Ubuntu eskola publikoan

Esaten dute blogak egitea protesta egiteko beste sistema bat besterik ez dela. Eta egia esan, ikastetxeetan dauzkagun informatika sistemaren kontra koplak botatzen ibili gara noiz edo noiz.

Dena den, noiz edo noiz gauzak hoberantz doazela ere adierazi behar, publikoki. Olentzerori eskatu eta gure Olentzero fin ibili zen. DBH-1 ikasle guztientzat ordenagailu eramangarri bana ekarri zizkigun ikazkinak eta irakasleontzat ere beste eramangarri batzuk. Primeran!

Lehen, gurean, ikasgela batzuen erdi-erdian ordenagailu + proiektore sistemak zeuden tokian orain proiektorea eraman dute eta ikasgelako bazter batean arbela digitala utzi digute. Mila euro arbela ukitzeko aukera izateko. Lehen ordenagailu egonkor bat, bere armairuan, zegoen tokian orain irakasleok  eramangarria igo behar dugu, kableak konektatu, eta hori guztia…

Flickr Pablog61; Pablo García; http://www.flickr.com/photos/pablog61/5495939289/

Ordenagailuak urtarriletik hona hortxe egon dira armairu ikusgarri batzuetan, bateriak kargatzen. Ez dugu egonarri eskasekoak izan behar; badirudi, laster, martxoan bertan agi denez, ikasleek gailu berriak estreinatzeko aukera izango dutela azkenik.

Bestalde, irakasleok ordubeteko trebakuntza saioa izan dugu. Nahikoa eta soberan, gure gaitasunak ezagututa, bai arbela digitalak erabiltzen hasteko, bai Win-7 eta bai Ubuntu 10.04 eta Ubuntu 11.04 erabiltzen jakiteko. Ubuntu, gainera, lau hizkuntzatan erabiltzeko aukerarekin instalatu egin digute. Bai ondo! Mila esker!!!

Oraindik ere, baina,  problematxoak dauzkagu Juniper Networks izeneko firewall edo su-heziarekin.  Nabigatzen ari zarela behin eta berriro zabalduko zaizu zorioneko leihatilatxoa:

Gaztelania orbangabe batean adieraziko zaizu hasieran nekez ulertuko duzun zerbait baina gero guztiok ikasi dugu leihatilatxoko kutxatilak nola bete eta nola egin aurrera. [Ikastetxeko edozein erabiltzaile izen eta pasahitzekin, aurrera].

Pantaila hori igaro eta nabigatzea libre.

Problema. Nabigatzen ari zara eta bat-batean konexioa galdu duzula antzematen duzu. “Ikertzen” hasi eta hortxe duzu berriro ere Juniper Networks hori erabiltzaile izena eta pasahitza eskatzen.

Bidaltzear zenuen mezua, gordetzear zenuen idazlana, auskalo non eta nola geratu zaizun.

Amorrua sortzen du Juniper horrek erabiltzaileon artea. Gainera, ematen zuen Ubuntu-pean oraindik ere gehiagotan jotzen zuela adarra.

Ubuntuzale batzuk ikasi dugu Juniper horren ondorio txarrei izkin egiteko trikimailutxoa:

  1. Zabaldu terminala (hamaikagarren bertsioan goi-goian, ezkerreko ikurrean, egin klik eta idatzi kutxatilean “terminala”; hamargarren bertsioan: Aplikazioak/Gehigarriak/Terminala).
  2. Idatzi terminalean, besterik gabe: ping google.com (ez “sudo” eta ez beste ezer).
  3. Ikusi nola terminalean behin eta berriro seinalea bidali egiten da google etxeko helbide batera. Etengabeko seinale-bidalketa horri esker ez zaigu Juniper Networks su-hesiaren zorioneko leihatilatxoa berriro zabalduko.

Trikimailu hori nahikoa omen da Juniper Network horrek behin eta berriro gure konexioa ez mozteko.

Aspaldi honetan, niri behintzat, dagoeneko ez zait zorioneko leihatilatxoa zabaltzen. Ez dakit ping horri esker ote den ala baten batek, goitik, konponketa ona egin ote duen. Azken hau bada, mila esker dagokionari.

Bienvenido a Juniper Networks, (gogoz kontra ekarri bazaitugu ere).

Errepikatzea ez da errenta

Honako artikulu hau topatuko duzue berria.infon. Garikoitz Goikoetxeak sinatu zuen. Letra lodiz pasarte batzuk azpimarratu ditugu.

 

Errepikatzea ez da errenta

Lau ikasletik batek mailaren bat errepikatzen du Hego Euskal Herrian oinarrizko ikasketak amaitu aurretik. Gero eta ikerketa gehiagok diote ez dela neurri eraginkorra. Beste bide batzuk aztertzen hasita daude eragileak.

 

Ekuazioa argia da: ikasle batek ez baditu gainditzen hiru-lau ikasgai, maila errepikatzera behartuta dago. Hego Euskal Herrian, lau ikasletik batek errepikatzen du gutxienez mailaren bat derrigorrezko eskola garaia amaitu baino lehen. Legeak apenas aurreikusten duen beste aukerarik suspentsoak pilatzen dituzten estudianteentzat. Baina neurri horren balioa auzitan jartzen ari dira eragile gehienak, ikerketek agerian utzi baitute errepikatzaileek ez dituztela emaitzak hobetzen. Soluzioa: laguntza gehiago ematea. Eredua aldatzea eskatzen du horrek, eta baliabideak. Krisi garaian, urritzen ari dira laguntzak.

Azken PISA txostenekoak dira datuak: Hegoaldean, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azken ikasturtean daudenen artean, %76k dauzkate 15 urte; alegia, %24k mailaren bat behintzat errepikatu dute. 2009ko datuak dira azkeneko PISArenak. Zenbakitan adierazteko: Hegoaldean, 21.006 ikasle zeuden DBHko 4. mailan, 5.012 errepikatzaileak.

Beste biderik ez da. «Gehienezko suspentso kopuru bat dago irakats-aldi bakoitzean; horiek baino gehiago ateraz gero, errepikatzea beste aukerarik ez dago. Notak dira irizpidea», azaldu du Ernesto Gutierrezek. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola orientatzaileen elkarteko presidentea da. Ohikotzat jo izan da errepikatzea. «Normal hartu izan da. Maiz errepikatu da, eta ondo ikusita egon da», adierazi du Pedro Gonzalezek, Nafarroako Eskola Kontseiluko presidenteak.

«Neurri traumatikoa da», esan du Gutierrezek. «Estigma izaten dute errepikatzaileek, eta autoestimuan ere eragiten die: ikusten dute ikaskideak hurrengo mailara igaro direla eta haiek lehengoan daudela». Ikasle eta irakasle gehienak bat datoz: porrot sentipena dakar errepikatzeak, eta lan handiagoa egin beharra harremanak izateko. ISEI Irakats Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak egindako ikerketa batek agertu du egoera hori. «Errepikatu dutenek eta ez dutenek diferente ikusten dute eragina», azaldu du Amaia Arregi ikertzaileak. Ondorioei garrantzia kentzera jotzen dute errepikatzaile askok.

Nerabeek errepikatzen dute gehien, 13-15 urtekoek. «Adin zailean daude, eta ez dute adierazten arazoak dituztela errepikatzearen ondorioz. Baina badituzte: lagunengandik banandu egiten dira». Marian Ozkariz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeak esan du irakasleentzat ere ez dela ona ikasleek errepikatzea.

Emaitzak, ezbaian

Alde pertsonaletik kalterako da eta, heziketaren ikuspegitik, gero eta zalantza gehiago daude. Gonzalez: «Ikerketa gehiagok diote errepikatzaileek oso gutxitan lortzen dituztela emaitza hobeak. Zalantzan dago eraginkortasuna».

ISEIren ikerketek berretsi dute emaitza kaskarragoak dituztela errepikatzaileek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, DBHko 2. mailan egin zuten proba: Matematikan, batez beste, 512 puntu lortu zituzten ikasleek; errepikatzaileek soilik, berriz, 499. Alde «esanguratsuak» direla adierazi du Arregik. Beste datu bat: mutilak dira errepikatzaile gehienak.

Herrialde batzuetan egin diete kasu errepikatzeak baliorik ez duela dioten ikerketei, eta aldatu egin dute sistema: maila gainditu egiten dute ikasleek, suspentsoak pilatu arren. Finlandian, adibidez, oso salbuespenekoa da ikasle batek maila bat bi alditan egitea.

«Zailtasunak dituztenentzat laguntza handiak jartzen dituzte han», argitu du Gutierrezek. Lehenago esku hartzen dute, eta errepikatzea saihesten. Euskal Herrian, ordea, huts egiten dute horretan. «Ohituta gaude esatera DBHko 4. mailan suspentso asko dituenak porrot egin duela. Baina ikasle horrek lehenago egin du porrot, askoz lehenago», ohartarazi du Gonzalezek. Horren garrantziaz ohartuta daudela esan du Ozkarizek, eta lehentasuna dela: «Prebentzioa da garrantzitsua, eta zailtasunen bat ikustean berehala esku hartzea. Askoz errazagoa da garaiz zuzentzea azkenera arte zain egonda baino».

Ekimenak abiatu dituzte azken urteetan Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. «Ahalegina egin da: dibertsifikatze taldeak sortu dira. Talde txikiagoak izaten dira, eta ikasleei egokitutako bidea jartzen dute, curriculuma moldatuta», azaldu du Gutierrezek. Badaude baliabideak? Baietz diote Nafarroako Eskola Kontseiluko buruak eta Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeak. Ozkariz: «Dauden eskola orduetarako baino langile gehiago ematen zaizkie eskolei, eta ahalmena badute laguntzak jartzeko». Gonzalez: «Arazoa ez da baliabideena. Horiengatik balitz, arrakasta handiagoa beharko genuke».

Krisiak izan du eragina, nolanahi ere. «Zailtasunak daude», esan du orientatzaileak. Irakasleen elkarteek ikasturte hasieran ohartarazi zuten laguntzekin arazoak daudela, ikasleko irakasle gutxiago daudelako; Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, etengabe kentzen ari dira laguntzaileak, eta hurrengo eskola sartzean ere hori bera egin nahi dute.

Laguntza jaso arren suspentso asko pilatuz gero, errepikatu egin behar du ikasleak. «Bi-hiru irakasgai badira, irakasleek erabakitzen dute zer den probetxuzkoagoa, pasatzea edo errepikatzea», esan du Gutierrezek. Maisu-maistrek ondo ikusten dute errepikatzea. ISEIren ikerketan, %87k esan zuten neurri ona dela. Arregi: «Ikasle heldugabeei laguntzen diela uste dute askok, baina ez dituzte ezagutzen errepikatzearen ondorioei buruzko ikerketak».

Ikasle motaren arabera

Errepikatzearen balioa ikaslearen araberakoa dela uste dute Gutierrezek eta Gonzalezek. «Askotan gertatzen da ikasleek beste era bateko heziketa nahi dutela, edo lanean hasi. Kasu horretan, errepikarazteak ez du balio. Arazo gehien horrelako ikasleekin izaten da», adierazi du orientatzaileak. Beste estudiante mota bat deskribatu du eskola kontseiluko buruak: «Kostatzen zaien ikasleentzat balio du, laguntza jarrita aurrera egiten dutenentzat».

Errepikatzaileentzat plan bat egiten dute maisu-maistrek ikasturte berrirako. «Ikasleek zailtasunak zergatik dauzkaten jakitea da garrantzitsuena, eta horiek gainditzeko egitasmo bat egitea», azaldu du Ozkarizek. Baina guztiek onartu dute alor horretan zer egin asko dagoela ikastetxeetan. «Badakigu praktikan konplexua dela plan horiek martxan jartzea», aitortu du sailburuordeak.

«Errepikatzeagatik errepikatzeak ez du funtzionatzen», nabarmendu du orientatzaileak. Gainerakoek ere babestu dute adierazpen hori. Kontua da hutsunea dagoela berriro egin beharreko ikasturtea diseinatzean. «Hezkuntza komunitateak edo ez du egiten edo gehiago kostatzen zaio horri erantzutea». Egoera aldatu beharra nabarmendu du Gonzalezek: «Argi esateko: ezin da emaitza desberdina lortu gauza bera eginda bi ikasturteetan. Arazoa da ikasleei ez diegula egiten hezkuntza planteamendu eraginkorrik. Errepikatzaileei neurri berak ezartzen segitzen dugu».

Kasuak banaka aztertzearen eta ikasle bakoitzaren egoerara moldatzearen beharra nabarmendu dute. «Bestela, azkenean, ikasleak errepikatuko du behin, eta hurrengoan automatikoki pasatuko du ikasturtea, suspentso mordo bat izanagatik ere. Eta hori gertatu egiten da», ohartarazi du eskola kontseiluko buruak. Eta amildegia gertu izaten da. Arregi: «Irakasmaila bat errepikatzea, beste adierazle batzuen artean, arrakastaren edo eskola porrotaren seinale bat da». Hegoaldean, hamar ikasletik batek ez du lortzen DBHko titulua.

Familiaren garrantzia

Ikasle bakoitzaren beharrei nola erantzun asmatu behar du hezkuntza sistemak. Gonzalezek nabarmendu du, hala ere, ez dela hori eskolen egitekoa soilik. Familien garrantzia gogorarazi du: «Maiz, ez zaigu axola gure seme-alabak ikasturtea pasatzea sei suspentsorekin. Igarotzea nahi dugu. Falta zaigu kultura hori: umeen heziketa dela garrantzitsua, behar dituztela erremintak gizarteratzeko eta laneratzeko».

Aldaketak ezinbestekoak dira, baina nolakoak? Automatikoki mailaz pasatzea dago mahai gainean, Europako beste herrialde batzuek egiten dutenez gero. Sailburuordeak uste du legea aldatu gabe ere badagoela hobetzeko biderik: «Aukerak badaude. Sakondu behar dugu bide honetatik: arazoak antzeman orduko, esku hartu behar da, ondo hartu ere. Hori egingo bagenu, oso txikiak lirateke errepikatzaileen kopuruak».

Mailaz igotzearen aldeko iritziak zabaltzen ari dira: ISEIren ikerketan, hori babestu zuten hamar ikasletik zortzik eta hamar irakasletik zazpik; hori bai, maila suspentsoekin igarotzen dutenei laguntza jartzea ezinbestekotzat jotzen dute. Dirua da hori. Baina egungo egoera ez da hobea: ikasleen laurdenek behar baino urtebete gehiago egiten dute eskolan. Gonzalez: «Errepikatzea garestia da. Diru hori beste neurrietan erabilita, asko egin ahalko genuke».

Hortxe azpimarratu ditut pasarte batzuk. Zeintzuk azpimarratuko zenituzke zeuk?

Zein da gaiari buruzko zeure iritzia?

Public Domain. via Creative Commons by Pfc. Adam Halleck, 1st BCT PAO, 1st Cav. Div., MND-B

Bermudako hirukia

Bermudetako hirukia 1,1 milioi km²-ko triangelu formako area geografikoa da. Ozeano Atlantikoan dago, Bermuda uhartearen, Puerto Ricoren eta Floridaren artean.

Famatua da XX. mendearen erdian zenbait idazlek leku horren arriskugarritasunaren berri eman zutelako zenbait aldizkarietan. Baina Amerikako Estatu Batuetako Kostazainen arabera toki horretan ez daude beste leku batzuetan baino itsasontzi eta hegazkinen desagerpen gehiago.

HISTORIA

Belaontzien arotik, Europara bidaiatzen ziren itsasontziak toki horretatik pasatzen ziren haizea eta golkoko korrontea aprobetxatzeko. Gero eta itsasontzi gehiago pasatzen ziren handik.

Golkoko korronteak eguraldi oso ezegonkorra du. Eta itsas trafiko dentsua eta eguraldi txarraren konbinazioak posiblea egiten du zenbait itsasontzi ekaitzetan barneratzea eta galtzea aztarnarik utzi gabe bereziki teknologia handirik ez zegoenean.

Bermudetako hirukietan 50 itsasontzi eta 20 hegazkin galdu dira aztarnarik utzi gabe. Hauetako zenbait desagerpen azaldu ahal dira baina beste batzuk ez.

19. Hegaldia

Jazoerarik ezagutuena eta ospetsuena bost TBM Avengerren eskuadroiaren desagerpena izan zen. Entrenamenduko hegaldi bat egiten ari ziren, Floridaren inguruan. Charles Berlitzen obraren arabera hegazkinlariak zenbait efektu bisual arraro ikusi eta gero desagertu ziren. Gainera, hegazkinen gorpuzkiak uretan flotatzen egon beharko ziren zenbait egunetan zehar. Baina ez zen soilik ez zituztela aurkitu, baizik eta Marinak bidalitako bilaketa eta erreskatea aginduta zuen hegazkinak ere galdu zirela zen. Honek Bermudetako hirukiaren teoria indartu zuen, baina gero olio orban bat aurkitu zen. Esan zuten seguruena erregai fuga batek leherketa bat sortu zuela erreskate hegazkinetan, baina ez zeukaten segurtasunik.

Berlitzek bere obran aipatutako zenbait itsasontzi ez zeuden Bermudetako Hirukiaren barruan, hor jarri zituen berak bere obra potoloagoa jartzeko. Horrexegatik Berlitzren obra ezeztua geratu zen.

Kritikoek esaten dute Berlitzek eta beste zenbaitek kasuak puzten ari zirela.

Eskuadroiari erreparatuz, teoria batek esaten du Charles Taylor Tenientearen akats bat izan zela da, desorientazioaren ondorioz Ozeanoaren barrena eraman zuela eskuadroia eta horregatik ez zituztela aurkitu.

1991an bost Avengeren gorpuzkiak aurkitu ziren Floridako kostetan, baina serieko zenbakiak ikusi zituztenean konturatu ziren ez zirela 19. Hegaldiarenak.

Azalpenetara bueltatuz korronte gogorrak eta uren sakontasuna azaldu ahal dute gorpuzkirik ez aurkitzea. Gainera, egunero ehunka itsasontzi zibil eta militarrak pasatzen dira handik arriskurik gabe.

Azken 100 urtetan 10 milioi itsasontzi pasatu dira gutxi gora behera eta XIX. mendetik aurrera soilik 50 itsasontzi eta 20 hegazkin desagertu dira.

Bermudetako hirukietan gertatu diren desagerpenak urtero pasatzen diren itsasontzi eta hegazkinekin konparatuz istripuak portzentaje txikia du. Lloyd, Londreseko itsas aseguratzaileak zehaztu du hirukia ez dela Ozeanoko beste edozein toki baino arriskutsuagoa eta honetatik pasatzen denean ez ditu tarifa desberdinak kobratzen.

Beste hiruki batzuk

Munduko beste leku batzuetan Bermudetako Hirukia bezalako beste area geografiko batzuk daudela esaten da, adibidez Dragoiaren Hirukia eta Marysburgheko Erpina

  • Dragoiaren Hirukia Deabru itsasoan dago, Japoniaren alboan. Hau ez da oso ezaguna, han galtzen diren ontzi gehienak radar gabeko txalupa txikiak direlako.
  • Marysburgheko Erpina Ontarioko aintziraren ekialdean dago, Estatu Batuen eta Kanadaren erdian. Han hondoratze kopuru ikaragarria eman da.

EAE hezkuntza sisteman euskara mottel dabil

Josu Sierraren blogean gogoratzen ziguten euskara,  gure lurraldeko hizkuntza “propio” eta ofiziala, zein emaitza kaxkarrekin ari garen ikasten.

Emaitza horiek gaztelaniarekin gertatuko balira hainbat hedabidetan debate eta iritzi sutsuak entzungo genituzke. Euskararen egoera tamalgarriarekin, ordea, ohituta gaude. Kontu konponezina ematen du. Hizkuntza gutxiagotua da eta hortik kontuak.

Josu Sierrak erakusten dizkigu hiru hizkuntza eredu klasikoen emaitzak. A, B eta D, A ereduan oso emaitza txarrak eta D ereduan txarrak izanda ere hiru ereduetan emaitzarik onenak.

Kontu jakina da ez bakarrik euskaraz komunikatzeko gaitasunean, beste gaitasunetan ere, gaztelaniaz komunikatzeko gaitasunean tarteko,   desorekak daudela ebaluazio emaitzetan. Euskaraz komunikatzeko gaitasunean gertatzen denarekin beste gaitasunekin ere paralelismo edo korrelazioa ikus daiteke. Emaitza txarrenak (ikastetxe publikoei bakarrik begiratuz gero) A ereduan. D ereduan onenak.

Ikasleak ez dira ausaz matrikulatzen hiru ereduetan. Badirudi eskola publikoan maiz gertatu dela zenbat eta indize sozio-ekonomiko-kultural (ISEK) altuago orduan eta eredu elebidunago hautatu.

Itunpeko eskoletan hautaketak ez dira modu beretik egin. Oso oker ez banago, itunpeko eskoletan B eredua izan da ISEK baxuena erakutsi duena eta A eredua altuena. Emaitzak, hemen ere, ISEK horrekin korrelazioan.

Baina orain, eskola publikoan behintzat, leku askotan laugarren hizkuntza eredu bat gogor, indartsu, hasi da. Gurean EA eredua deitzen diogu: eredu eleanitza. Ingelesa maila hobetzeko aukera hobearekin, ikasgai batzuk ingelesez.

Laugarren eredu honetan ere ikasleak ez dira ausaz matrikulatzen. Lehengo hiru ereduetan gurasoen hautaketa hutsa baldin bazegoen, oraingo laugarren eredu honekin irakasleen eskua ere antzeman daiteke.

Ez ditut oraindik ebaluazio-emaitzak ondo inon argitaratuta ikusi baina nago EA taldeetako emaitzak lau ereduetan altuenak izango direla, alor edo gaitasun guztietan. Alde nabariarekin gainera. Horrelako taldeetara ikasle “onenak” bideratzen dira. Talde horietatik ikasle “txarrenak” erauzi egiten dira… Lehengo hiru hizkuntza ereduekin gertatzen zena baina areagotuta. Irakasleek probak prestatu izan dituzte talde berri hauetara nortzuk joango diren ebazteko, espedienteei begiratu zaie…

Etorkizun hurbilean ikusiko ditugu emaitzak. Eskola porrota eta eskola arrakasta ez da, inondik ere, lau ereduetan ausaz banatuko .

Labirintoan zulo beltzak egoten dira batzuetan, (Irudia: via Creative Commons, By Kim Navarre from Brooklyn, NY - CC-BY-SA-2.0)

IV. Ipuin eta ilustrazio lehiaketa

Irakurri esteka honi jarraiki

Ilustrazioetarako ezin dizuet gehiegi lagundu baina ipuin bat idazten baduzue prest nauzue pixka bat zuzentzeko.

Animo, 1500-2000 karaktere ez da beste munduko ezer. Folio bat, hor nonbait.

(Sakelako) Telefonoa

Sakelako telefonoa hari gabeko telefono eramangarria da, irrati uhinak erabiltzen ditu.

Bere ezaugarririk nagusiena, bere eramangarritasuna da. Honek ia edozein lekutatik beste telefono batekin komunikatzea ahalbidetzen du. Funtzio nagusiena ahotsaren bidezko komunikazioa da.

Historia

Lehengo sakelako telefonoa 1983. urtean agertu zen, DynaTAC 8000X modeloa izan zen, Motorola konpainiarena. Modelo honen aita Martin Cooper izan zen baina bere diseinugilea Rudy Krolopp izan zen.

Komunikazio telefonikoa posiblea da zentral mugikorren eta publikoen arteko interkonexioei esker.

XXI. mendetik aurrera, sakelako telefonoak funtzionalitate berriak eskuratu dituzte. Sakelako telefonoaren eboluzioak bere tamaina eta pisua jaistea lortu du. Deitzeaz eta SMSak bidaltzeaz gain, dispositibo berriak dituzte, adibidez:

PDAexternal image 220px-Mobile_phone_evolution.jpg
Argazki kamera
Alarma
Kalkulagailua
GPS
Multimedia erreproduzitzailea
Bluetooth
WI-FI
Jokuak
Interneta
Etab.

Sakelako telefonoaren bilakaerari smartphone deitzen zaio.

Egun garrantzi handia dute ukimen-pantailako sakelako telefonoak.

Mugikor teknologia digitalaren agerpenarekin, Interneteko orrietara sartzea ahalbidetu zen bereziki sakelako telefonoetarako diseinatuta daudenetara. Hau teknologia WAP (Wireless Application Protocol) bezala ezagutzen da.

Fabrikatzaile nagusiak:

Nokia
Samsung
Motorola
LG
Sony Ericson
Alcatel
Apple
HTC

Gaur egun Nokia da munduko sakelako telefonoetako fabrikatzailerik nagusiena.

2011an gehien saldu ziren sakelako telefonoak Samsung Galaxy S II eta Iphone 4 izan ziren, baina Espainian Gabonetako Smartphone-nik salduena Blacberry Curve 8520 izan zen.

Gizakiek sorturiko edozein ekipo elektronikok kutsadura elektromagnetikoa sortzen du. Ikasketa batek esaten du sakelako telefonoek sortzen duten erradiazio elektromagnetikoek pertsonei urteak kentzen dizkiotela.

Gaur egun SMS gehiago bidaltzen dira deitu baino, hauek merkeagoak direlako.

SMS hizkuntza, hitzak laburtzen edo ikurren bidez ordezkatzean oinarritzen da. Testu luze bat SMS bakar batean sartzeko eta honek gutxiago balio izateko egin ohi da.

Zenbait gizarte-analista kezkatuta daude uste dutelako etorkizunean gazteek ez dutelako jakingo ondo idazten. Baina badaude beste batzuk pentsatzen dutela honek komunikazio idatzia gehiago sustatuko duela da.

Irrati-kateak

Euskara ikasteko, euskara entzutea baino gauza errazagorik?

Euskarazko irrati-kateen zerrenda (eu.wikipedia.org)

Arrosa IRRATI SAREA

Iturria: Wikimedia Commons. Fotografiert im Winter 2003 Fotograf: Stefan Kühn