Hiztegigintza

Euskaltzaindiak lehentasuna eman dio, sorreratik, hiztegigintzari. Izan ere, Hizkuntza Akademia batentzako hiztegigintza oinarri-oinarrizko eginkizuna da. Akademia sortu berriak 1920an eratu zituen bost batzordeetako bat, hain zuzen, Iztegisaila izan zen.

1955ean, Euskaltzaindiak enkargua luzatu zion Koldo Mitxelena euskaltzainari Resurrección Maria Azkueren Diccionario Vasco-Español-Francés (1905-06) obra eguneratu, zuzendu eta osotzeko. Mitxelena berehala konturatu zen hiztegia osatzeko lan mardulagoa egitea ezinbestekoa zela, pertsona batek baino, lan-talde zabalak burutu beharrekoa. Orotariko Euskal Hiztegia egiteko lehen urratsa zen.

Bitartean, Euskaltzaindia beste maila bateko hiztegigintzan ere aritu zen, alorrez alorreko hiztegi eta izendegi espezializatu txikiak lantzen. 1960ko hamarkadaren bukaeran hasi zen Euskaltzaindia alorrez alorreko hiztegigintzan, hala nola geometria eta geografia, etxegintza, zuzenbide, musika, arkitektura, matematika, zientzia-teknika, banka, arte, administrazio eta merkataritza arloetako izendegiekin. Merkatalgo izendegia-k (1974) eta Zortzi urte arteko ikastola hiztegia-k (1975) ikusi zuten argia hurrengo hamarkadan.

Amaituta dagoen Orotariko Euskal Hiztegiaz gain, Euskaltzaindiak beste bi proiektu garrantzizko ditu eskuartean: Euskaltzaindiaren Hiztegia eta Hiztegi Batua.

Hiztegi Batua

Euskaltzaindiak, sortu zenetik orain arte, hiztegi alorrean hartu dituen erabaki eta gomendioak kontuan izanik, Hiztegi Batua izeneko hitz zerrenda onartu du, euskal hitzen, aldaeren eta horien guztien erabileren zuzentasuna edo egokitasuna erabakiz.

Ikusi Hiztegi Batua egitasmoa

Zuzenean:

Orotariko Euskal Hiztegia

Orotariko Euskal Hiztegia obra deskriptiboa da, eta ez arauemailea, ez normatiboa. Haren xedea garai, toki eta mota guztietako euskal hitz-ondarea biltzea da.

Ikusi Orotariko Euskal Hiztegia egitasmoa

Zuzenean:

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak.

Euskara-euskara hiztegia da, Hiztegi Batuan argitaratutako hitzekin eta formekin, bakoitzaren adieraren azalpenarekin eta adibideekin hornituta.

Ikusi Euskaltzaindiaren Hiztegia egitasmoa

Zuzenean:

Euskal Hiztegi Historiko eta Etimologikoa

Euskal hitzen orain arteko ikerketa historiko eta etimologikoetatik abiatuta, eta Orotariko Euskal Hiztegian bildutako informazioa baliatuta, euskal hitzen jatorria eta historia modu sistematikoan aztertzea da asmoa.

Ikusi Euskal Hiztegi Historiko eta Etimologikoa egitasmoa

Zientzia eta Teknika hiztegia biltzeko egitasmoa

Euskara batuaren hiztegia zientziazko, teknologiazko eta jakintzako terminoez aberasteko asmoarekin, Zientzia eta Teknika Hiztegia Biltzeko egitasmoa eratzea erabaki zuen 2007an Euskaltzaindiak. Arlo horietako hitz oinarrizkoak bildu eta aztertu ondoren, Hiztegi Batuan txertatuko dira.

Ikusi Zientzia eta Teknika Hiztegia egitasmoa

Lexikoaren Behatokia

Lexikoaren Behatokia egitasmoa UZEI, Elhuyar eta EHUko IXA taldearekin garatzen ari da Euskaltzaindia. Komunikabideek argitaratzen duten edo aireratzeko idazten duten materialarekin corpus monitore bat eraikitzea da helburua.

Ikusi Lexikoaren behatokia egitasmoa