Itzuli orri nagusira Bidali hau

Jon Sarasuarekin solasean Saran: Euskararen berreskurapena; biziberritzeko gako batzuk

© cc-by-sa  Sarako ikastola ¦ 2011-11-29 ¦ 11:48 ¦ hizkuntza

Olhain ikastolak (Sara, Lapurdi) abenduaren 2an bideo/hitzaldi/eztabaida bat antolatuko du Jon Sarasuarekin eta Garabide elkarteak egin dokumental baten emanaldia abiapuntu hartuta. UNESCOren arabera egun 6700 hizkuntza dira munduan, mende honen bukaera aitzin erdiak galduko dira... Euskara ere bai? Dokumentala (Euskararen biziberritzeko gako batzuk), hitzaldia Jon Sarasuaren eskutik, eta eztabaida irekia deneri: Euskalgintzaz eta euskararen normalizazioaz. Noiz-non: abenduaren 2an, 20.00etan, Lurberri gelan, Saran.

Publizitatea

Olhain ikastolako burasoek gure haurreri hezkuntza euskaldun bat emateaz gain, herrian esparru guzietan euskaraz bizi nahi dugu. Ikastolaren baitan “Euskaraz bizi” batzordean ari gara. “Euskaraz bizi” batzordeak ikastolan zein herrian euskaraz bizitzeko eremuak proposatzen ditugu haur eta helduei.

Oraingo honetan gure hizkuntzaren egoeraz gogoetarazi nahi zaituztegu, zertan garen eta zer egin behar dugun orain eta geroan euskaraz bizi nahi baldin badugu.

Horretarako abenduaren 2an, arratseko 20:00etan gomitatzen dugu, buraso, herritar eta interesatua den oro elkarrekin gogoetatzera.

Frantsesezko itzulpena segurtatua izanen denez, frantses hiztunak ere gomitatuak zarete.

Garabide elkartea, kooperazio era berria duen elkartea dugu, esperientzia elkar banaketan oinarrituriko lankidetzan. Munduko hizkuntzen berreskurapenean hainbat elkarlan, proiektu eta esperientzia dituen elkartea da.

Dokumentala : Dokumental bat erakutsiz hasiko dugu gaualdia, hau frantses azpitituluekin izanen da. Euskararen berreskurapena; biziberritzeko gako batzuk dokumentala egina dute, hainbat datu eta lekukotasun biziki interesgarri agertuz.

Hitzaldia: Ondotik, Garabideko kide, bertsolari, ikerlari eta soziologoa den Jon Sarasuak hitzaldi bat eskainiko du gaiari buruz. Dokumentalaren haritik, orokorrean hizkuntzen berreskurapenaz ariko da, Ipar Euskal Herriaren egoera soziolinguistikoa gogoan, zinez kontutan ukan beharreko alderdiak azalduko ditu.

Eztabaida: Hitzalditik haratago, hitzordua eztabaida eta esperientzi ttiki eta handien gurutzatzea ere izatea nahi dugu. Horretarako gomitatu ditugu euskalgintzan eta hizkuntza normalizazioan ari diren jendeak. Guzion ikusmoldeak trukatuz, lekukotasunak edo kezkak azalduz, bideak proposatuz, galderak eginez, etorkizunean ere euskaraz bizi ahal izatea bermatzeko. Herria nola euskaldundu? Eta guretik hasirik, Sara mailan ere gogoeta hori eginez eta ondorioak plantan emanez. Zer egin Saran?

Beraz zuen beharra dugu gai honi buruzko aipamen ahal bezain zabala egiteko.

Mila esker eta elkar ikusiko dugulakoan, ongi izan.

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

 Nabigatu euskaraz