jasotzen dituzte eta ustiapen eskubideak beste era batera erabil ditzakete.

Amerikar Estatu Batuetako legediak egiten duen bezala, egile batek lan bat jabetza publikoan uztea aurreikusi ezean, ez dago inolako lizentziarik ez ziurtagiririk lan bat aurretiaz benetan jabetza publikoan uzten duena

Laburbilduz, Amerikar Estatu Batuetako legediak egiten duen bezala, egile batek lan bat jabetza publikoan uztea aurreikusi ezean, ez dago inolako lizentziarik ez ziurtagiririk lan bat aurretiaz benetan jabetza publikoan uzten duena. Beraz, aukera ona izan daiteke CC0 bezalako lege ohar bat erabiltzea, azaldutako arrazoiengatik eta baita beste batzurengatik ere:

  • Egileak ahalko balu, lana jabetza publikoan utziko zukeela argi uzten duelako,
  • Ziurtagiri hau ikuspuntu unibersal batekin sortu delako eta lan bakoitzari dagokion legediaren zehetasunetan sartzen ez delako,
  • Eta azkenik, etorkizunean legedia aldatuz gero, naiz eta egileak bere garaian lana jabetza publikoan utzi ezin izan, horrelako lege ohar bati esker, lana bide arruntetik baino azkarrago jabetza publikora heltzeko aukera irekita dagoelako…

Bukatzeko, hona hemen Creative Commons-ek ematen dituen aukera desberdinak, askeak diren (berdea) ala ez, copyleft diren ala ez eta abar laburbiltzen duen irudi eguneratua:

creative commons lizentziak

Artikulu honetan agertzen diren irudi originalak SVG formatu irekian eskuratu nahi dituenak, hemen dauzka:

tar.gz
creativecommons-semaforoa.tar.gz (93 KB)

Informazio gehiago:

Erlaziodun artikuluak:

Beste hizkuntzak: castellano, english

This entry was posted in Sailkatugabeak and tagged , , , , , . Bookmark the permalink.

8 Responses to Creative Commons Zero (CC0)

  1. Azalpen eta grafiko ona, eskertzen da. Grafikoan, koloreen desberdintasuna definitu behar bazenu… nola egingo zenuke? Ea asmatzen dudan. Neure aburuz, gorria eskubide pribatiboak lirateke, eta berdea eduki libreak, baina horiak? Nola dakusazu zuk?

    Bestalde, lizentzien alorrean linbo batean egon ondoren, maiatzaren 1etik aurrera, Sustatuko edukiak CC-BY-SA dira orain. Edukien politika bat ere marrazten saiatu gara era berean, http://sustatu.com/zerda/lizentzia/

  2. Betiko moduan Txopi, bikain!

    Oso post ona iruditu zait eta behin CC delakoaren inguruan aritu nintzen nire blogean ere eta gaurkoan zure irudia kopiatuko dut, oso grafikoa eta ulerterraza iruditzen zaidalako.

    Hori koloreen inguruan, librea dela ulertzen dut nik, baina honek traba batzuk jartzen dizkio kopiatu nahi duenari, adibidez egilearen izena ematea… Gutxienez horrela ulertu dut.

    Ondo izan :)

  3. Txopi says:

    Luistxo:

    Artikuluaren bukaeran jarri dudan irudia, jabetza intelektualari buruzko hitzaldietan erabiltzen dut maiz. Eta jendeak naiko argigarria aurkitzen duenez, CC0 aukera gehitu nahi izan diot eguneratua egon dadin. Beraz, egia da blogeko artikulu batetan, azalpen gehigarririk gabe interpretazioari irakia geratzen dela.

    Koloreek, zuk suposatzen duzuna esan nahi dute. Gauza bat askea den ala ez erabakitzeko, FreedomDefined.org ekimen internazionalak adostutako irizpideak erabiltzen ditut. Creative Commonseko zigiluak, irizpide berdinak jarraituz ematen dira. Agian Sustatun FreedonDefined ere estekatu nahiko duzue…

    Semaforo batek berez, bi egoera ditu: pasatu ala gelditu. Berdea ala gorria. Kolore horia arrazoi praktikoengatik badago ere, azken finean, kolore gorriaren esanahi berdina dauka: gelditu.

    Eremu berdean ez dauden lizentziak ez dira libreak. Ez dago beste bueltarik. Nik behintzat ez diot ematen eta horrela azaltzen saiatzen naiz.

    Hala ere, esan beharra daukat nik ez diodala inori esaten zer egin behar duen. Librea zer den eta zer ez den azaltzen saiatzen naiz, NC klausulak zehazki zer esan nahi duen eta jendeari agian okurritzen ez zaizkion arazoak azaltzen ditut (banner bidez lau txanpon ateratzen dituzten webguneetan lan horiek zabaldu ezin direla, etab. ). Eta gero bakoitzak atera ditzala bere kontuak…

    SA klausularekin (software munduko BSD vs. GPL eztabaidaren harira), NC klausularekin gertatzen dena ikusten duenik ere badago. Ni neu adibidez. Hala ere, gatazka desberdina da, eztabaida, aukera libreen artean bait dago. Portzierto, eztabaida hau berriz berpiztu da azken egunotan.

    Eta horrela jarraitu daiteke BY klausualarekin eta baita jabetza intelektualarekin berarekin ere. Beretasunera (“suidad”) heldu arte…

    Beno, ez dut txapa gehiegi eman nahi. Zure galdera erantzun izana espero dut.

    Dabid:

    Zorionak zure blog berriagatik! Aurrekoa itxi zenuenetik ez dut jakin berria ireki duzunik/zenuenik. RSS bitartez jarraituko zaitut :-)

    Irudiari dagokionez, tanta bat aldatu dut, 100 DPIrekin hobeto ikusten bait da. Gainera, irudi berdina sortzeko behar diren fitxategi guztiak tarball batetan bildu ditut, nahi izanez gero, irudia aldatu dezazun. On egin :-)

    “Egilearen izena ematea”-ri buruz idatzi duzuna ez dakit ulertu dudan. CC BY-SA lizentziari buruz ari bazara, bai, guztiz ados. Jabetza publikoari dagokionez, egilearen izena jartzea ez da inolaz ere beharrezkoa. Hori bai, egilea zu zarela ere ezin duzu esan, hori plagioa bait da. Lan eratorria bada berriz, egilea zu izan zaitezke, jatorrizko material bezala jabetza publikoan dagoen lan bat erabili baduzu ere.

    Abeslari batek herri kanta bat oinarri hartuta bertsio berri bat egiten duenean, sortzen duenaren egilea bera da. Norbaitek Olentzero izeneko ikazkin bati buruzko ipuina asmatu duela esaten badu eta berak sortutako pertsonaiaru buruzko erabilera guztiak kontrolatu nahi dituela esaten badu berriz, plagio baten aurrean egongo ginateke. Eta berdin dio lana jabetza publikoan dagoen ala ez, egilea ezaguna den ala ez.

    Agian hau argi eta garbi daukazu eta alperrik nabil azalpenak ematen. Beraz isildu egingo naiz iruzkina artikulua baino luzeagoa egin aurretik :-D

    Goraintziak bioi eta eskerrik asko zuen ekarpenak egiteagatik!

  4. ishikawa says:

    Oso artikulu interesgarria. Milesker!

  5. Cikgu says:

    Oso post ona baina ez nago ados:
    “munduko legedia askok jabetza publikoa onartu (eta babestu) egiten dute, baina egileei ez diete aukerarik ematen beraien lanak zuzenean jabetza publikoan jartzen. Legedia bakoitzak arautzen duen epe bat itxaron beharra dago lan horiek jabetza publikoan sar daitezen.”
    David Maeztuk beste irudia ezberdiña dauka, ikusi hau: http://derechoynormas.blogspot.com/2007/01/cabe-el-dominio-pblico-en-espaa-antes.html
    pensé que habías estado cuando lo presentó en el hackelarre, o que te lo había comentado yo en el metro…
    Besarkada 1

  6. Txopi says:

    Ezagutzen dut David Maezturen ikuspuntua eta oso interesgarria iruditzen zait. Gustatuko litzaidake berak arrazoia izatea, eta agian badu, baina ez dago bat ere argi. Jabetza intelektualean adituak diren beste abokatu batzuk ez dute bat ere argi ikusten David-ek dioena egin daitekeen edo ez. Ni abokatua ez naizenez, nahiago dut zuhurra izan eta Espainiar estatuko legediak lan bat jabetza publikoan uztea aurreikusten ez duela esatea.

    Aurreikusten ez duela ez du esan nahi egin ezin denik, baina gai hauetan berezituak dauden abokatuek ere ez dute argi epaiketa batera helduz gero zer gertatuko zen eta hori oso arriskutsua ikusten dut. Ea norbait animatzen den epaiketa fake bat prestatzen legeak nola interpretatu behar diren argitzeko. Nik egin nuen gonbitea dirua ere eskainiz baina ez da abokatu bat ere animatzen… Ea zuk lortzen duzun!

    Bitartean, nik askoz egokiagoa ikusten dut CC0 bezalako lizentziak erabiltzea, okerra den lizentzia bat jartzeak lizentzia osoa ezgaitzen bait du eta dakizun bezala lizentziarik ez duten lanek copyright murriztaileena dute… Beraz, arrisku horren aurrean, gai honetan eurrerapenik ez dagoen bitartean, nik ez dut egokia ikusten lanak jabetza publikoan daudela esatea eta kitto. Nik pertsonalki nahiago dut CC0 bezalako lizentzia bat erabiltzea.

    Jendeari Espainiar estatuan P2P sareen bitartez copyright-dun filmeak deskargatzea legala dela esatea bezala da. Ez da legala, izatekotan alegala. Izan ere 1996ko LPI legearen arabera ekintza horiek ez dira delitua baina bai “ilícito civil” deitzen dena. Eta nik nahiago dut gauza hauek argi utzi, interesa dutenek gauzak nola dauden jakin dezaten.

    Ba lanak jabetza publikoan uztearekin berdin: ez dago bat ere argi egin daitekeen, abokaturen batek egin daitekeela esaten badute ere, beste batzuk ezetz diote eta bai batzuek zein besteek argi ez dagoela onartzen dute, bakoitzak bere iritzia izan arren. Legedia argiago egon arte edo epaiketen bitartez gai honen inguruan dauden teoriak ondo argitu arte, LPI legea irakurrita jende gehienak ulertzen duena esaten dut nik. Ez dakit honekin ados zauden ala ez, baina ikus ezazu behintzat nik esandako hori ez dela ezjakintasunaren edo oroimen txarraren fruitua, baizik eta ahal dudan ondoen aztertu dudan gai baten inguruan atera dudan erabakia.

    Eskerrik asko zure iruzkinagatik Cikgu. Egia da guzti hau ez nuela azaldu eta gai hauetan jantziak zaudetenontzako azalpen bat beharrezkoa zela. Besarkada 1 zuri ere :-)

  7. Unai says:

    Kaixo, Txopi. Zure eskema Wikipediara igo dut, baimena aprobetxatuz. Arazorik edukitzekotan, esaidazu, arren. Hemen ikus daiteke: http://eu.wikipedia.org/wiki/Creative_Commons

    Irudian sakatzerakoan ikus daiteke blog honetatik hartu dela irudia. Ondo segi!

  8. Txopi says:

    Primeran Unai. Eskerrik asko!

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>