Itzuli orri nagusira Bidali hau

Umap IEB jardunaldietan, nola egina dagoen, azalerazten dituen datuak

© cc-by-sa  Josu Azpillaga, CodeSyntax ¦ 2011-05-13 ¦ 09:42 ¦ internet

Umap-en aurkezpena egin genuen atzo Informatikari Euskaldunen Bilkuran, IEB11 bilkuraren gaia sare sozialak zirela-eta. Horra erabilitako irudiak, eta gogoeta gehigarri batzuk.

Publizitatea

Egia esan, gogoz prestatu dut hitzaldia. Egunerokoak ez digu, askotan, egindakoari patxada pixkatez begiratzeko astirik ematen eta konpromezu bat bezalakorik ez da izaten zenbait datu, ondorio eta ikasgai ateratzeko. IEB aitzakia izan da, niretzat, Umap-i beste begi batzuekin begiratu eta gogoeta pixkat egiteko.

Horrelaxe planteatu dut hitzaldia, helburu horiekin. Horregatik utzi ditut aidean galdera batzuk, hitzaldia prestatzen nuen bitartean neuri okurritakoak izaki.

Beldur pixkat neukan erlojuarekin. 20 trasparentzia gehitxo dira 20 minututarako. Horregatik joan naiz bixkor-bixkor eta, halere, esan nahi nituen denak esan gabe itzuli naiz etxera. Baina, tira, esan ditudan denak esan nahi nituenak ziren behintzat, eta ez da gutxi.

Bi zati izan ditu hitzaldiak:

  • Alde teknikoa. Nola egina dagoen Umap. Zatiak azaltzeaz gain, garrantzitsuagoa dena, kodea bera publikatu dugu. Beti egiteko, beti egiteko... baina koderik txukuntzera iristen ez. Eta, azkenenean, ze letxe, txukundu gabe bada ere horra kodea. Inorentzat baliagarri bada, esan dezala eta poztuko gara.
  • Alde estatistiko (soziolinguistikoa?). Urte erdiko datuekin, grafiko eta jolas mordoa egin daiteke. Gustatzen zait niri lan hori eta orduak pasa ditzaket holako irakurketa grafikoetan. Baina, batzuk soilik atera ditut. Ez dakit ateratako guztiak esanguratsuak diren edo esanguratsuago batzuk atera gabe geratu diren. Agian, beste urte erdi barru... (edo inork datu konkreturen bat jakin nahi badu, eska dezala!)

Bukatzeko, Twitter-dependentziak zer kezka eragiten digun aitortu dut. Umap erabat Twitterdependientea baita, momentuz (beste iturri batzuetako edukia txertatzeko esperantzarik galtzen ez badugu ere).Halere, trasmititu dudana baino askoz optimistagoa naiz: ez dut uste Twitterrek gurea bezalako tresnen kontrako politika aktiborik hartuko duenik. Uste dut kontrola eduki sorkuntzan nahi dutela gehiago, eduki esplotazioan baino.

Hitzaldia prestatzen nuen neurrian, zenbait galdera edo hari-mutur sortu zaizkit eta haietatik tira egiteko modurik ez zegoenez, aidean utzi ditut galderak. Beste eztabaidaren baterako.

  • Eukal Interneteko eztabaida sakonekoetako bat, YouTube vs EuskalTube eztabaida delakoan nago. YouTube-ra edukia euskaraz igo ala EuskalTubeak sortu behar ditugu? Hitzaldian, entzule batek "biak-biak" esaten zidan hori planteatzen ari nintzen bitartean. Bai, seguraski bai. Baina, Umap-ekin, bagenuen asmo hori ere, beste bide bat probatzekoa, planteatzekoa. Edukia igo dezagun tresnarik erosoenera (Twitter) baina saiatu gaitezen hango euskarazko jardunari pisu eta garrantzia gehiago ematen. Ez eztabaida originalari erantzuten diolako, beste elementu bat gehitzen diolako baino.
  • Eduki guztia, Twitterri --enpresa pribatu atzerriko bati-- ematen ari gara. Umap edo beste tresnarik gabe ere emango geniokeela, horixe da nire kontsueloa eta, Umap-ekin, sikiera, handik ekarri eta zerbait gehiago ateratzea lortzen dugula. Baina, goian aipatutako dependentziarekin badu zerikusia honek ere eta, nik ere, konpartitzen ditu zentralitatearen kezka horiek-eta (momentuz planteatzen diren soluzioak eta alternatibak oso urrutikoak ikusten ditudala botako dut, bidenabar).
  • Twitter hedabide soziala dela diogu. Bai. Baina, zer tuiteatuko genuke ohiko hedabiderik gabe? Tuiteatzen ditugun albiste asko eta asko kazetari profesionalak idatziak dira. Buztan luzea kontuan hartuta, amateurren pisua ere handia da, bai, baina "ordaindutako" albisteak dira oraindik zati garrantzitsua. Ez zaigu hor interes konfliktoa sortzen? Twitter-Umap bezalako hedabide sozial-automatikoak hedabide tradizionalei kalte egiten badiete baina, era berean, haien beharra badu funtzionatzeko?
  • Eleanitzak gara guztiok eta, gure tuit jarioa horren isla da. Lankideekin ere izan dut askotan honi buruzko saioa. Zer da euskaldun tuiterlari bat? Beste batzuen euskarazko tuitak ulertu eta retuiteatzen dituena? Eduki propioa sortzen duena? Hark dio irakurri eta segituan antzemango diola bati tuiterlari euskalduna den edo ez baina algoritmo batek ezingo lukeela hori ziurtatu. Akaso. Baina guk algoritmo bat garatu nahi du, esku-lanik eskatzen ez duena.
  • Eraginkortasunaz ere hitzegiten da. Retuit kontaketa egin dugu baina... Dena dela, norbanakoen eraginkortasunaz haratago, niri tresnaren beraren eraginkortasuna da atentzioa ematen didana. Twitter potentea dela, alegia. Ideia sinple horren atzean, potentzialitate handia dagoela. Eta gora doala, gora doala...

CodeSyntax-en blogean ere bai eta kodea desakargatzeko.

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

 Nabigatu euskaraz