Itzuli orri nagusira Bidali hau

Nahia Elizalde: "Arima makillatzeari utzi nion aurpegia makillatzen hasteko"

© cc-by-sa  Gaztezulo ¦ 2012-03-07 ¦ 12:02 ¦ aldarrikapenak

Nahiak hamazazpi urte ditu, baina bere adineko gazte gehienak baino helduagoa da. Bizitzaren kapritxo krudelak. Amaren sabelean fetu txiki bat besterik ez zenean hormona bainuan izandako akats edo desoreka baten ondorioz, Nahiaren sexu biologikoa eta bere sexu psikologikoa ez datoz bat. Mutil gorputzean harrapatutako neska da.

Publizitatea

Zama horrekin bizi izan da beti, lehenik bere burua onartu eta ondoren ingurukoei halaxe azaldu dien arte. Urtebete eskas geratzen zaio ebakuntza egin ahal izateko eta horretan du jarria gogoa. Bien bitartean, baina, egunerokoarekin jarraitu behar, bizitzarekin borrokan, aurrera begira, ilusioz. Donostiarra den arren, ile apaintzaile izateko ikasten ari da Zarautzen, eta bertan jaso dugu euripean.

Gustura etortzen zara eskoletara?
Goizeko seiretan jaikitzen naiz egunero, baina bai. Txikia nintzenean ere ibiltzen nintzen izebaren ilearekin jolasean. Batxilergo artistikoarekin egin nuen aproba iaz, marraztea asko gustatzen zaidalako, baina ez; benetan betetzen nauena hau da.

Zenbat zarete klasean?
Guztira hamazazpi. Denak neskak gara, mutil bakarra daukagu. Estrogeno –hormona femeninoa– asko pilatzen da giroan! Nabari da, benetan! –barrez–.

Ikastola garaiaz ez duzu hain oroitzapen onik. Zure transexualitatea dela-eta, esperientzia latzak bizi izan zenituen.
DBH bukatu arte Mikel izan nintzen; uda hartan eman nuen pausoa. Ikastolan, bereziki mutil batekin izan nituen arazoak, bullyng-a egiten zidan. Baina beste askok ere iraintzen ninduten Barbieak gustatzen zitzaizkidalako edo neskekin ibiltzen nintzelako... desberdina nintzelako. Tipikoa. "Marikoia!" esaten zidaten, begiradak ere oso mingarriak izaten ziren, esamesak, irribarre maltzurrak... Aldageletan ere oso gaizki pasatzen nuen.

Zeinetara sartu aukeratu behar, ezta?
Mutilen aldageletara sartzen nintzen. Jaio zinenetik zakila eta barrabilak izan dituzu, eta umea zarenean behintzat, horri ez diozu buelta gehiagorik ematen. Mutilenetara sartzen zara zuzenean. Baina oso deseroso egoten nintzen, ez nekien zer gertatzen zitzaidan, sentitzen nuen hura ez zela nire lekua. Zaila egiten zait azaltzea... bakardade antzeko zerbait zen. Zeharo galduta nengoen, ez nuen ezer ulertzen, baina nesken aldagelan egon nahi nuen; ez neskak biluzik ikusteko, baizik eta benetan haiengandik hurbilago sentitzen nintzelako.

Eta, adibidez, irteera egiten zenutenean hondartzara, zer?
Buf... hori ere gogorra zen. Bazter batean geratzen nintzen, arropa kendu gabe. Nire gorputza ez baitut inoiz onartu, komentatzen ari garen honengatik guztiagatik baina, baita ere, oso handikotea izan naizelako beti. Konplexu asko nituen... baina orain ez, e! Dena dela, ikastola garai hartan oso lagun onak ere izan nituen, gaur egun alboan ditut gainera, eta horrekin geratu nahi dut.

Irakasleen aldetik ere jaso zenuen babesa?
Ez pentsa... batzuek ulertzen ninduten, baina ez ziren benetan tartean sartu edo nahasi. "Pasatuko da", esaten zidaten. Gurasoek ere jo zuten beraiengana baina... eskola erlijiosoa zen! –barrez–.

Saiatu zinen iraintzen zintuztenekin hitz egiten?
Ez nintzen ausartzen, beldurra nien. Ausardia eduki izan banu, esango niekeen haiek bezalakoa naizela. Iruditzen zait hedabideetan agertzen diren transexualak ez direla egokienak honi buruzko azalpenak emateko eta, gainera, transexualitatearen inguruko okerreko estereotipoak sortzen dituzte, jendeak berehala irensten dituenak: gauarekin, prostituzioarekin, drogekin, transformismoarekin... nahasten gaituzte. Gutxienez errespetua merezi dugu. Errespetua... eta ondoren, laguntza, harremana. Izan ere, askok diote "bai, nik errespetatzen dut", baina gero ez dira hurbildu ere egiten, zu han eta ni hemen.

Irakurri elkarrizketa osoa gaztezulo.com-en

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

 Nabigatu euskaraz