Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2012/01/10 20:30:46.293 GMT+1

Iparralde Euskal Herria dela entzuten baduzu, ez sinestu, gezurra da

Haurra nintzela Olentzero gezurra zela jakitean sentitu nuenaren antzeko zerbait sentitu nuen Gabonetako oporretatik Iparraldetik itzultzean… Garai berberean hasi nintzen gure herrialde maite honetako geografia ikasten. Mendiak, ibaiak, probintziak, hiriburuak (Maule… hau beste baterako utziko dut). Zazpi probintziaz osaturiko herrialdea, horixe dugu gurea Euskal Herria. Horrela ikasi genuen eta horrela sentitzen dut oraindik gainera…

Hala ere, urte guzti hauetan gure burua engainatzen aritu garenaren sentsazioarekin itzuli naiz Euskal-Frantzitik (horrela ere erakutsi ziguten eta egokiagoa izango dugu agian, iparraldea, Donostia ere bada eta Beasainen bizi denarentzat). Inor ez al da han izan gure aurretik benetan han bizi eta sentitzen dena ikusteko? Noski baietz! Baina nahiago izan dugu gure burua engainatu, Euskal Herri osoa berdina dela pentsatu… Zertarako arazo berriak sortu nahikoa izan ez baditugu?

Ikurriñak, basque eta lauburuak baita semaforoetan ere baina euskera hitzik ere ez inon (Turismo bulegoan besterik ez dut inorrekin euskeraz hitz egiteko aukerarik izan). Gainera, frantsesez ez dakizula konturatzean (espero nuen lehendabizi frantsez hitz egitea. Inopian ere ez naiz bizi…), gaztelaniara jotzen zuten! Eta gu, noski, tonto aurpegi ikaragarri batekin. Han, Iparraldean, Euskal-Frantzian edo dena delakoan, ikurriñek, basque-ek eta lauburuek balio folkloriko, turistiko eta merkantilista besterik ez dute.

Ezpeleta flickr

Eta ordutegiak? Ai ama ordutegiak… Ez gintuzten ba jatetxe batetik aurpegi txarrez bota arratsaldeko zortziretan! afaltzera joan ginelako? Lotsagabeak gu… Eta listoren bat esaten arituko da; Hori ordutegi frantziarra darabiltelako da... Eta guk? Zer ordutegi dugu guk? Euskaldunok? Espainiarra? Eta gurea zein demontre da orduan!

Post honek ez du Iparraldearekiko edo bere euskalduntasunarekiko eraso bat izan nahi, eta ez da. Ez naiz ni inor hor sartzeko eta ez dut egingo (nahikoa haserretu izan naiz halakoengatik iraganean eta ez naiz horretan eroriko lurraldea eta bertako jendea behar den bezala ezagutu gabe). Post hau, euskaldun jator eta idealon eta gure ikuspegiaren aurkako eraso bat besterik ez da, autolesio bat. Gure harrokeria eta egozentrismoari harreta ukitu bat.

Gure herria egunen batean independiente izatea nahi badugu, eta estatu berri horrek zazpi probintzia izatea nahi badugu, lehenago edo beranbduago konturatuko beharko gara ez Gipuzkoa eta Araba edo Bizkaia, Nafarroa eta Iparralde, ez direla berdinak. Politika eta ekintza, erritmo eta abiadura ezberdinak behar dituzela.

Beraiek, Iparraldeko edo Tuterako euskaldunek, aspaldi dakite hori. Orain, gu konturatzea besterik ez da falta…

 

PD: Ez dakit hau idazteko unerik egokiena ote nuen hauxe Ordiziatik Beasainera oinez iritsi ostean, treneko 1,35 euroak ezertarako ordainduta, hotzez akabatzen eta madarikazioka. Beno, izenburua erakargarria geratu zait behintzat… Begira, zu sartzea ere lortu dut.

Nork: indezent.2012/01/10 20:30:46.293 GMT+1
Etiketak: iritziak iparralde euskal_herria | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Erregeak gurasoak nituela jakinda ere (nirera ez baitu inoiz Olentzerok oparirik ekarri, aldiz bere antzera eskean eta berri ona zabaltzen maiz aritu izan naiz, tira hau beste baterako utziko dut) urte batzuetan ez jakinarena egin izan nuen bezala, zure adierazpenekin aitortu nahi izaten ez dudan errealitatea derrigortuta irensten ari nintzala, hara non gure hemengo (hiru probintzia gatazkatsuotako) auzien isla iruditu zaidan berria belarriratu zaidan, Gasparren egiatasunean sinesten jarraitzen lagundu didana ;-)

Ika-mika Maitia eta laborari baten artean
Akitaniako Eskualdeko ordezkarien eta AHTren aurka diren herritarren arteko bilera hamar bat minuta iraundu du. Alta, Roussetek bere mintzaldian nabarmendu duenez, laster batean Bordelen errezibituko ditu AHTren aurka diren elkarteetako ordezkarian lasaiago mintzatzeko.

CADE elkartearen lehendakaria, Victor Pachonek azaldu digunez, bilera atera direnean momentu bereziki beroa izan da Frantxua Maitia, Akitania Eskualdeko lehendakari ordea, eta Ttotte Elizondo, Urruñako laborariaren artean.

Azken honek baieztatu digunez, AHTk bere etxalderat ekarriko dion kaltea azaldu du. "Rousseten aurka ezer ez dut, arrangura sortzen dit Maitia bezalako hautetsiek auzi honetan erakusten duten jarrera, horregatik berari erran diot hemengoa izan arren frantses politikari bat bezala jokatzen duela" laburbildu du laborariak. Maitia bere hitza horiekin "haserre oso" azaldu dela nabarmendu du AHTren aurkako militanteak.

Euskadi irratian entzunda geureagoa zirudien, honela baitzioten elkarri:
Elizondo: Ni errotiko euskalduna nauzu eh!
Maitia: Baita ni ere.
Elizondo: Ez, zu ez. Horrelako erabakiekin bat egiten duena frantsesa da, manex hutsa zara!

Tira, ez dut zehatz transkribatu, baina ekarri esan diotenetik gehiegi aldendu gabe azaldu nahi dudan irudiaren adibide badela uste dut.

Nork: Mikel.2012/01/13 20:26:36.194 GMT+1

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna gehitu ahal izateko.
Idatzi azpian zenbakiz: lau hiru zortzi