Itzuli orri nagusira Bidali hau

Ramon Etxezarreta: Euskarari beldur izatearen lotsak zilegi behar lukeela

© cc-by-sa  Sustatu ¦ 2012-01-14 ¦ 09:42 ¦ politika

Ramon Etxezarretak artikulu gogor eta mamitsua argitaratu du Berrian gaur. Euskal Idazleen Elkartearen buru izandako bati epelak botatzen dizkio (izenik eman gabe), indarkeriarekin izandako jarrerak ditu gogoan, Fernando Aranbururen hitzekin nola asaldatu den jendea, eta Kolosala manifestazioaren inguruan euskaraz aditu omen den adostasun uniforme eta ez kritikoa. Hainbat urtez bizkartzainarekin bizi izan den PSE-EEko kideak hala amaitzen du artikulua:

Badugu etxean lotsa aitor ezin bat, beldur urtetan pilatua. Paseadarakoan, geure bizkarretan gazte talderen bat sumatzen genuenean hauei euskara entzutean beldurra areagotu egiten zitzaigun. Nahi nuke keinu hau, lotsa hau, iraupen luzekoa ez izatea. Euskarari beldur izatearen lotsa zer den jakitea oso zaila dela badakit, arrazoitzea eta aitortzea bezain zaila edo zailagoa agian, baina hala da eta zilegi behar luke.

Erref.: Ramon Etxezarreta: Euskarari beldur izatearen lotsak zilegi behar lukeela (paperekoa.berria.info)

Publizitatea

Erantzunak

#1. Re: Ramon Etxezarreta: Euskarari beldur izatearen lotsak zilegi behar lukeela

Jane ¦ 2012-01-14 ¦ 11:38

Irakurri dut artikulua eta dezepzionarria iruditu zait.

Egia da, ziur aski, Euskal Herrian bertan hainbat pertsonek euskaraz hizketan entzun eta beldurra sentitzen dutela. Baina arazoa ez da hori, arazoa da horren aurrean zer egin behar den.

Adibide zehatz bat jartzeagatik: ni bizi naizen hirian, Gasteizen, hainbat pertsona beldurtu egiten dira gazte talde bat arabieraz ari dela entzutean; beste batzuei, gainera, aski zaie gazte beltz talde bat ikustea beldurtzeko; beste batzuei, aski zaie gazte beltzaranak ikustea... Beldur horiek guztiak Ramonek deskribatzen dituenak bezain errealak dira, ziur aski askoz ere zabalduagoak eta sakonagoak. Pentsa! Manifestazioak eta guzti egiten dira hemen horien kontra!

Eta zer egin behar dugu horren aurrean? Ulerberak izan? Solidarioak? Beraiekin batera arabeen kontrako manifestaziotan parte hartu?

Beldur mota asko dago hemen, Ramon, eta ez da erraza izaten jakitea kasu guztietan nola jokatu. Suposatzen dut zuretzat ere ez dela beti erraza eta ebidentea. Ni askotan galduta sentitzen naiz.


#2. Re: Ramon Etxezarreta: Euskarari beldur izatearen lotsak zilegi behar lukeela

darta ¦ 2012-01-16 ¦ 12:14

Larunbatean Ekaitz Samaniego bahitu zituzten kaputxadun biolentoei ez nien nik ba euskaraz entzun!
Ez dakit zergatik, baina espainolez hitzegiten duen enkaputxatu koadrila bat ikusten dudanean urduritzen naiz ni.

"Beldur urteak" lehenaldian aipatu nahi genituzke askok. Baina espainolez mintzatzen diren gazte koadrilakoek ez omen dute atzean utzi nahi.

Akaso beldur dira espainoldun koadrillakoak, eta beldur horrek bultzatuta, gazte euskaldunak jipoitu, atxilotu, bahitu, torturatu egiten dituzte.

Baina beldurragatik egiten dute.

No veis que seria mejor si hablarais todos en cristiano?

#3. Re: Ramon Etxezarreta: Euskarari beldur izatearen lotsak zilegi behar lukeela

jaio ¦ 2012-01-16 ¦ 12:29

Zu zaintzen zintuzten horiek eta beraien lagunek ere beldurra eragin digute beste batzuoi, etxera bidean oinez, gauez eta bakarrik... Batzutan horrelaxe pasako ziren 50 bat metro egin ondoren. Beste batzutan, egun seinalatuetan-eta zirikatzaileago ... beldurra hezurretaraino sartzen zaizu horrelakoetan ere. Askok askoz suerte txarragoa izan dute eta kotxe horietan paseotxo bat ematera ere eraman izan dituzte...Pentsatuko duzu nolakoak izango ziren paseotxo horiek, ezta?
Ikusten duzu, hemen bildurrak ere hegi bat baino gehiago ditu
Euskal Herritik aldegindako askok ere ez dute zure lagun Mikelek izan duen suertea izan, ez dira medioetan agertu Euskal Herrian zenbat sufritu duen kontatuz, unibertsitate haundietan postu polittak lortu...
Zure iritzia bota duzu, eta zuk horrela biziko zenuen , ez dut dudarik, baina zure inguruko jendeak eragin duena ikusteko gai ez zara?

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

 Nabigatu euskaraz