Itzuli orri nagusira Bidali hau

Herri euskaldunak eta euskara

© cc-by-sa  Manuel Arregi (Zestoa) ¦ 2012-02-06 ¦ 07:07 ¦ hizkuntza

Gaur egun askotan entzuten dugun esaldi topikoa: "Azken urte hauetan asko aurreratu da euskararen normalizazio-bidean, baina oraindik asko dago egiteko". Inork ez du horretan zalantzarik, baina gauza hori bat ote dator herri euskaldunetan gertatzen denarekin? Iruditzen zait, bereziki Urola bailaran, ez ote gauden "lasaitasun-egoeran" bertan-goxo.

Publizitatea

Gipuzkoako, zer esanik ez Euskal Herriko, batez bestekotik gora gabiltza Urola bailaran euskararen arlo guztietan, baina lorpen hori "berez" eskuratu dugula iruditzen zait, ahalegin berezirik egin gabe, beste hainbat erdalgunetan ez bezala. Baina baditugu hainbat aje "berez" sortu zaizkigunak edo sortu ditugunak, agian, batere ohartu gabe.

Hona hemen aje horietako batzuen adibideak:

Zestoako Udalaren kontratazioa

Adibidez, Zestoako Udalak Osakidetzak egin duen gauza bertsua egin du Udal langileen koordinatzailea kontratatzeko egin duen deialdian. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) 4. hizkuntza-eskakizuna ezarri zion lanpostu horri. Bada, lanpostu hori sortu zenean Zestoako Udalak hirugarren hizkuntza-eskakizunera jaitsi zuen euskararen ezagutza-maila.

Urte batzuk pasa, eta berriro lanpostu bera betetzeko deialdia egin denean, berriz ere, "beheratutako hizkuntza-eskakizuna" ezarri du deialdian. Betiere, legearen barruan egin du hori Zestoako Udalak, Osakidetzak egin duen bezala.

Izan ere Udalek dute azken hitza horretan, ez dute batere obligaziorik HPSren "aholkuei" jarraitzeko. Horren berri ez dugu jakin hedabideen bidez, horrelakorik egitea "ezinezkoa" da, nonbait, herri euskaldunetan.

Duela urte batzuk Zestoako Udalak, Arkitekto-zerbitzuak ematen zituenarekin euskara-mailako nolabaiteko konpromisoak izendatu zituen. Nik dakidala, konpromiso horiek ez dira bete, baina duela hilabete batzuk kontratua berritu egin da euskararen ezagutza-maila batere kontuan hartu gabe.

Olagarroei kaña

"Olagarroei kaña" irakurri dugu han eta hemen gure herriko jaiak direla eta. Ez da inor izango mezu horrekin bat ez datorrenik, baina pixka bat pentsatzen badugu, ohartuko gara mezu hori ulertzeko, derrigorrez, gaztelania jakin behar dela. Gure inguruan bizi diren "erdi-elebakarrei" kosta egingo zaie hori ulertzea, zer esanik ez Ipar Euskal Herriko euskaldunei, haiek ez baitute gaztelaniaren nahikoa ezagutzarik. Esfortzu berezirik egin gabe topatuko genituzke horrelako adibideak gure artean. Erdara hezurretaraino sartuta daukagu, oharkabean, herri euskaldunetan ere.

Euskara estandarraren kontrako "moda"

Bestalde, badirudi, azken urte hauetan, bailara honetan, badagoela euskara estandarraren kontra jotzeko halako "moda" bat. Mundu globalizatu honetan, euskarak ez du, nonbait, lekurik. Gure kartel, aldizkari, webgune, eta abarri ez diegu "herri (nazio)-ikuspegirik" eman nahi, ez dugu, nonbait Euskal Herri osora hedatzerik nahi.

Euskara ez da horretarako tresna, txokokerietarako bakarrik balio du gure hizkuntza "maiteak". Hori guztia "herri-hizkeraren" izenean egiten dugu. Sarritan nahastu egiten ditugu kaleko hizkera itxia eta euskalkia.

Adibide bat jartzearren, orain dela hilabete batzuk Azpeitian antolatu zuten Bertso-trama aipatuko nuke. Gai-jartzaileak ("trama-jartzaileak") protagonismo handia zuen, jaialdi osoa bideratu behar baitzuen. Bada, gai-jartzailea Azpeitiko kale-hizkera nahiko itxian aritu zen, bertsolariak euskara estandarrean aritu ziren bitartean. Oso bitxia egin zitzaidan.

Nik uste nuen bereziki Urola bailarakoa zela izurrite hori, baina badirudi beste eskualdetara ere esportatu dugula, Goierrira, adibidez. Joera horren adierazgarri ezagunenetakoa Wazemank izango da, seguru asko, oilategi eta guzti. Badirudi, wazemankeria iraingarriek jarraitzaile ugari dituztela gure artean.

Herri euskaldunetarako euskara-plan serio bat egitea falta zaigu. Horretarako, lehenik eta behin, etorkizunean gure hizkuntzari zer eginkizun eman nahi diogun erabaki beharko genuke. Gure ajeekin jarraitzea erabakitzen badugu, ez daukagu ezer egin beharrik, besteek egiten dutena edo besteek jartzen dituzten helburuak esfortzurik gabe beteko ditugu, eta kito. Baina benetan "hizkuntza integrala" nahi badugu, diagnosi eta plangintza zehatzak prestatu beharko genituzke. Horretarako, interesgarria izango litzateke UEMA indartzea eta babesa ematea zangotrabak ipini gabe, bereziki udal-erakundeetara bideratutakoa herri osora zabaltzeko.

Mamitzen ari den egoera politiko berria ere horretarako lagungarri izango delakoan nago; itxuraz behintzat, ez da borondaterik falta. Besteen hutsuneekin, axolagabekeriekin edo dena delakoekin asaldatu egiten gara, baina ez dugu uste izaten guk geurok eta "gure erakundeek" horrela joka dezaketenik.

Erantzunak

#1. Re: Herri euskaldunak eta euskara

Yogurtu ¦ 2012-02-06 ¦ 09:27

Ni ez nauzu Urola bailarakoa, baina aspaldi konturatua nengoen euskara estandarraren kontrako "moda" absurdo honekin.
Eta uste dut bereziki gazteen kontua dela, nolabait euskara estandarra "guaia" izan ez eta, erdara erabili ordez, euskara "autentikoa" erabiliz "guaiago" sentitzen diren gaztetxoena.

Azken batean, hizkuntzaren pobretasuna ezkutatzen duen moda da, haiek kontrakoa uste badute ere. Hizkuntzaren espresibidadea lokalismo forzatuan balego bezala, eta ez hizkuntza ondo menderatzeak ematen duen aukera zabaltasunean.

Espainolek berdin egiten dute: txiste bat graziosoagoa iruditzen zaie azentu eta modismo andaluzez kontatzen badute.

Niri lanera idazki eta mezuak ere herri hizkera itxian bidali izan dizkidate eta horren aurrean "ze demontre!!" esana nahiz hainbat aldiz.
Beno, orain "guaiek" WTF diote.

#2. Re: Herri euskaldunak eta euskara

Zuzunkortan ¦ 2012-02-06 ¦ 11:27

Ba nik kontrakoa esango nuke: herri hizkera bizi-bizi mantendu eta konplejorik gabe erabiltzen (eta prestijiatzen) duten herriak direla euskararen erabilera zabalduen dutenak.

Nik herri barruko komunikazioa (kartelak, emailak, SMSak...) neure euskalki itxi-itxian idazten ditut. Baina neure eskualdetik ateratzen naizenean, batueraz edo modu estandarrago baten berba egiteko arazorik ez daukat. Ez dut uste batek bestea kaltetzen duenik. Alderantziz, batek bestea indartzen duela esango nuke.

PD: Ondarrutarra naiz

#3. Re: Herri euskaldunak eta euskara

Yogurtu ¦ 2012-02-06 ¦ 12:12

Herri hizkera "bizi-bizi mantendu eta konplejorik gabe erabiltzea" gauza ezin sanoagoa da euskararentzat. Hori nork uka.
Arazoa baina, konplejorik eza hori noraino eramatean dago. "Prestijiatze" hori zer den neurtzean. Nik uste dut duela gutxi arte argi zegoela euskararen barietate bakoitzak bete beharreko esparruak.

Kartel batean "Afaya atzaldian izangoa" idatzita ez da ezer prestigiatzen, "jatorrismo" hutsala ez bada.

Kartel batean nik, beti, "Afaria arratsaldean izango da" jarriko nuke, eta lagun batek galdetzen badit zer jartzen duen esango diot "Afaya atzaldian izangoala". Esan, ze e-mailez idatzi, ez nioke hori idatziko.

#4. Re: Herri euskaldunak eta euskara

Bizkaitarra ¦ 2012-02-06 ¦ 13:44

Yogurtu, azken mezuan dinozunari arrazoirik kendu barik, ni ondarrutarragaz ados:

Egia da bistara arraro egiten jakula herriko hizkeran kartelak ikustea, baina herritarrentzako mezua dan bitartean nik ez dot txarto ikusten, batez be Bizkaian orain arte batuaren azpian akonplejauta bizi izan garenontzat. Gainera, herriko nagusiek askoz hobeto ulertzen dabez mezuak bizkaieraz batuaz baino, ez dagoz-eta euskeraz alfabetauta.
Eta ahozkoan ondino argiago ikusten dot: herrirako edo eskualderako jarduera baten zergaitik egin behar dogu batuaz? EH osorako bada tira, baina bestela…
Gipuzkoan beharbada ez dozue arazorik eukiko zuen euskalkiagaz, baina Bizkaian oso oso herri euskaldunak ez direnetan batua bizkaierari terrenoa jaten dabil, eta etxe berean ikusi zeinkez gurasoak bizkaieraz eta umeak batuaz. Herririk euskaldunenetan, Ondarroan kasu, beti jakin izan dabe eurena zaintzen…
.

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

 Nabigatu euskaraz