Itzuli orri nagusira Bidali hau

Euskaraz bizitzeko nahia: film laburren lehiaketa

© cc-by-sa  Kontseilua ¦ 2012-01-18 ¦ 16:27 ¦ hizkuntza-eskubideak

Kontseiluak euskaraz bizi nahi dut dinamikaren barruan film laburren lehiaketa antolatu du. Aurkezpena Donostian egindako prentsaurrekoan egin dute Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok eta zinema zuzendari Imanol Rayok. Rayo epaimahaikideetako bat izango da. Martxoaren 18ra bitartean aukera du nahi duen orok euskaraz bizitzeko nahia gai hartuta film laburra egin eta lehiaketan parte hartzeko.

Publizitatea

Euskaraz bizi nahi dut dinamika urriaren 28an aurkeztu zen Donostian. Paul Bilbaok gogoratu du dinamika honek jatorria 2010eko maiatzaren 15ean egindako manifestazioan duena. Dinamikak honen jarraipena izan nahi duela esan du, "euskararen normalizazio prozesuan urrats kualitatiboak eman nahi baldin baditugu, beharrezkoa da eraldaketa soziala ematea eta eraldaketa sozial horretan guztiok dugu zer egina eta zer esana", azaldu du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Dinamika aurkeztu zenean, dinamikaren funtsa jendarte mugimendu zabala eratzea zela esan zuen Paul Bilbaok. Dinamikak euskaraz bizi nahi duen jende guztiaren bilgune izan nahi du eta norberak nahi duen arloan eta nahi duen espresioa erabiliz egin dezakeela ekarpena gaineratu zuen. Horri jarraituz, hortaz, antolatu du oraingoan Kontseiluak gaur aurkeztutako film laburren lehiaketa. Aurretik ere gauza andana egin da jada dinamikaren barruan; besteak beste, Esne Beltza taldeak abestia egin zuen, eta arrakasta handia lortzen ari da. Euskal Herria Zuzenean festibalak bat egin zuen euskaraz bizi nahi dut pentsamenduarekin eta festibalean txertatu zuen, Euskararen Nazioarteko Egunean Anoetako estadioan, zein Euskal selekzioaren partidan San Mamesen presente egon da mezua, estropadetan, herrietako festetan...

Lehiaketan parte hartzeko, gehienez 10 minutu izango dituen film laburra aurkeztu behar da. Gaia euskaraz bizitzeko nahia da. Eta euskaraz bizitzeko nahia aipatzen dugunean zer esan nahi den esan du Bilbaok: "Euskaldunok fidelak gara gure hizkuntzarekin. Hori, hil berri den Txillardegik aldarrikatzen zuen. Euskaraz hitz egiten dugu aukera dugun guztietan, baina aukera dira gaur egun falta zaizkigunak, euskaraz bizi ahal izateko espazioak falta ditu euskaldunak. Eta hori transmititu beharko luke lehiaketara aurkezten den lan orok. Euskaraz bizi nahi dut ideiak agertu behar du, egileak hautatzen duen eran".

Gaur hasi eta martxoaren 18a bitarteko epea egongo da lanak egiteko. Jarritako baldintzak betetzen dituzten lan guztiak ikusgai egongo dira www.euskarazbizinahidut.org webgunean. Web gune horretan bertan aurkitu ahal izango dira lehiaketan parte hartzeko oinarriak.

Hautaketa-prozesua egiteko, sektoreko profesionalek osatutako epai-mahaia osatu da. "Gurekin orain epai-mahaiko kideetako bakarra baldin badago ere, guztiei biziki eskertu nahi diet gure deialdiari erantzun izanagatik. Euren ordezkari gisa Imanol Rayo zinema-zuzendaria dugu gurekin. Zinema munduan eta euskarazko zinemari dagokionez, ekarpena egiten duen laguna dugu. Bere azken lana aipatzearren, Bi anai filma zuzendu du Rayok. Berarekin batera, epai-mahaia osatuko dute Eneko Olasagasti zuzendari eta gidoigileak eta Yoli Mazkiaran zuzendari eta ekoizleak. Andoaingo bideo eskolak ere parte hartuko du hautaketa prozesuan, Ignacio Zabala Barbé irakaslearen bitartez.

Imanol Rayok eman du lehiaketaren xehetasun teknikoen berri. "Paulek esan duen moduan, gaur hasi eta martxoaren 18ra bitartean jasoko dira lanak. Gaia euskaraz bizitzeko nahia izango da. Lanen luzerari dagokionez, 10 minutu ingurukoak izan beharko dute. Formatuari dagokionez, wmv, mov, mpeg eta flv formatuak onartuko dira. Eta erresoluzioari dagokionez, gutxienez 1280 x 720 (HD Ready) eta gehienez 1920 x 1080 (Full HD) izan beharko dira. Lanak jasotzeko, parte hartzaileak interneteko plataformaren batera igo behar du filma (Vimeo, Youtube edo Daylimotion) eta horren lotura bidali beharko du, bere datu pertsonalekin batera helbide honetara: info@euskarazbizinahidut.org.

Epaimahaiak bi lan sarituko ditu; lehenengo lanak 2.000 euro jasoko ditu eta bigarrenak berriz 1.000. Ekitaldi bat egingo da irabazleak iragartzeko eta bertan proiektatuko dira sei lanik onenak.

Oinarrien inguruko informazio guztia www.euskarazbizinahidut.org webgunean aurkitu daiteke, hemen.

Lehiaketak Gasteizko udaleko Kultura Saila eta Euskara batzordeko laguntza jaso du. Eta hori eskertu du prentsaurrekoan Paul Bilbaok.

fil-labur-agerraldia6.jpg 311KB (319456 byte)

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

Hizkuntza eskubideak

Euskaldun gisa zure hizkuntza eskubideak urratuta ikusi badituzu, honako zerbitzu hauetara jo dezakezu:

 

 Nabigatu euskaraz