Plazaberri artxiboa

Plazaberrin harpidetu:

Plazaberri

EHU eta Euskaltzaindiaren gogoeta, Aitzol eta Euskal Pizkundearen mezuaren haritik

Gaur, urriaren 14an, Euskaltzaindiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolaturik, Jose Ariztimuño "Aitzol" idazle eta kultur eragilea eta Euskal Pizkundea omentzeko, "Euskara biziberritzeko bi ekinaldi XX. mendean. Aitzol eta bere lagunak: Euskal Pizkundea (1927-1936) eta mende bukaerakoa (1980-2011)" jardunaldia egiten ari da Bilbon, EHUren Bizkaia Aretoan (Abandoibarra hiribidean).

Jesus Mari Makazaga EHUko Euskara Zerbitzuko zuzendariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak zabaldu dute Jardunaldia, eta ongi etorria emateaz gain, ekimen honen xedea azaldu dute. Hala, bada, Aitzolek bultzatzen zuen Euskal Pizkundearen kultura-proiektua aldarrikatu dute biek; batetik, Makazagak honela esan du: "Proiektu kultural hark hiru zutabe nagusi zituen: hezkuntza (hezkuntza elebiduna), hizkuntza (euskara) eta kultura (euskal kultura). Bestetik, Andres Urrutiak hauxe adierazi du: "Orduko hura gaurko gizartean txertatzea, horixe da jaso behar dugun mezua".

Goizeko saioan Colin Williamsek, Antxon Narbaizak, Miren Azkaratek eta Lourdes Otaegik hitzaldi bana eman dute. Arratsaldean, 16:00etan, mahai-inguru bat izango da. Colin Williams (Cardiffeko Unibertsitatea), Patxi Baztarrika (Andoaingo Udaleko euskara teknikaria) eta Jone Miren Hernandez (UPV/EHU) izango dira hizlariak, eta gaia "Hizkuntza gutxituak: ezagutza / erabilera. Hizkuntzaren aurreko jarrerak".

thumb_2011-10-14_007

 

Ondarearen Europako jardunaldiak Euskaltzaindian

Gaur, urriaren 14an, egin da 2011ko Ondarearen Europako Jardunaldien laugarren saioa Euskaltzaindiaren egoitzan. Ezaguna denez, "Argiak eta aurrerapena. Bizkaia Ilustrazioaren garaietan" izenburupean, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen dituen jardunaldi horietan, Bizkaiko hainbat herri ez ezik, hainbat erakunde ere parte hartzen ari dira. Partaide horien artean Euskaltzaindia dago, eta urrian zehar "Euskara, ondare immateriala" egitaraua burutzen ari da.

Gaur, Akademian, hitzaldi bi izan dira: "Euskararen jatorria", Xabier Kintana Euskaltzaindiaren idazkariak emanda, eta "Euskarazko izenen oroimena berreskuratzen, Mikel Gorrotxategi Onomastika batzordeko idazkariaren eskutik. Horrezaz gain, Azkue Biblioteka ikusi ahal izan dute bisitariek, Josune Olabarria langileak gidaturik.

Jardunaldi hauetako hurrengo saioa -azkena Euskaltzaindian- datorren astelehenean, urriaren 17an, izango da. Goizeko 10:00etan bisita gidatua izango da, eta 11:00etan "Euskararen corpusa eguneratzeko lana" hitzaldia emango da.

thumb_2011-10-14_ONdarearen_Europako_Jardunaldiak_052

 

Colin Williams Galesko hizkuntzalaria Euskaltzaindian

Gaur, urriaren 13an, Colin Williams hizkuntzalari galestarra Euskaltzaindian izan da, eta Xabier Kintana idazkariak lagundurik, Akademiaren egoitza bisitatu du. Williamsek parte hartuko du bihar, Bilbon, Euskaltzaindiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatu duten "Euskara biziberritzeko bi ekinaldi XX. mendean. Aitzol eta bere lagunak: Euskal Pizkundea (1927-1936) eta mende bukaerakoa (1980-2011)" izeneko jardunaldian, bi erakundeok Aitzol eta Euskal Pizkundearen omenez burutuko dutena. Jardunaldia Bilbon egingo da, Euskal Herriko Unibertsitatearen Bizkaia Aretoan (Abandoibarra hiribidean)

Jardunaldi horretan, Colin Williamsek "Europe's Long Century of Language Recognition: Policies and Outcomes’" izeneko hitzaldia emango du, goizeko 9:30ean. Hitzaldian aldibereko interpretazio-zerbitzua izango da, ingelesetik euskarara.

Colin H. Williams Galesen jaio zen 1950ean. Cardiff-eko Unibertsitateko irakaslea da. Gizarte zientzetan, giza geografian eta hizkuntza plangintzan aditua da. 2000. urtean, Hizkuntzaren Galesko Kontseiluko kide izendatu zuen Galesko Batzar Nazionalak. 2010. urtean, Galesko hamalau taldek gutun irekia bidali zioten hango Kultura ministro Alun Ffred Jonesi, eta bertan eskatzen zioten galesa hizkuntza ofizial egiteko, eta hura eskoletan nahiz kalean bultzatzeko neurriak hartzeko. Sinatzaileen artean Colin Williams zegoen.

thumb_colin_williams