Itzuli orri nagusira Bidali hau

SOS euskarazko bikoizketa

© cc-by-sa  Iratxe Goikoetxea Langarika, ETBko Euskara Saila ¦ 2012-03-12 ¦ 12:12 ¦ telebista

Gure umetako Bugs Bunny, Tom eta Jerry, Vicky bikingoa eta Yoggi euskaldun bihurtu zizkigun. Pitufoak pottokitu. Harri Aro modernora eraman gintuen, Pedro Harriketarraren eta Pablo Atxurdinen eskutik. Eta dragoi bola bila ipini, inguruko erdaldunek usaina ere hartu aurretik. Euskarazko bikoizketak funtsezko zeregina du gure unibertsoan bestela heldu ezineko hutsuneak betetzen. Ez dadila artazi kolpe batez betiko deseginda gelditu.

Publizitatea

Dallasko gaiztorik zitalenak zer-nori-norka jarri zizkigun. Detektibe istorioek euskaraz ez zutela xarmarik galtzen ikusarazi zigun, Magnum lotsabakoari esker. Umore ingelesaz gozarazi zigun Gazteak, Sugegorri beltza eta Bai, ministroa telesailekin. Parker Lewis gaztelaniaz baino euskaraz atseginago egin zigun.

Hori dena eta gehiago egin du euskal bikoizketak, 1980ko hamarkadan sortu zenetik hona: mundu zabaleko milaka espezie bizidun izendatu ditu, zientzia eta teknologia arloak jorratu, era guztietako kirolen berri eman, arteaz eta historiaz aritu da, geologiaz, geografiaz...

Dela dokumentaletan, dela fikziozko lanetan, euskarazko bikoizketak lan eskerga (eta kasu askotan eskerbakoa) egin du, gure gizarte txiki honen mugetatik haragoko mundu zabala geureganatzeko. Arian-arian, arlo honetan diharduten itzultzaile, egokitzaile eta bikoizleen lanak aurrerapauso sendoak egin ditu, eta erakutsi digu gustuko produktua gustuz bikoiztuta gustura ikusten dela.

Ez da jende guztia iritzi horretakoa, badakigu. Zalantzabakoa da, ordea, euskarazko bikoizketak funtsezko zeregina duela gure unibertsoan bestela heldu ezineko hutsuneak betetzen.

Jarraitu ahal izango du, baina? Euskarazko bikoiztetxeak larri dabiltza. Sortu zirenetik, ETB izan dute bezero eta zutabe nagusia. Baina badirudi zutabe horrek ez diela gehiago eutsi behar. Krisia dela edo programatzaileen irizpideak direla, lanez urri dabiltza. Larri.

Urte asko behar izan dira euskal bikoizketaren sarea ehuntzeko. Ez dadila artazi kolpe batez betiko deseginda gelditu.

Erantzunak

#1. Re: SOS euskarazko bikoizketa

Jon ¦ 2012-03-12 ¦ 12:53

Zer nahi dugu nahiago, euskaraz sorturiko edukietara bideratzea baliabideak, ala erderazko edukinak euskaratzea? Nik egoistaki lehenengoa, helduentzako edukietan batez ere. Askok ikasi genuen euskara batu txukuna telebistari esker, baina ez dakit nik Bruce Willis edo Stallone euskeraz entzuteak askorik merezi duen...

#2. Re: SOS euskarazko bikoizketa

beste bat ¦ 2012-03-12 ¦ 14:49

Hemen betikoan gaude. Euskaldunok, euskara hiztunok alegia, bigarren mailako hiritarrak gara.

ETB2n gastatzen den euro bakoitza ETB1en edo ETB3ko euskarazko saioren batean gastatuko ez den euro bat da. Esan dezagun argi eta garbi: ETB2 soberan dago eta euskarari kalte besterik ez dio egiten.

#3. Re: SOS euskarazko bikoizketa

Unai ¦ 2012-03-12 ¦ 16:08

Nik ordea erderazko edukiak ikusi nahi ditut euskaraz. Bi eta Bat, Jaun eta Jabe eta horiek onak ziren bai, baina The Wire, The Sopranos eta Breaking Bad maisulanak dira.

Edonola ere batak ez du bestea kentzen eta biak mantendu daitezke. Zoritxarren gaur egun ETB1n ez dute ez bataren ezta bestearen alde egiten.

#4. Re: SOS euskarazko bikoizketa

Inaki Irazabalbeitia ¦ 2012-03-12 ¦ 17:29

Bertako produkzioa eta bikoiztutakoa behar ditugu euskara hizkuntza normalizatua izateko. Gure hamasei urteko seme nerabeak telebistan zer kontsumitzen duen ikusten dut eta, seguruenik, bere lagunek ere horixe kontsumituko dute. Gazte giroko serie estatubatuarrak dira nagusi beren kontsumoan. Beraz gure teilatuaren kontra harrika arituko ginateke gure gazte euskaldunei kontsumitzen dutena euskaraz eskaintzen ez badiegu. Berdin bertan zein kanpoan ekoitzia. Eta eta egun ezer gutxi eskaintzen die kirolaz aparte.

#5. Re: SOS euskarazko bikoizketa

Mendizale ¦ 2012-03-12 ¦ 19:54

Bikoizketa ezinbestekoa al da? Zergatik jarraitu behar dugu espainiarren edo frantziarren eredua? Holandan izan nintzen orain 2 urte eta bertako telebistetan pelikulak azpitituluekin emititzen zituzten...Eta beste leku askotan gauza bera, ez dago inongo bikoizketarik. Ez dakit, apika umeentzako marrazki bizidunak (eta batez ere ume txikienentzat zuzenduta daudenak) bikoiztuko nituzke....gaztetxoentzat eta helduentzat, jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin, inongo arazorik gabe.
Gaztelaniaz ospe handia dauka bikoizketak, baina ikus ezazue Modern Family ingelesez eta alderatu gaztelaniazkoarekin... zerikusirik ez dute

#6. Re: SOS euskarazko bikoizketa

assar ¦ 2012-03-13 ¦ 09:42

Hau ez da Holanda. Holandan mundu guztiak hitz egiten du (hitz egiten du, ez hitz egiten daki) nederlanderaz. Telebistako telesaioak jatorrizko bertsioan ikusi nahi duenak arazorik gabe egin dezake gaur egun, telebista agintearen funtzionamenduaren ezagutza minimoa edukiz gero. Izatez, nire alabak Clan ikusten badu, ingelesez soilik ikusten du.

Ba bai, bikoizketa ezinbestekoa da, noski euskarak iraun dezan nahi baduzu. Nahi ez baduzu, ez. Joer, euskararen dentsitatea minimoa da Euskal Herrian, eta oraindik presentzia hori txikitzearen aldekoak irakurri behar. Eroskiren eta Euskaltelen iragarkietako esloganak ere jatorrizko bertsioan (espainierazkoan noski) itzulitako bertsioan baino hobeak dira, egin dezagun beraz jatorrizkoen aldeko aldarria, ken ditzatela euskarazko bertsioak!

#7. Re: SOS euskarazko bikoizketa

Mendizale ¦ 2012-03-13 ¦ 22:10

Egia da, ez daukat telebistarik eta ahaztua nuen azpitituluak jartzeko aukera hori... ETBn ere bada?? Pelikuletan ere bai?

Halere, ez dut oso garbi ikusten bikoizketaren ezinbestekotasun hori euskarak irauteko. Azpitituluekin euskara galtzen da? Irakurtzea entzutea baino okerragoa da? Nik ez nuen euskarazko pelikularik apenas ikusten, bikoizketa artifiziala saihesteko. Suposatzen dut bikoizketa egin gabe pelikulak emititzea merkeago izango litzatekeela eta beraz pelikula gehiago emitituko lituzketela (eta ez naiz bakarrik ingelesezko filmei buruz ari)

#8. Re: SOS euskarazko bikoizketa

Asier Larrinaga ¦ 2012-03-14 ¦ 12:15

Niri zinez harrigarri egiten zait bikoizketaren arazo hau aztertzeko zein arinkeria handiarekin egiten diren orokortzeak.

Lehen orokortzea: nik ez dut behar, beraz, ez du inork behar.

Bigarren orokortzea: bi edo hiru astean behin filmen bat edo serieren bat jatorrizko bertsio azpidatzian ikusten dut, beraz, Estatu Batuetatik, Europatik, Ekialde Hurbiletik eta Ekialde Urrunetik heltzen zaizkidan ikus-entzunezko guztiak jatorrizko bertsio azpidatzian kontsumitzen ditut.

Biak dira gezur.

...Eta bien bitartean, Inaki Irazabalbeitiak dioenez, gure gazteek (eta gazte ez garenok berdin) telesial eta film estatubatuarrak kontsumitzen segituko dute, gaztelaniaz edo frantsesez, noski.

Arazoaren larriaz jabertzen garenerako, ez da egongo nork euskaratu kanpoko ikus-entzunezkoak. Baina lasai! Gasteizko Mendi Zinemaldian hasi dira bidea urratzen: pantailako dokumentalaren euskarazko bertsioa kasko batzuen bitartez irakurtzen zizun esatari batek aldi bereko itzulpenean ariko balitz bezala.

...Eta bien bitartean ETB-2n, TVE-n eta beste batzuetan jatorrizko bertsioen usainik ere ez.

#9. Re: SOS euskarazko bikoizketa

Iratxe ¦ 2012-03-15 ¦ 13:31

Euskal bikoizketari esker hainbat belaunaldik ikusi dituzte marrazki bizidunak euskaraz -eta gehienei galdetzen hasita, erdarazko bertsioak "arrotz" eta "itsusi" egiten zaizkiela esango dizuete, Dragoi Bola edo ShinChanekin asko errepikatzen den komentarioa izanik-.

Bestalde, artifizialtasunaz hitz egitea nire ustez nahiko absurdoa da, bikoizketak berez lengoaia propioa baitu, ez euskaraz, baizik eta edozein hizkuntzatan, eta euskarak ere, besteek bezala, bere bidea egin behar izan du -gutxi batzuen lan eta esfortzuari esker, gainera-.

Larrinaga jauna honetan nirekin bat etorriko dela uste dut, esango nuke oraindik ere bidea egin behar duela euskal bikoizketak. Eta bikoizketa horrek etorkizunik izango badu, ezinbestekoa ikusten dut jatorrizko pelikulak eta serieak bikoiztea,-Estatu Batuetakoek arrakasta handia dute egun, ETBko arduradunen batek deskuidoan hau irakurriko balu ere- baina jatorrizko audioa mantenduta euskal azpititituluekin ematea ere ondo legoke. Ez dakit ikuslegoaren zenbatekoak hartuko lukeen azken hori gogotsu, nik behinik behin besoak zabalik! Ez dut modu hoberik ezagutzen, Euskal Herritik mugitu gabe beste hizkuntza bat -eta euskara!- ikasteko, eta konturatu ere egin gabe.

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

 Nabigatu euskaraz