BAI EUSKARARI ZIURTAGIRIA

El certificado

Estás en:El certificado > Noticias

Noticias



“Bai Euskarari Ziurtagiria guretzat eraginkorra izan da, euskara gure egunerokoan normalizatzeko balio izan digulako”

Rebeka Arraras: RBK diseinu enpresaren jabea eta Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkarteko presidenteordea

17 urte daramatza Rebeka Arrarasek RBK diseinu enpresa zuzentzen eta 16 urte Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkarteko presidenteorde postuan. Emakume enpresaria izatea gogorra egin bazaio ere zenbait unetan, oso interesgarria eta benetan aberasgarria gertatu zaio orain arte egin duen ibilbidea.

RBK enpresako jabea eta burua zara.Zergatik sortu zenuen enpresa? Nolatan hartu zenuen erabaki hori?

Kreatibitatearen munduan lanean hasten bazara oso zaila da beste baten menpean lanean aritzea eta horrexegatik sortu nuen enpresa, neure lanak egin eta nire proiektuak aurrera eraman nahi nituelako. Kukuxumuxurekin hasi nintzen lanean, baina segituan konturatu nintzen ez nuela nahi beste baten azpian lanean aritu, beraz neure kasa hasi beste aukerarik ez nuen izan.

Orain dela 17 urte sortu zenuen RBK.Nolako bilakaera izan du enpresak?

Hasieran bi lagun hasi ginen, baina pixkanaka-pixkanaka handitzen joan ginen eta bost langile izatera iritsi ginen. Momentuan, ordea, hiru gaude lanean eta beste bi autonomo gisa. Krisiak gogor eragin zigun. Enpresa mantendu da,baina bi kide kalera joan behar izan ziren. Bi urte nahiko gogorrak pasa ditugu.

RBK diseinu enpresa da. Zer lan mota egiten duzue?

Komunikazioaren arlo guztietan eta diseinu orokorrarenean aritzen gara. Azken batean, diseinu estrategikoan oinarritutako plan orokorrak egiten dizkiegu enpresei. Gu ez gara publizitate enpresa, gu sortzaileak, diseinatzaileak gara. Baina egia da publizitatea ere egin dugula. Eta beno, erakusketa edo museo munduan ere mugitu gara. Kontua da alor asko ukitu ditugula, denetarik egin dugula.

Betidanik garbi izan duzu zure jarduna diseinura bideratu nahi zenuela?

20 urterekin konturatu nintzen. 18rekin Ingeniaritza egiten hasi nintzen eta hiru urtean han egon ondoren konturatu nintzen hura ez zela nirea. Polita zen, baina nik beste zerbait nahi nuen.Niri sortzea gustatzen zitzaidan eta hasi nintzen diseinu industrialari buruz entzuten eta hori zer ote zen arakatzen eta azkenean diseinu industriala ikasi nuen Bartzelonan. Amaitu ondoren, diseinatzaile industrial bezala oso zaila zenez lana aurkitzea, gauzatxo txikiak egiten hasi nintzen. Azkenean diseinu grafikoan, edo beno, diseinuan orokorrean murgildu nintzen. Eta esan dizudan bezala, orain denetatik egiten dut.

Enpresaburu izan nahi zenuela argi zenuen?

Ez. Nik behintzat ez nuen pentsatzen enpresa sortu nahi nuenik. Nik nahi nuena zen nire kabuz lan egitea. Nire diseinua eta nire kreatibitatea eskaini nahi nituen, eta pixkanaka hasi nintzen hainbat lan egiten eta ia konturatu gabe enpresaren munduan sartuta nengoela ohartu nintzen.

Zeure enpresa izateak zer abantaila eta zer desabantaila ekarri dizkizu?

Abantaila nagusiena da zeure kabuz lan egiten duzula eta horrek gauzak zeuk nahi duzun moduan egitea ahalbidetzen dizula. Zuk gidatzen duzu enpresa eta zuk erabakitzen duzu nondik nora joan.Desabantailak ere badira: kezka handiak,arazo piloa, ez duzu inoiz atseden hartzen, beti egon behar duzu adi...

Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkarteko presidenteordea zara, eta baita bultzatzaileetako bat ere.Zergatik eta zertarako sortu zenuten Elkartea? Zer nolako bilakaera izan du eta gaur egun zer funtzio betetzen du?

Bai, zuzendariordea naiz hasieratik.Elkarteak 16 urte ditu eta nik ere kargu horretan 16 urte daramatzat. Orain ere bai, baina momentu hartan are desberdintasun handiagoa zegoen emakume eta gizonezkoen artean. Oraindik ere alor askotan emakumeak beste maila batean gaude. Eta enpresa munduan ere hori horrela da. Baina orain 16 urte desberdintasunak erraldoiak ziren: enpresetako zuzendaritzetan ez zegoen ia emakumerik eta enpresari bezala ere oso emakume gutxi genbiltzan.Eta gainera, azken urteetan sortu diren eztabaida guztiak orduan ez ziren existitzen. Adibidez, kontziliazioaz emakumeok hasi gara hitz egiten, nahiz eta emakumeon arazoa bakarrik ez izan.Begira zenbat pausu eman ditugun lan munduan ere: amatasun eta aitatasun baimenak, malgutasuna ordutegietan,orduen murrizketak... lorpen ugari. Eta hori Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartetik ere bultzatu dugu. Ez dute sindikatuek soilik egin, enpresaren mundutik ere egin da.Momentu hartan elkartu ginen enpresari guztiak oso txikiak ginen. Denak ginen zerbitzu enpresak edota jatetxeak eta antzekoak. Beste batzuk ziren denbora mordoa zeramatenak senarrarekin lanean, baina lankide izan gabe. Egoera asko oso latzak ziren. Gauza horiek Europan eztabaidatu ahal izan ditugu. Gu,Nafarroakoak oso mugituak izan gara betidanik eta Europako botere-gune askotan estatua ordezkatu izan dugu.Proiektu nahiz egitasmo askotan edota eztabaida askotan parte hartzeko aukera izan dugu. Hor joan dira lan munduko eta enpresa munduko eztabaidak sortzen. Nik uste dut gauza asko egin ditugula. Nafarroan adibidez, CEN-en (Confederación de Empresarios de Navarra delakoan) egotea lortu dugu. Ez zen inoiz emakumerik egon eta gu hasi gara.Merkatal Ganberan ere gauza bera gertatu da. Gure lehendakaria, Victoria Vidaurre da emakume bakarra. Bi erakunde horien, hau da, CEN eta Merkataritza Ganberaren Batzorde Eragileetan parte hartzen dugu. Beste hainbat erakunde eta organizaziotan ere bagaude. Beste ezeren gainetik egin duguna da hor kuña bat sartu. Gizonezkoak soilik badaude kargu guztietan, erabaki guztiak ere haiek hartzen dituzte eta erabaki guzti horiek maskulinoak dira, bai erabakiak eta baita aurreikuspenak, estra-tegiak, planak, etorkizuneko gestioak,proiektu berriak etab. ere. Emakumeok ere botere-gune horietan sartzen joan behar dugu.

Elkartea sortu zenutenetik gaur egunera alderik nabaritzen da?

Berdintasunik ez dugu lortu inondik inora. Baina nik uste dut egoera alda-tu dela. Enpresetako zuzendaritzetan orain askoz ere emakume gehiago daude. Zuzendaritza postuetan dauden pertsonetatik % 19 dira emakumezkoak, 2009ko datuen arabera. Ez dira asko izango, baina kontua da orain dela 16 urte ia batere ez zegoela. Azken batean,emakumeei gehiago kostatzen zaie zuzendaritza postuetara iristea. Gizonaren kasuan ez da hori gertatzen. Ez daukate arazorik bidaiatzeko, mugitzeko, goiz etxetik ateratzeko, bazkaltzera etxera ez joateko, haurra ikastolatik ez hartzeko...Emakumeak, gainera, presio sozial handiagoa dauka eta zailagoa dauka botere zirkuluetan edo sare informaletan sartzeko. Ezin gara joan padelean jokatzera,edo elkarte batetara afaltzera astearte batean. Ezin gara joan eta ez gara joaten agian nahi ez dugulako. Baina gizonak joaten dira eta beren sareak egiten dituzte han, beraien enpresa harremanak...Sare horiek funtzionatzen dute.

Zure esperientzia enpresa-zuzendari-emakume bezala nolakoa izan da?

Interesgarria izan da. Egunero da berria.Baina baita gogorra ere, arlo guztietan egotea tokatzen zaizulako eta askotan erabaki zailak hartu behar dituzulako.Hala ere, ez nuke aldatuko, oso gauza polita da enpresa mundua. Kontuan har-tu behar dugu era berean, gure enpresa zerbitzu enpresa dela eta gure bezeroen enpresetan murgiltzen naizela ni. Komunikazio eta diseinu eta irudi munduan lan ugari egiten dugu, beraz, enpresetako izkina guztietan sartzen gara... Horrek ahalbidetu dit enpresari buruz ere gauza asko ikastea. Harreman pertsonalak ere asko lantzen ditugu enpresa ezberdinetako jendearekin eta hori ere oso aberasgarria da. Emakume Enpresarien Elkartearen bidez ere enpresa asko ezagutu dut. Hor gure sarea daukagu eta Elkartea bera ere lobby edo sare bat da. Gauza asko entzun, aztertu, ezagutu, konparatu, etab. egiteko aukera izan dut. Horretan guztian denbora asko "galdu" dut,baina oso aberasgarria izan da.

Pentsatzen dut oraindik ere aldatu beharreko alderdi asko egongo direla botere edo zuzendaritza postuetan emakume gehiago egote aldera. Nola ikusten duzu etorkizuna?

Emakumeak ari gara pixkanaka sartzen enpresa munduan, baina gauza asko daude oraindik aldatzeko. Emakumeen kontzientzia aldatu behar da lehenik eta hezkuntzatik hasi behar gara horretan. Neska-mutikoei kontatu behar zaie enpresa mundua beharrezkoa dela, gizarteak aurrera egin dezan norbait izan behar dela enpresari, negozio txiki bat nahiz enpresa handi bat izan daitekeela aktibitate oso duina, polita, interesgarria. Hori alde batetik. Eta bestetik, berdintasunean bizitzen erakutsi behar zaie.Gero, kultura ikuspuntutik ere gauza piloa aldatu behar dira. Emakumeok askotan beldurtiak gara, oso beldurtiak eta pentsatzen dugu ez garela gai zenbait postu betetzeko. Gizonezkoekin, berriz,kontrakoa gertatzen da, beti esaten dute baietz. Gizonezkoentzat toki batean dago arrakasta eta emakumezkoentzat beste toki batean. Hori horrela izanik ere, azkenik egin behar duguna da oztopoak kendu. Hau da, zuzendaritza edo botere postu batean egon nahi duen emakumeari lagundu behar zaio. Izan ere, agian emakume batek aurreiritzi kulturalak kentzea lortu du, pentsatu du bere momentua dela eta zerbait berezia egin nahi du, baina orduan arazo mordo batekin egiten du topo. Arazo horiei konponbideak bilatu behar dizkiegu.Gauza asko aldatu behar dira eta pixkana egin behar dira aldaketa horiek, baina aldaketak egin daitezke. Eta nik uste dut gainera momentu bat iritsiko dela, abiadurak boom bat egingo duena. Orain ari gara gaia orokorrean aztertzen, baina zentratutakoan dena azkarrago joango dela espero dut.

Berriz ere gaiz aldatuz eta euskararen alorrera etorriz, zure enpresak Bai Euskarari Ziurtagiria du. Zergatik erabaki zenuten Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzea?

Ezagutu bezain laster erabaki nuen eskuratzea, ni euskalduna nintzelako eta nirekin lan egiten zutenen artean ere bi euskaldun zeudelako. Gainera, betidanik izan ditugu bezero nahiz hornitzaile euskaldunak ere. Bagenituen harremanak euskaraz. Gainera, niri zera gertatuzitzaidan: Bartzelonan ikasi nuela eta kanpoan zortzi urtez bizi izan nintzenez euskara galdu nuela. Beraz, pentsatu nuen Bai Euskarari oso tresna baliotsua izango zela euskara gure enpresan nahiz gure buruetan txertatzeko, eta halaxe izan da.

Bai Euskarari Ziurtagiriak enpresari onurarik ekarri dio?

Lagundu dio enpresari, bai. Gauza guztiak jarri ditugu modu elebidunean.Guretzat eraginkorra izan da euskara gure egunerokoan normalizatu delako.Detaile txikitxoetan euskara sartzen baduzu, pixkanaka barneratu egiten duzu.Orain dela sei-zazpi urte ez nuen pentsatzen adibidez, aurrekontuak inoiz euskaraz egingo nituenik eta orain egiten ditut.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendaritzako kide ere bazara. Zein funtzio betetzen duzu zuk?

Zuzendaritzan gaudenok lan mundua ordezkatzen dugu. Erakunde ezberdinetako jendea gaude eta nik Nafarroa ordezkatzen dudala esan nezake. Dena den, azken batean egiten duguna da Bai Euskarariren kudeatzaileen erabaki eta pausoak onartu edota balidatu. Horrez gain, proposamenak ere egiten ditugu.

Bai Euskarari Ziurtagiriak zer uste duzu eskaintzen diola euskal gizarteari? Eta zer euskal enpresei?

Nik uste dut oso tresna baliotsua dela euskararen normalizaziorako. Enpresa mundua oso arlo inportantea da gizartean eta oso ideia ona izan da hortik sartzea. Bai Euskarari Ziurtagiria enpresa ziurtagiri bat da eta beste enpresa ziurtagiriek bezala, edota kalitate ziurtagiriek bezala enpresan zerbait normalizatzeko balio duen tresna bat da. Bai Euskarariren kasuan, hizkuntza normalizatzeko ziurtagiri bat da.

Zergatik esango zenieke oraindik Bai Euskarari Ziurtagiria ez daukaten entitateei Ziurtagiria lortzeko?

Euskal gizarteak egin behar duena da bere hizkuntza zaindu eta bere hizkuntza landu. Euskararen estandarizazioa eta normalizazioa nahi baditugu, horrelako tresnak sortu behar ditugu. Ez gara ezer arraroa asmatzen ari. Espainian, Frantzian, Italian edota beste edozein herrialdetan ez litzateke onartuko bertako hizkuntza erabiltzen ez duen enpresa bat. Euskaldun sentitzen garenok bide horretan egin behar dugu aurrera.

Bai Euskararirekin hasiera-hasieratik izan zara oso inplikatua. Beti eman duzu gainera Nafarroako ikuspegia. Nola ikusten duzu hango egoera? Zer egin beharko litzateke aurrera begira? Eta zer funtzio bete lezake Bai Euskarari Ziurtagiriak lan horretan?

Ez dut ezkorra izan nahi, baina Nafarroan are eta okerrago gaude. Euskara alde batetik normalizatzen joanda, adibidez, ikastolen edo eskola publikoaren munduan, gizarte mugimenduak ere euskara zaindu eta landu du, baina dakigun bezala Nafarroako Gobernuak eta dauden bestelako erakundeek ez dute ezer egiten euskararen alde. Badaude herri erakunde edo Udaletxe batzuk zaintzen dutenak.Egia da baita ere Nafarroan badagoela sare bat, badagoela jende euskalduna,badaudela zorionez haur euskaldunak,badagoela kontzientzia... Eta beno,euskaldun kopurua azken urte hauetan handitu da. Euskara gehiago erabili eta hobeto zaindu behar dugu.

Facebook Twitter Delicious Yahoo Meneame.jpg

Descarga nuestra
revista

Información:

902 43 00 26

(0033) 5 59 25 50 41

info@baieuskarari.org