Itzuli orri nagusira Bidali hau

Azkarregi hitz egiten dugu teknologiaren erruz?

© cc-by-sa  Sustatu ¦ 2011-12-14 ¦ 12:30 ¦ teknologia

Dirudienez, gaur egun duela 10 urte baino askoz azkarrago hitz egiten dugu. Teknologiak azkarrago hitz egitera bultzaten omen gaitu. Kansas-eko Wichita State University delakoaren Ray Hull irakasleak egindako neurketen arabera duela 10 urte bataz beste minutuero 145 hitzeko erritmoa mantentzen zen (ingelesez), baina gaur egun nahiko arrunta da 160 eta 180 hitzeko erritmoak aurkitzea. Azkarregi esandakoa ondo ulertzeko. Azkarregi gure burmuinentzat.

Publizitatea

Hull-ek dio gaur egun lehen hezkuntzako irakasleek 180 hitzeko erritmotan hitz egiten dutela ikustea bereziki kezkagarria dela. Abiadura horretan hitz eginez gero, haurrak ezin du irakasleak esandakoa ulertu, besterik gabe.

Hull-en esanetan norbaitek esandakoa ulergarri izateko minutuero 124 - 130 hitz tarteko erritmo batean hitz egin behar du. Beraz askotan arazoa ez da haurrek ez dutela kasorik egiten, baizik eta ez dutela ulertzen irakasleek edo gurasoek diotena azkarregi hitz egiten zaielako.

Bob Belaki eta bestelako marrazki bizidunak

Azkar hitz egiten duten marrazki bizidunek eragin negatiboa omen dute haurrengan, batez ere adi edo konzentratuak egoteko funtzioetan. Ikerketa txiki batek erakutsi du Bob Belaki ikusten duten lau urteko haurrek adin bereko beste haur batzuek baino konzentrazio maila txikiagoak dituztela.

Teknologiaren eragina

Orokorrean denok hitz egiten dugu azkarregi, azken boladan telebista, tuitak, tresna teknologikoek,... gogor eragin dutelako joera honetan. Ulergarriagoak izateko astiroago hitz egin beharko genukeela azaltzen du How technology is turning us into faster talkers artikuluak.

Bestalde, adina aurrera doan heinean abiadura handian hitz egindakoak ulertzeko gaitasuna galtzen goaz, 30 urtetik gora beherantz egiten dugu eta 73 urte inguruan abiadura handian esandako hitzak ulertzeko gaitasuna 3 urteko haur baten parekoa da.

Eta euskaraz, zein da abiadura egokia?

Ingelesez minutuan 124- 130 hitz esatea abiadura egokia bada, zein da euskaraz ulergarri hitz egiteko erritmo egokia? EIZIE elkarteak interpreteen lana erraztu eta hizlarien mezua hobeto emateko zenbait aholku ematen ditu abiadura normalean hitz egitea gomendatze du, ez motelegi ez bizkorregi, baina ez du zehatz argitzen zein den abiadura "normal" hori. 3 minutuan orrialde bat irakurtzea dio, baina nolako orrialdea? Gomendio eskaintzen duen orrialdeak 370 hitz ditu , beraz euskaraz abiadura normal batean 125 hitz minutuka?

Maite Goni irakasleak EGAko azterketetan laguntzeko prestatu zuen dokumentuan EGA azterketetan abiadura minimo bat eskatzen dela dio. Baina jarraian zein den esatea oso zaila gertatzen dela gehitzen du.

Badago euskaraz ulergarri hitz egiteko abiadura egokia?

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

 Nabigatu euskaraz