Plazaberri artxiboa

Plazaberrin harpidetu:

Plazaberri

Miren Lourdes Oñederra euskaltzaina izendatu dute Societas Linguistica Europaea erakundearen "Executive Committee"ko kide

Miren Lourdes Oñederra euskaltzaina izendatu dute Societas Linguistica Europaea (SLE) erakundearen "Executive Committee"ko kide. Irailean burutu zuen SLE erakundeak bere urteko 44. biltzarra, eta bertan izendapen berriak egin zituen. Euskaltzaina 2014ra arte izango da batzorde betearazle horren kide. 

Societas Linguistica Europaea (SLE) 1965ean sortu zen, Parisen, André Martinet hizkuntzalari ospetsuaren ekimenez, hura lehen presidentea izan zelarik. Erakunde horrek mundu osoko eskola ezberdinetako hizkuntzalariak batzen ditu.

thumb_oederra

Oñederra euskaltzain osoa da, 2007ko azaroaren 30ean izendatua. Filologia Hispanikoan lizentziaduna, eta Euskal Filologian doktorea, Euskal Herriko Unibertsitateko katedraduna da. Idazlea ere bada, eta besteren artean, Eta emakumeari sugeak esan zion liburuaren egilea da, sari asko jaso zuena. Aurretik ere izana da Lourdes Oñederra SLE-ren "Executive Committe"ko kidea (1999tik 2005era).

 

Euskaltzaindia "Izanaren izena" hitzaldi zikloan

Amaitu da urrian zehar "Izanaren izena" izenburupean Elgoibarko Izarra Kultur Elkarteak eta Udalak burutu duten hitzaldi zikloa. Ziklo horren bigarren hitzaldian Jesus Mari Makazaga euskaltzain urgazle, Akademiako Gramatika batzordeko idazkari eta EHUko Euskara Zerbitzuko buruak Elgoibarko ahozko euskara liburua aurkeztu zuen. Liburua EHUk eta Euskaltzaindiak argitaratu zuten, Akademiaren Iker bildumaren 25. zenbakia da eta 2011ko apirilean aurkeztu zen Akademiaren egoitzan.

"Izanaren izena" zikloaren lehen hitzaldia urriaren 5ean egin zen, hauek hitz egin zutelarik: Amaia Pinacho eta Nerea Alaba Elgoibarko Toponimia lanaren egileek, eta Mikel Gorrotxategi Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko idazkari eta lan horren tutorea izan denak. Zikloaren azken saioan Mikel Gorrotxategi izan zen hizlari, urriaren 26an. Gorrotxategik "Amaia, debekatuta zaude!"  izeneko hitzaldia eman zuen.

thumb_elgoibar_makazaga

 

Luis Villasante Euskararen Ikergunearen inaugurazioa: Andres Urrutiaren hitzak

Urriaren 28an Euskaltzaindiaren Luis Villasante Euskararen Ikergunea inauguratu zen Donostian. Ikerguneak Euskaltzaindiak Gipuzkoan dituen zerbitzu, egitasmo eta lantalde guztiak batzen ditu: ordezkaritza ez ezik, Jagonet Zerbitzua, Joanes Etxeberri egitasmoa (Euskararen Historia Soziala) eta Euskaltzaindiaren Hiztegigintzan lan egiten duten taldeak ere.

Ekitaldian euskalgintzaren ordezkaritza zabala izan zen, bai eta herri-aginteekiko ordezkari hauek ere: Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Juan Carlos Izagirre Donostiako alkatea, Carmen Gutierrez Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirola saileko zuzendari nagusia, Miren Dobaran Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara sustatzeko zuzendari nagusia, Frantxua Maitia Euskararen Erakunde Publikoaren burua, Máximo Gomez Euskarabidearen zuzendari kudeatzailea eta Lourdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikorako sailburuordea. Bestalde, Miriam Villasante Luis Villasanteren iloba eta Joxe Mari Arregi Arantzazuko Frantziskotarren goardiana han izan ziren, eta Andres Urrutia euskaltzainburuarekin batera "Luis Villasante Euskararen Ikergunea" izena daraman plakari estalkia kendu zioten.

Hona ekartzen ditugu Andres Urrutia euskaltzainburuak esan zituen hitzak.

thumb_2011-10-28_Tolare_Luis_Villasante_Euskararen_Ikergunearen_inaug_063

 Andres Urrutiaren hitzak 89,73 Kb

thumb_2011-10-28_Tolare_Luis_Villasante_Euskararen_Ikergunearen_inaug_044 thumb_2011-10-28_Tolare_Luis_Villasante_Euskararen_Ikergunearen_inaug_077
thumb_2011-10-28_Tolare_Luis_Villasante_Euskararen_Ikergunearen_inaug_092 thumb_2011-10-28_Tolare_Luis_Villasante_Euskararen_Ikergunearen_inaug_085