2013/10/21 admin
Denbora luzez motor berarekin ibili ondoren, bazen garaia Euskalbarri kapot azpian zeukana eguneratzeko. Bertsio berri honetarako lan handia egin behar izan dugu Euskalbarren barrunbe guztiak miatu eta berritzeko. Horren ondorioz, orain arte beharbada modu batean funtzionatzen zuen zerbaitek huts egin dezake, baina aurreko portaera bera berregiten saiatu gara.
Badaude aurreko bertsioaren aldean desberdintasun batzuk, esaterako bilaketa konbinatuetan orain ezin dela hizkuntza bakoitzerako hiztegiak aukeratu.
Aldaketa horien ondorioz, bertsio berriarekin berrezarri egingo dira hobespen guztiak; beraz, berriro ezarri beharko dituzue hiztegien hobespenak (barran zein botoi ikusiko den eta zein ez, bilaketa konbinatuetan zein hiztegi kontsultatuko den, etab.) Gogoan izan hobespenak aldatzeko Euskalbarren botoitik egin dezakezuela, edo barraren gainean saguaren eskuineko botoiarekin klik eginez.
Motor-aldaketarekin batera erraztu egin da Euskalbarri hizkuntza eta hiztegi berriak eranstea. Horri esker, errazago integratu ahal izan ditugu hiztegi berriak. Momentuz hauek sartu ditugu:
- Nola Erran FR->EU hiztegia.
- Euskaltermen DE->EU->DE hiztegiak.
- Berriaren estilo-liburua.
- EITBren HIKEA hiztegia.
- Adorezen 5000 hiztegiak (eu-es, es-eu eta sinonimoak) bilaketa konbinatuetan.
- Microsoft Language Portal EN->EU hiztegia.
- Elhuyarren web corpusak.
Bertsio berriaren oharrak hemen kontsulta daitezke.
Euskalbarren zerbait aldatu edo konpontzeko proposamena duen edonork hemen egin dezake iradokizuna.
Azkenik, ez dugu inoiz esan baina hor doa: Euskalbarren garapenean gabiltzanok gure denbora librean garatzen dugu musutruk eta nahi duena libre da gu garagardo batera (edo bazkaritara!) gonbidatzeko. Dohaintza bat ere egin daiteke, hala nahi izanez gero, eta gure webgunearen ostatatzea ordaintzeko erabiliko dugu.
Euskalbar 4.0 from assar on Vimeo.
Bertsioak, Hiztegi eta baliabideak kategorian sailkatua | 2 erantzun »
2013/03/15 admin
Azken aldian gero eta baliabide gehiago ari da agertzen sarean euskaraz lan egiten dugunontzat. Gabonetako oporrak aprobetxatuta, horietako batzuk Euskalbarren txertatu ditugu bertsio berri honetarako.
Hurrengo hauek dira oraingoan sartu ditugunak:
- Egungo Testuen Corpusa.
- Bostak Bat taldearen Adorez hiztegiak (eu-es eta sinonimoak).
- UZEIren sinonimoen hiztegia helbide berrian kontsultatzen da.
- Egungo Euskararen Hiztegia.
- Literatura Terminoen Hiztegia.
- Lanbide Heziketarako Hiztegia.
- Epaitegietako Lexikoa.
- Lur Hiztegi Entziklopedikoa eta Lur Entziklopedia Tematikoa.
- EHUskaratuak EHUren itzulpen-memoriak.
- Hauta Lanerako Euskal Hiztegia.
Horrez gain, Euskalbarrek gaizki kontsultatzen zituen beste batzuk konpondu dira, adibidez GoiHata hiztegia, Telekomunikazioen hiztegia eta Zientzia eta Teknologiaren hiztegia.
Bestalde, hiztegiekin jarraituz, Firefoxen testuinguru-menuan agertzen diren hiztegiak (saguarekin testu bat hautatu eta eskuineko klik eginez agertzen direnak) beste modu batera antolatu dira, gero eta baliabide gehiago izanik jadanik ez baitziren ongi sartzen pantaila txikietan. Hiztegien menua ere (goiko menu-barratik kontsultatzen direnak) eguneratu egin da.
Hobespenei dagokienez, hobespen-leihoaren “Kontsulta aurreratua” fitxa erabat berritu da, hiztegi gehiago sartu ahal izateko. Bestalde, hobespen berria sortu da: bilaketa bat egiten denean, fokua testuaren kutxan uztea edo leihora eramatea aukeratu ahal izango da. Lehen kasuan, kutxan sartu den testua automatikoki hautatuta geratuko da, eta beste hitz bat bilatu nahi bada ez da aurretik zegoen testua ezabatu beharko, zuzenean idatzi ahal izango da testu berria.
Azkenik, beste aldaketa bi:
- Testua sartzen den kutxa hutsik dagoenean botoiren bat sakatzen bada, jakinarazpen bat erakusten da oraindik hitzik ez dela sartu esanez. Jakinarazpen horren itxura hobetu da.
- Egindako kontsulta-kopuruaren estatistikak beste modu batera gordetzen dira orain, eta horrek mantenimendua errazten du. Bestalde, orain estatistiken datuak zutabeen arabera ordena daitezke.
Euskalbarren bertsio berria instalatzeko, jo Mozillaren gehigarrien webgunera, edo jadanik aurreko bertsioren bat instalatuta badaukazue, itxaron jakinarazpena jaso arte. Kontuan izan bertsio hau Firefoxen 14 bertsiotik aurrera soilik erabili ahal dela.
On egin.
Bertsioak, Hiztegi eta baliabideak kategorian sailkatua | 2 erantzun »
2012/12/01 admin
Eusko Jaurlaritzak Euskalterm zaharra desaktibatu zuela eta bertsio berria erabili behar zela erabaki zuenetik, jende askok eskatu digu Euskalbar berritzeko, asko baitira Euskalterm ezinbesteko tresnatzat dutenak egunero euskarari lotuta egiten duten lanean.
Euskalterm berria Euskalbarren gaitzeak ez dauka aparteko arazorik, baina beste auzi batekin egin dugu topo: Euskalbar ostatatzen duen addons.mozilla.org (AMO) gunekoek, gure gehigarriaren bertsio berriak bertan edukitzeko, Euskalbarren kode informatikoari lotutako zenbait kontu tekniko aldatu behar genituela esan ziguten, eta hori ez zen hain erraza.
Erraza ez izatea baino gehiago, lan horri denbora gehiago eskaintzea eskatzen zigun, eta Euskalbar garatzen modu iraunkorrean-edo ari garen biok ez daukagu hori soberan.
Hori dela eta, Euskalbarren tarteko bertsio bat argitaratzea erabaki dugu, jendeak gehiago itxaron behar izan ez dezan. Bertsio honek Euskalterm kontsultatzeko balio du, eta Mozilla fundazioak eskatu zizkigunak konponduta ditu, baina horren truke, bilaketa konbinatuetan zenbait hiztegi momentuz ezin dira kontsultatu. Desaktibatu diren hiztegiak hauek dira: ZT hiztegia, Telekomunikazio hiztegia, Labayru, Mokoroa eta Danobat.
Bestalde, Euskalterm oraindik aurrera ez da gaika kontsultatuko; horren ordez, kontsulta generikoa besterik ez da egin ahal izango.
Horrez gain, Energia hiztegia desaktibatu da, itxura batean desagertu egin baita ostatatuta zegoen EEEren webgunetik.
Gainerako funtzionaltasun guztiak beti bezala dabiltza. On egin.
Bertsioak, Hiztegi eta baliabideak kategorian sailkatua | 12 erantzun »