Plazaberri artxiboa

Plazaberrin harpidetu:

Plazaberri

"Erlea" aldizkariaren zenbaki berriaren irakurketa berezia egingo da asteazkenean Bilbon, BBK aretoan

Azaroaren 30ean, asteazkenean, Erlea aldizkariaren zenbaki berriaren irakurketa berezia egingo da, iluntzeko 19:30ean, Bilboko BBK Aretoan (Kale Nagusia, 19). Musika eta irudiak lagun dituztela, irakurketa horretan, aldizkarian parte hartu duten hainbat sortzaile izango dira. Emanaldia Euskadi Irratiaren eta Radio Euskadiren laguntzarekin antolatu da.

Erlea 5 aldizkariak bi gai nagusi ditu: Euskal Herria eta komikiak, batetik, eta autoak, bestetik. Zenbaki berri honetan hauek izan dira partaide: Piarres Aintziart, Iñaki Aldekoa, Jon Alonso, Kepa Altonaga, Kike Amonarriz, Uxue Apaolaza, Iñigo Aranbarri, Marisol Bastida, Iñaki Berazategi, Miel A. Elustondo, Estibalitz Ezkerra, Jose Fernández de la Sota, Aritz Galarraga, Juan Gorostidi, Felix Ibargutxi, Juan Kruz Igerabide, Jacinto iturbe, Joxemari Iturralde, Koldo Izagirre, Manu Lopez, Joseba Luzuriaga, Xabier Mendiguren, Lourdes Otaegi, Iñaki Mendizabal, Lorenzo Rojo, Joxean Sagastizabal eta Iban Zaldua. Irudigileak, ostera, Ernesto Valverde, Jon Zabaleta eta Marta Cárdenas izan dira.

Bestalde, goizean, Erlea 5 kazetariei aurkeztuko zaie, prentsaurreko batean. Goizeko 11:30ean izango da, leku berean, hots, BBK Aretoan (Bilboko Kale Nagusia, 19).

thumb_erlea_5

 Erlea 5 aldizkariaren aurkibidea 106,46 Kb

 

"Euskal Gramatika. Lehen Urratsak" bildumaren azken liburukia kalean da

Euskal Gramatika. Lehen Urratsak – VII (Perpaus jokatugabeak) liburukia Euskaltzaindiaren Gramatika batzordeak egin duen lanaren emaitza da eta amaiera ematen dio "Euskal Gramatika. Lehen Urratsak" izeneko bildumari. Andres Urrutia euskaltzainburuak, Andoni Sagarna Iker sailburuak eta Pello Salaburu Gramatika batzordeko buruak gaur aurkeztu dute Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Salabururen esanetan, "lan txukuna da, erabilgarria eta zenbait gauzatan argia emango duena".

Berri pozgarritzat jo du Andres Urrutiak EGLU bilduma amaitu izana: "Euskaltzaindiari dagozkion lanen artean, hasieratik, Gramatika nabarmentzen da, Hiztegigintza, Toponimia, Onomastika eta Literaturarekin batera. Orain Euskaltzaindiak aldi oso bati amaiera ematen dio, gramatika arloan, eta hori pozgarria da". Aurreko liburuki guztiak Akademiaren webgunean kontsulta daitezkeela ere gogoratu nahi izan du. "Bilduma honen aurreko liburukiak Euskaltzaindiaren webgunean daude, beraz, osotasun batean ari gara".
thumb_2011-11-25_EGLU_VII_aurkezpena_006

Liburua eskuratzeko sakatu hemen.

 

Euskal Onomastikaren Datutegia (EODA) eta Argitalpen katalogoa frantsesez kontsultagai Euskaltzaindiaren webgunean

Euskaraz eta gaztelaniaz gain, Euskal Onomastikaren Datutegia (EODA) eta Akademiaren Argitalpen Katalogoa frantsesez ere kontsulta daitezke Euskaltzaindiaren webgunean, gaurtik aurrera.

EODA deitutako datu-basean, Euskaltzaindiaren Onomastika batzordearen lanak biltzen dira. Lanok lau multzo nagusitan banatzen dira: pertsona-izenak, deiturak, toponimia (leku-izenak) eta exonimia (Euskal Herritik kanpoko leku-izenak).

Argitalpen katalogoa liburuz eta aldizkariz osatua dago. Kontsulta egiterakoan, liburu guztien oinarrizko informazioa eskaintzen da: egilea, bilduma, editorea, hizkuntza, prezioa eta gaia. Katalogoa gaika antolatu da: Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala: Euskera; euskal literatura klasikoa; Linguistika; Soziolinguistika; Onomastika eta Toponimia; hiztegiak eta izendegiak; Gramatika arloa; euskaraz trebatzeko irakurgaiak; Dialektologia; Euskaltzaindiaren lan instituzionala; sarituriko literatura lanak (BBK-Euskaltzaindia); katalogoak; euskal aditzarekiko ikerketak (Pedro Irizar); eta bestelakoak.

Argitalpen asko bertsio digitalean eskaintzen dira, "Hizkuntza baliabideak" izeneko atalean.

thumb_webgunea_fr