Itzuli orri nagusira Bidali hau

Gizarte segurantzak Oier Lakuntza Irigoien ikasle nafarrari 11.150€ eskatzen dizkio

© cc-by-sa  Sustatu ¦ 2012-01-26 ¦ 13:28 ¦ osasuna

Oier Lakuntzak ikerketarako beka bat jaso zuen, eta laster Kimika kuantikoan doktorea izango da. Elbarria denez, beste diru-laguntza bat ere jasotzen du elbarritasuna dela eta. Gizarte Segurantzak dio bi laguntzak ez direla bateragarriak eta bat itzuli egin behar duela.

Ezin elbarri eta bekadun izan?

Publizitatea

Oierrek kimika ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean, eta bere espediente bikainaren ondorioz, EHUn ikerketa egiteko beka lortu zuen. Ondorengo hilabeteetan Kimika kuantikoan doktore bihurtuko da. Oierrek ikasle oso ona izateaz gain, ordea, badu beste berezitasun bat, Wolfram sindromea du, eta honen ondorioz, besteak beste, itsua eta gorra da, eta beraz, % 86ko elbarritasun-maila du aitortuta. Zailtasunak zailtasun, Oierrek bere bidea egin du, eta doktoretzaren ondoren zientzia-dibulgazioan lan egiteko asmoa du.

Gizarte segurantzak orain dionez, jasotzen duen diru laguntza eta ikerketa beka ez dira bateragarriak, eta diru itzulketa eskatzen dio. Oier, eta bere familiak, salatzen duten bezala, ordea, elbarritasunagatik jasotzen duen diru-laguntza (ez da 500€-ra heltzen hilean) gaixotasunaren ondorioz dituen gastu gehigarriak (botikak, egokitutako gailuak..) ordaintzeko beharrezkoa du, eta ikerketa beka (1.000€ ingurukoa), aldiz, ikerketa aldian, gainontzeko ikasleek bezala, egunerako gastuak ordaintzeko.

Egoera hau, gainera, ez da ikerketa aldira mugatzen, aipatutako diru-laguntza ez baita soldatapeko lanetik jasotako diruarekin bateragarria. Horren ondorioz, elbarritasunen bat duten pertsonak diru-laguntza eta soldataren/bekaren artean aukeratu beharrean uzten ditu. Hau da, diru-laguntza ez da aipatutako behar bereziak estaltzeko dela onartzen. Errealitatean beraz, ez da diskriminazio positiboa baliatzen zailtasun gehigarriak dituenari laguntzeko.

Oierrek, eta bere familiak, egoera hau konpontzeko lanean dihardute.

Unibertsitatea.net webgunetik ekarria, CC-by-sa lizentziari esker.

Lotura gehigarriak:

Erantzunak

#1. Re: Gizarte segurantzak Oier Lakuntza Irigoien ikasle nafarrari 11.150€ eskatzen dizkio

Bixente ¦ 2012-01-26 ¦ 16:35

Hau da hau, horrelako gauzak gertatzea, eta horrelako berriak jasotzea, nik neuk izateko zortea izan dudan ikasle eredugarrienaz -eredugarriena zein baldintzatan ikasi behar izan duen aldetik, eredugarrienetako bat haren adimen, ahalmen eta adorearengatik- hedabideetan! Antza denez, gure res publicaren kudeatzaileentzat, gaixo elbarriek bizirauteko baizik ez dute laguntzarik behar, ez euren ekarpen intelektualak gizarteari eskaintze aldera prestakuntza zientifikoa jasotzeko. Auro-argazkia galanta, gure res publicaren kudeatzaileena! Animo, Oier eta familia!

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

 Nabigatu euskaraz