Europako toponimia aski xehe arautu ondoren, Ekialde Hurbileko eta Ipar Afrikako toponimia nagusia lantzeari ekin dio Euskaltzaindiko Exonomastika batzordeak. Lan horren lehen emaitza dira 160. eta 161. arauak: bietan argitaratu ditu Euskaltzaindiak Turkia, Azerbaijan, Armenia eta Georgiako toponimia eta alfabetoetako euskararako transkripzio-irizpideak.
160. arauak Anatoliako eta Hego Kaukasoko toponimia du izena, eta Turkia, Azerbaijan, Armenia eta Georgia gaurko estatuetako 57 leku-izen ematen ditu tokian tokiko hizkuntzan, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Arauak gaur egungo izenak (Abkhazia, Istanbul, Karabakh Garaia…) nahiz izen historikoak (Zesarea Kapadoziakoa, Otomandar Inperioa, Ate Gorena…) jasotzen ditu, geografia politikoari (Sokhumi, Nakhitxevango Errepublika Autonomoa…) zein fisikoari (Taurus mendiak, Kura ibaia…) dagozkionak. Izen-zerrendaz gainera, arauan zenbait ohar eta irizpide zehaztu dira turkieraren eta azerbaijaneraren zenbait letra bereziren idazkerari buruz.
Arau horren osagarria da berarekin batera landu den 161. araua, Georgieraren eta armenieraren alfabetoetan idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio-sistemak izenekoa. Georgiera eta armeniera ez dira idazten latindar alfabetoa erabiliz. Horrenbestez, leku horietako izenak jatorrizko formatik, jatorrizko alfabetotik, latindar alfabetora aldatu behar dira. Horretarako, transkripzio-irizpideak landu ditu Euskaltzaindiak, alfabeto zirilikoaren kasuan egin zuen bezala (156. araua), tokian tokiko adituak begirale izanik. Nazioartean bi hizkuntza horietako izenak latindar alfabetora aldatzeko sistemak eta sistema bakoitzaren erabilera-esparrua deskribatzeaz eta aztertzeaz batera, euskarara aldatzeko baliokidetza-taulak ematen ditu arauak.
Laster argitaratuko dira Ekialde Hurbileko gainerako lurraldeetako eta Ipar Afrikako lurraldeetako toponimia nagusia biltzen duten arauak, hots, arabiera hizkuntza ofiziala duten herrialdeetakoak, baita Israelgo kasu bakana ere.
Jose Luis Lizundia eta Alfontso Mujika
Exonomastika batzordea