Andolin Eguzkitza gogoan Santurtziko Mamariga Kulturgunean

Andolin Eguzkitza zena gogoan izango dute datorren ostiralean, abenduaren 16an, Santurtzin, jaio zen herrian, eta egun horretatik aurrera txoko bat izango du zabalduko den zentro kultural berrian, hots, Mamariga Kulturgunean. Zentro hori ostiralean bertan inauguratuko da, eta, besteren artean, Andolin Eguzkitzaren omenezko panel bat ikusgai jarriko dute. Bestalde, "Euskera agerkaria" erakusketa zabalduko da, eta urtarrilaren 9ra arte egongo da zabalik. Erakusketak 92 urte bete dituen Euskera Akademiaren agerkari ofizialaren ibilbidea eta edukiak ditu hizpide. Euskaltzaindiak antolatzen du, Bilbao Bizkaia Kutxaren laguntzarekin.

Andolin Eguzkitza (Santurtzi, 1953 - Bilbo, 2004) idazle eta euskaltzain osoa izan zen, orain arte Ibaizabalen itsasadarraren ezkerraldean Euskaltzaindiak izan duen kide bakarra. Bere omenez erakutsiko den panel horretan bere bizitzaren zertzelada batzuk gogoratzeaz gain, hark idatzitako liburuak ere ekarri dituzte gogora.

thumb_eguzkitza

Bestalde, Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofizialari buruzko erakusketa zabalduko da. Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria da komisarioa. Gida-liburu bat argitaratu da, lau hizkuntzatan: euskaraz gain, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.

"Euskera agerkaria" hainbat lekutan izan da ikusgai: Bilboko eta Donostiako Liburu Azoketan, Jean-Baptiste "Battittu" Coyosen sarrera-ekitaldian, Maulen, eta Gasteizko Artium Museoan eta Ignacio Aldecoa Kultura Etxean.

 

Iruzkin bat idatzi


Segurtasun kodea
Freskatu