TENTAZIOAK
|
Egilea:
Patxi Bilbao
Itzulpena: Ritxi Lizartza Aktore(s)ak: Maria Luzarraga Kepa Gallego 1998. urtean estreinatu eta kafe-teatro formatoan eskeinia |
Gizon gaztea eta txukun jantzia, eskuan duen aldizkari batean bere horoskopoak dioenaz hitz egiten ari da.
ANDRÉS.- (irakurriz)
"Aste honetan eguzkia Ariesen sartuko da. Beraz, zeinu horretan jaiotakoek bereziki
sentituko dute haren eragina. Ariestarrek, euren zeinuak ematen dizkien indarrak
eta ahuleziak argiago adieraziko dituzte, baita kemen berritua ere".
Hau izugarria da... eta okerrena,
jende pila batek hitzez hitz sinesten duela. (irakurriz) "Maitasuna:
egunotan ekaitz izugarria ingura daiteke". "Hay
ke joderse", orain ekaitz handi bat. (irakurriz) "Lana: Lanbidea aldatzeko
aukera. Ezusteko aldaketa bada ere, epe luzean hoberena izango da zuretzat"
(irribarre egin ondoren, irakurtzen jarraitzen du). "Dirua: Denbora
luzean prestatzen aritu zaren negozio berri bat diru-sarrera egokia bihur liteke".
Hara! Hau interesgarriagoa da (Barrara hurbiltzen den bitartean -bertan dagoen
kopatik trago bat edan eta gero- ahopeka irakurtzen jarraitzen du. Ikusleekin
hitz egiten hasten da). Lanean ari garen bitartean ezin dugu edan, baina
zuek ez duzue ezer esango, ezta? Gainera inguru hau oso lasaia da; zaintzaile
eman ditudan urteetan, sekula ez da ezer gertatu lokal hauetan...
(aldizkariari lotu eta berriro ere ikusleekin mintzatzen hasten da).
Beitu!: Jaio nintzen egunaren arabera, Aries naiz; eta aldizkari honek esaten
duenez, maitasun arloan ekaitza eta horrelako txorakeriak jasan beharko ditut.
Baina, munduan, milaka pertsona daude...ze milaka! Milioika pertsona daude ni
bezala Aries direnak. Eta zer? Denoi gauza bera gertatuko zaigu? Eta ez da ez,
dudalako ezer sinesten, baina ez al da sinestezina Aries guztiok etorkizun bera
izango dugula? Eske... apur bat pentsatzen baduzu... ezinezkoa da, jode!
(Aldizkariari une batean zeharka begiratuz) O sea, hau, "Lanbidea aldatzeko
aukera". Baina nora? Non egongo naiz hemen baino hobe? Beno, gustatuko litzaidake...Baina
tira, orain oso ondo nago. Aizu, Jendeak pentsatzen du segurtasun guarda izateagatik
arazo ugari izan behar duzula; baina nik ez behintzat. Denbora mordoa daramat
lokal hauek gauez zaintzen eta... dagoeneko jabeak ere ezagutzen ditut. Eta
bikain moldatzen gara. Beno, egia esan, nire izaeragatik ere bada: dena arazorik
sortu gabe konpontzen saiatzen naiz. Nahiz eta zuek bezalako jendearekin batzuetan
zaila izan, ez pentsa. Ba
lan hau egiten eman dudan denboran, sekula ez dut arazo larririk izan. Aldizkari
edo libururen bat hartu -beno, liburuak baino nobelak ekartzen ditut- eta orduak
konturatu gabe joaten zaizkit. Jendea
bronka pixkat montatzen ari dela? Ni mugitu ere ez. Ah, hori bai, elkarri joka
hasten badira, orduan bai. Beraz, zuek kontentu eta ni ere bai. Hori ba, ez
naizela borde horietako bat...
Beno, behin batean bai. Hiribideko lokaletan nengoen lanean eta.. jo! Egia esan
ingurune hori arriskutsu samarra zen... Eta ni gaur bezala nengoen, bakarrik,
ze batzuetan txandak binaka egiten ditugu, eta badirudi bi lokaletako jabeak
oso gaizki moldatzen zirela haien artean...Beno, ondoren jakin nuenez, gau hartakoa
ez zen lehenbizikoa izan... Eta ni atean nengoen, oraindik pasa gabe, sartu
aurretik zigarro bat erretzea gogoa pentsatu nuen. Eta, bat-batean, morroi bat
etorri eta belaunaz kriston ostikada jo zidan sabelean. Minik... ez zidan egin,
baina ezustean harrapatu ninduen eta ezin izan nuen erreakzionatu...
(Une horretan, lokaleko ate nagusitik emakume gazte bat sartzen da; Aurpegia eskuez esataltzen du eta erropa urraturik dauka; argi dago borrokarik izan dela. Emakumea negarrez, arrapataka hurbiltzen zaio zaintzaileari eta hau, harriturik, emakumea lasaitu eta aurpegia zergatik estaltzen duen jakiten saiatzen da. Eskuak aurpegitik kentzea lortzen duenean, sudurretik odola dariola igartzen du. Zaintzaileak ikusleei klinex bat eskatu eta -lasai hitz eginez emakumea baretzen saiatzen den bitartean- zauriak garbitzen dizkio)
ANDRES.- Baina zer gertatu zaizu? Erori egin zara?
EVA.- (negarrez) Ez
ANDRES.- Orduan? Istripua izan duzu?
EVA.- Ez, ez...
ANDRES.- Ba esaidazu zer gertatu zaizun... Hezurren bat hautsita duzu?
EVA.- Ez dut uste.
ANDRES.- Nahi al duzu anbulantzia bati deitzea? Edo SOS Deiak-era...? Ez dakit...
EVA.- (Erabat etisturik negarrez hasten da) Ez, ez deitu inori...
ANDRES.- Zerbait hartu nahi duzu?
EVA.- Ura... Emaidazu ur piska bat, mesedez (Andres barra aldera joaten da eta baso bat ur eskatu ondoren, emakume gazteari eskaintzen dio. Trago luzea edan ondoren, zaintzailea berriro ere mintzatzen hasten zaio).
ANDRES.- Zein da zure izena?
EVA.- Eva.
ANDRES.- Zer?
EVA.- Eva.
ANDRES.- Inguru honetan bizi zara?
EVA.- Ez.
ANDRES.- Eta zer dela eta etorri zara honaino?
EVA.- Festa batera.
ANDRES.- Festa batera?
EVA.- Bai, lagun batzuek antolatu dute
ANDRES.- Eta non izan da festa hori?
EVA.- Zubitik gertu dauden etxe horietako batean.
ANDRES.- Ah,festa etxe pribatu batean zen.
EVA.- Bai.
ANDRES.- Eta zer gertatu da festa horretan horrela egoteko?
EVA.- Festan ezer ere ez.
ANDRES.- Orduan?
EVA.- (aterantz izuturik begiratzen du) Baduzu pistolarik?
ANDRES.- Bai...
EVA.- Non duzu?
ANDRES.- Hor, takilan...
EVA.- Eta zergatik ez duzu ekartzen?
ANDRES.- Zertarako nahi duzu ekartzea?
EVA.- Ni babesteko. Ez didazu lagunduko?
ANDRES.- Bai,noski... baina oraindik ez dakit zer gertatu zaizun eta zertaz babestu behar zaitudan.
EVA.- Bortxatu egin naute...
ANDRES.- Zer?
EVA.- Bortxatu egin nautela.
ANDRES.- Noiz?
EVA.- Oraintxe bertan. Taxi bat bilatzen ari nintzen etxera joateko... bi morroik kale bazter batera arrastaka eraman... eta bortxatu egin naute.
ANDRES.- Baina zer diozu?
EVA.- Beno, ez dakit bi edo hiru ziren, ezin izan ditut ondo ikusi
ANDRES.- Baina, serio ari al zara?
EVA.- Ez, zera! Txantxetan nabil.
ANDRES.- Eta oraintxe bertan izan dela esan duzu?
EVA.- Bai.
ANDRES.- Ondo. Morroi horiek nolakoak ziren esango didazu eta zu hemen geldituko zara ni zubiraino noan bitartean.
EVA.- Ez, mesedez, ez utzi bakarrik.
ANDRES.- Ez kezkatu. Tabernaren jabea nere laguna da; oraintxe esango diot zer gertatu den... (Barrara hurbiltzeko imintzioa egiten du baina Evak jakatik heldu eta ez dio uzten).
EVA.- Ez, mesedez, ez esan ezer inori.
ANDRES.- Baina joan egin behar dut, bestela morroi horiek ospa egingo dute
EVA.- Ba joan daitezela, baina ez utzi bakarrik, mesedez.
ANDRES.- Eta ez zaizu inporta beste neska bati gauza bera egitea?
EVA.- Bai, baina ez dut bakarrik geratu nahi.
ANDRES.- Ez zara bakarrik geratuko. Esan dizut tabernaren jabea nere laguna dela, eta gainera...
EVA.- Ez joan, mesedez.
ANDRES.- Segituan itzuliko naiz, benetan.
EVA.- Berdin dio. Mesedez, ez utzi bakarrik.
ANDRES.- Bale. Zurekin geratuko naiz, baina lasaitzen zarenean, hara joaten utziko didazu eta zu nere lagunarekin geratuko zara, ados?
EVA.- Ados.
ANDRES.- Zera... Gertatu zaizuna kontatu nahi didazu?
EVA.- Ez, orain ez...
ANDRES.- Bale, bale...
EVA.- Lehen ere esan dizut, bortxatu egin naute.
ANDRES.- Lasai, nahi baduzu geroago kontatuko didazu...
EVA.- Belenek esan dit kale horietan ez dagoela batere argitasunik, eta nahi izanez gero berak lagunduko zidala... eta gainera norbaitek txantxetan esan dit kontuz ibiltzeko, bortxatu egingo nautela... eta nik esan diot orduan hobe dela ni bakarrik joatea, horrela gizon guztiak niretzat izango direla... Ez nuen txantxetan ere esan behar.
ANDRES.- Beno, nola jakingo zenuen...
EVA.- Ja, baina hobe kontu horiek ez aipatzea, zorte txarra ekartzen dute eta.
ANDRES.- Nola esan dezakezu horrelakorik? Gertatutakoak gertatu behar zuen eta kitto. Eta zuk ez duzu errurik; horixe bakarrik falta zen: zure errua dela esatea.
EVA.- Ez duzu sinesten gauza bati buruz pentsatuz gero... betetzea lor dezakezula?
ANDRES.- Ez.
EVA.- Ez zara superstiziosoa?
ANDRES.- Ni? Ez.
EVA.- Apur bat ere ez?
ANDRES.- Ezetz. Nik ez dut gauza horietan sinesten, telepatia eta kontu horiek...
EVA.- Ba erne ibili. Begira zer gertatu zaidan niri.
ANDRES.- Aizu... Ez duzu egitan pentsatuko bortxatu egin zaituztela lehenago aipatu egin duzulako...
EVA.- Agian horregatik bakarrik ez, baina batzuetan izarrak elkartu eta horrelakoak gertatzen dira.
ANDRES.- Beno...
EVA.- Egin barre, baina ilargi betearekin gertatzen dena, zer?
ANDRES.- Zer gertazen da ilargi betearekin?
EVA.- Hilketa gehiago gertatzen da, eta jendeak bere buruaz beste egiten du eta gauza pilo bat gehiago.
ANDRES.- Baina beno, ez da horregatik izaten...
EVA.- Ez, zera! Gaur zer dago? Ea, esan gaur zer dagoen.
ANDRES.- Nola, zer dagoen?
EVA.- Bai, ea ze ilargi dugun gaur.
ANDRES.- Ez dakit.
EVA.- Ez dakizu? Ba ilargi betea dago, ea orain konturatzen zaren.
ANDRES.- Bale, baina ez dakit zer esan nahi duzun.
EVA.- Ba oso argi dago. Gaur ilargi betea dago eta ni oraintxe bertan bortxatu egin naute.
ANDRES.- Ja, baina horrek ez du ezer esan nahi.
EVA.- Ezetz? Oso argi dago. Izarrek izugarrizko eragina dute gure izaeran eta egiten dugunarekin.
ANDRES.- Ba begira, nik uste dut ez dutela zerikusirik.Ze... egun argiz ere bortxaketak, hilketak eta bestelako kontuak gertatzen dira.
EVA.- Bai, baina horiek beste eragin batzuk dira.
ANDRES.- Zein, konpainia txarrenak?
EVA.- Ezetz, izarrena...
ANDRES.- Tira, niri ondo iruditzen zait bakoitzak nahi duena sinestea.
EVA.- Gainera gauza batzuk horren nabariak izanda, ez dakit nola duda egiten duzun.
ANDRES.- Kontu hauetan ezer ez dago argi. Dena hipotesiak dira, usteak...
EVA.- Hori esaten duzu horrelako esperientziarik ez duzulako sekula izan.
ANDRES.- Bai, horregatik izango da.
EVA.- (Minez dagoela adieratzen duen keinu bat egiten du) Noski.
ANDRES.- Mina?
EVA.- Buruan.
ANDRES.- Hobeto zaude?
EVA.- Tira.
ANDRES.- Aizu, nahi al duzu kuartosokorrora eramatea?
EVA.- Ez, ez da beharrezkoa.
ANDRES.- Ba orduan, nahi duzunean Ertzaintzarengana joango gara.
EVA.- Ertzaintzarengana?
ANDRES.- Bai, noski.
EVA.- Zertarako...?
ANDRES.- Nola, zertarako?
EVA.- Bai, zertarako joan nahi duzu ertzainengana?
ANDRES.- Gertatu zaizuna salatzeko.
EVA.- Ez, ez, ahaztu hori.
ANDRES.- Nola, ahaztu? Gertatu zaizuna salatu behar duzu.
EVA.- Ez dut nahi.
ANDRES.- Nola ez duzula nahi?
EVA.- Ez.
ANDRES.- Bortxatu zaituztenak libre segitzea nahi duzu, ala?
EVA.- Ez.
ANDRES.- Orduan?
EVA.- Ez dut arazo gehaiago nahi.
ANDRES.- Ez da arazorik. Gertatu zaizuna salatu behar duzu; bestela, bihar agian berriro gertatuko zaizu.
EVA.- Horixe behar genuen!!
ANDRES.- Horregatik ba! Nahi duzunean komisaldegira joango gara. Neuk lagunduko dizut.
EVA.- Ezetz!
ANDRES.- Baina, salatu egin behar duzu, Eva.
EVA.- (Misteriotsu) Bai... bai...
ANDRES.- Aizu, zerbait gertatzen zaizu?
EVA.- Ez, ezer ez.
ANDRES.- Hobeto al zaude benetan?
EVA.- Sekula Tarota bota dizute?
ANDRES.- Etorkizuna kontatzen dizuten karta horiek...?
EVA.- Bai.
ANDRES.- Ez, inoiz ez.
EVA.- Eta Karta Astrala?
ANDRES.- Zer da hori?
EVA.- Jaio zinen momentuan izarrak eta planetak kokaturik zeuden moduaren arabera, zure bizitza modu batera ala bestera gerta liteke.
ANDRES.- Ez, ez didate sekula egin.
EVA.- Ze pena!
ANDRES.- Ze pena, zergatik?
EVA.- Interesgarria litzateke.
ANDRES.- Hara! Eta zergatik izango da, ba, interesgarria niri egitea?
EVA.- Zeure buruaz orain ez dakizun gauza asko jakin dezakezu.
ANDRES.- Neure buruaz, jakin behar dudan guztia dakit.
EVA.- (Eskua poliki Andresen aurpegira hurbilduz) Utziko al didazu?
ANDRES.- Zer?
EVA.- Ez izutu, ez dizut ezer egingo.
ANDRES.- Zer egin nahi duzu?
EVA.- Ezer ez, ez mugitu.
ANDRES.- Esan dizut gauza hauek ez zaizkidala batere gustatzen...
EVA.- (Eskua Andresen bekokian jarriz) Ez da ezer, ikusten? Lasai. Zu Aries zara, ezta?
ANDRES.- (Nahasturik) Bai... Nola dakizu?
EVA.- Zure auragatik.
ANDRES.- Nire zer?
EVA.- Zure auragatik. Aura, pertsona guztiak inguratzen dituen indar magnetikoa da.
ANDRES.- Ni ere bai?
EVA.- Noski, denok dugu.
ANDRES.- Eta horregatik jakin duzu zein den nire horoskopoa?
EVA.- Bai.
ANDRES.- Benga ya! Hori ezinezkoa da.
EVA.- (irribarre eginez) Aura? Aura gizakiaren osagai sinpleena da.
ANDRES.- Aizu, eta zu zer? Aztia zara?
EVA.- Ez, ez naiz aztia. Aztia izan banintz, gaur etxean geratuko nintzen, ez duzu uste?
ANDRES.- Egia da, bai. Baina orduan, nola dakizu urarena? Eta nere horoskopoarena?
EVA.- Ez da ura, aura da, eta igarri egiten da.
ANDRES.- Ba ez dut sinesten.
EVA.- Beno, agerkizunak eta horrelakoetan ez sinestea, tira. Baina aura existitzen da, zientifikoki frogaturik dago. Beraz, kontua ez da sinestea edo ez sinestea.
ANDRES.- (Sineskaitz) Ja, eta zuk eskua bekokira hurbildu eta badakizu zein den nere horoskopoa.
EVA.- Bai, bekokian edo beste edozein lekutan; baina konfidantzarik ez dugunez, ez naiz ausartzen...
ANDRES.- Eta eskua bekokian jartzen badizut, Nik ere zure horoskopoa zein den jakin dezaket?
EVA.- (irribarrez) Saiatu...
ANDRES.- (eskua bekokian jarri eta modu baldarrean konzentratzen saiatzen
da) Tauro! Zu Tauro zara!
EVA.- (irribarrez) Ez, ez naiz Tauro.
ANDRES.- Orduan, edonork ezin dezake egin.
EVA.- Beno, egia esan, horrelako kontuetan oso rezeptiboa izan behar duzu. Eta eszeptiko izatea... ez da egokiena.
ANDRES.- Eta zuk, niri buruzko gauza gehiago jakin dezakezu urari... aurari esker?
EVA.- Bai, seguruenik.
ANDRES.- Asma dezakezu, adibidez... zein den gehien gustatzen zaidan jakia?
EVA.- Noski, pizza. Baina hori jakiteko ez da beharrezkoa aurari edo izarrei begiratzea.
ANDRES.- (Harrituta) A ez? Eta zuk nola dakizu hori?
EVA.- Zer, jakiarena?
ANDRES.- Bai.
EVA.- Hori... zure erradiazioei esker bakarrik.
ANDRES.- Ze erradiazio?
EVA.- Zuk isurtzen dituzunak.
ANDRES.- Zer? Erradiazioak ere isurtzen ditut?
EVA.- Zuk bakarrik ez, pertsona guztiek.
ANDRES.- Ja, azkenean zabortegi nuklearraren antza izango dut. Aizu, eta nola dakizu pizza gustoko dudala?
EVA.- Lehen esan dizut, erradiazioei esker. Oso argi dago. Ez al da pizza gehien gustatzen zaizuna?
ANDRES.- (Zur eta lur) Bai, baina harrituta utzi nauzu.
EVA.- Horregatik harritu? Ba hori ez da ezer.
ANDRES.- (ironikoki irribarre egiten du) Ah, ja, ez da ezer. Asi ke, oraindik ere gauza gehiago jakin dezakezu nitaz?
EVA.- Begira Andres, zutaz uste duzuna baino askoz gehiago jakin dezaket.
ANDRES.- Nola, Andres? Nola dakizu nire izena?
EVA.- Hori bai dakidala izarren bidez
ANDRES.- Baina, nola izarren bidez?
EVA.- Bai, Aries zara eta aszendentea Plutonen duzunez gero, zure izenak horoskopoaren ahoskera bera du. Andres, Aries; ulertzen, ezta?
ANDRES.- Ulertzen dut...erdizka. Baina egia esan, aluzinatuta uzten nauzu.
EVA.- Argi dago. Zu harrituta zaude esoterismo eta mundu horietaz informatuta ez zaudelako, baina hau oso arrunta da.
ANDRES.- Arrunta, arrunta zuretzat izango da. Niri hau ez zait sekula pasa.
EVA.- Zer, norbaitek zure horoskopoa asmatzea?
ANDRES.- Nire horoskopoa asmatzea, nire jaki faboritoa ezagutzea eta nire izena zein den jakitea, nik esan aurretik.
EVA.- (irribarrez) Ba hori ez da ezer. Begira, beste gauza asko esango dizut. Utzi eskua, mesedez
ANDRES.- Ez. Zer egingo duzu?
EVA.- Ezer ez, lasai, utz idazu une batez.
ANDRES.- Ezetz, niri kontu hauek ez zaizkit gustatzen.
EVA.- (Eskua hartuz) Ez da ezer gertatzen, lasai (Esku ahurrari begira).
Ea ba... ikus dezagun... zure gustuko kolorea urdina da. Ez zaizu futbola gustatzen... Banatuta zaude... Zure aita orain gutxi hil da... Pertsona batengan gehien estimatzen duzuna umorea da... eta matxinsaltoak gorrotatzen dituzu... Bai ala ez? Zer iruditzen zaizu?
ANDRES.- (eskua modu zakarrean kentzen du; lehen utzitako basotik tragotxo bat hartzen du. Oso serio dago) Zer da hau? Gemioren programa?
EVA.- Ez, etzazu horrela hartu.
ANDRES.- (Serio) Ez hartzeko horrela? Nola dakizu zuk hori guztia?
EVA.- Eskuan idatzirik duzu.
ANDRES.- (Eskuari begira) Non?
EVA.- (Esku-ahurraren alde ezberdinak seinalatuz) Begira, kolore urdina... hemen... ikusten? Adiskideen umorea... maite duzun pertsona baten heriotza... Beno, egia esan, ez dut ikusi aita ala ama zen, baina nire intuizioari jaramon egin eta aita esatea erabaki dut. Egia da? Eta hemen... beherago, matxinsaltoei fobia diezula agertzen da. Gainera oso agerian duzu.
ANDRES.- Zuretzat egongo da oso agerian. Nik marrak bakarrik ikusten ditut
EVA.- Bizitzaren marrak, hain zuzen ere.
ANDRES.- Eta lasai esaten duzu, ezer gertatuko ez balitz bezala.
EVA.- Zer gertatuko da, ba? Begira, bekainei begiratuta, esan dezaket...
ANDRES.- (Moztuz) Nahikoa da, ez idazu beste ezer esan.
EVA.- Beldur zara?
ANDRES.- Ez, baina ez dut beste ezer jakin nahi.
EVA.- Zergatik?
ANDRES.- Ahatik. (Gaia aldatuz). Beno, ertzainengana joan nahi ez baduzu, etxera laguntzerik nahi?
EVA.- Haserretu egin zara?
ANDRES.- Ez, baina lan egin behar dut. Gainera beste zerb...
EVA.- Haserretu egin zara.
ANDRES.- Ezetz, baina kontu horiek ez zaizkit batere gustatzen.
EVA.- Ez zaizkizu gustatzen edo beldurra ematen dizute?
ANDRES.- Beno, dena delakoa... Baina ez dut berriro gauza horietaz ezer gehiago entzun nahi. Etxera laguntzea nahi?
EVA.- (mina isilean jasanez) Izan ere, ez dakit oraindik ondo nagoen...
ANDRES.- Orduan, medikuren bati deitzea nahi duzu, edo zer?
EVA.- Ez, axola ez bazaizu hemen egongo naiz apur batean eta hobeto sentitzean alde egingo dut.
ANDRES.- Bakarrik joango zara?
EVA.- Bai, noski. Zu lanean ari zara eta ez dizut enbarazurik egin nahi. Zuk taxi bati deitu eta ni moldatuko naiz.
ANDRES.- Nahi duzun moduan.
EVA.- (Zeharka begiratzen dio, intentzio bikoitza ezkutatuz) Agian nahiago duzu ez esatea ezer, baina... zerbait esaten utziko didazu?
ANDRES.- Zer?
EVA.- Uste dut zuretzat... hobe dela lana aldatzea.
ANDRES.- Lana aldatu? Nora joango naiz?
EVA.- Ez dakit, baina uste dut lanbide hau ez dela zuretzat egokiena, eta seguruenik buruan beste proiektu batzuk dituzu. Agian ez dut asmatuko, baina beste gauzak egiteko gai zarela pentsatzen dut.
ANDRES.- Zer, adibidez?
EVA.- Ba... musika, ez al zaizu musika gustatzen?
ANDRES.- Musika da gehien gustatzen zaidana.
EVA.- Ikusten? Ba egin musikarekin zerikusia duen zerbait.
ANDRES.- Urteak eman ditut grabazio-estudioa sortu nahian.
EVA.- Ikusten? Egia esan, batzuetan sorgin itxura dudala iruditzen zait.
ANDRES.- Hori erabat argi dago.
EVA.- Eta musikaz bizi nahi duzu, ezta?
ANDRES.- Ez dakit...
EVA.- Ba ekin. Oso garbi dago hori dela zure mundua
ANDRES.- Serio esaten duzu?
EVA.- Oso serio. Begira (begiak itxi eta kantari hasten da) "Quisiera ser el mar..."
ANDRES.- (begiak itxi eta kantari hasten da) "Quisiera ser el cielo..."
BIOK.- (Biok kantari). "Contigo navegar, y dormir en tu pelo..."
ANDRES.- Abesti hori nik idatzi dut eta ez du inork ezagutzen... Nola egin duzu?
EVA.- Sinesgogorra zarenez gero, ezin dizut esan informazio guztia zure adimenaren bidez bidaltzen didazula.
ANDRES.- Hau ezin izango dut bizitza osoan ahaztu.
EVA.- Beno, ez da horrenbesterako. Hala ere, abestu dugun kanta neuk sortu dut eta ez du inork ezagutzen.
ANDRES.- Mesedez! Nola esan dezakezu hori? Kanta hori neuk prestatu dut, oraindik ez dira bi hilabete.
EVA.- Ez, kanta hau orain bi hilabete idatzi dut nik.
ANDRES.- (Eskua burura eramanez) Gaisotzen ari naiz.
EVA.- (Kantuz) "Quiero que vuelvas a mi lado, quiero que vuelvas junto a mí".
ANDRES.- (Kantuz) "Pues si no soy de tu agrado, olvídame, olvídame" (apur bat haserretuz). Abesti hau neuk idatzi dut.
EVA.- Ez da beharrezkoa oihu egitea, Andres. Aspalditik nekien hau gertatuko zela.
ANDRES.- Gertatu? Zer?
EVA.- Hau, gurea, zu eta biok topo egitea. Ez nekien nola, ez nuen egoera ezagutzen, baina banekien lasterrago edo beranduago topo egingo genuela.
ANDRES.- Baina, zertaz ari zara?
EVA.- Zuri eta bioi momentu honetan gertatzen ari zaigunaz.
ANDRES.- Ez dut ezer ulertzen.
EVA.- Ez dago ezer ulertu beharrik, honezkero ez dut dudarik egiten. Begira, nahi duzu zerbait definitiboa esatea?
ANDRES.- Zer?
EVA.- (Kantuz) Estando
contigo, contigo, contigo de pronto me siento feliz.Y cuando te miro, te miro,
te miro me olvido del mundo y de mí. Qué maravilloso es tenerte
así! Estando contigo, contigo contigo me siento feliz...
Marisol da gehien maite duzun kantaria, eta oraintxe kantatu dudana bere abesti
gogokoena da zuretzat... Hauxe da zure sekreturik isilena eta beti pentsatu
izan duzu zure lankideek edo nagusiek hori jakinez gero, berehala lanpostua
galduko duzula. Zure emazteaz bereizteko benetako arrazoia ez da amorantea zuela
jakitea, guztiei hori esan badiezu ere; Banatzeko arrazoia sinpleagoa da, baina
besteek ulertzeko askoz ere zailagoa. Kostura eta ganchillozko lanak eta bordatuak
egiteko mania obsesiboak larregi molestatzen zizun. Zure onetik atera zinen
zaborrontzien azpian ere bordatuak jarri zituenean. Nahasturik banago zuzendu
idazu, baina zuk nahi zenuena matel, kortina eta enkaje gabeko etxea zen. Egia
esatea nahi baduzu, neuk ere ez nuen hainbeste jasango. Alfredo zure lagunari,
orain urte bi saxo bat erosteko utzi zizkizun 137.000 pezeta zor diozu eta berak
dirua bueltatzeko presarik agertzen ez duenez, oraindik ez diozu ordaindu. Ah!
Saxoa erosi eta handik hiru egunera dendara itzuli zinen bueltatzeko asmotan,
damutu egin zinelako, baina ez zizuten onartu. Hamar urte bete zenituen egunean,
zeure buruari bizitza osoan barkatu ez diozun zerbait egin zenuen... Izeba Lolak
zituen kanarioetako bat akatu zenuen. Eta egin ondoren konpontzeko modurik aurkitu
ez zenuenez, ezkutatu eta ihes egin zuela esan zenuen; oraindik ere ez zara
izebari egia esaten ausartzen. Ezkaratzera sartzen zarenean, eskilarak arrapaladan
igotzen dituzu, atariko atea erabat itxi baino lehen, goian dagoen zutabe urdin
bat ukitu nahi duzulako. Mania hau jende askok dauka, baina zure kasua...
ANDRES.- (zeharo jota) Ez jarraitu. Mesedez.
EVA.- Egia esateko, neu ere hunkiturik nago... eta ez naiz zu bezain sinesgogorra.
ANDRES.- Baina horrek guztiak zer esan nahi du?
EVA.- (irribarrez) Gure karma espazio zabalean marrazturik dago.
ANDRES.- Ez dakit zer esan nahi didazun.
EVA.- Beno, hobe uler dezazun, gure destinoan idatzirik zegoen gau honetan topo egingo genuela.
ANDRES.- ... Nola jakin dezakezu hainbeste niri buruz?
EVA.- Bizitza osoan ametsak eta premonizioak izan ditut; nire bidean norbait agertuko zela, nolakoa izango zen... apurka-apurka zure bizitzaz esan dizudan guztia ikusi dut... Konturatzen zara? (Esku bat Andresen bizkarrean ipiniz) Azkenean patuak gaur gauean elkartu gaitu.
ANDRES.- Baina nik ez dut izan zuk aipatu dituzun bisio horietako bakarra ere ez. Ez dakit karma zer den... ez dakit ezer...
EVA.- Ez da beharrezkoa, Andres. Ez zara konturatzen? Bortxaketa jasan behar izan dut, gau honetan gu biok elkartzeko.
ANDRES.- Bortxaketa ere idatzirik zegoela esan nahi duzu?
EVA.- Bai, hori ere bai. Ni zure lehen mailako betebeharretako bat bete dezazun etorrri naiz. Zu segurtasun zaintzaile zara, ezta?
ANDRES.- Bai.
EVA.- Ba nik babesa behar nuen eta zu agertu zara
ANDRES.- Ba lehentxoago agetzerik nuen; horrela ez zen gertatu zaizuna gertatuko.
EVA.- Agian beharrezkoa zen bateratze magnetikoa erabakiorragoa izateko
ANDRES.- Ja... Eta orain... zer egin dezakegu?
EVA.- Ezer ez, Andres. Geure bizitzak modu naturalean bateratzen ikusi.
ANDRES.- Zu eta ni?
EVA.- Bai, zailena gertatu da jada.
ANDRES.- Zer?
EVA.- Topaketa. Arima askok bizitzan zehar ez dute beren pareko arima aurkitzen. Orain zoriontsu naiz ez zuri eta ez niri ez zaigulako hori gertatuko.
ANDRES.- Zer esan nahi duzu, orain zu eta ni patuan gaudela, ezta?
EVA.- Horixe bera. Ikusten zein arin ulertzen ari zaren?
ANDRES.- Bai... ulertzen hasia naizela uste dut.
EVA.- Iusiko duzu, elkarrekin gure bizitzako misterioak argituko ditugu
ANDRES.- Beno, nik asteburuetan lan egiten dut.
EVA.- Horrek ez du ajola, Andres. Arimari buruz dugun ezagupena sakontzeko denbora bilatuko dugu.
ANDRES.- Ah! Gauza bat. Nik Eskola Graduatua bakarrik dut, seguretasun ikastaro bat eta musika kontu hori. Hori baino ez.
EVA.- Ez larritu. Froga zailena gainditu duzu.
ANDRES.- Zein froga?
EVA.- Ni ezagutzea.
ANDRES.- Hori ez zait batere kostatu.
EVA.- Beno, Andres. Nahi baduzu, deitu taxiari eta horrela ez dizut enbarazurik egingo. Eta Iristen den bitartean, aste honetako egun batean elkartzeko gera gaitezke.
ANDRES.- Nik asteazkenean dut libre.
EVA.- Bikain. Neuk ere asteazkenetan ez dut arazorik.
ANDRES.- Taxi bati deitu baino lehen, ziurtatu ondo zaudela; bidean gaizki jartzea bakarrik falta zaizu, eta...
EVA.- Oso ondo nago. Gainera, zurekin gertatu zaidanagatik, nere egoera zeharo aldatu dela uste dut (Andresekin hitz egiten duen bitartean, gona ondo jartzen du eta, une horretan, gerrian gorderik duen zerbait lurrera erortzen da. Biak makurtzen dira, baina Andresek jasotzen du)
ANDRES.- (Eskuartean duenari harriturik begiratzen diola) Zer da hau?
EVA.- (Nahasturik) Hau... eh... zera da.... eh...
ANDRES.- Nire nortasun agiria...
EVA.- Zerak emandako agiria...
ANDRES.- Zer dela eta duzu zuk nire nortasun agiria?
EVA.- Zera... izan ere...
ANDRES.- (nortasun agiriari begira) Gainera orain bi hilabete galduriko karneta da.
EVA.- Ez... nik nuen... zerak eman...
ANDRES.- Nondik atera duzu?
EVA.- (Gezurretan) Aurkitu egin dut.
ANDRES.- Non?
EVA.- Kalean... Aurreko egun batean... Lagun batekin nindoan eta berak esan zidan...
ANDRES.- Aurreko egunean kalean aurkitu zenuela?
EVA.- Bai...
ANDRES.- Eta zergatik duzu orain?
EVA.- Ez... Topo egitekotan... itzultzeko...
ANDRES.- Nik orain hilabete batzuk galduriko nortasun agiria daramazu eta orain nirekin egiten duzu topo.
EVA.- Ez, beno... gaurko gaua... zoragarria da... magiaz betea dago...
ANDRES.- Eta paper horiek?
EVA.- Ezer ez.
ANDRES.- Erakutsi (hartu eta irakurri egiten ditu). Andres Marquez Altuna... Aries (hagin artean) Zer da hau?
EVA.- Datuak...
ANDRES.- Datuak? Zertarako?
EVA.- Ezertarako ez,... gogoratzeko.
ANDRES.- (orrialdearen atzekaldean irakurriz) Gaueko txanda ___________ -(e)n, hamarretatik goizeko lauretara. Beraz, bazenekin hemen ari nintzela lanean.
EVA.- Ez da kasualitatea izan... Konjuntzio astralen kontua, seguru...
ANDRES.- Utzi txorradak eta esan egia!!!
EVA.- Egia?
ANDRES.- Bai, egia!!
EVA.- Jo, ez dakit zer gertatzen zaidan, baina...
ANDRES.- Ez egin tontakeria gehiago eta esan: zergatik zaude hemen? Ze garbi dago hasieratik gezurretan ibili zarela.
EVA.- Ez, ez dut gezurrik esan.
ANDRES.- A ez? Lagun batzuen festatik zatoz?
EVA.- Ez.
ANDRES.- Ja. Eta seguru inork ez zaituela bortxatu!
EVA.- Bai! Bortxatu egin naute... baina ez gaur.
ANDRES.- A ez? Noiz, orduan?
EVA.- Hamasei urte nituenean.
ANDRES.- Eta zergatik kontatzen didazu orain hau guztia?
EVA.- Bortxaketarena gezurra ez delako.
ANDRES.- Baina gaur gauean ez, eta zuk esan didazu gaur gauean izan dela.
EVA.- (Komentzituta ez) Beno, eta zer?
ANDRES.- ... nere horoskopoarena zenekien, nere aita hil egin zela... bazenekien banatuta nagoela... Dena aldez aurretik zenekien... Ez zen ez erradiazioagatik ez beste txorakeriengatik... Zuk dena zenekien.
EVA.- Ez, dena ez nekien...
ANDRES.- Baina tia, zu txingatuta zaude, ala? Zertara dator numerito hau prestatzea?
EVA.- Hori ezin dizut esan.
ANDRES.- Ba oraintxe bertan esango didazu, komisaldegira joan nahi ezbaduzu.
EVA.- Beno eta? Ba komisaldegira!
ANDRES.- Begira Eva...Beno, Eva edo dena delakoa, ze Eva ere ez zara izango...
EVA.- Bai, Eva bai, Eva da nire izena.
ANDRES.- Ba begira, Eva:Egidazu egia osoa kontatzeko mesedea.
EVA.- Jo, mesedez, ez...
ANDRES.- Baina bueno! Adarra jotzen, ala? Zergatik asmatu duzu hau guztia? Zer esan nahi du montaje honek? Ergela naizela uste duzu? Zergatik egin duzu? Zurekin denbora alferrik galtzen egoteko gogoa dudala uste duzu? Zergatik egin duzu?
EVA.- (ia entzuterik ez dagoela) Zuregatik...
ANDRES.- Zer?
EVA.- (negarrari eutsiz) Zuregatik?
ANDRES.- Nola, Niregatik?
EVA.- (Negarrez) Bai, zuregatik, zuregatik...
ANDRES.- (Hagin artean) Ahí va la ostia!
EVA.- (negarrez, hagin artean hitz egiten) Sekula ez didazu begiratzen...
ANDRES.- (Evaregana hurbilduz) Zer?
EVA.- Sekula ez didazu begiratzen
ANDRES.- Nola ez dizudala begiratzen?
EVA.- Bai... zuretzat, existituko ez banintz bezala.
ANDRES.- Baina... existituko ez bazina, non? Nik ez zaitut ezagutzen...
EVA.- Ikusten? Existitzen naizela ere ez dakizu.
ANDRES.- Nola jakingo dut, ba! Nor zaren ere ez dakit eta!!
EVA.- Orduan zergatik galdetzen didazu? Egiten ez badut, ez zara konturatzen...
ANDRES.- Ea, lasaitu zaitez, mesedez... Zertaz konturatu behar dut, eh? Zertaz nahi duzu ni konturatzea?
EVA.- (ia entzuterik ez dela) Zurekin txoratuta nago...
ANDRES.- Hitz egin ozenkiago, ez dizut ulertzen eta.
EVA.- Zurekin txoratuta nagoela!
ANDRES.- (pentsakor) nitaz txoratuta...
EVA.- Bai... Bizi erdia eman dut existitzen naizela kontura zaitezen, baina kasu pitorik ez. Ni tuntun bat bezala urtetan eta urtetan... eta zu zer, eta ezkondu egiten zara! Ja! Baina nik banekien ez zela luzerako izango. Emilia ez zen zuk behar duzun moduko emakumea. Zuk beste emakume bat behar duzu, hainbeste josiko ez duena... eta begira, nik josten ez dakidanez...
ANDRES.- Zuk nola dakizu nere emazteak josi egiten zuela?
EVA.- Bere ahizpa eta biok ileapaindegi berera joaten garelako eta beti esaten ari da Emiliak honako hau eta hau eta hau egin duela...
ANDRES.- Eta beste guztia? Nola jakin dituzu niri buruzko gauza pertsonal horiek, haurtzarokoak eta horiek?
EVA.- Alfredo nere laguna ere bada.
ANDRES.- Eta berak kontatu dizu dena?
EVA.- Bai; baina ez da bere errua.
ANDRES.- Nola bere errua ez dela?
EVA.- Ez; badakizu antiguetateen bilduma egiten duela.
ANDRES.- eta horrek zeirkusia du?
EVA.- Nere osaba bat museoko zuzendaria da Vienan.
ANDRES.- Eta zer?
EVA.- Zuri buruz egiten zidan konfidentzia bakoitazgatik, nik museoko piesa bat ematen nion;eta noski, tentazio horri nork egingo dio aurre, eh?
ANDRES.- Noski. Eta bera izan da musika-estudioarena aipatu dizuna, abestiaren hitzak eman dizkizuna, nere maniak kontatu eta matxinsaltoei higuina diedala esan dizuna.
EVA.- Bai.
ANDRES.- Jode! Hori da hori lagun bat!
EVA.- Noski, oso lagun ona, zure onerako egin duelako; berak badaki zer sentitzen dudan nik zuregatik eta gu biok elkarrekin egotea nahi du...
ANDRES.- Nondik atera duzu nire nortasun agiria?
EVA.- Berak hartu zuen.
ANDRES.- Lapurtu, esan nahiko duzu.
EVA.- Ez, hartu; zure laguna da eta lagun batek ez du nortasun agiria lapurtuko.
ANDRES.- Ba honek bai, hara!
EVA.- Zuk kontutan hartu behar duzuna Alfredoren intentzioa da, ez beste ezer; eta bere intentzioa oso ona izan da.
ANDRES.- Ez! Orain telefonoz deitu beharko diot eskerrak emateko.
EVA.- Ez, orain ez, berandu da eta. Bihar deituko diozu eskerrak emat...
ANDRES.- Begira, mesede bat egingo didazu!
EVA.- Zer?
ANDRES.- Oraintxe bertan ospa egingo duzu hemendik. Ate horretatik, sartu zaren moduan atera eta bizi osoan ez zaitut berriz ikusi nahi. Ulertzen?
EVA.- (negargurari eutsiz) Ondo da...
ANDRES.- Nire beste zeozer duzu?
EVA.- Argazki bat.
ANDRES.- Hemen duzu?
EVA.- Bai.
ANDRES.- Ondo. Emaidazu.
EVA.- (giltzatarako bat erakutsiz). Etxeko giltzak kendu beharko nizkioke.
ANDRES.- Baina... non duzu argazki hori?
EVA.- Llaberotxo honetan.
ANDRES.- (Leunago) Tira, kendu giltzak eta eman.
EVA.- (Giltzak ateratzen dituen bitartean) Jakingo bazenu zenbat kostatu zaidan hau dena egitea... ez nindukezu horrela tratatuko.
ANDRES.- Noski, zergatik egin duzun ulertu egin behar dut. Eta zuk orain uler dezakezu nola sentitzen naizen ni orain? eh?
EVA.- Bai... ulertzen dut.
ANDRES.- Ez, ez duzu ulertzen, neskato batek adarra jo eta gero, ergel baten moduan sentitzen naiz. Zuk egin didazuna betse bati gertatzen zaiola esaten badidate, ez nuke sinestuko.
EVA.- (Andresi begietara zuen-zuzen begiratuz) Zu sekula egon zara maiteminduta?
ANDRES.- (Begirada saihestuz) ez dakit.
EVA.- Sekula ez, argi dago. Maiteminduta egon izan bazina, ederki ulertuko zenuke zurekin egoteko egin dudana.
ANDRES.- Begira, ez dizut aurpegiratzen nirekin harremanetan jarri nahi izana, baina onartuko duzu modu arruntagoak badaudela.
EVA.- Badakit, baina nik ezin dut.
ANDRES.- (Grazia ematen dio) Ah, ezin duzu...?
EVA.- Ez. Zu diskoteka batean ikus... beno, diskoteka batean ez, ez zara inoiz joaten. Baina taberna batean ikusi eta hemengoa zaren eta horrelako gauzak galdetzen hastea? Ba ez dut balio, zer esango dizut!
ANDRES.- Ez duzu horretarako balio! Eta horoskopoaren rolloa, astrologia, eskuko marrak eta hori guztia asmatzeko balio duzu. Horretarako bai, ezta?
EVA.- Bai ba! Gainera ziur nengoen horrela ez duzula sekula ahaztuko nola ezagutu dugun elkar.
ANDRES.- Begira, horretan arrazoi osoa duzu.
EVA.- Beno... ba orduan banoa.
ANDRES.- Bai, hoberena izango da.
EVA.- (Ateratzen) Agur.
ANDRES.- Eva.
EVA.- (Itxaropentsu, buelta ematen du) Zer?
ANDRES.- Argazkia.
EVA.- (Giltzatarakoa ematen dio) Zure poster bat ere badut, handitutako argazki batekin egina.
ANDRES.- Poster bat?
EVA.- Bai, plastifikatua.
ANDRES.- Ba... oso ondo.
EVA.- Hori ere eman egin behar dizut?
ANDRES.- Egin nahi duzuna.
EVA.- Nahi dudana?
ANDRES.- Bai, zure erara.
EVA.- (hurbildu eta musu bat ematen dio masailean Andresi) Agur
ANDRES.- (pentsakor) Agur.
EVA.- (Atera egiten da, baina atean dagoenean, buelta eman eta indarberrituta hurbiltzen da) Ah! Ahaztu egin zait esatea nire aitak grabazio-estudio bat duela.
ANDRES.- Musika-estudioa?
EVA.- Noski.
ANDRES.- Non?
EVA.- Ba begira, bizi zaren etxetik gertu, parkearen bestaldean.
ANDRES.- "Argi-Son" grabazio-estudioa?
EVA.- Horixe bera.
ANDRES.- Bai zera! Ez esan zure aita "Argi-Son" estudioaren jabea dela?
EVA.- Bai, benetan eta orain esatea bururatu zait, kantugile eta bakarlari baten bila dabiltzalako.
ANDRES.- Eta... zuk uste duzu berarekin hitz egiterik izango dudala?
EVA.- Nahi duzunean. Bere txartela emango dizut. Deitu nahi duzunean.
ANDRES.- Ados.
EVA.- Lagundu, automobila hemen kanpoan daukat. Txartela eman eta banoa.
ANDRES.- Ados. (Atzeratuta geratzen da eta Eva ateratzen denan, ikusleei hitz egiten die) Ah! Gauza bat, baina ez dezala berak jakin, eh! mesedez... Ezaiozue esan badakidala bere aita zapataria dela. (Evaren bide bedretik ateratzen da).