Berria.info

Astelehena, 2012ko otsailak 6 - 15:57

2012-02-01

«Euskal konstituzio bat» sortzea proposatu du Egigurenek

Euskal Herriko batasun politikoa eratzea ahalbidetuko luke, «Espainia eta Frantziarekiko independentea izan gabe»

PPk bakegintza arloko politika aldatu ezean, elkarlana etetearen alde agertu da

Gorka Salces Alcalde Bilbo

Jesus Egiguren, hitzaldiaren une batean, Biblia bat eta liburu batzuk eskuetan dituela. / MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

«Euskal konstituzio bat egon liteke, Espainiako konstituzioarekin kontraesanik sortu gabe». Horrela mintzatu da PSEko presidente Jesus Egiguren, Forum Europan egindako agerraldian. Konstituzio horren barruan «Euskal Herria deitu daitekeen batasun politikoa sor liteke, Espainia eta Frantziarekiko independentea izan gabe», eta Nafarroarekin «organo komunak» osatzeko aukera aipatu du. Subiranotasuna partekatzeko ideiak hezurmamitu du Egigurenen solasa. «Borondate onarekin eta adostasunarekin ia dena da posible».

Franco hil ostean Espainiako estatuan abiarazitako prozesu konstituziogilea «etsigarria» izan zen, buruzagi sozialistaren ustez. «Konstituzioak Euskadin zilegitasun defizit garrantzitsua du». Gaur egun, ETAk armak utzi ondoren, «posible» ikusten du «Espainian 1978an egin zutena» Euskal Herrian errepikatzea; hau da, «akordio konstituzional zabala» lortzea. Akordio berri hori lortzeko, «adostasunaren» bidea jorratzea proposatu du. Independentzia lortzeko aukera ere zabalik utzi du; betiere, «guztien artean» hartutako erabakia izan beharko luke. Haren ustez, erreferenduma egitea ez litzateke egokia izango, horren bidez euskal gizartea «erdibituko» litzatekeelako.

Azken hiru hamarkadetan «gauzak zeharo aldatu dira», Egigurenen ustez. Ondorioz, «orduan ukiezinak ziruditen printzipio asko zaharkituta gelditu dira». Horien artean, «subiranotasun bakarra» aipatu du. 1978ko Espainiako Konstituzioak «Frantziako ereduari» jarraitzen dio, haren ustez, eta gaur egun «konstituzionalismoa ulertzeko beste modu batzuk daude».Adierazi duenez, «herri bati eragiten dioten auziak tratatzen ez dakien konstituzioa ez da herri horrentzat baliagarria».

Kolaborazio politikoa kolokan

Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek sinesgarritasuna eman zien ETAk jarduera armatuarekin jarraitzeko asmoa duela baieztatu nahian joan den astean argitaratutako ustezko informazioei. Bada, Egigurenek ez du uste arlo horretan atzerapausorik egon daitekeenik. Diazek «alarmismoa eragitea» baino ez duela nahi adierazi du PSEko presidenteak. «Auziari ekiteko modu txarra da». Madrilgo gobernuak bakegintza eta ETAren amaiera kudeatzeko orduan «kontrara jokatzen» jarraituko balu, PSEk PPrekin duen kolaborazio zikloa «amaitutzat» eman beharko lukeela adierazi du Egigurenek.

Bestalde, presoak Euskal Herrira hurbiltzea «ezinbesteko neurria» da, gipuzkoar politikariaren iritzian. Sakabanaketa PSOEk eta EAJk «bere garaian» hitzartu zuten neurria izan zela gogoratu du. Gaur egun, berriz, «neurria hartzea eragin zuten arrazoiek dagoeneko ez dute justifikaziorik». Hortaz, espetxe politika berri bat aplikatzearen alde agertu da. Egigurenen ustez, ETArekin «presoei, gizarteratzeari eta desarmatzeari buruz» baino ez litzateke hitz egin beharko, «gai teknikoei buruz», alegia. Beste edozein gai erakunde armatuarekin eztabaidatzea «politikaren arloan sartzea izango litzateke, eta ez dugu bidaia hau horretarako egin».

Eusko Jaurlaritzak laster bakearen bidean sakontzeko «neurri garrantzitsuak» hartuko dituela iragarri du Egigurenek. Izan ere, Euskal Herrian bakea sendotzeak «berehalako lehentasuna» izan beharko luke, PSEko presidentearen irudiko.

Bakea sendotzea

Xede hori lortu bidean, ezer «asmatu» beharrik ez dagoela nabarmendu du: «Mekanismoak ezagunak dira, erantzukizunez eta neurriz jokatzea besterik ez dugu behar». Alta, bakea sendotzeak ez luke eragingo Euskal Herriko «arazo guztiak desagertzea»; aitzitik, «jende askoren kezka da bakearekin batera beste auzi batzuk etortzea», independentismoaren hazkundea gogoan izanik.

Horrez gain, euskal gatazkaren gordintasunaren inguruan hausnarketa pertsonala plazaratu du Egigurenek. Haren ustez, gatazka armatuak iraun duen urteetan erail, mehatxatu edo espetxeratu dituzten euskal herritarren kopuruei so eginda, batek baino gehiagok «ezuste handia» hartuko luke. «Nazioartean egon den gatazkarik larrienetarikoa bizi izan dugu».



 

Mendia: «Aldaketek Gernikako Estatutua izan behar dute oinarri»

PSNk Egigurenen adierazpenak deitoratu ditu, «sozialista nafarren oinarrien kontrakoak» direlakoan

G.S.A.

«Eztabaidetan sartu gabe» ezeztatu du Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Idoia Mendiak Egigurenek proposatutako estatus politikoa martxan jartzeko aukera. Arlo horretan etor litekeen edozein aldaketak Gernikako Estatutua «oinarri» izan beharko lukeela adierazi du Mendiak, «hori baita gure konstituzioa».

PSNren errefusa

Egigurenen alderdikide nafarrek haren adierazpenak errefusatu dituzte, «Nafarroako sozialismoak bere sorreratik defendatu dituen oinarrien kontrakoak» direlakoan. Horrez gain, «prentsako tituluetan agertu nahi izatea » egotzi diote PSEko presidenteari.



 

Oiartzabalek PSEri eskatu dio Egigurenen hitzak «zuzentzeko»

UPDko legebiltzarkide Gorka Maneirok, berriz, Egigurenekin «apurtzera» animatu du PSEren zuzendaritza

G.S.A.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPren idazkari nagusi Iñaki Oiartzabalek Egigurenen adierazpenak «zuzentzeko» eskatu dio PSEko zuzendaritzari. Egigurenen hitzak deitoratu ditu Oiartzabalek, baina sozialistei Eusko Jaurlaritzan iraunarazten dituen akordio politikoa apurtzeko aukera baztertu du.

«Zentzugabekeria»

UPDko legebiltzarkide Gorka Maneirok, berriz, «zentzugabekeriatzat» jo ditu Egigurenen hitzak. Horrez gain, alderdiaren presidentearekin «apurtzera» animatu ditu PSEko kideak. Hiru urtez «abertzaletasunaren beldurrez jokatzea» egotzi die sozialistei.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia