Itzuli orri nagusira Bidali hau

eitb.tv, Euskal Telebistako eduki guztiak Interneten

© cc-by-sa  Sustatu ¦ 2011-05-20 ¦ 07:12 ¦ hedabideak

Herenegun Bilbao Web Summit Nazioarteko Kongresuan aurkeztu zuten Patxi Arratibelek eta Edurne Ormazabalek EITB Nahieran, ekainetik aurrera EITBk martxan izango duen webgune berria: eitb.tv. Atzo arratsaldean EITBren egoitzan egin zuten aurkezpenean izan ginen, eta lehenago izan dugu webgune hori probatzeko aukera. Webgune konbentzionaletatik haratago, Internet bidez kontsumitzeko telebista da.


Argazkiak.org | EITB Nahieran © cc-by-sa: sustatu

Publizitatea

Aurkezpen ofizial publikoa ekainaren 14an izango da, baina atzo arratsaldean aurkezpen txiki bat egin zuten EITBren egoitza nagusian, eta bertan izan zen Sustatu.

eitb.tv izango da telebistako programa guztiak batzen dituen webgunea; telebista bat Internetez bitartez zuzenean dagoena, zein diferituan lehenago eman dutena, ikusi ahal izateko. eitb.com atarian jarraituko dute orain arte bezala bideo-pilulak txertatzen, eta eitb.tv-n programa osoak egongo dira. Akaso, geroago, telebistan ematen ez diren zenbait eduki ere gehituko dituzte bertan.

Orain arte 9.000 GBetik gora kargatu dituzte eta, pixkanaka, gero eta handiagoa izango da repositorio hori. Albistegiekin, adibidez, kaduzitate parametro batzuk jartzea pentsatu dute; baina beste eduki asko hor pilatzen joango dira. EITBren jabetzan dauden filmeak,adibidez, bertan jarriko dituzte, euskaraz eta doan. Beste zenbait eduki, marrazki bizidunak kasu, astebetez eskainiko dira bertan, EITBk ez baitu eskubidea zenbait eduki Interneten denbora gehiagoz emateko.

ETBren produkzio propioak digitalizatzen ari dira bertan sartzeko, artxibo handi batean: Jaun ta Jabe edo Bi eta Bat ikusteko aukera dago bertan, besteak beste. Kriterio garbirik ez dago nondik hasi, baina jendearen eskaerak kontuan hartuko dituzte eduki-aukeraketa hori egiteko.

Oraindik ofizialki estreinatu ez bada ere, sarean beta bertsio bat badago eta hor ikusi dezakezue nolako itxura izango duen EITB Nahieran atariak.


Argazkiak.org | EITB Nahieran © cc-by-sa: sustatu

Bideoa handi-handi erreproduzitzen du atzean, eta alboetan menu batzuk telebistako edukietan nabigatu ahal izateko.

Bilbao Web Summit jardunaldietan egindako aurkezpenean Ormazabalek AEBetan egindako ikerketa bat aipatu zuen. Ikerketa horren arabera, gaur egun herritarrek ikus-entzunezko edukiak kontsumitzeko ordenagailua telebista baino gehiago erabiltzen dute.

Webgune berriak eskaintzen ditu telebistako eduki guztiak: zuzenekoak eta iragandakoak. Ikusi ahal izango duzu bertan, modu intuitiboan, aurreko eguneko Goenkaleren kapitulua, edo iragan asteko Arratsaldero saioa, edo dena delakoa.

Orain arte euskaraz egindako ikus-entzunezko datu-base handiena eskainiko dio erabiltzaileari. eitb.com-eko Edurne Ormazabalek Sustatun bertan eman aurreratu zuen berria duela zenbait aste.

Telefonorako aplikazioak

Android eta iPhonerako aplikazioa garatuta daukate jada; atzo bertan onartu zuten EITB Apple Developer gisa, eta aurki aurkeztuko dute aplikazioa (aurkezpen ofizialean, agian). Horrez gain iPaderako aplikazio bat ere egitea eitb.com-en agendan daukatela aitortu zuen IƱako Gurrutxagak atzo egindako aurkezpenean.

Sarean dagoen hori, publikoki aurkeztu gabe badago ere, bisitatu dezakezue, eta akatsik topatzen baduzue, iradokizunik proposatu nahi baduzue, e-posta helbide honetan egin dezakezue: eitbnahieran@eitb.com.

Horrez gain, EITBren webgune berria ekainerako izateko asmoa ere badute; eta bertan umeentzako atal bat egongo da, zeinetan umeentzako edukiak besterik ez diren emango.

Erantzunak

#1. Re: eitb.tv, Euskal Telebistako eduki guztiak Interneten

Unai ¦ 2011-05-20 ¦ 08:59

Oso ondo dago webgunea. Baina berriro ere euskaldun negartiarena egin behar dugu.

Igandean hauteskundeak izango dira eta eitb.tv-ren zuzeneko emanaldiak "La noche electoral" iragartzen dute, hau da, ETB2ko programa. Zergatik ez ETB1ekoa?

#2. Re: eitb.tv, Euskal Telebistako eduki guztiak Interneten

Silverman68 ¦ 2011-05-20 ¦ 09:27

Kaixo,

Etb1eko hauteskunde programa eskuragarri egongo da streamingez eitb.com-en.

#3. Re: eitb.tv, Euskal Telebistako eduki guztiak Interneten

Lontzo Sainz ¦ 2011-05-20 ¦ 17:07

Epa Unai: kontutan izan beta bertsioa dela eta honelakoak gerta daitezkeela. Eskerrik asko abisatzeagatik

Dena den, produkzioan duguna eitb.com da, eta hor, normala denez, euskarazko saioa, informazioa, heriz herriko emaitzak etengabe bilatzaile baten bitartez, argazkiak, bideoak solte, ... denetarizk izango duzu

Nahi baduzu, hona hemen esteka, ETBko saioa eta twitter zein Facebook bitartez iradokizunak uzteko aukera:

http://www.eitb.com/hauteskundeak/udal-eta-foru-hauteskundeak/zuzenean/

Ondo izan

#4. Re: eitb.tv, Euskal Telebistako eduki guztiak Interneten

Zergaitikez ¦ 2011-05-23 ¦ 23:23

Nik ezagutzen dudan beste zerbitzu baten antza hartu diot: Kataluinako TV3en 3alacarta zerbitzua (http://www.tv3.cat/3alacarta/#/directes/TV3). Hori bai, kopiak kaskarragoa dirudi.

TV3ekoan beronen kate guztiak ikusteko aukera dago. Batzutan emanaldiak ez daude eskuragarri, baina eskubide kontuegatik dela uste dut. Hemengoak berriz, kate bakarra ikusteko aukera ematen du. ETBSat-en antzeko beste kate bat.

Oraingoz oso kalitate txarra du EiTBrenak. Baina badirudi funts handiagoa jarriko dutela ikusgai, ia horrela den, oraingoz ez dago gauza askorik eta.

Edukiak antolatzeko era ez da oso egokia. Badakizue baduen telebista berrietatik atzitzeko aukerarik?

Ba al daki batenbatek zer gertatu den Gipuzkoako Aldundiak eskuratu zuen Herri Irratiaren funtsarekin? non jarri dute?


Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

 Nabigatu euskaraz