Plazaberri artxiboa

Plazaberrin harpidetu:

Plazaberri

Miren Agur Meabek eta Ibone Ibazetak "Bitsa eskuetan" aurkeztu dute Euskaltzaindian

Atzo, azaroaren 9an, Euskaltzaindiaren egoitzan, Miren Agur Meabek eta Ibone Ibazetak Bitsa eskuetan emanaldia aurkeztu zuten, Bilbo Zaharra Forumek antolatutako jardunaldien lehen saioan. Jardunaldi horiek hitza eta musika izango dute hizpide.

Hiru emanaldik osatuko dute jardunaldiok, eta ostegunetan egingo dira. Bigarren saioa azaroaren 17an izango da, iluntzeko 19:00etan; Xabier Amurizak eta Jon Maiak Mende baten aldarria emanaldia eskainiko dute.

thumb_2011-11-9_Bilbo_Zaharra_Forum_Meabe_Ibazeta_034

 

"Arabatik Arabara euskaraz" Euskaltzaindiaren XVI. Jagon Jardunaldiak ostiralean izango dira, Gasteizen

Azaroaren 11n, ostiralean, Akademiaren Sustapen batzordeak antolatuak, XVI. Jagon Jardunaldiak egingo ditu Euskaltzaindiak, Gasteizen, Artium Museoan, "Arabatik Arabara euskaraz" izenburupean. Arabako elkarte eta erakundeekin batera, eta Foru Aldundiaren laguntzarekin, egingo ditu Akademiak jardunaldi hauek. Gainera, egun osoan zehar, Euskera Euskaltzaindiaren aldizkari ofiziala eta Araba oinarritzat hartuta, Akademiak argitara emandako liburuak hizpide dituen erakusketa bat ikusgai izango da. Eta, jardunaldiak amaitzeko, Henrike Knörr zena omenduko dute.

Jardunaldi horien nondik norakoa azaltzeko, prentsaurrekoa egin dute gaur, Arabako Foru Aldundian, bi erakundeek. Aldundiaren izenean, Iciar Lamarin Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol saileko diputatua izan da, eta Euskaltzaindiarenean, Sagrario Aleman Sustapen batzordeko burua eta Manu Ruiz Urrestarazu Akademiaren Arabako ordezkaria.

thumb_2011-11-9_014

 XVI. Jagon Jardunaldien egitaraua 36,04 Kb

 

"Narrazioak eta olerkiak 2010" liburua kalean da

Narrazioak eta olerkiak 2010 liburua kalean da. Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak eta Euskaltzaindiak deitutako 2010eko Resurreccion Maria Azkue sarietan irabazle izandako narrazioak eta olerkiak batzen dira liburu honetan. Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak urtero deitzen dute lehiaketa hau, eta urtero argitaratzen dute liburua. Euskal eskola-umeak eta gazteak literaturgintzara bultzatzeaz gainera, euren artean irakurketa indartzea dute helburu nagusi sari hauek.

2010ean, hauek izan ziren irabazleak: Maialen Uriarte, Garazi Alegria, Edurne Bilbao, Mikel Kaltzakorta, Aritz Olarte, Amaia Iturriotz, Elene Etxaniz, Irati Oregi, Asier Badiola, Anartz Izagirre eta Mikela Atxorena. Akzesita lortu zuen Leire Akizuren lana ere argitaratu da liburuan.

Epaimahaikideak hauek izan ziren: Yolanda Arrieta, Igone Etxebarria eta Antton Irusta, A mailan; eta Joseba Butron, Jabier Kaltzakorta eta Mayi Iza, B mailan.

Bestalde, Resurreccion Maria Azkue Literatur Sarien edizio berrirako lanak aurkezteko epea 2011ko abenduaren 16an amaituko da. Lanak helbide honetara bidali beharko dira: Euskaltzaindia. Plaza Barria, 15. 48005 Bilbo. Oinarriak ikusteko sakatu hemen.

thumb_azkue_azala

 Liburuaren aurkibidea 29,53 Kb

Liburua eskuratzeko sakatu hemen