Itzuli orri nagusira Bidali hau

Bost egunetan eta taldean "kode irekiko praktika kulturalen dekalogoa" idatziko da

© cc-by-sa  Tabakalera, Donostia ¦ 2012-01-27 ¦ 10:39 ¦ kultura

Gaur hasi eta urtarrilak 31 arte Tabakalera esperimentu berri batean murgilduko da: estatu mailan egingo den lehenengo Book Sprinta antolatu dugu. Eta, zer da Book Sprint bat? 3-5 egunez pertsona talde bat elkartzen duen aktibitatea da, elkarbizitza eta lan-saio intentsiboen bidez, modu kolaboratiboan eta dinamizatutako prozesu baten bitartez, liburu bat idazteko helburuarekin. Hamabi adituk osatutako lantaldeak "Kode irekiko praktika kulturalen dekalogoa" izenburuko liburua idatziko du.

Publizitatea

Horixe da Tabakalerak egin duen apustua. Euskal Herritik zein estatuko hainbat txokotatik etorritako 12 gonbidatu, guztiak kultura garaikidean, kultura librean, artean, teknologian, arte- eta gizarte-praktika berrietan... adituak, bost egunetako elkarbizitza egingo dute, "Kode irekiko praktika kulturalen dekalogoa" izenburua izango duen liburua idazteko helburuarekin.

Horretarako, Booki izeneko tresna erabiliko dute, online ediziorako plataforma bat, taldean idatzeko aukera eskaintzen duena.

Book sprint lan-metodologiaren helburu nagusiak hiru dira:

  • Liburu bat ekoiztea: prozesuaren amaieran, emaitza gisa liburu edo eskuliburu bat izango dugu.
  • Ezagutza sortu eta partekatzea: edukiak banaketa librerako lizentziapean argitaratu eta partekatuko dira.
  • Taldelanerako beste modu batzuk esperimentatzea: taldean sortzeko prozesu hau gozatu eta irakaspenak ateratzea.

Topaketa atzo hasi zen, gonbidatu guztiak iritsitakoan. Behin aurkezpen saioa eginda, idazketa lanari ekingo diote gaur eta asteartera arte iraungo du ekitaldiak. Behin bost egunak igarota, bertsio digitalean eskuratu ahal izango den liburu edo eskuliburu bat edukitzea da topaketaren helburua. Eta aurrerago, seguruenera, liburua paperean ere argitaratuko da.

Jarduera hau antolatzeko Bilboko ZAWP Sorkuntza Fabrikaren laguntza izan du Tabakalerak.

Zergatik "Kode irekiko praktika kulturalen dekalogoa"?

Bada denboralditxo bat Internet-iraultza deitzen den horrekin lotutako paradigma kultural berri batez hizketan hasi ginela. Batik bat web sozialaren eztandaren ondorioz, azken urteotan sormen-, gizarte- eta kultura-praktiketan gertatutako eraldaketa prozesua azkartu egin da. Orain ikuslea erabiltzaile eta sortzaile-kide da. Ekoizpen, hedapen eta banaketarako espazioak ere beste batzuk izaten hasi dira eta espazio esperimental sare bat osatzen hasia da, kulturaren eta artearen zirkuitu tradizionalen alternatiba izan nahi duena.

Gure lan egiteko ohiturak aldatu egin dira, baita komunikazio ohiturak eta, seguruenera, gure pentsakera ere. Baina lilura eta presa horren aurrean, premiazkoa da gelditu eta zenbait gauza idatziz jarri eta partekatzea. Hau da, elkar-ulertzen eta zaharkiturik geratu den eta eraldaketara ohitzea kostatzen zaion makineria olioztatzen lagunduko diguten zenbait oinarri ezartzea.

Egiletza eta copyright-aren inguruko borrokak, informazioaren eskuragarritasunean hobekuntza eskaerak, publikoa den horren kudeaketan gardentasun eskariak, esparru politikoan parte hartzeko gaitasuna handitzeko beharra, hezkuntza sistemak zalantzan jartzea, espazio publikoaren (fisikoa eta digitala) erabileraren inguruko gatazkak, informazioaren eta gure eta geure gorputzen gaineko kontrolaren borroka… horiek dira, besteak beste, egungo gizartean puri purian dauden tirabiretako batzuk. Eta horiek dira eztabaidaren ardatz bilakatuko diren abiapuntuetako batzuk, erabiltzailearen eskuliburu itxura izango duen gogoeta eta ekarpen teoriko bat sortzeko saiakera honetan.

Jardueraren jarraipena www.10penkult.cc eta #10penkult bitartez

Astearen hasieratik martxan da proiektuaren bloga: www.10penkult.cc. Bertan, Book sprint metodologiari eta jardueraren helburuei buruzko informazio osatua jasotzen da eta baita egun hauetan zehar proiektuaren inguruan jaso diren hainbat ekarpen ere. Jarduera berritzaile honek eta bertan jorratuko diren gaiek sortu duten ikusminaren erakusgarri da, batik bat, twitter sare sozialean eragin duen aktibitatea (#10penkult etiketaren bitartez).

Berrogeita hamar pertsona baina gehiagok twitter bidez euren ekarpenak egin dituzte, liburuaren idazketarako interesgarri izan litezkeen ideia eta kontzeptuak proposatuz, eta beste hainbeste egin dute hogei pertsona baino gehiagok emaila erabiliz. Ekarpen horiek guztiak ere ikusgai daude dagoeneko gorago aipatutako blogean.

Idazketa prozesuak iraungo duen bost egunetan zehar, blogean zein twitter bidez egingo da jardueraren jarraipena.

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

 Nabigatu euskaraz