Itzuli orri nagusira Bidali hau

Metaposta (edo nola ahaztu papera)

© cc-by-sa  Mikel Larreategi ¦ 2012-01-02 ¦ 09:19 ¦ internet

Metaposta Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartearen (EJIE) eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberen ekimena da. Eta zertarako den? Postontzian jasotzen duzun paper guztia ezabatzeko.

Publizitatea

Lehengo baten, lagun baten twit bati jarraiki, artikulu hau irakurtzera heldu nintzen: Dinamarca: ese paraíso digital. Danimarkako hainbat gauza aipatzen dira han, eta horietako bat e-Boks da, postakutxa digital bat. Edonork guretzat dituen paperak gordetzeko lekua. Eta horrek badu parekidea gure artean, Metaposta du izena.

Paperen gordailua da, etxeko fakturak gordetzeko erabiltzen duzun artxibadorea bezala baina elektronikoa. Erregistratu eta noren dokumentuak jaso beste aukerarik ez duzu egin behar. Nik ez ditut jasotzen jada Kutxa, Euskadiko Kutxa edo Euskaltelen faktura eta erreziboak. Dena Metaposta-ra iristen da eta heltzen denean e-posta abisu bat jasotzen dut.

Eguneroko zerbitzuen hainbat faktura bertan jaso ditzakezu jada, urarena, argindarra eta gasarena, bankuenak... eta hori guztia erakunde bakoitzaren "fakturazio elektronikoko" zerbitzuan alta ematen ibili beharrik gabe.

Ea noiz zabaltzen den zerbitzua eta beste bidaltzaile batzuk ere hasten diren horra paperak bidaltzen; Udala, Aldundia eta Jaurlaritza esaterako, dena bertan era erraz baten atzigarri izateko.

Gainera Metapostak zure beste hainbat dokumentu kargatzen ere uzten dizu: beti aurkezten ibiltzen zaren errolda agiria, edo alokairuko kontratua, edo ikasketen ziurtagiriak. Eskaneatu fisikoki duzuna eta kargatu bertara. Metapostan ez dagoen enpresa baten fakturazio elektronikoa erabiltzen baduzu, deskargatu fakturak eta kargatu Metapostara. Agian etorkizunean etorriko da hura ere eta guztia izango duzu bertan.

Ah, eta enpresa edo elkarte bateko arduradun bazara, eta langile edo bazkideei informazia beren Metapostara bidali nahi badiezu Pyme Pack-a dago. Windows aplikazio bat (Linuxen probatu dut eta itxuraz badabil), dokumentu digitalak era erraz baten Metapostara bidaltzeko.

 

Mikel Larreategiren blogetik ekarria CC-by-sa lizentzia erabilita.

Erantzunak

#1. Ez da egia

Gari Araolaza ¦ 2012-01-02 ¦ 10:16

Hornitzaileek faktura guztiak PDFetan bidaltzen jarraitzen duten bitartean, ez dugu paperaren esklabutzatik ihes egiterik lortuko. Pauso bat da, baina Metaposta ez da soluzioa (nire kasuan behintzat)

#2. Re: Metaposta (edo nola ahaztu papera)

KEPA ELORTZA ¦ 2012-01-02 ¦ 22:27

METAPOSTA eta METAELIZA

METAPOSTA eta METAELIZA

Eta zer gertatuko litzateke ordenagailurik ez dutenekin? Zenbat denbora beharko dute piratek fakturetatik ehuneko nimiño bat euren kontuetara pasatzeko? Edo birus gaizkile batekin sistema osoa infektatzeko? Eta Metapostarako faktura edota agiriren bat gaizki eginda bidaltzen denean, nola erantzungo ditu milaka edo milioika kexa ordenagailu batek? Erantzun horren bidean zenbat jendek galduko luke bere dirua? Zenbat jendek galduko luke bere lanpostua? Zenbat bulego itxi? Ez ote luke horrek jendea etxetik gutxiago irtetea ekarriko, eta harreman sozialak are gehiago murriztu? “Paraiso digitala” ala “bakardade birtuala”? Zenbat denbora beharko dute publizistek Metaposta horretan sartzeko? Zenbat ordu galdu guk geuk zaborra postontzi berri horretatik kentzeko?

Nork irabazten du Metapostarekin: gizarteak, bezeroak ala enpresak? Ez ote luke Merkatu higuingarriak herritarrekiko duen kontrola areagotu eta bide batez zorroztuko? Horretarako urrats handia izan zen txartel elektronikoen ezartzea; Metapostak ez luke horren beharrik ere izango. Pertsona ororen gisa guztietako informazioa “klik” batean!

Zer izango litzateke herritarrentzako seguruagoa, etorkizunari begira, eurekiko informazioa zentralizatuta egotea ala ahalik eta sakabanatutagoa egotea?

“El Gran Hermano”k (beste izen batekin “Jainko Berria”; hori ere METAbirtuala) maneiatuko lituzke, hari birtual baten bidez, gure sabel, sexu eta arimak ere?

Ni eskola zaharrekoa naiz, paperezko artxibo-zaletasuna zeharo galdu ez duten horietako bat, eta hainbeste birtualtasunek izutu egiten naute.

Baliteke Metaposta horrek alde positibo bat izatea, paper gutxiago erabiltzearena, hain zuzen ere. Nola nahi ere, nik ez dut uste, inondik inora, hau izan denik Jainko Berri haren asmoa Metabirtualtasuna predikatzeko. Aitzakia bat besterik ez.

Beste Eliza baten atarian ez ote gauden… Metaeliza ote? Ez dira urruti izango birtualtasunaren “agerraldiak” ere, euren profeta eta guzti.

#3. Re: Metaposta (edo nola ahaztu papera)

Bihar ¦ 2012-01-02 ¦ 23:01

Egia esanda Metaposta erabiltzen dut. Baina ez da hain "konpletoa". Enpresa batzuekin bakarrik egiten da lan. hau da, guztiek ez dute metapostarekin hitzarmena.
Gainera, Garik esan bezala, jaso bai, digitalki jasotzen ditut, baina gero imprimatu beharrean nago nonbait aurkeztu beharrean banaiz. Pausutxo bat bada, baina oraindik bide luzea geratzen zaigu papera ez erabiltzeko.

#4. Re: Metaposta (edo nola ahaztu papera)

Arantza ¦ 2012-01-03 ¦ 08:58

Nik izena emanda daukat Metapostan eta egia esan ez daukat kexarik. Egia da dokumentu birtual guztiek bezala nolabait galtzeko, ezabatuak izateko edo arazo teknikoak medio, informazio guztia galtzeko arriskua dagoela, baina egia da baita ere dokumentu horiek bidaltzen dizkiguten erakundeek kopia izan izango dutela. Ez nago guztiz ados Garirekin eta Bihar-ekin, zera esaten dutenean, dokumentuak digitalak izanda ere inprimatzeko beharra dagoenean inprimatu egin beharko dituzula. Bai, baina ez dokumentu guztiak, behar dituzunak bakarrik, ondorioz etxera iristen zaizkizun dokumentuek baino paper gutxiago erabiliko duzu, teorian behintzat.
Ados nago esaten denean, erakunde guztiek ez dutela akordioa Metapostarekin, baina pauso bat da behintzat. Eta denboran aurrera egin ahala, erakunde gehiagok egin dezakete bat Metapostarekin. Ez da egundoko asmakizuna, baina ez nago ados Keparen ikuspegi 'apokaliptikoarekin' ere. Jesous, hori da ikuspegi katastrofista hori! ;-)

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

 Nabigatu euskaraz