Helburutzat hizkuntzaren kalitatea harturik, euskararen corpusa jagoteko eginkizuna eman zitzaion Jagon saileko Corpus batzordeari, 1999an sortu zenean.
Administraziotik, hedabideetatik eta beste hainbat arloetatik heltzen zaizkion galderei, zalantzei eta irizpen eskaerei erantzutea da batzordearen lan nagusia. Lan horri erantzun egokia emate aldera sortu zituen, esate batera, komunikabideen lantaldea eta euskalkien lantaldea 2001ean. Euskalkien lantaldeak bide propioa egin du geroztik, eta komunikabideen lantaldeak urte gutxi batzuk iraun zuen, baina alor hori lantzen jarraitzen du Corpus batzordeak berak. 2006tik, “Estrategia komunikatiboak” egitasmoa lantzen ari da, hizkuntzaren ikuspegi komunikatiboaren barruan kokatzen diren estrategia eta gaitasunak aztertzen, alegia.
Jagonet zerbitzua
Jagonet interneten bidez euskararen erabilera zuzena eta egokia eragiteko zerbitzua da, eta bi helburu nagusi ditu: batetik, herritarrak zerbitzatzea, eta bestetik, gure hizkuntzaren kalitatea bermatzea. Zerbitzua hizkuntza mailako kontsulta interaktiboak egiteko prestatua dago eta erabiltzaileak eskuragarri ditu Euskaltzaindiaren batzordeek aztergai izan dituzten galderarik ohikoenen erantzunak.