Hiztegi batua

Bilatu:

Argibideak

Esku artean duzun Hiztegi honek, Euskaltzaindiak, sortu zenetik orain arte, hiztegi alorrean hartu dituen erabaki eta gomendio guztiak hartzen ditu bere mendean; hots, aurreko erabaki edo gomendioren bat ados ez badator Hiztegi honetan esaten denarekin, honi jarraitu behar zaio eta ez hari. Hortaz, Hiztegi Batu hau da, Euskaltzaindiarentzat, euskal hitzen, aldaeren eta horien guztien erabileren zuzentasuna edo egokitasuna erabakitzeko irizpidea. Hurrengo lerroetan, Hiztegi Batu honen edukiaren zenbait alde argitzen saiatuko gara.

Euskaltzaindia konturatzen da irakurleak ez duela, agian, Hiztegi Batuaren lehen idatzaldi honetan argibiderik aurkituko eguneroko lanean behar dituen hainbat hitzez, eta era berean, alferrikakoak irudituko zaizkiola beste zenbait hitzi buruzkoak, inoiz erabiliko ez dituelakoan. Metodo kontu bategatik jokatu dugu horrela. Hiztegi Batua ontzen hasteko orduan, Euskaltzaindiak, lehenbizi, orain artean bere izenaren pean argitaratu dituen hitz zerrenda eta hiztegiak aztertu behar zituen, eta horietako hitzek Hiztegi Batuan izan behar zuten forma eta edukia erabaki. Nolanahi ere, hitz horiekin batera, orobat bildu ditugu Hiztegi Batuaren lehen idatzaldi honetara gure literatura tradizioan ongi finkaturiko hitzak, eta baita azken hogeita hamar urteotako testuetan agertzen direnak ere, osaera zuzenekoak izanik premia bati erantzuteko egokitzak jo direnean.

Forma bat edo beste aukeratzeko orduan, irizpide nagusiak bi hauek izan dira:

a) tradizio idatziko eta egungo erabilera; gaur egun, orain arte ez bezala,Hiztegi Batuari berme sendoarekin ekiteko moduan ezagutzen ditugu erabilera horiek Orotariko Euskal Hiztegia-ri eta Egungo Euskararen Bilketa-lan Sistematikoa-ri eskerrak.

b) alde bateko eta besteko euskaldunak batzen gaituzten formak hobestea; mailegu berrietan, esaterako, nazioarteko formen alde egin dugu, eta horrelakorik ez dagoen kasuetan, Iparraldeko eta Hegoaldekoentzat onargarri gertatzen direnei eman zaie lehentasuna. Forma bakarrera iristeko oinarririk edo indarrik ikusi ez denean, forma lehiakideak eskaini dira, kasuan kasuko argibideak emanez, beherago adieraziko den eran.

Hiztegian jasotzen ez diren hitzei buruz esan behar da, bestalde, Euskaltzaindiak ez dituela oraingoz onartzen, baina ezta gaitzesten ere. Nahiago izan dugu alderdiren batetik eragozpenen bat agertzen duten hitzak bigarren ekinaldiko azterketa zehatzagoaren ondoren onartzeko utzi, euskaldunen egungo premia larriek hertsaturik arinkeriaz jokatu baino. Erraza da forma bat proposatzea; ez hain erraza, askotan, alde guztiei begiraturik etorkizunerako egokiena gerta daitekeena eskaintzea. Euskaltzaindiak bigarren era honetan aritu behar du ezinbestean.

Jakina denez, euskal hitz askok hainbat aldaera agertzen dituzte tradizioko testuetan. Horrelakoetan, jakina, aldaera bat onartu du Euskaltzaindiak, eta besteak baztertu, oro har. Aldaera baztertuekin bitara jokatu dugu: batetik, gaur egun zalantzaren bat sortzen dutenak berariaz baztertu ditugu, aldaera baztertuari izartxo bat erantsiz eta e. [ = erabil] ikurraren ondoan forma hobetsia adieraziz: "erropa* e. arropa", adibidez; bestetik, batasunak hogeita hamar urteko bidea ibili ondoren gehiengo zabalak dialektaltzat jotzen dituen aldaerak —barri edo izandu bezalakoak, esaterako— ez ditugu aintzat hartu hiztegian. Beste batzuetan, hitza bera baztertu da, haren ordezko bat erabili behar dela adieraziz. Dena dela, esan behar da e. ikurra daramaten hitzok adierarik arruntenetan soilik gaitzesten direla: esaterako, "kartera* e. diru(-)zorro, paper(-)zorro" sarrerak adierazten du adiera horretan, eta ez bestetan, gaitzesten dela kartera-ren erabilera; kartera hitzak izan ditzakeen beste adierez ez da lehen idatzaldi honetan ezer esaten.

Hainbat hitzen formaren ondoan Bizk., Ipar. eta Naf., Gip.... ikurrak ematen ditugu. Euskalki markaren bat azaltzen duten hitz horiei buruz esan behar da ez dela inondik ere Euskaltzaindiaren asmoa, marka horiek eranstean, horrelako hitzak baztertzea; aitzitik, euskalki hitzok Hiztegi Batuan sartzeak adierazten du Euskaltzaindiak bultzatu egin nahi dituela idazleak hitz horiek erabiltzera —jakinaren gainean eta nori bere senak agintzen dion eran, jakina— horrela euskaldun guztien ondare komuna bihurtuz joan daitezen.

Heg. ikurraren esanahia bestelakoa da, eta bitarikoa. Batzuetan, Heg. ikurraren bidez adierazi nahi dugu, delako hitza berria dela eta gaztelaniaz ez dakitenentzat ezin ulertuzkoa —aleazio, esaterako—; horrelako hitz askok bikotea osatzen dute Ipar. marka daramaten hitzekin —Heg. ikurra duen alfonbra-k Ipar. duen tapiz-ekin adibidez—. Kasu hauetan Euskaltzaindia ez da gauza izan euskaldun guztiok batu gaitzakeen forma bakar bat eskaintzeko, eta, oraingoz, horrelako bikoteekin etsi behar izan du. Beste kasu batzuetan, Heg. ikurrak —aspertu-ren lehen adieran, esaterako— adierazten du delako erabilera Hegoaldekoa soilik dela, eta horrelakoetan, noski, ez zaio horiek erabiltzeari inolako oztoporik jarri nahi. Ez dugu uste inongo irakurlek arazorik izango duenik batzuk eta besteak bereizten.

Beste hitz mota batek ere argibide berezia behar du: "h." [ = hobe] ikurra erantsi zaienak, hain zuzen. Horietan ere bi multzo bereizten ditugu. Lehen multzoa euskalki marka daramaten hitzek osatzen dute. Horrelakoetan, "hobe" hori Euskal Herri osoari begira idazten diren testuetako erabilerari soilik dagokio, eta hitz edo aldaera horiek egokiak dirateke beste kasu batzuetan, Herria astekarian, Bizkaia gehigarrian edo herri aldizkarietan idazterakoan, adibidez. Bigarren multzoa bestelakoei —hots, "zigarro [...] 2 Heg. 'zigarro txikia' h. zigarreta" edo "partidu Heg. 1 h. partida [...]" bezalakoei— dagokie. Hauei buruz Euskaltzaindiak esan nahi du ohartzen dela ez direla denak idazle guztiek egoera guztietan eta berehala onartzekoak, eta agian bide zuhurrena pausokakoa dela, testu jaso eta formalenetatik hasiz, eta bigarren urrats baterako utziz ahozko erabilerei lotuenak. Hemen ere, senak eta egoerak erakutsiko dio idazle edo esatari bakoitzari nola joka arauok betetzeko erantzukizunean.

Euskal hiztegigintzan aspaldi honetan ohi denez, izenak eta izenondoak artikulu gabe ematen ditugu. Aditzei dagokienez, era burutuaz gain aditzoinaren eta era burutugabearen formak ere adierazi ditugu. Zenbaitetan aditzoinarentzat ageri diren aukera bikotzak —ahuldu, ahul(du), ahultzen edo belztu, beltz/belztu, belzten bezalakoak— Euskaltzaindiak dagokion arauan agintzen duenaren ondorio dira: alegia, parentesi arteko du horrekin adierazi nahi da izen, izenondo nahiz aditzondoetatik eratorritako aditzetan, ez dadin ahuldu eta ez dadin ahul, esaterako, onartu direla.

Sarrera nagusien ondoan, tradizioan lekukotasun sendoa duten elkarketazko eratorriak eta esapideak jaso dira azpisarrera gisa. Hauetan ere, eratorri edo esapide jakin bat ez agertzeak ez du esan nahi hura baztertzen denik —berariaz arbuiatzen ez bada, bederen—, baina ezta zernahi eratorri edo esapide onartzen denik ere.

Argi dago Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua, lehen idatzaldi honetan, ortografia hiztegia dela batez ere, hau da, hitzen forma egokiaz ari dena. Ez da hori harritzekoa, arautze bidean gertatzen diren hizkuntza guztiek urrats hori egiten baitute lehenik. Dena dela, aski da Hiztegiari gaingiroki begiratzea besterik ere eskaintzen duela ikusteko. Argibide osagarri horien zer-nolakoak azalduko ditugu hurrengo lerroetan.

Gramatika kategoria aditz guztietan adierazi da, egungo euskal hiztegietan erabili ohi diren klase eta laburduren bidez; gainerako hitzetan, joskera arazoetan argigarria eta zehazgarria gerta zitekeenean soilik adierazi da.

Hainbat sarreratan hitzaren maila adierazi da, behe mailakoak —lagunartekoak eta herrikoiak— eta goi mailakoak edo jasoak —literarioak etab.— bereiziz; ildo beretik, forma adierazkorrak ere hiztegiratu dira. Erabileraren aldetik, hitz zaharkituak —zah.—, gutxi erabili direnak —g.er.— eta gaur egun gutxi erabiltzen direnak —g.g.er.— ere markatu dira. Orobat, teknika eta zientzia hitzei dagokienez, bakoitzaren alorra mugatu da, Mat., Admin. eta kideko laburduren bidez. Animalia eta landare izen nagusi guztiei zientzia izena erantsi zaie. Ahalik eta informazio osagarri gehiena emateko eginahal horretan, ahalegina egin da sinonimoak eta antonimoak ematen. Sinonimoei buruz esan behar da batzuk sinonimo beteak direla eta beste batzuk ez. Esaterako, euskarazko bela guztiak haize-oihal dira, eta orobat haize-oihal guztiak bela; hortaz, "bela Sin. haize(-)oihal" eta "haize(-)oihal Sin. bela" eman ditugu; baina, aldiz, nahiz azote guztiak zigor diren, zigor guztiak azote ez direnez gero, "azote Sin. zigor" eman dugu, baina ez alderantzizkoa.

Sarrera ez gutxitan, gure ustez beharrezkoen gertatzen zen kasuetan, hitzaren adierak eman ditugu, zenbakien bidez. Adiera bakoitza ezaugarritzeko, definizio xumeez eta hitz adierazgarriez baliatu gara: definizioak komatxo artean eta adierazgarriak parentesi artean eman ditugu. Orobat erabili ditugu komatxoak hainbat hitzen esanahia argitzeko eta bide batez hitz erabiliago bat aipatzeko: esaterako, "betortz 'letagina'" ematen dugunean, betortz hitza argitu nahi diogu ezagutzen ez duenari, eta bide batez adierazi betortz baino erabilera zabalagokoa —eta hortaz, egokiagoa askotan— dela.

Adierak ezaugarritzeko, adibideak erabili ditugu beste kasu batzuetan. Esan behar da adibide horietan —eta gorago aipatu diren definizio eta adierazgarrietan—, marratxoa, Euskaltzaindiaren arauaren arabera aukerakoa denean, batzuetan ipini dugula eta besteetan ez, aukerako izate hori errespetatzeko eta adibideok marratxo parentesidunez ez betetzeko. Sarreretan, aldiz, marratxoaren erabileraren arauak zilegitzat jotzen dituen idazkera guztiak eman ditugu. Kontuan izan behar du irakurleak haize(-)oihal-ek haize oihal eta haize-oihal idazkerak biltzen dituela.

Orobat, beharrezko ikusi denean, hitzen erabilera zuzenaz ere egin dira oharrak, zuzenean nahiz zeharka. Esaterako, akabatu-ri 'hil' adiera ezarri zaionean, uste dugu irakurle zuhurrak horrenbestez 'amaitu' adieran onartzen ez dela ulertuko duela. Hiztegi honek, arau kontu guztiak bezala, letra eta espiritua du. Esan gabe doa Hiztegi Batu hau ontzean erabili dugun filosofia dela, batez ere, euskaldunek aintzat hartzea nahi genukeena.

(Euskaltzaindiak, Bilbon, 2000ko martxoaren 31n berrikusia eta onartua)

Oharra: Euskaltzaindiak, 2000ko martxoaz geroztik, Hiztegi Batua osatzen jarraitzen du, bigarren itzuliari ekinez. Bigarren itzuliko hitz-zerrendek osatu eta eguneratu egiten dituzte Hiztegi Batuaren lehen itzuliko kasuan kasuko zerrendak, eta beraz, azken horiek dira kontuan hartzekoak. Bigarren itzuliko hitz-zerrendak, onartu ahala, txertatu egiten dira Hiztegi Batuan.

 

Oharra: Bigarren itzulian orain arte arautuak txertaturik. 2011-09-20

Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.