Itzuli orri nagusira Bidali hau

Martxan da Bardoak 2012, Nafarroako taldekako txapelketa

© cc-by-sa  Nafarroako Bertsozale Elkartea ¦ 2012-02-03 ¦ 12:45 ¦ bertsolaritza

Taldekako txapelketa berria abiatu da Nafarroan, Bardoak 2012. Apustua ez da nolanahikoa: 17 talde eta 99 parte-hartzaile, horietatik 51 bertsolari. Osotara, bi hilabete hauetan 24 saio eginen dira, Leitzan jokatuko den finala arte. Berez, otsailaren 3tik martxoaren 31ra luzatuko da Bardoak 2012, hala ere azken momentuan bertsolarien agenda arazoengatik lehen saioa urtarrilaren 27an egin zen, Etxarrin.

Publizitatea

Bardoak 2102ren ezaugarri nagusiak:

  • Datuei erreparatuta, Bardoak 2012k abiapuntu ikusgarria du: 17 taldek hartuko dute parte, 99 parte-hartzailerekin. Guztira, 51 bertsolari aterako dira plazara, inoizko kopururik handiena. Eta saio kopurua ere ez da nolanahikoa, bi hilabetetan 24 saio izanen ditu taldekako txapelketa berriak.
  • Finala izan ezik, elkarte giroko saioak izango dira, kalitatezkoak, hurbilak eta berritzaileak. Kasu gehienetan saio horiek, bazkari, merendu, afari edo bestelako ekitaldiekin osatuko dituzte.
  • Talde lana da ekimen berriaren oinarria. Gutxienez bost partaide ditu talde bakoitzak: hiru bertsolari, gai-jartzaile/aurkezlea eta taldeko ordezkaria. Hortik aurrera, nahi adina laguntzaile. Talde horiek guztiak, ahal izan den kasuetan, eskualde edo inguru bereko kideekin egin dira.
  • Hori dela eta, talde lana da bertsolariek saioetan egin beharko dutena, denen artean banatu beharko baitituzte egin beharreko ariketak. Nafarroako bertsolaririk ezagunenak daude taldeetan, eta haiekin batera bertsolari hasiberriak, horregatik talde lana ezinbestekoa da.
  • Saioetan ez da txapelketako ohiko epaiketa sistema izanen. Lehen fasean beste taldeetako bi kidek epaituko dute saioa, puntuaziorik jarri gabe, soilik ariketaz ariketa talde onena aukeratuta. Horiekin batera, entzuleek ere saioan hobekien nor aritu den baloratzeko aukera izanen dute. Bi horietatik aterako da saio bakoitzeko irabazlea.
  • Taldearen ardura ez da soilik saioetan kantatzea. Talde bakoitzak etxeko saioa antolatzeko ardura du, etxeko saioa aurkeztearena eta saio batean epaile lanak egitearena. Bardoak 2012ko helburuetakoa da bertsolaritzaren arlo guztiak lantzea.

Egitura

Hiru fasetan dago egituratuta Nafarroako taldekako txapelketa berria.

  1. Lehen fasean, hiru taldeko bost multzo daude eta seigarren bat bikoa. Multzoko talde bakoitzak bi saio izanen ditu, multzo bereko beste bi talderen kontra, bat etxean eta bestea kanpoan. Osotara lehen fase horretan 17 saio izanen dira, urtarrilaren 27tik otsailaren 19ra.
  2. Bigarren fasera multzo bakoitzeko lehena pasako da, sei talde guztira. Hiruko multzotan, bina saio eginen dituzte, buelta bikoitzean, etxean eta kanpoan. Osotara sei saio, martxoaren 2tik 18ra
  3. Eta, azkenik, hiru talde pasako dira martxoaren 31n eginen den finalera.

Finala

Leitzan izanen da Bardoak 2012ko finala, martxoaren 31n. Horretan, sailkatutako hiru taldeak igoko dira taulara, bederatzi bertsolari. Baina egun osoko festa eguna izanen da.

Azken urteotan Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala bertsolaritzaren eta euskal kulturaren ezinbesteko hitzordu bihurtu da, eta Bardoak 2012ko final horrek lehiaz harago dagoen bertsolaritzaren festa handia izaten segitu nahi du.

Web gunea

Bardoak 2012 taldekako txapelketaren informazio osoa eta eguneratua (egutegia eta ordutegia, sarrerak nola eskuratu, bideoak eta argazkiak...) www.bardoak.com web gunean segitzen ahal dituzue.

Horrez gain, sare sozialak ere (Facebook eta Twitter) baliatzen ahal dituzte zaleek aurtengo edizioaren xehetasunak segitzeko.

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

 Nabigatu euskaraz