PLAZEA
Gerediagako lehenengo plazea Martín López de Traña jaunak egin eban 1621. urtean. Egikera zertxobait eliptikoa eukan, eta gaur egun 16 erradio geratzen dira, erdigunean dagoan biribilgunetxotik abiatu eta 7'95 metroko luzeerakoak diranak. Gaur egun plaza horren erdia baino ez da ikusten, beste erdia jausi egin zalako Durango-Eibar errepidea 1789. urtean egiterakoan atondutako ezpondearen ondorioz.
Plaza horretan (eta, eguraldi txarra zanean ermitearen barruan be seguruen) egiten ziran batzarrak; plazearen buelta guztian oinarri edo munarri batzuk egozan, ordezkarien jesarlekutzat erabilten ziranak. Eurotako bost jatorrizkoak dira eta egozan leku berean dagoz, bigarren plazearen buelta guztian; beste guztiak barriagoak dira eta 1961. urtean ipini ziran; ordurako, plazea lurrez guztiz estalita egoan. Erabarriketeari ekin jakonean, arkeologilariek barriro jatorrizko lekuetan ipini ebezan, beti be kontuan hartuta plazaren erdia falta zala.
