Txillardegi

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Jose Luis Alvarez
Jose Luis Alvarez

Txillardegiren hitzak Euskal Herrian Euskarazen 30. urteurreneko dokumentalean.
Datu pertsonalak
Izen osoa Jose Luis Alvarez Enparantza
Ezizena Txillardegi
Jaio 1929ko irailaren 27a
Euskal Herria Donostia, Gipuzkoa
(Euskal Herria)
Hil 2012ko urtarrilaren 14a
(82 urte)
Euskal Herria Donostia, Gipuzkoa[1]
(Euskal Herria)
Bikotekidea Jone Forcada

Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi goitizenaz ezagunagoa (Antigua, Donostia, Gipuzkoa, 1929ko irailaren 27a - 2012ko urtarrilaren 14a[2]), donostiar hizkuntzalari, idazle eta politikaria izan zen. Txillardegi izengoitiaz ezaguna zen arren, Igara, Usako, Harrizkibieta eta Larresoro ezizenak ere erabili izan zituen idazlanetan.[3] Euskera, Euzko Gogoa, Egan, Zutik, Jakin, Eusko Lurra-Tierra Vasca, Herria eta beste aldizkari askotan kolaboratzaile izan zen. Branka aldizkariaren sortzailea. Bat soziolinguistika aldizkariko zuzendaria izan zen, 1992tik 2002ra.

Euskal hizkuntzalaritzaren arloan lan egin zuen batez ere, eta irakasle izan zen Euskal Herriko Unibertsitatean. XX. mendearen bigarren erdian Euskal Herrian eragin handienetakoa izan zuen. Haren eragina hainbat arlotan nabari da:

  • Hizkuntzalaritzan, euskara batua sortzearen bultzatzaile nagusietako bat izan zen, eta euskal azentuari buruzko aditu handienetako bat zen (gai horretaz egin zuen doktorego tesia).
  • Literaturan berrikuntza nabaria ekarri zuen Leturiaren egunkari ezkutua eleberriarekin, euskal nobelagintza modernoaren sorreratzat har baitaiteke. Haren bidez iritsi zitzaien euskal letrei artean modan zegoen existentzialismoa.
  • Ekin eta gero ETAren sorreran pisu ideologiko handiaz parte hartu zuen, bai eta Herri Batasunarenean ere.

Euskal Herrian Euskaraz taldearen sortzaileetarikoa izan zen eta Udako Euskal Unibertsitateko kide, hasieratik bertatik. Euskaltzaindian, hiru aldiz proposatu zuten euskaltzain oso izateko baina inoiz ez zuen izendatzea lortu: 1980. urtean Patxi Altuna aukeratu zuten, 1987. urtean Juan Mari Lekuona, eta 1987. urtean Ibon Sarasola. Euskaltzain urgazle izan zen 1957tik.[4] Euskaltzaindiko Ahoskera Batzordeko kide zen, 1993an batzorde hori sortu zenez geroztik.

« Profil poliedrikoa dauka, gutxik bezala herri honetan, Txillardegik. Politika, hizkuntza, soziolinguistika eta literatura. Azken hamarkadetako erreferentzia nagusietakoa. Alor horietan guztietan lehen mailako eragilea izan zen, baina soziolinguistikarenean aitzindaria.  »

Martxelo Otamendi, 2012-01-15[5]

« Bizi osoa eman du Euskal Herriaren aldeko ahaleginean eta haren jarduna garbia eta gardena izan da. Ez da sekula isildu eta kikildu, ez da sekula lausengu eta zurikerietan aritu. Nonbait ere horregatik itxi zizkioten Euskaltzaindian sartzeko ateak, eta nonbait ere horregatik baztertu dute beste zenbait erakundetan.  »

Koldo Zuazo, 2012-01-17[6]

Eduki-taula

[aldatu] Bizitza

Jose Luis Alvarez Enparantza 1929ko irailaren 27an jaio zen, Donostiako Antigua auzoko Amilibia kaleko (gaur egun Zumalakarregi kalea) 579. zenbakian, Gutenfelder etxean, burges familia batean. Aitak fabrika txiki bat zuen, litografiak egiten zituena.[7] Gurasoek euskaraz jakin arren, ez zioten irakatsi: etxean entzun ez eta bere kabuz hasi zen 1948an ikasten. Frankismoa gazte-gaztetatik bizi izan zuelarik, Euskal Herriaren egoera latzaren kontzientzia hartuz joan zen, eta handik aurrera haren bizitzako ardatz izango ziren euskara eta Euskal Herria. 1954an Txillardegi ezizena erabiltzen hasi zen, bere jaiotetxearen aldameneko etxearen izena.

[aldatu] Militantzia politikoa

Don010 015.ogv
Unibertsitatean hasiera eta militantzia politikoaren hastapena
Txillardegi-ekin.ogv
Txillardegi Ekin-en eta ETAren sorrerari buruz Ahotsak.com webgunerako eginiko elkarrizketan
« Hari eta haren ingurukoei zor diegu euskara ezartzea herrigintzaren oinarrian. Ordu arteko egitasmoan arraza zen ardatza, eta hizkuntza baztertuta eta alde batera utzita zegoen. Etena, beraz, garbia zen, eta etena, gainera, ez zen hitz hutsezkoa izan: Txillardegik berak, esate baterako, gurasoek erakutsi ez zioten euskara ikasi eta hizkuntza horretan egin zuen bere ondorengo ibilia.  »

Koldo Zuazo, 2012-01-17[6]

Bilbora joan zen Ingeniaritza ikastera eta bertan ikaskide batzuekin batera Ekin taldea sortu zuen, gerora ETA izango zenaren aurrekaria. Talde haren helburua euskal arazoetan (euskara, historia, politika...) kontzientzia eta formazioa lortzea zen; abertzaletasun klasikoarekin kritikoak ziren eta frankismo itogarriaren aurrean EAJk agertzen zuen jarrera pasiboa salatzen zuten. EGIrekin elkarlanean aritu eta gero, EAJtik erabat banandu eta Ekinekoek beste erakunde bat sortzea erabaki zuten: Euskadi Ta Askatasuna. Hain zuzen ere, ETA sigla Txillardegik berak asmatu zuen.[4] Txillardegi ETAko zuzendaritzako parte izan zen, kultura adarrean. ETAren izaera irekia aldarrikatzen zuen, fronte abertzale edo herritar gisa, eta horregatik ez zuen uste marxismo-leninismoa ideologiatzat hartu behar zenik.[3]

1958tik 1960ra bitartean, Gipuzkoako Diputazioan euskal literatura eskolak eman zituen. 1961n erbesteko bidea hartu zuen, lehenik Frantziara eta gero Suitzara. Atzerrian izan arren, ETAn segitu zuen (zuzendaritza utzi zuen arren), bai eta kulturgintzan murgilduta ere. Beste zeregin askoren artean, Baionan Euskal Idazkaritza sortu zuen beste euskaltzale batzuekin batera. Elkarlan horretatik, ortografian eta morfologian oinarrizko arau batzuk adostu ziren euskara baturako eta 1965ean agiri batean argitaratu. Lan talde horrek aurkeztutako proposamen gehienak, geroago Euskaltzaindiak onartu zituen Arantzazuko Batzarraren ondoren, eta hortaz Txillardegi aurrerabide haren eragile nagusietakoa izan zen. 1967an ETA utzi zuen V. Biltzarra eta gero, ildo politikoarekin desadostasunak zirela eta. 1977an, behin Hegoaldera itzulita, politikagintzan murgildu eta ESB alderdiaren sortzaileetako bat izan zen, Iñaki Aldekoarekin batera. Herri Batasunaren sorreran ere parte hartu zuen eta koalizioaren izenean senatari hautatu zuten.

1989an Unibertsitateko irakasle zela Jose Luis Pinillosen Honoris causa izendatzea boikotatu zuen. Garaian HBren senatari zen[8] .

Bide armatua agortuta zegoela iritzita, Aralar alderdiaren sorreran parte hartu zuen. 2007ko maiatzean, ordea, alderdia uztea erabaki zuen, Aralarrek parte hartu zuelako ETAren biktimen alde Eusko Jaurlaritzak antolatutako ekitaldi batean, eta Aralar maiatz hartako udal-hauteskundeetara Ezker Batuarekin batera koalizioan joango zelako.[9] 2008ko urtarrilean, EAE-ANV alderdiko kideekin batera agertu zen hedabideen aurrean, Espainiako hauteskundeetarako hautagai-zerrenda erregistroan aurkeztera joan zirenean.

[aldatu] Literatura

[aldatu] Eleberrigintza

« Txomin Agirreren nobelak irakurri ondoren Leturiaren egunkari ezkutua irakurtzea amildegi batera jauzia egitea bezala izan zen guretzat  »

—Joxean Agirre, 2012-01-15[10]

Bere militantzia politikoaz gain literaturagatik oso ezaguna da Txillardegi. Maila batean eleberrigintza modernoaren hasieran parte hartu zuela esan daiteke. Berak lan hau "bigarren mailako" jarduera dela azpimarratu izan du askotan. Bere lehenengo eleberriek haustura eragin zuten ordura arte nagusi zen narratiba tradizionalean, eta militantzia politikoarekin lotuta zegoen, nolabaiteko literatura konprometitua. Bere lehen eleberria Leturiaren egunkari ezkutua izan zen (1957an Euskaltzaindiak argitaratua), existentzialismoaren eraginpeko garaiari hasiera ematen dio.

Peru Leartzako (Itxaropena, 1960) da bigarren eleberria aurrekoak bezain fama eta kritika ona ez duen liburua. Hirugarren eleberrian, Elsa Scheelen (Lur, 1969), narratzaile orojakile bat da berrikuntza nagusia. Eleberria orduko garaiaren isla da: marxismoa aipatzen da, Martin Luther King aipatzen da, Vietnamgo gerra, eta sekularizazioa batez ere, Elsa ezagutzean Maunierrengan hazten diren zalantzetan islatua.

Hamar urte beranduago Haizeaz bestaldetik (Autoedizioa, 1979) argitaratu zuen. Egilearen hitzetan "kirtenkeria handi bat" da eta bere eleberririk "sakon eta sinbolistena".

Exkixu (Elkar, 1988) izan zen hurrengo eleberria. Lan hori errealismo sozialista ortodoxoenetik hurbil koka daiteke. ETAko kide baten historia aipatzen du, bere eztabaida ezberdinekin.

Idazlearen hurrengo eleberria Putzu da (Elkarlanean, 1999). Bigarren karlistadaren eta XIX. mende amaiera artean kokatzen da. Idatzi zuen azkena, berriz, Labartzari agur. Txillardegik ipuin-liburu bat ere argitaratu zuen: Kosmodromo (Haranburu, 1984).[3]

[aldatu] Saiakera

Txillardegi ezinbesteko bilakatzen da saiakeraren generoa berritzerakoan. Txillardegik Huntaz eta hartaz argitaratu zuen lehenik eta behin (Goiztiri, 1965). Askotariko gaiak hartu zituen: existentzialak, erlijiozkoak eta moralak, eta politiko eta ideologikoak. Gainera, Teilhard de Chardin, Kierkegaard, Buda eta Gandhirenganako jitea antzeman daiteke. Jean Paul Sartre eta Bertrand Russell pentsalarien eragina jaso zuen batez ere.[10] Hizkuntza eta pentsakera lanean (Mensajero,1972) hizkuntzaren, logikaren eta munduari buruzko pentsamendu edo ikuspegiaren arteko harremana jorratzen du. Euskal Herritik erdal herrietara (Autoedizioa, 1978) liburuan aldez aurretik argitaratutako artikuluak bateratu zituen; horrez gain, Euskal kulturaren zapalketa liburua ere argitaratu zuen (Elkar, 1984). Memoria eta saiakera artean kokatzen den liburu bat ere argitaratu zuen, Euskal Herria helburu (Txalaparta, 1994) izenburupean.[3]

[aldatu] Hizkuntzalaritza

« Txillardegiren kezka nagusia zen herriak hizkuntza beharrezkoa duela eta Euskal Herriak euskara ezinbesteko ezaugarria duela aldarrikatzea.  »

Patxi Zabaleta, 2012-01-15[11]

Txillardegik Parisen Hizkuntzalaritzako lizentzia eskuratu zuen, eta euskal azentuari buruzko doktoregoa egin zuen Bartzelonako Unibertsitatean, Kaliforniako M.T.T. unibertsitatean egonaldia egin ostean. Lan andana idatzi du: Euskara batua zertan den ("Jakin" aldizkaria, 1974), Oinarri bila (1977), Euskal gramatika (Ediciones Vascas, 1978), Euskal Fonologia (Ediciones Vascas, 1980), Euskal Dialektologia (Autoedizioa, 1983) eta Euskal azentuaz (Elkar, 1984). [3]

[aldatu] Euskara batuaren gurasoetako bat

Txillardegi urte askoan sendo aritu zen, goi mailako erabileretarako euskal hizkuntza bateratu bat sortzeko beharra agertzen. 1957tik euskaltzain urgazlea zen (sekula ez zen euskaltzain oso izatera iritsiko, euskalari gisa aski eta sobera merezimendu bazuen arren). 1964an, Baionan euskaltzale talde batek Euskal Idazkaritza sortu zuen,[12] Hizkuntza Sail batekin. Bertan, Jesus Maria Bilbao, Jean-Louis Davant, Roger Iriart, Eneko Irigarai, Telesforo Monzon, Jesus Solaun eta Txillardegi elkartzen ziren. Txillardegi bera izan zen taldearen bultzatzailea eta joera eta herrialde guztietako euskaltzaleak elkartzen saiatu zen. Gainera, gizarte taldeen babesa bilatu zuen: EAJ, ETA, Enbata eta Euskal Herriko Erromatar Eliza Katolikoa.

1964ko urrian, Euskal Idazkaritzak batzar ireki baterako deialdia egin zien Euskal Herriko idazle eta irakasleei, haien iritziak entzuteko. Urtebete geroago, txosten bat plazaratu zen hartutako erabakiekin. Txostenak hiru atal zituen: ortografia, deklinabidea eta aditza. Gainera, dokumentuak amaieran h letraz idatzi beharreko hitzen zerrenda luzea zekarren, gehienbat Hegoaldeko euskaldunen lagungarri. Txosten hura izan zen Arantzazuko Batzarrak 1968an emango zuen txostenaren —euskara batuaren sorrera agiritzat hartzen den txostenaren— aurrekari nagusia.

[aldatu] Irakasle lanak

1976. urtean, unibertsitatean hasi zen lanean, hizkuntzalaritzan espezialista gisa. Hala bada, Bordeleko Unibertsitatean, EUTG eta Deustuko Unibertsitatean, irakasle izen zen, 1976tik 1983 arte. 1983-84 ikasturtetik aurrera, Zorroagako Fakultatean soziolinguistikako irakasle izan zen. 70 urte bete zituenean, katedratiko emeritu izendatu zuen EHUk.

2012ko urtarrilaren 14an hil zen.[2]

[aldatu] Lanak

Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basean, Txillardegi idatzitako 122 lan bildu dira.[13]

[aldatu] Narrazioa

[aldatu] Nobela

[aldatu] Saiakera

[aldatu] Hizkuntzalaritza

[aldatu] Autobiografia

[aldatu] Historia

Bestalde, zerrenda honen osagarri gisa, Inguma datu-basean Txillardegiren 122 produktu kontsulta daitezke. Baita ere 2000. urtean Euskaltzaindiak egin zuen Txillardegiren bibliografia 1956-1999, lan horretan 954 sarrera bibliografiko bildu zituen Pruden Gartziak.[14]. Azkue liburutegiko datu-basean Txillardegi bilatuta 1100 erreferentzia baino gehiago azaltzen dira.

[aldatu] Sariak eta omenaldiak

1999ko uztailaren 19ko ekitaldian UEUk oparitutako euskaldun makila eskuan (Argazkia: UEU)
Txillardegi 2011n Euskal Herrian Euskaraz taldeak eginiko omenaldian
  • 1968an Domingo Agirre Saria, Elsa Scheelen eleberriarekin.
  • 1980an, Zilarrezko Lauburu, Euskal Gramatika liburuagatik.
  • 1999an, Udako Euskal Unibertsitateak UEUko ohorezko kide izendatu zuen.
  • 1999an, Jakin aldizkariak ale berezia egin zuen Txillardegiri buruz.
  • 2000n, UEUk omendu zuen. Txillardegi lagun giroan liburua idatzi zuten bere lagunek.
  • 2000n, Euskaltzaindiak “Txillardegiren bibliografia 1956-1999” lana argitaratu zuen. 954 sarrera bibliografiko ditu lanak.
  • 2002an, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkarteak ohorezko bazkide izendatu zuen.
  • 2002an, Mendebalde Kultur Elkarteak omendu zuen, “Administrazinoa eta euskalkiak” jardunaldien barruan.
  • 2002an, Soziolinguistikako SEI elkarteak ohorezko lehendakari izendatu zuen.
  • 2004an, Elkar argitaletxeak omenezko jardunaldiak burutu zituen.
  • 2004an, Koldo Mitxelena Kulturuneak omenezko jardunaldiak egin zituen.
  • 2005ean, Euskaltzaindiak Nerekin yaio nun: Txillardegiri omenaldia liburua aurkeztu zuen. Hizkuntza, literatura eta historiari buruz 31 lagunek idatziriko lanek osatua da liburua. [15]
  • 2007an Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa Batzordeak hitzaldi-sorta prestatu zuen, Leturiaren egunkari ezkutua eleberria 50 urte argitaratu zela eta.
  • 2008an, Euskaltzandiak omendu nahi izan zuen berriro, oraingoan Leturiaren egunkari ezkutua eleberriaren ekarpena XX. Mendeko euskal narratibaren testuinguruan izeneko liburua aurkeztuta.
  • 2011ko otsailean, Euskal Herrian Euskaraz elkarteak egin zion omenaldia Donostian

[aldatu] Erreferentziak

  • Jakin aldizkaria, 114. zenbakia, 1999ko iraila eta urria. Txillardegiri buruzko monografikoa.
  1. Txillardegi hil da. Berria.info (Euskaraz)
  2. a b «Txillardegi hil da», Berria, 2012-01-14, http://berria.info/albisteak/59554/txillardegi_hil_da.htm. Noiz kontsultatua: 2012-01-14 
  3. a b c d e Estornes Lasa, Bernardo, «José Luis Álvarez Emparanza», Auñamendi Entziklopedia, http://www.euskomedia.org/aunamendi/9273?q=txillardegi&partialfields=fondo%3Aau%25F1amendi&numreg=1&start=0. Noiz kontsultatua: 2012-01-14 
  4. a b Fermin MUNARRIZ: «Jose Luis Alvarez, Txillardegi: "Euskarak eraman ninduen abertzaletasunera"», Gara, 2010-11-14.
  5. «Asko zor dizugu, Txillardegi», Berria, 2012-01-15, http://paperekoa.berria.info/harian/2012-01-15/502/001/euskal_herria_helburu.htm#despiezea1. Noiz kontsultatua: 2012-01-15 
  6. a b Zuazo, Koldo (2012-01-17), «Nori berea delako zuzenbidea», Berria, http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-01-17/006/001/nori_berea_delako_zuzenbidea.htm. Noiz kontsultatua: 2012-01-18 
  7. Irune LASA: «Txillardegi eta Ondarretako hondartza (Donostia): "Kartzela dinamitarekin nola eraisten zuten ikustera etortzen ginen lagunak"», Berria, 2008-05-24.
  8. Laura, Mintegi (2012-01-15), «Chapeau, Txillar», Gara, http://www.gara.net/paperezkoa/20120115/315636/es/Chapeau-Txillar. Noiz kontsultatua: 2012-01-15 
  9. * «Txillardegik Aralar utzi du, desadostasunengatik», Berria, 2007-05-21.
  10. a b Agirre, Joxean (2012-01-15), «Arrastoa utzi duen gizona», Gara, http://www.gara.net/paperezkoa/20120115/315640/es/Arrastoa-utzi-duen-gizona-. Noiz kontsultatua: 2012-01-15 
  11. Zabaleta, Patxi (2012-01-15), «Txillardegi, aitzindaria», Gara, http://www.gara.net/paperezkoa/20120115/315645/eu/Txillardegi-aitzindaria. Noiz kontsultatua: 2012-01-15 
  12. Koldo Zuazo, 2005, Euskara Batua: Ezina ekinez egina. Donostia: Elkar 154.or.
  13. Txillardegiren produkzioa Inguma datu-basearen arabera (122 produktu)
  14. Txillardegiren bibliografia, Azkue Bibliotekak paratua : 1956-1999 : Donostia, 2000-VII-13. Euskera aldizkaria. -- 45. libk. (2000, 3) ; 1263-1267 or. -- ISSN. 0210-1564
  15. www.euskaltzaindia.net: Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi” hizkuntzalari, idazle eta euskaltzain urgazlea hil da,

[aldatu] Ikus, gainera

[aldatu] Kanpo loturak

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Txillardegi
Wikiesanak
Wikiesanetan artikulu bat dago honi buruz:
Txillardegi
Tresna pertsonalak
Izen-tarteak
Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak