Itzuli orri nagusira Bidali hau

Ziztadak edo euskalgintzaren pintxazoa?

© cc-by-sa  Patxi Gaztelumendi ¦ 2011-12-22 ¦ 13:11 ¦ kultura

Eredu ekonomiko berri bat euskalgintzarako: EZtaBAIdarako apunteak. Ziztada eske ari zaizkigu hemendik eta handik. Hiru egoeraren berri izan dugu oso denbora gutxian.

  • Berria taldearena
  • Nabarra aldizkaria
  • UEU

...eta honek guztiak, gogoeta egitera narama. Hala beharrez. Patxi Gaztelumendiren gogoeta hau bere blogean argitaratu da, eta hona ekarri dugu bere Copyleft lizentziari esker.

Publizitatea

Eta uste dut, egoeraren azterketa egiteko puntu asko jarri behar direla. Eta asko apropos ezkutatzen direla, beste asko gainditutzat ematen ziren, eta gehiago etorriko dira eztabaidaren ondorioz. Ea jendeak, guk guztiok gogoeta egin, ondorioak atera, eta aterabide orokorrago bat planteatu beharko genuke, alternatiba integrala. Gurpil berria agian, pintxazoari partxea jarri aurretik.

Aurrekariak

Garai emankor batzuetatik gatoz, sozialean. Euskalgintzak dena zuen egiteko, eta frente horretan gauzak sortu eta eraikitzeari ekin zion duela hamarkada batzuk. Gau eskolak, ikastolak, euskararen aldeko dinamika herritarra, euskal prentsa, elkartegintza, herri hedabideak, kulturgintza, diskogintza, hiztegigintza, liburugintza... zer ez dugu jaso gure aurreko belaunalditik?

Nolabaiteko instituzionalizazio bat gauzatu da kulturgintzaren eremuan ere, profesionalizatu egin zaigu herrigintza zena. Lanpostuak sortu, profesionalak, adituak, lantalde teknikoak han eta hemen, Euskal Herri osoan.

Normaltasun itxura bat hartu izan du guztiak, eta batez ere Arregi-Garmendia jaurlaritzetan, akordioen bidea urratu zenetik; ordukoak dira irudirik gogoratuenak, Iñaki Uria Joseba Arregirekin Euskaldunon EGUNKARIAko azalean, Erramun Osa eta Mari Karmen Garmendia akordioa sinatzen (AEK HABE), -nik gogoan ditudan erretratuak, izango dira beste batzuk- eta nolabaiteko normalizazio instituzionala ere eskuratu zuen euskalgintzak. Adostasun osorik ez, baina bide berri batzuk.

Eta euskalgintzan horrek bere ajeak utzi ditu. Ez dira beti plazaratu, ez dira azaldu. Baina hor egon dira. Menpekotasunak, mugak, egin nahi eta ezinak, faboritismoak… denetarik.

Egungo politika

Jaurlaritza aldaketa posibleak beldurra eragin zuen, otsoa ba omen zetorren, eta Ibarretxek inoiz lehendakari batek inoiz eskuratu duen boto zaparrada handiena jaso zuen. Euskalgintzako sektore asko ere, lerrokatu ziren horretara. Nik neuk, oso gertutik bizi izan nuen. AEK-ko irakasle zirenak, Ibarretxeri botoa ematen, ETBko LABeko sindikalistak ezagutu nituen horretan. Eta otsoarenak funtzionatu zion alderdi jeltzaleari. Eta beldurra nagusitu zen gure etxeetan. Eta normala izan zitekeen agian. Eta ezker abertzaleak ere, Mayor Orejaren aukerari, ez zion alternatiba sinesgarririk erakutsi. Eta Ibarretxerekin lasaitasuna. Eta ezker abertzaleak Gasteiztik kanpo jarraitu zuen, erdizka, eta udaletatik kanpo gero, ia osorik… eta urteak aurrera.

Mayor Orejaren ordez, Lopez Basagoitik eskuratu zutenean Gasteizko gobernua, ez zen beste munduko dardararik suertatu. Eta Lopezek euskaldun zenbait jarri zituen gobernatzen, eta tartean Lurdes Auzmendi, Ramon Etxezarreta…. euskaltzaleak, ezagunak, askoren lagunak.

Eta horregatik, besteak beste ez zen euskalgintzaren oldarraldirik egon. Eta subentzioek iraun zuten, eta bermatu, eta Iparraldeko ikastolak, zein Nafarroakoak, eta euskaltegiek, eta prentsak… eta suak irauten zuen piztuta, baina kandelarena, ez barrikadarenak. Lasaitasun demokratikoa deitzen ahal diogu. No pasa nada. Denak bere horretan jarraitzen du.

Baina krisiarenak amigo, dena justifikatzen ahal du. Eta garai aproposa da artaziak martxan jartzeko. Eta nahi dugun lekuetatik prakak mozteko. Eta hasi da errekortea. Hasi dira beheraldiak. Eta gora begira harrapatu gaitu, tupustean, ezustean edo.

Hemendik eta handik mozten hasi direnean, gure negarrak, gure malko lehorrak. Horrenbeste niri, horrek beste guri, hau eta zera…. ez daukagula, beharko genukela, ez dagoela, itxaron beharko dela. Eta ziztadak zeinek lehenengo eskatu, azkarrago bermatu. Baina ez dut uste, orain kontu guztiak ziztatzen jarrita konponduko dugunik txolopote hau. Estrukturala baita arazoa, gurea bezala haiena.

Euskalgintzak eredu berri bat behar du.

Erronkak eta etorkizuneko kulturgintza

Euskalgintzak eredu berri bat behar du. Hemen eta orain. XXI. mendeko euskalgintzak ezin du inoren morroi izan behar. Ezingo du subordinatua izan. Ez jeltzale, ez sozialista ez abertzale, ez deus. Euskalgintzak bere bidea bilatu behar du.

Eta autogestioa da oinarri oinarrian bilatu behar duena.

Kudeaketa eredu berri bat, irekia, parte hartzailea, zabala, anitza eta batez ere emankorra.

Gure zerbitzuak oro ezin ditugu kapitalaren menpe jarri, argi dago hori. Baina subentzioen politikak hona ekarri gaitu. Eta aurrera egiteko gaitasunik gabe ez ote garen geratuko, hori dugu orain guztiok zalantza. Kiosko eta buzoitik erori da aldizkari bat. Ez da deus gertatzen. UEUri bere jardunaren %25 suposatzen duen dirulaguntza kendu diote egun batetik bestera, ez da grebarik izango euskal unibertsitateetan, irakasleek berdin berdin jarraituko dute nominak jasotzen, ikasleek ez zeukaten horren berririk, agian horren beharrik ere ez. Ondorioa da guzti hau. Berriak, bere plantila ezin dezake mantendu. Ez da erreala. Ez da Erreala. Badakigu.

Gestio mota berriak bilatu behar dira, hala beharrez. Lan eredu irekia, alternatiboa martxan jarri behar da. Pentsatu dugu, genituen ereduetara gure jarduna egokituta, aski zela. Eta orain ondorioak. Militantzia edo profesionala, dikotomia horretara mugatu dugu gure operatibitate guztia. Eta munduan, milaka proiektu daude, euskalgintza bezain garrantzitsuak direnak, eredu ekonomiko berriekin funtzionatzen dutenak: eta jasotzen dituzte laguntzak; mikrolaguntzak, kudeaketa irekia dute; sponsorizazioak, parte hartze irekia, erabaki ahalmen handiagoarekin, kudeaketa ireki eta garden batekin. Eredu dira, eredu zaizkigu.

Euskal Herriak, bidegurutzean den honetan, bideari heldu eta gurutzeak gainetik kendu beharko ditu.

Erronka berriei ausardiaz eta ilusioarekin heldu. Ez dago egun handirik. Egunerokoa da gure jarduna, gure egitekoa, gure lorpena eta gure emaitza. Gutako bakoitzak behar du ziztada bat, aurrera egin dezagun.

Ikasgai eta lotura zenbait

Ekonomia ireki eta parte hartzaile bat euskalgintza eta kulturgintzan. Non euskaltzaleok, ez garen kontsumitzaile soil. Non badugun boza, badugun poltsikoa, badugu ere bihotza eta eskuak, batez ere. Ez gugana eskatzen soilik etorri. Guk, egin nahi dugu. Eta egiten ari gara, bidenabar.


Jatorrizkoa: Copyleft Patxi Gaztelumendi, Gaztelumendi.org

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

 Nabigatu euskaraz