Plazaberri artxiboa

Plazaberrin harpidetu:

Plazaberri

Euskaltzaindia Tafallan

Aurrez ikusi bezala, gaur Euskaltzaindia Tafallan da. Aurtengo Nafarroa Oinez antolatzen duen Garcés de los Fayos ikastolarekin batera, Akademia hainbat ekitaldi egiten ari da egun osoan zehar, betiere eskualde horretako euskaltzale guztiei bere babesa erakusteko asmoz.

Hala, bada, goizean, Euskaltzaindiaren osoko batzarra egin da, Tafallako Udaletxean. Gero, El movimiento de las ikastolas. Un pueblo en marcha liburua eta Euskaltzaindia eta Nafarroa argitalpena aurkeztu dira. Ondoren, euskaltzainek ikastola bisitatu dute eta bisitaren ostean, Francisco de Eraso eta David Jaime Dean Tafallako euskaltzaleen oroitzapenezko plakak inauguratu dira.

Arratsaldean, Akademiaren Sustapen batzordeak lan bilera egingo du, Kultura Etxean. Eta azkenik, 17:30ean, Kultura Etxean ere, ageriko ekitaldia egingo du Euskaltzaindiak, ikastolarekin batera.

thumb_tafallan

 

Euskaltzaindiaren 2010eko Oroitidazkia frantsesez eta gaztelaniaz

Euskaraz ez ezik, Euskaltzaindiaren 2010eko Oroitidazkia frantsesez eta gaztelaniaz ere irakur daiteke, gaurtik aurrera, Euskaltzaindiaren webgunean. Izan ere, orain arte euskarazko testua bakarrik zegoen  webgunean. Euskaltzaindiak 2010ean egin zituen lanen berri ematen duen txostena da Oroitidazkia, eta PDF formatuan eskaintzen da.

2010eko Oroitidazkiak ondoko atalak ditu: Xabier Kintana Akademiaren idazkariaren sarrera, Erakundearen jarduerak, Akademia jarduera, Erakunde Zerbitzuak eta Herri Administrazio eta erakundeak.

 

Argitalpen digital hau "Erakundearen berri" sailean kontsulta daiteke, Oroitidazkiak atalean.

thumb_azala_fr

thumb_azala_es

 

"El movimiento de las ikastolas. Un pueblo en marcha" liburuaren aurkezpena

Aurtengo Nafarroa Oinez dela eta, Euskaltzaindiak eta Garcés de los Fayos ikastolak antolatu dituzten ekitaldien barruan, datorren ostiralean, irailaren 30ean, El movimiento de las ikastolas. Un pueblo en marcha liburua aurkeztuko da Tafallan. Liburu hau Euskaltzaindiaren Jagon bildumaren 13. zenbakia da. Akademiaren eta Ikastolen Elkartearen arteko lankidetzaren emaitza da eta BBKren laguntzarekin argitaratu da.

Liburuak Ikastolen historia soziala kontatu nahi du, eta historia horrekin zerikusia duten datuak, gertaerak, edota lekukotzak biltzen ditu, besteak beste. 2010ean, euskaraz argitaratu zen, Ikastola mugimendua. Dabilen herria izenburuarekin eta orain gaztelaniaz kaleratu da; itzulpena Jorge Giménezek egin du. Aurkezpen bi egingo dira: goizean, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolak europar kooperatibaren presidenteak aurkeztuko dute, eta arratsaldean, ageriko bilkuran, Iñaki Etxezarreta Ikaselkar-eko zuzendariak. Bestalde, bilkura berean, Andres Iñigok Euskaltzaindia eta Nafarroa liburuxka aurkeztuko du.

thumb_ikas_azala

 Liburuaren aurkibidea 57,30 Kb